Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Arrisku faktoreak ez dira gaixotasun

Gero eta gehiago dira, baina arriskua izateak ez du esan nahi gaixotuko garenik, eta arriskurik ez izateak ere ez du esan nahi gaixotuko ez garenik

  Ameriketako Estatu Batuetako aseguru konpainiak estatistikak egiten hasi ziren 50eko hamarkadan euren aseguru polizak oinarri hartuta, eta ikusi zuten pertsona gizen eta hipertentsoek arazo kardiobaskular gehiago zituztela eta lehenago hiltzen zirela. Orduan agertu zen arrisku faktorea kontzeptu modernoa, eta ordutik aurrera osatuz eta zehaztuz joan dira kontzeptu hori ikerketa epidemiologiko eta komunitarioen bidez. FRAMINGHAN txostena izan da horietako bat, eta gaixotasun kardiobaskularrentzat arriskutsu diren hainbat egoera identifikatu ditu. Orduz geroztik, ikerketak ez du etenik izan, eta zenbait gaixotasuni eragiten dioten ehunka arrisku faktoreren berri jakitera iritsi gara, bereziki gaixotasun kroniko-endekapenezkoei.

Eta zer da arrisku faktore bat, nola definitzen da? Honelatsu: gaixotasun bat agertzera laguntzen duen edo horrekin zerikusia duen egoera edo ezaugarri oro jotzen da arrisku faktoretzat. Izan daitezke jaiotzatik datozenak, ondoretasunezkoak, ingurumen baldintzen eraginez sortuak edo bizi ohituren ondorio. Betiere, ordea, ikerketa estatistikoek esan beharko dute egoera bat arriskutsu jotzeko adinakoa den edo ez; eta estatistikak hala dela esanda ere, gehienetan ez du esan nahi kausalitate-harremanik badagoela.

Azken aurkikuntzek ere horixe erakutsi dute, arrisku faktoreei erreparatuta ezer gutxi esan daitekeela etorkizuneko gertaeren inguruan, eta norbanakoen arriskua kalkulatzeko taulen balio klinikoa ere hutsaren hurrena dela etorkizunari begira. Ikerketa batean, adibidez, hamar urteko jarraipena egin zieten "arrisku handiko" jo zituzten zenbait pertsonari (erretzaileak ziren, hipertentsoak eta hiperkolesterolemiadunak, hirurak aldi berean), eta % 87k ez zuten eduki miokardio infarturik. Talde horretako kideek, hala ere, infartu gehiago eduki zituzten, erretzen ez zutenen, tentsio normala zeukatenen eta kolesterola altu ez zutenen artean baino. Kopuruak ez ziren izan, ordea, hasieran pentsatu adinakoak, eta arrisku handiko jo zituzten pertsonek ez zituzten bete bihotzeko arazoak edukitzeko probabilitate-kalkuluak. Katalunian antzeko ikerketa bat egin zuten diabetesaren eta bihotzeko eritasunen artean egon zitezkeen loturak aztertzeko, eta emaitzak antzekoak izan ziren.

Arrisku faktoreak identifikatzeak balio izan du prebentzioaren ikuspegi gaurkotua sustraitzeko: arrisku faktorea desagerrarazten bada, gaixotzeko probabilitateak desagertu edo gutxitu egiten dira. Ikuspegi hori aitzat hartuta, osasun azterketak egiten hasi ziren, faktore jakin batzuk zituen jendea antzeman nahian. Horren ondoren, diagnostiko goiztiarrei egin zieten leku prebentziozko medikuntzan, probak eta azterketak oinarri hartuta. "Diagnosi zaparrada" ere deitzen zaie diagnostiko mota horiei, eta aski konplexuak izaten dira batzuetan, eta ez arriskurik gabeak. Gainera, oso garestia izaten da, eta osasun langile askok parte hartu behar izaten dute.

Adituek, baina, ohartarazi dute zuhur jokatu beharra dagoela: herritar osasuntsuei era guztietako prebentzio-azterketak egiten badizkiegu arrisku faktoreen bila, arriskua dago gaindiagnostiko bat gertatzeko. Arazoa hauxe da: gaixoaren osasunari eragingo ez dioten prozesuak diagnostikatzen dira, edo tratatu ezin direnak, edo nola-halako tratamenduei bide ematen dietenak (horiek, gainera, nahi gabeko ondorioak sortzen dituzte). Ondorio horiek kezka iturri bihurtu dira osasun arloko profesional askorentzat, eta are gehiago ezjakintasunetik batetik abiatzen direla jakinda: ez dakite zein den gaixotasunaren berezko historia.

Hori horrela dela ikusita, beste kontzeptu bat agertu da orain: "Prebentzio Kuaternarioa". Horren bidez lortu nahi da osasun jarduera ez dadin izan kalte-eragile; alegia, prebentzioaren eta sendabidearen izenean egiten diren zenbait diagnostiko edo terapiak -alferreko izaki, edo zuhurtzia gutxirekin ezarriak- ez dezatela kalterik sortu. Nolabait esateko, gaixoaren segurtasuna zaintzeko programen ataltzat jo daiteke. Horrez gain, bada beste arrisku bat ere: norbaiti arrisku faktore bat aurkitu izanak kezkarazi egin dezake pertsona hori, eta osasuntsu egon arren, arrisku faktoreak berak edo gaixotzeko arriskuak larritu egin dezake eta neurosi bat ere sor diezaioke.

  Halakorik ez gertatzeko, gauza batzuk argitzea komeni da:

  • Arrisku faktorea estatistika bidez lotzen zaio gaixotasunari, baina ez da izaten hura agertzeko arrazoia. Arriskua izateak ez du esan nahi inor gaixotuko denik, eta arriskurik ez izateak ere ez du esan nahi gaixotuko ez denik
  • Estatistika bidezko lotura onargarria bada biologikoki, agian esan nahiko du badagoela lotura kausal bat, baina hori aurkitu eta hala dela egiaztatzeko, esperimentuak eta ikerketak egin behar dira.
  • Nahiz eta pentsatzen den arrisku faktorea saihestuz gero gutxitu edo desagerrarazi egiten dela gaixotzeko aukera, eta nahiz eta onartzen den arrisku faktore bat edukitzeak gaixotzera eraman gaitzakeela etorkizunean, baieztapen horietako bat bera ere ez da egia.
  • Ez dira nahasi behar arrisku faktorea eta gaixotasuna: arrisku faktoreak dituen pertsona bat ez dago gaixo, eta arrisku faktorea ere ez da gaixotasuna.

Prebentziozko medikuntzaz ari garenean, ez da pentsatu behar osasun azterketetara mugatzen dela hori, edo arrisku faktoreak identifikatzera, edo diagnostiko goiztiarrak egitera eta prebentzio-tratamenduak jartzera. Zenbait kasutan hori egin beharko da, hain zuzen, usteko onurak gehiago direnean ustezko kalteak baino. Orduan soilik. Zorrotz hartuta, eta ikuspegi klasikoari jarraituta, zera esan nahi du prebentziozko medikuntzak: bizi-jarrera eta bizimodu osasungarriak sustatu eta edukitzea, gaixotasunari urrun eusteko; dieta osasungarri eta orekatua egitea, ariketa fisiko maiz eta neurrian egitea eta ez erretzea. Prebentzioa aurrez neurriak hartzea da, baina ez da pentsatu behar botikekin soilik hartzen direla neurriak aurrez; kontua ez da botikei lotuta bizitzea.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto