Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

"Esku libreko" sei sistema sakelako telefonorako, Bluetooth bidezkoak: Merkeenetakoa gustatu zaie gehien erabiltzaileei

Instalazioa behar duten modeloak txikiagoak eta arinagoak dira, eta oso ongi entzuten dela nabarmendu dute kontsumitzaileek

  Gidatu eta telefonotik mintzatu, ez dira aldi berean egitekoak, handitu egiten baitu istripuren bat izateko arriskua. Egungo bizimodu presatuak, ordea, horretara eraman ohi ditu gidari asko. Bulegotik deika ari direla, bezeroren batek zerbait behar duela, etxekoek non gabiltzan jakin nahi dutela... bidaiatzen ari garela ere, ezin geratu deiak erantzun gabe. Legeak ematen duen aukera bakarra "esku libreko" sistemak erabiltzea da. Bluetooth teknologia harigabeari esker, gidatu eta telefonotik mintzatzeko.

Eskuak libre ditugula erabiltzeko sei sistema aztertu ditugu. Merkeenak, Motorola T305 delakoak, 60,40 euro balio du, eta garestienak, Nokia HF-300 telefonoak, 104 euro. Sei tresnetatik bi, Motorola eta Parrot etxeko garestienak, aditu batek instalatu behar ditu, eta, ordainetan, honako abantaila hauexek eskaintzen dizkiete gidariei: ibilgailuaren irrati-CDari konektaturik joan ohi direnez, isildu egin dezakete dei bat jasotzen dutenean eta energia hartzeko, berriz, autoaren bateria erabiltzen dute, eta ez dago behin eta berriz kargatzen ibili beharrik. Instalaziorik behar ez duten sistemei bateria kargatu beharra dago, eta pizgailuan konektatuta egiten da hori. Guztiek ekarri dute halako kargagailu bat, eta gehienek bateria finkoa daukate. Nokia etxekoak soilik ematen du aukera bateria kentzeko eta, betiko bukatzen zaionean, beste bat jartzeko. Bateria guztiek ez dute autonomia bera ematen. Parrot minikit delakoak bederatzi ordu eta hamabost minutu irauten du agortu aurretik, eta Nokia etxekoak, bederatzi ordu. Motorola T305 eta Supertooth voice telefonoen bateriek, aldiz, lau ordurako baino ez dute ematen.

Kalitate-prezioak aintzat hartuta, Motorola etxeko T305 modeloak eman du emaitzarik onena: merkeenetakoa da, irismen gehien duen Bluetooth konexioa dauka, eta erabiltzaileei horixe gustatu zaie gehien.

Hainbat funtzio osagarri

  Telefono guztiek eskaintzen dituzte soinu harigabea, bolumena doitzeko sistema, berriro deitzeko aukera eta zenbakiak ahotsez markatzekoa. Horrez gain, Parrot eta Supertooth Voice etxeetako bi telefonoek esan egiten digute nor ari zaigun deika, eta guk nahi ditugun zenbakiak grabatzen dituzte; horrez gain, "onartzen dut" edo antzeko aginduarekin deia hartzeko aukera ematen dute.

Motorola T605 modeloak beste funtzio erabilgarri bat ere badu: aukera ematen du aldi berean Bluetooth bidezko bi tresnari konektatuta egoteko, esku telefono bati eta musika entzuteko gailu bati. Mikrofonoa isiltzeko aukera ere ematen du, deia itxarote-zerrendan jartzeko modua ere bai, eta hiru lagunek elkarrekin hitz egiteko ere balio du. Instalazioa behar duten bi telefonoek, berriz, Motorola etxekoa bata eta Parrot etxekoa bestea, bi funtzio osagarri soilik eskaintzen dituzte. Motorola-k itxarote-zerrendan jartzen ditu deiak eta isildu ere egiten ditu, eta Parrot-ek, mikrofonoa isiltzeko aukera ematen du, eta funtzio diskretua ere eskaintzen du, hau da, eskuak libre ditugula hitz egiteari utzi, eta telefonoa hartuta hitz egitera pasatu gaitezke, eta alderantziz ere bai. Modelo guztiek dute funtzio hori, Motorola T305 delakoak izan ezik.

Instalazioa eskatzen duten aparailuek autoaren soinu sistema erabiltzen dute eta deiak jotzen duenean, musika edo irratia isil arazten dituzte

Instalatu behar diren esku librekoek zertxobait txikiagoa dituzte botoigunea eta botoiak. Gainerako lauetatik, Parrot Minikit izan da handiena. Telefonorik arinenak ere instalazio behar duten horiek dira (50 gramo gutxiago, batez beste). Modelorik arinena Parrot CK3000 evolution delakoa izan da (33 g), eta astunena, Supertooth Voice (108 g).

Motorola eta Supertooth Voice telefonoetan soilik esaten da bi urteko bermea dutela baina legeak aginduta, denek eman behar dute berme hori, esan ala ez. Oharren eskuliburu eta guzti etorri dira guztiak, eta CE zigiluarekin (horrekin, Europako araudia bete duela adierazten du ekoizleak). Etiketak eta arauzko diren ikur eta segurtasun ohar guztiak egoki eman dituzte.

Ongi eginak

Teknologia tresnek, derrigorrez, segurtasun elektrikoari buruzko aipamenak eduki behar dituzte, ongi irakurtzeko moduan emanak eta luze irauteko bezain ongi markatuak. Baldintza hori betetzen dutela frogatzeko, eskuarekin igurtzi ditugu telefono guztien esaldiak, 15 segundoz: lehenik, uretan bustitako trapu bat erabili dugu hori egiteko, eta jarraian, petrolio alkoholetan bustitako bat. Parrot Minikit modeloaren esaldiak ezabatu egin dira, eta gainerako guztiek ongi gainditu dute proba.

Telefonoak nola eraikita dauden ere aztertu dugu, eta ez dugu antzeman arau-hausterik: arauak agindu bezala, izkinak eta ertzak biribilduak dauzkate, konexioak egoki eginda eta torlojuak ongi lotuak. Isolatze elektrikoari dagozkion arauak ere ongi betetzen dituzte guztiek (bateria terminalak eta beste zati aktiboak ongi isolatuta daude). Baterietan zirkuitulaburrak ere eragin ditugu eta polaritatea ere aldatu dugu, akats horiei nola erantzuten dieten ikusteko, eta guztiek eman dute erantzun egokia. Horrez gain, 10 deskarga elektrostatiko ezarri dizkiegu telefonoei hainbat lekutan, eta horrela jakin ahal izan dugu zenbateko erresistentzia daukaten esku libreko hauek. Ongi erantzun diete gorabehera horiei, eta ohiko erabilerari dagokion funtzionamendu maila eman dute. Motorola T605 modeloari, hala ere, pantailaren kolorea aldatu zaio deskarga ezarri diogunean, eta goialdeko eskuin botoia itzali, nahiz eta Bluetooth-ak ongi jarraitu.

Kolpeei eta erorikoei ere ongi eutsi diete guztiek. Danbolin moduko batean sartu eta birarazi egin ditugu telefono guztiak, 100 aldiz erori arte; guztiak irten dira onik, Nokia HF-300 delakoa izan ezik (tapa ireki zaio eta bateria galdu du). Azkenik, bateriako tentsioa jaisten denean zer gertatzen zaien ikusteko beste proba bat igaroarazi diegu (horixe gertatzen baita autoa abian jartzean). Denbora batez tentsioa jaitsi dugu, eta Parrot CK3000 modeloak soilik eman ditu arazotxo batzuk: irrati-CDa itzali egin da eta klik bat antzeman dugu esku librekoan; Bluetooth-ak, hala ere, ongi funtzionatu du proba egiten aritu garenean ere.

Erabilgarritasuna

Esku libreko bat edo bestea hautatzeko orduan, garrantzitsua da ongi eraikia egon dadin eta arau guztiak ongi bete ditzan, baina nola erabiltzen den jakitea ere oso garrantzitsua da, bakoitzak zer erabilera-ezaugarri eskaintzen dituen jakitea, alegia. Nola zahartuko den, zein soinu-presio ematen duen, zenbateko irismena duen Bluetooth-ak... Azken alderdi hori zertan den ikusteko, zenbait proba egin ditugu, eta honako ondorio hauek atera ditugu: Motorola T305 modeloak dauka irismen gehien (244 metro), eta Parrot Minikit dator haren ondotik (227 metro). Irismen gutxien, berriz, Motorola T605 telefonoak eduki du (120 metro). Soinu-presio handiena ere Motorola T305 delakoak dauka. Bibrazioen eta kolpeen atalean, aldiz, horrek eman ditu emaitzarik kaskarrenak: auto barruan bageunde bezala erabili ditugu telefonoak, eta Motorola T305 horrek soilik galdu ditu bozgorailuaren euskailuak.

Telefonoak zahartu ondoren nola geratzen diren ere aztertu nahi izan dugu. Argi ultramoreak ematen dituen kamera batean sartu ditugu, eta UVA/UVB izpien irrada bortitzak eragin dizkiegu (5kWh/m2). Nokia eta Motorola T305 telefonoetan izan ezik, gainerako guztietan gorabeherak gertatu dira, era askotakoak, gainera. Parrot CK3000 eta Parrot Minikit-en plastikozko atalak guritu egin dira eta likatsu geratu. Motorola T605 eta Supertooth Voice telefonoetan, berriz, kolorea aldatu zaie plastikozko atalei.

Botoiek zenbateko erresistentzia duten ere aztertu dugu; telefonoak hartu eta eseki ibili gara (5.000 aldiz egin dugu eragiketa hori bakoitzarekin), 10 newtoneko indarra eginez. Guztiek ongi gainditu dute proba, baina indar handiagoarekin sakatu ditugunean (50 newtoneko indarrarekin), Nokia etxekoaren botoiak asko samar hondoratu dira, eta telefonoa ireki dugunean, ikusi dugu botoietako bati apurtu egin zaiola barrualdea.

Kalitatea, orotara

Alderdi guztiak neurtuta, Motorola T305 telefonoak lortu du emaitzarik onena (bikaina), eta kalitate-prezioak aintzat hartuta ere, bera gailendu da. Merkeenetakoa da, irismen handieneko Bluetooth konexioa dauka, eta erabiltzaileen gustukoena izan da. Parrot CK3000 modeloa ere aintzat hartzeko modukoa da: autoan instalatuta joaten da, eta ez dago bateria kargatzen ibili beharrik; gainera, dei bat jasotzen duenean, automatikoki isiltzen ditu musika edo irratia. Dena dela, CONSUMER EROSKI-ren iritziz, zuhurtzia handiz erabiltzekoak dira tresna horiek, gidatzea eta telefonotik hitz egitea ez baita gomendagarria. Seguru gidatzeko, errepidean eta zirkulazio baldintzetan jarri beharra dago arreta guztia.

Kontsumitzaileen iritzia

Erabiltzaileengan egiaz zer inpresio eragiten duten jakiteko, zortzi kontsumitzaileri utzi dizkiegu telefonoak probatzera, eta iritzia eman dezatela eskatu diegu: kanpoko diseinua eta tresnen hornidura zer iruditu zaien, eta erabilerarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk nola ikusi dituzten.

Emaitzarik onena Motorola T305 eta Parrot CK3000 modeloek lortu dituzte (7,4 biek). Kontsumitzaileen iritziz, Motorola etxekoa erosoa da eta erraz erabiltzen da; soinuaren kalitatea, ordea, hala-holakoa iruditu zaie. Parrot CK3000 delakoan, berriz, soinua iruditu zaie, hain zuzen, alderdirik onenetakoa (kontuan hartu behar telefono honek autoaren beraren bozgorailuak erabiltzen dituela).

Erabiltzaileei gutxien gustatu zaiena, berriz, Supertooth voice modeloa izan da (6,6ko nota eman diote hamarretik); ez zaizkie gustatu ez abian jartzeko modua ez konexioak, eta telefonoak berak ahots desatsegina duela iruditu zaie, eta gehiegi hitz egiten duela.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto