Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Eraiki gabeko etxe bat erostea: Aurrez jartzen dugun dirua, beti gurea izango da

Etxea eraikitzen hasteko edo giltzak emateko eguna jarri eta agindutakoa bete ezean, edo Udalak han bizitzeko baimenik ematen ez badu, aurrez jarri duen dirua berriz eskuratuko du erosleak

  Etxebizitza bat baino gehiago ikus daitezke bazterretan erdi eginda, bukatu gabe bertan behera utzita. Eraikuntza sektorearen krisiak dirurik gabe utzi ditu sustatzaile asko Espainian, eta arazo ekonomikoekin beste hainbat. Etxebizitza horietako asko erosita zeuzkan jendeak, edo, behintzat, diru bat aurreratu izango zioten sustatzaileari, hark emandako kontu korronte batera. Berariaz horretarako irekitako kontua izan behar du, eta, legez, eraikitze lanetan sortzen diren gastuei erantzuteko soilik erabil dezake sustatzaileak. Etxebizitza eraikiko ez balitz edo agindutako epean bukatuko ez balute, erosleari itzuli egingo liokete aurrez jarritako dirua, kaudimen aseguruen edo bermeen bitartez, hain zuzen. Aseguru poliza edo berme horiek, berez, eraikin osoarentzat egiten dira, baina berme-emaileak edo aseguru-egileak ziurtagiri bat emango dio erosle bakoitzari, haren izen-abizenekin. 1968. urtean onartu ziren mekanismo horiek Espainiako legedian, eta kontsumitzailea babestea dute helburu; erosi nahi zuena erosterik izango ez balu, beraz, aurrez jarritako dirua itzuliko liokete.

Zein legek babesten du aurrez jarri dugun dirua?

57/1968 Legeak, uztailaren 27koak; eraikuntzan eta etxebizitzen salerosketan aurrez jasotzen den diruari buruzko legea da horrako hori, eta geroztik, 1999an eguneratu zuten, Eraikuntza Lanak Antolatzeko Legearekin. Jarritako dirua itzuliko diotela bermatzen dio erosleari, eta ez soilik sustatzaileak porrot egiten badu; ohikoa izaten da etxea emateko eguna asko atzeratzea edo etxerik ezin eraiki izatea hirigintza-arauekin sortzen diren arazoak direla medio, eta halakoetan ere dirua berreskuratuko lukete erosleek.

515/1989 Errege Dekretuak esaten duenak ere balio du egoera horietarako (apirilaren 21ekoa da). Kontsumitzaileak babestera dator arau hori, eta horiei informazioa ematera behartzen ditu etxebizitzak saltzen dituztenak edo errentan ematen dituztenak.

Sustatzaileak/Saltzaileak badaki kontu korronte batera dirua sartzen dion erosle orori berme batzuk zor dizkiola (57/1968 Legeari jarraiki), eta hori aitortzen duten dokumentuen kopia bat jarri behar du haietako bakoitzaren eskura, eta, horrez gain, etxebizitzak zenbat balio duen ere xehe-xehe jakinarazi behar die, eta nola ordaindu behar duten, zein bidetatik ordain dezaketen eta zer egin behar duten hipoteka kreditua ordezkatu nahi badute.

Diru aurreratu baino lehen, zera jakitea komeni litzake:

  Legeak dio finantza erakunde baten bitartez aurreratu behar dela dirua, eta kontratuak argi esan behar duela erosleari dirua itzuliko diotela eraikitze-lanak hasten ez badira, agindutako epeetan ematen ez badizkiote giltzak edo han bizitzeko baimenik ematen ez badiete. Dokumentu horretan, halaber, berme-emailea edo aseguru-egilea nor den azaldu behar du. Behin kontratua sinatuta, etxejabea izango denari eman behar diote berme-agiria.

Eta zalantza sortzen bada, etxea eraikitzen jarraitu edo ez?

Lehenik eta behin, dokumentu guztiak eskuratu behar ditugu, patxadaz irakurri eta egiaztatu behar dugu erosle bakoitzak baduela bere banku-bermea edo asegurua. Hori edukiz gero, aurrez jarri dugun diru guztia itzuliko digute. Hondamendia gertatuko balitz, dokumentu horiek hartu eta berme-emailearengana edo aseguru-egilearengana jo behar dugu, dirua itzul diezagun.

Testuinguru honetan, zer esan nahi du 'hondamendi' hitzak?

Hondamendi deitzen dugun kontzeptuaren barruan, honako gertaera hauek sartzen dira: eraikitze-lanak ez hastea agindutako garaian edo, eraikita gero ere, Udalak ez ematea han bizitzeko baimenik. Halakoak gertatzen direnean, erosleak eska dezake bertan behera utzi nahi duela kontratua eta jarri duen dirua itzul diezaiotela.

Edozein atzerapenek ematen du eskubidea dirua itzul diezaguten?

Gerta daiteke arrazoi meteorologikoen eraginez atzeratu izana eraikitze-lanak eta, ondorioz, giltzak emateko eguna ere bai; hori, adibidez, beti ez da izango aski arrazoi kontratua eten nahi izateko. Zenbaitetan, ongi etortzen da etxea emateko epea luzatzea, bermea edo asegurua luzatuta, baina hori egin aurretik, Udalean galdetu behar izaten da zein egoeratan dauden gure etxea eraikitzeko lanak. Etxea emateko eguna atzeratzen bada, kalte-galeren ordaina ere eska dezakegu -halakorik izan badugu-, baina beti ez dago kontratua eten beharrik.

Baina dirua itzul diezagutela eskatzen badugu, berme-emailearengana jo beharra dago?

  Agian, aurrerago bai, baina beharrezko bada soilik. Lehenik, behintzat, sustatzailearekin jarri behar dugu harremanetan (gutun bat edo buro fax bat bidali behar diogu), eta galdetu behar diogu nola doazen etxea eraikitzeko lanak eta eskatu behar diogu bete ditzala kontratuan ageri diren epeak.

legeak zera dio, dirua aurrez jartzen denean bankuaren bidez egin behar dela eta kontratua sinatu behar dela, etxea egiten ez bada dirua itzuliko dela bermatzeko

Hori egin ondoren, sustatzaileak erantzun zain egon behar dugu, eta denbora bat eman beharko diogu horretarako. Zain gauden bitartean, Udalera joan gaitezke, eta galde dezakegu ea emanak dituzten eraikitzeko baimenak eta zein egoeratan dauden lanak; kontsumitzaile elkarte batean laguntza eskatzea ere komeni izaten da. Kezkatzeko arrazoirik badago, beste erosleren bat ere ibili izango da lehenagotik galdezka, eta, segur aski, erreklamazioren bat jarri izango du elkarte horien bitartez edo bere udalerriko eta herrialdeko kontsumo zerbitzuen bitartez (KIUB).

Askotan eta askotan, eraikitzaileek ez dute erantzuten; zer egin dezake kaltetuak?

Saltzailearekin saiatu behar dugu behin eta berriz, eta udalerriko kontsumo zerbitzuek bere lana egin zain egon behar dugu. Gauzak horrela eginez gero, eta beste erakundeek lortu duten informazioa aintzat hartuta, kontratua bertan behera utz dezatela eskatu ahal izango du. Lehen eskari hori ez zaio egiten berme-emaileari, kontratuan ageri den sustatzaile/saltzaileari baizik. Notario aurrean egin beharra dago, edo buro fax zertifikatua bidali behar dugu, eta hartu izanaren adierazpena eskuratu; kontuan sartu diogun dirua itzul diezagula eskatuko diogu, legezko interesak gehituta, eraikitze-lanak hasi ez izanagatik edo agindutako epeak errespetatu ez izanagatik.

Sustatzaileak uko egingo balio dirua itzultzeari, edo guk bidalitako jakinarazpenak jasoko ez balitu -egoitza soziala utzia duelako-, orduan jo beharko dugu berme-emailearengana, eta hari eskatu beharko dizkiogu atzerapenen kontuak, edo sustatzailea desagertu delako eta egoitza soziala eta eraikitze-lanak utzi dituelako, edo arrazoirik gabe egin diolako uko dirua itzultzeari.

Eta enpresa sustatzaileak ordainketak eteten baditu?

Garai batean ordainketen etetea deitzen zenari, egun hartzekodunen lehiaketa esaten zaio, eta horrek esan nahi du enpresa onbideratzeko ahalegina egingo dutela, bideragarria gerta dadin haren jarduna, eta administrazio konkurtsal bat jarriko diotela, legelariz eta ekonomialariz osatua, eta epaile batek zainduko dituela mugimendu guztiak. Arrazoi horrexegatik, ordainketak eteteak ez du esan nahi hondoa jo duela, edo sozietatea desegingo dutela eta hark eskuartean dituen proiektu guztiak ere bai. Eta ez du esan nahi, halaber, etxebizitza eraikiko ez dutenik eta aurreratu dugun dirua galduko dugunik, horientzat aseguru bat egin behar baita era horretako gorabeherei aurre egiteko.

Eta kaltetuak ez badu berme horiei buruzko dokumentaziorik?

Hori gertatzen bazaio, lehenbailehen eskatu behar dio saltzaileari ziurtagiri bat egin diezaiola bere izenean (buro fax bat bidali behar dio, eta hartu izanaren adierazpena eskatu); ondoren, Kontsumo Zerbitzuetara jo behar du.

Nolakoak dira bermeak?

Berme bat izan daiteke, edo kaudimen aseguru bat izan daiteke. Azken aseguru mota hori besteren konturako kalte-segurua da, eta hartzekoduna (asegurudun eroslea) babesteko egiten da, zordunak (saltzaile aseguru hartzaileak) kontratuan esaten dena beteko ez balu, eta aseguru-egilearen esku uzten du erosleari kalte-ordaina ematea hondamendia gertatuko balitz.

Berme-emaileak uko egin dio aurrez jarri dugun dirua itzultzeari...

Orduan, egiaztatu beharra dago baldintza guztiak egoki betetzen direla eta aseguru-egileari edo berme-emaileari ordaintzea dagokiola. Baina, zenbaitetan, bermea ematen duten bankuek, adibidez, uko egin diote dirua itzultzeari, sustatzaileak, legeak esaten duenari jaramonik egin gabe, ez duelako kontu korronterik ireki dirua han sartzeko. Auzitegien ustez, ordea, horrek ez dio kalterik egiten erosle asegurudunari, berme-emailearen edo aseguru-egilearen betebeharra baita sustatzaileari kontua ireki dezan eskatzea, eta are gehiago erosle bakoitzarentzat ziurtagiri bat egin izan badu. Egoera horietan, aseguru-egilearekin edo berme-emailearekin negoziatu behar da, eta komeni izaten da abokatu bat kontratatzea.

Neurriak hartu behar dira eraiki gabe dagoen etxebizitza bat erosterakoan:

  • Baimenak nola dauden galdetu behar dugu. Sustatzaileek lege-baimenak eskuratu behar dituzte etxe bat eraikitzeko, eta behartuta daude horien kopia bat jendaurrean jartzera; halaber, eraikinaren hirigintza-ezaugarrien berri ematen duten agiriak ere jarri behar ditu jendaurrean, jakiteko ea egoki betetzen dituzten lur sailen banaketari eta konpentsazio-jarduerei dagozkien arauak. Azkenik, etxebizitza erabiltzeko edo han bizitzeko baimena edo horren baliokidea ere eskuragarri jarri behar ditu, eta eremu komunak eta zerbitzu osagarriak erabiltzeko baimenak ere bai.
  • Kontratua poliki-poliki irakurri beharra dago, eta egiaztatu behar dugu hantxe ageri dela zein egunetan emango diguten etxea. Gehiegizkotzat jotzen dira profesionalari epe oso luzea ematen dioten klausulak, egoki zehaztuta ez daudenak edo gutxi gorabeherako datak jarri eta profesionalaren borondatearen pean geratzen direnak.
  • Etxebizitzaren planoak eskatu behar ditugu, eta etxearen deskripzio idatzi eta xehea, gainazal erabilgarriarena ere bai, elementu komunena, sare elektrikoen banaketa-bideena, ur sareena eta erabiliko dituen materialena, besteak beste.
  • Sinatzera joaten garenean, kontu korronte batean aurrez ordainduko dugun dirua bermatua edo aseguru batez babestua dagoela adierazten duen dokumentua emango digutela segurtatu behar dugu. Sinatu aurretik, berme hori badugula erakusten duen dokumentuaren kopia eskatu behar dugu.
  • Udalean eta Jabetzaren Erregistroan informazio orokorra biltzea komeni da. Saltzailearen datuak eman behar dizkigute, eta egoki iruditzen zaigun guztia egiaztatu ahal izango dugu Merkataritza Erregistroan.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto