Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Ingurumenari lotutako lanak: Langabezi gorriari erantzuteko, enplegu 'berdeak'

Profesionalak behar ditu ingurumenak, norbaitek babes dezan eta lehengoratu; horixe izan daiteke bizibidea, bai naturarentzat eta bai jendearentzat

  Langabeziaren belar txarra sailez sail hedatzen ari da azkenaldian, egongaiztasun ekonomikoaren ongarriak indartuta; ez da ohikoa lan eskaintzak aurkitzea, baina badira, eta ingurumenari lotuta daude horietako asko. Lan bila dabilenak inoiz baino gehiago eskertuko ditu halako iragarkiak, arazo ekonomikoei aurre egiteko modua izango bailitzateke haientzat; bidenabar, ingurumenak ere irabaziko luke. Ingurumenaren sektoreak eta hari lotutako lanek merkatu oparoa sortu dute, eta lanpostuak ere bai dezente (Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioaren arabera, 2,3 milioi lagunei eman die lana azken urteetan). Herritarrek kontzientzia hartu izanari zor zaio hori, ingurumen legediari, prebentzio eta kontserbazio politikei, eta garapen teknologikoari ere bai.

Erakundeek behin eta berriz azpimarratu dute ingurumenaren aldeko apustua egin behar dela, baina ez bakarrik hari lotutako arazoei irtenbidea emateko; langabeziaren aurka borrokatzeko ere balio duelakoan daude. Klima Aldaketaren Estatu Idazkaritzak, Espainiakoak, oroitarazi du Klima Aldaketaren aurka Europan abian jarri den estrategiaren ondorioz, lanpostuak ugarituko direla ingurumenari lotuta dauden sektoreetan, eta horregatik, laguntza eskatu die erakundeei, enpresei, sindikatuei eta herritarrei. Hori horrela dela ikusita, 600 milioi euroko diru atala onartu berri dute Espainian ingurumenarekin zerikusia duten lanpostuak sortu eta daudenei eutsi ahal izateko.

Ingurumenari lotuta sortu den merkatuaren adierazgarririk onenetakoa energia berriztagarrien alorrean aurki liteke; izugarrizko hazkundea izan du azken urteetan, eta etorkizunerako aurreikuspenak ere aski onak dira. Teknologia horien bilakaerak lanpostu asko sortu ditu Espainian (zuzenak 89.000 eta zeharkakoak 99.000, Lan, Ingurumen eta Osasun Institutu Sindikalak emandako datuen arabera); gehienak energia eolikoaren esparruan sortu dira (sektoreko langileen % 37 hor ari dira), eta eguzki energiaren ingurua ere bai (termikoan bezala fotoboltaikoan). Lanpostu horiek, gainera, egonkorrak dira, kontratuen % 82 mugagabeak baitira.

Ingurumen, Landa Eremu eta Itsas Arloko Ministerioak (MARM) nabarmendu du Espainia jarri dela munduko herrialde guztien buru teknologia berriztagarrien alorrean, eta Espainiako Gobernuak horien alde jarraituko duela Energia Berriztagarrien Planaren bitartez. Ekimen horrek helburu jakina du: 2010. urterako, energia guztiaren % 12 iturri berriztagarrietatik etor dadin nahi dute, eta horren bidez, zuzeneko 217.000 lanpostu sortu ahal izango dira.

Gobernuaren aurreikuspenak betetzen badira 2010ean energia berriztagarriak % 12 izango dira Espainian eta 217.000 lanpostu sortuko dituzte

Autonomia erkidegoak ere sartu dira energien gurpil berri horretan, haiek ere badituzte-eta eskumenak ingurumenaren arloan. Andaluzian, adibidez, 15.000 lanpostu sortu ziren 2008. urtean energia berriztagarrien esparruan, eta hango Lan Sailak uste du, 2013rako, 105.000 lanpostu berri izango direla. Horretara iristeko, plan bat jarri dute abian (Andaluziako Lan Merkaturako Neurri Berezien Plana), eta lan prestakuntza jarraituaren bidea sustatuko dute, atzerantz doazen lan sektoreetako jendea beste batzuetarako presta dadin, indartzen ari diren sektoreetan lan egiteko, batik bat (hor sartzen da energia berriztagarriena ere).

Lanpostu guztiak ez dira mugatzen energia berriztagarrietara

  Energia berriztagarrien sektoreak ongi erakusten du zer eman dezakeen lan berdeak, baina ez da horretan bukatzen: 2008. urtean, 150.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena Gizarte Segurantzan hondakinak birziklatzeko eta urak garbitzeko lanean jarduteko (MARMek emandako datuen arabera). Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioak jakinarazi duenez, energiari, urari, baso lanei eta hondakinei lotuta dauden betiko lanak ez ezik, ingurumen arloko beste zenbait lan ere asko indartuko dira etorkizunean: aholkularitza enpresen esparrua eta enpresen barruko kudeaketan egiten diren ingurumen lanen esparrua (ziurtagiriak, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioak, prebentzioa, ikuskaritza...).

Ambientum izeneko ataria espezializatua dago ingurumen arloko prestakuntza eta lanetan, eta hango arduradunek adierazi dutenez, bi eratako langileak eskatzen ari dira enpresak gaur egun: batetik, kalitate teknikariak, ingurumen teknikariak eta lan arriskuen prebentzioko teknikariak, edozein sektoretako edozein enpresatan lan egin baitezakete. Eta horien artean, ingurumen teknikariak eskatzen dituzte gehien, eremu jakinetan espezializatuta daudenak (ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioan, hondakinen kudeaketan, eta abar). Bestetik, saltzaileen behar handia daukate ingurumen enpresek -aholkularitzan, ingeniaritza proiektuetan, eta abarretan aritzen direnek-: "ingurumen-saltzaileak" eskatzen ari dira euren produktuak bezeroen artean ezagutarazteko.

Bilaketa 'berdeak' nola egin

  Mila aukera eskaintzen ditu ingurumenaren arloak bilaketak egiteko, eta, horregatik, oso garbi eduki behar dugu zein eremu jakinetan lan egin nahi dugun. InfoJobs izeneko lan atarian sartuta, adibidez (www.infojobs.net), 400 lanpostu azalduko zaizkigu ingurumenaren kontzeptuari lotuta, nahiz eta atariaren arduradunek baieztatzen duten eskaintza askoz ere handiagoa dela; asko eta asko, izan ere, beste izendapen batzuekin etortzen dira; ingurumen ingeniaria, energia berriztagarriak....

Educaweb atariaren arduradunek, berriz, ingurumenari lotuta dauden 54 lanpostu mota zerrendatzen dituzte, baina zortzi talde handitan bilduta: ingurumen aholkularitza eta kudeaketa; instalazio kutsakorren mantentze-, kontrol- eta ikuskatze-lanak; instalazio deskutsakorren analisi-, neurketa-, instalatze- eta mantentze-lanak; hondakinak eta bestelako gai kutsakorrak biltzeko, birziklatzeko, garraiatzeko eta tratatzeko lanak; ingurumen ikerketa, azterketa eta proiektuak; marketina, salmentak; ingurumen arloko komunikazioa eta informazioa; eta ingurumen prestakuntza eta heziketa.

Ingurumenari lotutako lanpostuen zerrendarik ez du argitaratu Espainiako Lan eta Immigrazioa Ministerioak, baina informazio lortu nahi duenak Espainiako Enplegu Institutuaren bulegoetara joatea du onena (INEM), edo, bestela, erakunde horren lanpostu katalogoan begiratu dezake, edo Lanbide Prestakuntzarako Institutu Nazionalak (INCUAL) izaten duen katalogoan (Lanbide Prestakuntzaren Katalogo Nazionala).

Ingurumen arloan zein lan publiko eskaintzen dituzten jakiteko, Espainiako Ingurumen Ministerioaren web orrian begiratu daiteke (www.marm.es); Ingurumen Kalitatearen atalean eta Ingurumen Prestakuntza eta Heziketari dagokionean, erakunde eta fundazioen zerrenda bat ageri da, ingurumenarekin zerikusia duten lanpostuak eta prestakuntza sustatzen duten erakundeen zerrenda bat; hor daude, besteak beste, Ingurumen Heziketarako Ikastegi Nazionala (CENEAM), Entorno fundazioa, Biodiversidad fundazioa... Azken horrek Empleaverde programa jarri du abian, lana eta prestakuntza hobetzeko balioko duten proiektuak sortzeko. 50.000 lagunek baino gehiagok parte hartu ahal izango dute ekimen horretan.

Prestakuntza funtsezkoa da

  Ezaugarri horietako lanpostu bat eskuratzeko, ordea, egoki prestatuta egon behar du langileak. Lan, Ingurumen eta Osasun Institutu Sindikalak eman dituen datuen arabera, energia berriztagarriekin lan egiten duten enpresek, adibidez, goi mailako prestakuntza duten jendea hartzen dute: erdiak teknikariak dira, bai goi mailakoak (% 32) edo bai erdi mailakoak (% 18).

Ikastegietan hasiak dira ingurumenaren arloko prestakuntza bereziak ematen, erdi mailakoak bezala goi mailakoak, baina arlo horretan ari diren langile gehien-gehienak ingeniaritzatik, kimikatik edo biologiatik etorriak dira. Zenbait lanpostutan aritzeko (adibidez, Kalitate teknikari izateko, Ingurumen teknikari, edo Lan Arriskuen Prebentziorako teknikari), ingurumen arloko prestakuntza orokorra edukitzeaz gain, zehatz-mehatz jakin behar da arau jakin batzuek zer esaten duten: ISO 9001 (kalitatea), 14001 (ingurumena), 19011 (ikuskatzeak) eta lan arriskuen prebentziorako legedia.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto