Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Maite Garaigordobil, psikologoa eta jolasaren ikertzailea: "Helduarentzat lanak duen balio bera du jolasak haurrarentzat"

  Jolasa oso gauza serioa da. Halaxe uste du Maite Garaigordobil psikologoak: "Bizi-beharrizan bat da, eta ezinbestekoa giza garapenean". Txikitan irakasle izatera jolasten ziren, eta, aitortzen duenez, horrexegatik maite du hainbeste irakaskuntza (egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da irakasle eta ikertzaile). Jolas kooperatiboen inguruko ikerketak dira, besteak beste, haren lan esparrua, non haurrak ez diren jolasten irabazteko, ezpada elkar laguntzeko. Ikerketa horiei esker, bitan irabazi du Hezkuntza Ikerketaren Espainiako Sari Nazionala.

Jolasak zer garrantzi du haur baten nortasuna osatzeko orduan?

Jolasa oso garrantzitsua da gizakiaren nortasuna osatzen laguntzeko. Bizi-beharrizan bat da jolasa, eta esango nuke ezinbestekoa dela giza garapenean. Gorputza eta zentzumenak garatzen laguntzen du, baita pentsamenduaren gaitasunak eta haurraren sormena ere. Indar handiko tresna da, komunikatzeko, sozializatzeko eta garapen morala lantzeko; horrez gain, emozioak adierazteko eta kontrolatzeko tresna ere bada, oreka psikikoaren eta buru osasunaren lagungarri.

Jostailuak ere sartzen dira hor?

Aspalditik badakigu jolasa eragile dela haurrak hazteko, eta jostailua zera da, jolasaren euskarri. Jolasak du garrantzia, jostailua tresna baino ez da funtsean, jolasaren laguntzaile.

Haurtzaroko jolasek zenbateraino eragin dezakete helduaroko jokabideetan?

Zalantzarik gabe, jolasen bidez ikasten dugun hori ez da geratzen jolasaren eremuan, orokortu egiten da, eguneroko bizitzako beste egoera batzuetara hedatzen da, eta unean uneko jokabidean eta etorkizunekoan ere islatzen da. Jolasak lanerako ere prestatzen gaitu.

"Lehiakortasunak zapuztu egiten du dibertsioa eta jolasaren plazera, egoerarik gehienetan, gainera"

Jolasa, beraz, kontu serioa da?

Jolasa jarduera serioa da. Jolasean dabiltzan haurrei erreparatzen badiegu, deigarria izaten da zein serio ari diren ikustea. Berdin du hareazko flan bat egiten ari diren, ontziekin eraikitzen, itsasontzietara jolasten edo zaldiarekin... bere baitara bilduta egoten dira, heldu bat lanean ari denean bezain kontzentratuak. Helduarentzat lanak duen balio bera du jolasak haurrarentzat; jolasean bere nortasuna baieztatzen du, eta zerbait ongi egiten duenean, harro sentitzen da, heldu bat lanean bezalaxe. Jolasa proba bat izaten da haurraren nortasunarentzat, eta horregatik da gauza serioa. Jolasean zerbait ongi egiten duenean, autoestimua hobetzen du, haurrak bere nortasuna baieztatzeko erabiltzen duen mekanismoa da.

Zu jolas kooperatiboen aldekoa zara, ez lehia-jolasen aldekoa. Zergatik?

Jolas kooperatiboek eskatzen dute laguntza eman eta hartzea helburu beraren alde. Ikerketek erakusten dutenez, jolas mota horien bitartez, komunikazioa sustatzen da, mezu baikorrak ugaritu egiten dira taldeko kideen artean eta mezu ezkorrak gutxitu egiten dira; jarrera prosozialak ere ugaritu egiten dira (laguntzea, elkarrekin aritzea, elkarrekin banatzea...) eta berdinen arteko elkarreraginean sortzen diren jarrera asertiboak ere bai; gelako jardueretan parte hartzera bultzatzen ditu haurrak, eta talde barneko loturak sendotzen ditu (gela barruko giroa edo klima soziala hobetu egiten du, eta nork bere burua eta besteak ikusteko modua ere bai); jarrera sozial ezkorrak, aldiz, gutxitu egiten dira (oldarkortasuna-egoskorkeria, geldotasuna-uzkurtasuna, estutasuna-herabetasuna).

Zein ezaugarri dituzte jolas mota horiek?

Lehenik eta behin, parte-hartzea. Taldeko kide guztiek parte hartzen dute, inor ez dute kanporatzen eta inork ez du galtzen; helburua da talde-helburuak lortzea, eta horretarako, kide bakoitzak izaten du zeregin bat, jolasarentzat beharrezko den zeregin bat. Beste ezaugarri bat izaten da lagunarteko komunikazioa eta elkarreragina. Beste bat da kooperazioa edo lankidetza: laguntza emateak eta hartzeak dauka lehentasuna, guztiek helburu beraren alde egiteko. Lehia-jolasetan ere, jokalarien helburuek izaten dute zerikusia elkarrekin, baina baztertzaileak dira, eta parte-hartzaile batek helburua lortuko du soilik besteek lortzen ez badute. Fikzioa eta sormena ere badira jolas mota horren ezaugarri, eta, azkenik, ongi pasatzea.

Zein onura dakarte?

Jolas kooperatiboetan, ez dago zertan beldurrik eduki huts egiteari, ez dago zertan estutu porrot egin dugulako, hori guztia desagertu egiten da jolas mota horretan; aldiz, jokalariei bultzada ematen diete beren buruengan konfiantza edukitzeko, pertsona onargarri eta duintzat hartzen dituztelako. Sentimendu horiei esker, autoestimu handia edukitzeko moduan egon daitezke, eta hori beharrezkoa da nortasunaren garapen harmonikoa izateko. Gainera, jolas egiteko modu berri honetan, neska-mutilen balioa ez dute puntuek suntsitzen, eta, ondorioz, baikorrago begiratzen diote jarduerari berari eta jolaskideei. Gauzak elkarrekin banatzen eta elkar laguntzen ikasten dute parte-hartzaileek, besteekin harremanetan egoten, besteen sentimenduak aintzat hartzen eta guztiek helburu beraren alde egiten.

Zer lortzen da jolasari lehia kenduta?

Lehiakortasunak zapuztu egiten du dibertsioa eta jolasaren plazera, egoerarik gehienetan, gainera. Izan ere, lehian ari direnean, jokalariak ez dira ari ongi pasatzeko, ezpada sari bat lortzeko, eta galtzeko beldurrak tentsioa sortzen du, eta tentsioak ez du uzten ongi pasatzen. Parte-hartzaileak kanporatzen edo zigortzen dituzten jolasek, huts egin dutelako edo besteak bezain trebeak ez direlako, horiek hondatu egiten dute autoestimua, jendea baztertuta sentitzen delako. Gainera, norbait kanporatzen denean, ez zaio aukerarik ematen esperientzia gehiago har dezan eta gehiago trebatu dadin; hau da, trebezia gutxien dutenei ez zaie aukerarik ematen hobetzeko.

Baina ez da erraza halako jolasak aurkitzea, non denak diren garaile eta inork ez duen galtzen.

Ez da hain zaila ere. Batzuetan aski da lehia-jolasen arauak zertxobait aldatzea; hori egin, eta jolas kooperatibo bat eduki dezakegu erraz-erraz. Aulkien jolas tradizionalean, adibidez, aulki bat kentzen da txanda bakoitzean, eta kanporatu egiten da aulkirik gabe geratzen dena. Aulki-jolas kooperatiboan, aldiz, ez dugu kanporatzen jolaskiderik, soilik aulkiak kentzen ditugu, eta geratzen diren aulkien gainean esertzen dira guztiak, batzuk besteen gainean. Jolas tradizionala bezain zirraragarria da, eta ez hura bezain frustragarria inondik ere, sekula ez delako inor kanporatzen, eta denek jarrai dezaketelako jolasten.

Jolasetan elkarlan gehiago badago eta lehia gutxiago, helduen artean ere elkarlan gehiago eta lehia gutxiago ikusiko dugu?

Zalantzarik gabe, jolasek balioak dauzkate eta irakatsi ere egiten dituzte.

Gure gizartea oso lehiakorra da. Haurrek ez ote dute ikasi behar eremu horretan ere moldatzen, lehiaren eremuan alegia?

Lehiakorra ez ezik, oldarkorra eta bortitza ere bada gure gizartea, baina horrek ez du esan nahi jokabide horiek sustatu behar ditugunik gazteen artean. Gizakiok lankidetzarako gaitasunari esker egin dugu aurrera, elkarlanari zor diogu, neurri handian, gure bilakaera.

"Bizi-beharrizan bat da jolasa, eta esango nuke ezinbestekoa dela giza garapenean"

Lehiakortasuna, berez, txarra dela esango zenuke?

Gizakiok oso ongi sentitzen gara inoiz lortu gabeko helburuak lortzen ditugunean. Geure burua hobetu nahi izatea da hori; aurrera egitea eskatzen du horrek, eta hori ona da. Lehian ari garenean, ordea, ongi sentitzen gara guk zerbait lortu bai, baina besteek lortzen ez dutenean; orduan soilik. Hori txarra da, besteen porrotetik lortzen baitugu gu ongi sentitzea.

Zure ikerketa lanetan esaten duzu jolas kooperatiboen bidez lor litekeela aurre egitea ikastetxeetako bortizkeriari. Aukera egokia litzateke, beraz, eskola jazarpenaren arazoari edo 'bullying' delakoari aurre egiteko?

Heziketa ziklo osoan jolas kooperatiboak txertatzeko programak lantzea prebentzio-estrategia ona izan daiteke, baina bullying-a desagerrarazteko, bestelako ekintza osagarri batzuk jarri behar dira abian, eskola jazarpenaren atzean askotariko arrazoi edo faktoreak egoten baitira.

Zein dira aipagarrienak?

  Haurren eta nerabeen jarrera bortitza ugaritu egin da azken urteetan, eta faktore askok izan dute zerikusia horretan, familia arlokoek, gizarte arlokoek eta hezkuntza arlokoek. Haur eta nerabe bortitzen familia-testuingurua oldarkorra izan ohi da, edo familia desegituratuak izan ohi dira, edo dena libre uzteko joera nagusitu izan da, eta ez dago mugarik, ez dago araurik edo arauak ez dira ez argiak, ez egonkorrak eta ez koherenteak, eta seme-alabei ez dizkiete transmititzen balio etiko-moralak, eskolaren gain uzten baitute seme-alabak hezteko ardura guztia. Gurasoek etxetik kanpo egiten dute lana, denbora gutxi igarotzen dute seme-alabekin eta saihestu egiten dute balioak transmititzeko lana.

Familia giroko faktoreei ez ezik, gizarte aldaketa eta faktore batzuei lotuta ere badago jarrera bortitza. Gizartearen demokratizazioa bera da horietako bat; harreman guztiei eragin die horrek (guraso-haurren artekoei, irakasle-ikasleen artekoei), zaildu egin du helduak lehenago eduki duen zeregin arau-emailea, eta hezkuntzan, gazteei muga gutxi jartzeko joera agertu da. Ondorioz, frustrazioa ez dute onartzen, eta nahi dutena egin ezin dutenean, jarrera bortitza agertzen dute. Beste faktoreetako bat teknologia berrien aurrerapen azkarretan aurki liteke, hortik bortizkeria egoera asko jasotzen baitituzte haur eta gazteek, bai telebistan, bai bideojokoetan, bai Interneten... Hirugarren faktorea izango litzateke nerabeek alkoholarekin eta drogekin daukaten harremana; horiekin gehiegikeriak egiteak badu eragina jarrera bortitzetan. Azkenik, immigrazioaren gorakada legoke; heziketa taldeak gero eta askotarikoagoak dira kulturalki, eta horrek tentsioak sortzen ditu zenbaitetan, eta modu bortitzean amaitzen dira batzuk... Hezkuntza faktoreak aztertuta, lotura batzuk aurkitu dira bortizkeriaren eta eskola porrotaren artean.

Zer esango zenuke eskola jazarpenari buruz: arazo iragankorra da, edo estrukturala eta saihestezina?

Giza jarrera bat bera ere ez da saihestezina, gauza guztiak hezi daitezke eta moldatu.

Nola egin dakioke aurre?

Bortizkeriari aurre egiteko erabiltzen diren estrategien artean, hiru mailatakoak daudela esan liteke: familiakoak, hezkuntzakoak eta gizartekoak. Familia barneko hezkuntzak berebiziko garrantzia du, haurtzaroan eta nerabezaroan barneratzen baitira intolerantziazko jarrerak, gorrotoz beteak betiere (gero oso zaila izaten da onbideratzea). Horiek geldiarazteko, beharrezkoa da familiak goxotasuna eta aitortza eskaintzea; elkarrekin hitz egitea, elkar entzutea eta elkar ulertzea, hori behar da, eta autoritatea ere bai, arau oinarrizko, argi eta koherenteak jarrita; horrez gain, jarrera prosoziala sustatu behar da, eta giza eskubideekiko errespetua. Hezkuntzaren esparruan egin izan diren esku-hartze sistematikoek ere emaitza ona eman dute bortizkeriari aurre egiteko orduan. Gizarte mailako esku-hartzeetan, berriz, ona litzateke gehiago kontrolatuko balute komunikabideetan agertzen den bortizkeria. Telebista eta Internet tresna ahaltsuak izan daitezke gorrotoa eta bortizkeria sustatzeko (web orri askok gorrotoa eta arrazismoa goraipatzen dute), baina, era berean, tresna paregabeak izan daitezke jendea hezteko, enpatiazko jarrerak hedatzeko eta sozializazio positiboa bultzatzeko.

Gero eta joera gehiago dago haurrak berak bakarrik jolas dezan. Hori hola izanik, zer etorkizun eduki dezake jolas kooperatiboak? Jolas kooperatiboak bide asko eta oparoa egin dezake hezkuntza testuinguruetan, eta osagarria izan daiteke banakako jolasarekin (horrek ere baditu bere alde onak haurrak bere nortasuna landu dezan). Nire proposamena hauxe litzateke: hezkuntza ibilbide guztian ezarriko nituzke nik jolas eta ikasketa kooperatibo sistematizatuak, eta jolas mota horrek osagarria izan behar luke bideojokoekin eta ordenagailuko jolas egokiekin. Eta badira horrelakoak ere: batzuetan arrastoen atzetik joan behar izaten da, besteetan modu logikoan arrazoitu behar da misterio bat argitzeko... horiek egokiak izan daitezke adimena eta sormena lantzeko. Helduok aztertu behar dugu gazteentzat erosiko ditugun jolasek zer eduki dituzten, eta irizpide egokiak erabiliz, garapen pertsonalarentzat eta sozialarentzat onak izango diren jostailuak aukeratu behar ditugu. Gure ardura da hori.

Zuk zeuk jolas alternatiboak proposatu dituzu ikuspegi berri hori zertan den erakusteko. Nola sortzen da jolas bat?

Diseinatu ditudan jolas kooperatiboen programetan, betiko jolasak sartu ditut, haur ginenean jolaserako denok erabili izan ditugun horiek, eta lehen zerrendatu ditudan ezaugarriak biltzen dituztenak (parte-hartzea, komunikazioa, kooperazioa edo lankidetza, fikzioa-sormena eta ongi pasatzea). Beste batzuk, berriz, asmatu egin ditut, beste estimulu batzuetatik abiatuz. Gehienetan, jolasarekin zein garapen-alderdi landu edo indartu nahi dudan erabakitzen dut: laguntzea, lankidetzan aritzea, konfiantza hartzea, sormena piztea... eta, jarraian, prozesu horiek zein jarduerarekin landu daitezkeen pentsatzen dut.

"Jolas kooperatiboetan, ez dago zertan beldurrik eduki huts egiteari, ez dago zertan estutu porrot egin dugulako, hori guztia desagertu egiten da jolas mota horretan; aldiz, jokalariei bultzada ematen diete beren buruengan konfiantza edukitzeko"

Probatu dituzu zure haurrekin, ilobekin...?

20 urte baino gehiago daramatzagu jolas hauek probatzen, eta haurrak oso pozik egoten dira jolasean ari direnean, eta, gainera, oso onuragarriak dira haien garapen pertsonal eta sozialerako.

Eta nola erantzuten dute?

Bi hamarkada daramatzagu ikasgeletan jolas kooperatiboak eginez. Ikasturtea amaitzen denean, ebaluazio-galdetegi bat betearazten zaie neska-mutilei. % 90ek nahiago izaten dituzte jolas kooperatiboak, tradizionalak baino (batek irabazi eta besteek galtzen duten horiek baino). Jolas horiek zergatik hobesten dituzten aztertzen dugunean, bitxia gertatzen da ikustea haurrek zer nabarmentzen duten: hobeki pasatu dutela, jolaskideen artean oldarkortasun gutxiago antzeman dutela, frustrazio gutxiago sentitu dutela, hobeki sentitu direla, lagunak egiteko aukera gehiago izan dutela, ikasteko eta parte hartzeko aukera gehiago eduki dutela, eta besteen parean ikusi dutela beren burua, berdintasun harremanean.

Eta zu, zertara jolasten zinen txikitan?

Irakasle jolasekin oroitzen naiz gehien. Zerbaitegatik hautatu dut irakasle lanbidea...

Helduei ere gomendatuko zenieke zuk sortzen dituzun jolasetan parte har dezaten?

Inolako zalantzarik gabe.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto