Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Esku telefono bat edo beste hautatzeko orduan, prezioari begiratu behar zaio noski, baina ez horri bakarrik: garrantzitsua da aintzat hartzea telefonoak zer neurri dituen eta zein funtzio eskaintzen dituen
Esku telefono bat aukeratzea ez da erraz-erraza ere. Era askotakoak daude, eta egunetik egunera aldatzen dituzte modeloak eta prezioak. Telefono operatzaileek ere eskaintza ikusgarriak egiten dizkiete erosleei -telefono merkeagoak itxuraz-, eta hor joaten dira gehienak, opari bat egin dietelakoan. Telefono konpainien opari horiek, ordea, bankuen kredituak bezalakoak dira, eta luzera, ez dira izaten hain merkeak. Operadore batek telefono bat merkeago eskaintzen digunean, konpromiso bat eskatzen digu ordainetan: gutxienez, urte eta erdi irauten duen kontratua sinarazten digu, eta tarifa handiak baditu -nahiz eta hasieran guri ez hala iruditu-, garesti aterako zaigu; segur aski, konpromisorik hartzera behartzen ez gaituen telefono bat hartu izan bagenu baino garestiago. Azken batean, tarifa merkeei etekin gehiago ateratzen zaie, opari emandako edozein sakelakori baino.
Modaren olatuak indar handia izaten du, baina ez da komeni beti haren aparrari begira ibiltzea; telefono bat erosi behar, eta garestiena aukeratzea edo, beste gabe, gehien ikusten dena, horrek ez du zentzu handirik. Eta zentzugabea da, halaber, uste izatea egungo telefonoek deiak egiteko soilik balio dutela. Sakelako bat erosi aurretik, beraz, ongi aztertu behar dira gauzak, eta irizpide egokia izan daiteke honako hau: gure telefonoak zein funtzio izatea gustatuko litzaigukeen pentsatzea eta horren arabera jokatzea. Hori argi edukita, saltzaileari ere errazagoa egingo zaio gure beharretara gehien egokitzen den modeloa eskaintzea. Betiere kontuan hartu beharko dugu, hala ere, gauza bat dela nahi izatea, eta bestea ahal izatea (sakelakoa sakelatik ordaintzen baita).
Adina, teknologia arloko prestakuntza, gaitasun fisikoa, laneko edo astialdiko eginkizunak, joera estetikoak... Alderdi horiek guztiek baldintzatzen dituzte gutako bakoitzaren beharrizanak. Adineko pertsona batek, adibidez, teknologia berriekin ongi moldatzen ez bada, alferrik erosiko du telefono konplexu eta funtzioz betea (iPhone edo Blackberry erako bat, esaterako); oso garesti ordaindu beharko du, eta ez dio etekinik aterako. Agian hobe izango luke beste zerbait erostea, nagusiki deiak egiteko eta SMS mezuak bidaltzeko balioko dion telefono bat, adibidez. Aldiz, etengabe mugitu behar duen profesional batek telefono osatuagoa beharko du, mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko, argazkiak atera eta bideoak grabatzeko, eta Interneten nabigatzeko. Bi erabiltzaile mota aurkeztu ditugu hemen, bi muturretakoak, nolabait; horien tartean, badira beste hainbat eta hainbat.
Azken belaunaldiko sakelakoek funtzio asko eta asko eduki ditzakete, eta, egia esan, oso erabiltzaile gutxik lortzen dute etekin guzti-guztia ateratzea. Funtzio adierazgarrienak zein diren esango dugu jarraian, bakoitzak zein alde on eta txar dauzkan, eta bakoitza zein erabiltzaile motarentzat izan daitekeen egokia.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
Kalitatezko ozpinak: ardo-ozpina, Jerez ozpina eta Modenakoa
"Esku libreko" sei sistema sakelako telefonorako, Bluetooth bidezkoak
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa