Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Kreditu txartelak: Kreditu txartelak: lagun txarrak dira krisi garaian

Urtarrila 'bestondo' baten modukoa izaten da sakelarentzat, eta, gainera, krisiak okerrera egingo duela dirudi. Horregatik, ez da komeni txartelarekin kredituan erostea, % 9 inguruko interesa izaten baitute, eta % 20koa ere bai zenbaitetan

  "Diru zorro barruan daukagu etsaia". Zeinek esango zigun mesede baino kalte gehiago egin behar zigula gure kreditu txartelak! Gabonen ostean, aldi berean hornitzeko eta gabetzeko baliatzen ditugun jaiak igarota, txarteltxo hori izaten da familia askoren lasaigarri urtarril bukaera urrunari begira. Txartelari tira eginez ahazten dituzte askok kontu korronteari egindako zuloak, eta eskatu ahala ematen duenez, lehenaz gainera zertxobait gehiago erosteko baliatzen dute, urtea ongi hasteko edo. Hain da ederra, izan ere, dirurik gabe erostea: dena doan dela iruditzen zaie askori, eta inongo mugarik gabe gastatu dezaketela. Zuloa, ordea, handitu egiten da kenduz eta kenduz, eta, azkenerako, gu geu irensteko adinakoa izan daiteke. Etxeko kontuei arreta pixka bat jarri ezean, luzaroan oroituko gara gure txartel miragarriarekin... Doan zirudiena oso-oso garesti irten dakiguke.

Finantza erakunde askok, gainera, gogortu egin dituzte txartel horiek erabiltzeko baldintzak, krisia dela-eta hori ere. Txartela edukitzeagatik kentzen dituzten interes tasak eta komisioak igo egin dituzte, gastatu daitekeen diru kopuruari muga estuagoak jarri dizkiote, eta lehen baino dokumentu eta berme gehiago eskatzen dituzte txartela eskuratu ahal izateko.

Txartelen (b)eroaldia

  Espainian 76,35 milioi txartel daude egun, ia biztanleak halako bi. Azken urteetan, eta zer esanik ez krisi garaian, asko ugaritu da kreditu txartelak eskatu eta erabiltzeko joera (zor txartelak baino askoz nahiago ditu jendeak). Txartelen Barometroan ageri diren azken datuen arabera (Mastercard-ek egina da), 2005. urtetik hona, % 18 igo da erosketak egiteko kreditu txartelak erabiltzen dituztenen kopurua. Zor txartelen erabilera kopurua, berriz, % 3 soilik igo da azken urtean.

Datu horiek erakusten dute joera aldatzen ari dela, eta familia askok kreditu txartelak erabiltzen dituztela estutasun ekonomikoak agertzen diren garaian. Txartela dirua ateratzeko soilik erabiltzen zuten askorentzat, tresna egokia bihurtu da, nonbait, hileko aurrekontua kudeatzeko eta kredituan erosteko. Kreditu txartel bat gutxienez baduela adierazten duten herritarren kopurua % 8 handitu da Espainian 2007arekin alderatuta.

Banku txartel gehien egiten dituzten bost erakundeen artean -La Caixa, BBVA, Banco Santander, Caja Madrid eta Banco Popular-, Espainian jendeak erabiltzen dituen txartelen % 40 egin zituzten 2007. urtean. Egun, jendearen eskuetan dabiltzan txartelen % 59 kreditu txartelak dira (45 milioi inguru), eta gainerakoak, % 41, zor txartelak (31,6 milioi inguru). Datu horrek pentsarazten du jendeak ez diola utzi nahi kontsumitzeari, eta zenbait ondasun eskuratzeko, dirutan ordaindu ezin eta atzeratu egiten dutela ordaintzeko eguna. Baina horrekin ere tentuz ibili beharra dago.

Interes tasak gorantz doaz

  Bolada ekonomiko onean, era guztietako gutiziak ordaindu ditu jendeak kredituan, nahiko interes txikiekin, gainera: bidaiak, tresna teknologikoak eta otorduak ere bai. Egungo finantza krisiarekin, ordea, txartela arin samar dantzatu duten familia asko estu dabiltza orain, zorpetuta eta interesei aurre egin ezinik. Txartel horietako askok, izan ere, horixe dute arazo nagusia: finantza mekanismoak eskaini bai, baina interes tasa handiak kobratzen dituzte (are gehiago azken hilabeteetan, ohartzerako gorantz egin baitute poliki-poliki). Iaz, adibidez, % 7ko tasa ezartzen zuten batez beste, eta gaur-gaurkoz, % 9koa da tasa orokorra. Hau da, 3.000 euroko telebista bat erosten duenak 270 euro ordaindu beharko ditu interesetan. Eta badira tasa handiagoak ezartzen dituzten txartelak ere, baina ez da inondik inora komeni halakorik eskuratzea. Ezusteko txarrik ez hartzeko, mota horretako txartel bat eskatu aurretik, zehatz-mehatz jakin behar dugu zenbateko tasa ezarriko digun erakundeak, eta guri jakinarazi gabe igotzen badute tasa, atzera egiteko esan behar diegu.

Beste txartel mota batzuekin are okerragoa izan daiteke egoera. Garestietan garestienak, "revolving" izenekoak dira. Ordaintzeko erabiltzen dira txartel horiek ere, baina beste produktu bat ere izaten dute barnean: berehalako kreditu bat jartzen dute gure eskura (3.000 eurokoa izaten da gehienetan), nahi dugunean erabili ahal izateko. Erosketak ordaindu ahala, txartela kargatu egiten da berriz, eta bezeroak hantxe du beti hasierako kopurua, oso-osorik. Txartel hauen interes tasak % 20koak izaten dira. Beraz, txartel horiekin 3.000 euro gastatzen diren bakoitzean, 600 euro gehiago ordaindu behar ditu erabiltzaileak (interesetan), eta hori ez dago edozeinen eskura. Diru arazoak dituztenek edo kontsumitzaile porrokatuak direnek, adibidez, kreditu beharra badute, txartel horiek hartzea baino hobe dute mailegu pertsonal bat eskatzea edo lehendik duten hipoteka handitzea. Mailegu pertsonaletan, % 8ko interesak izaten dira, eta bankuak edo kutxak hipoteka handitzea lortuz gero, % 5aren inguruan ibiliko da interesa (azaroko Euriborra aintzat hartuta egin dugu kalkulua; % 4,4an zegoen).

Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere: kreditu txartelekin, askotan, kreditu azkarrekin gertatzen den bezala, hilero kentzen dizkigute interes tasak, eta ez urtean behin. Beraz, zenbateko UTB duen jakiteko -eta urtean zenbat kostako zaigun-, kopuru hori halako 12 izango dela kontuan hartu behar dugu, eta horrela kalkulatu. Erakunde batek esaten badu, adibidez, hilean 1,2ko interes tasa ematen duela, egiaz % 14,4 kobratzen ari da urtean.

Komisioak ere gora

Interesak ez ezik, komisioak ere izaten dituzte txartelek, eta horiek ere bezeroak ordaintzen ditu. 2008. urte bukaeran, 14,57 euro ordaintzen zuten erabiltzaileek zor txartel bat edukitze hutsagatik (mantentze gastuak esaten diete), aurreko urtean baino % 6,27 gehiago. Kreditu txarteletan, ordea, askoz gehiago igo dira komisioak urtebeteren buruan: urtean 23,43 euroko komisioa zuten, batez beste, 2007an, eta 30,66 eurokoa 2008ko urri bukaeran (% 30 gehiago, beraz). 2005. urteaz geroztik, ez da izan hain komisio handirik.

Txartel jabeen % 4,3 erakundeekin zorretan daude, iaz halako bi ia eta erakundeak neurriak hartzen hasi dira horren ondorioetatik babesteko

Erabiltzaileak, hala ere, izaten du tartetxo bat finantza erakundearekin negoziatzeko; banku edo kutxekin lotu samarrak dauden bezeroek -soldata han sartzen dietelako, ordainagiriak helbideratuta dituztelako, edo beste produktu batzuk ere badituztelako, pentsio planak, hipotekak edo inbertsio funtsak, adibidez-, horiek ez dute komisiorik ordaindu behar izaten oinarrizko zerbitzuen truke. Estrategia hori erabiltzen hasi ziren finantza erakundeak duela pare bat urte ("komisiorik batere ez" iragartzen zuten orduko kanpainek). Egun, ordea, ongi irakurri beharra dago kanpaina horien klausulak, zenbaitetan, izan ere, zor txartelentzat soilik balio dute, eta ez kreditu txartelentzat (horiek dira garestienak).

Diru muga, berriz, behera

Krisia zer eragin izaten ari den ikusita, eta jendea zorrak ordaindu ezinean ibil daitekeela jakinda, finantza erakundeak neurriak hartzen hasi dira, eta jaitsi egin dituzte kreditu txartelen diru mugak. 2004 eta 2005 urteetan, 6.000 euro arteko finantzabideak eskaintzen zituzten, baina egun, ordea, 3.000 eurokoak dira, batez beste. Egun, txartel-jabeen % 4,3 erakundeekin zorretan daude, iaz halako bi ia, eta joera horrek ekar ditzakeen ondorioetatik babesteko hartu dituzte neurri horiek banku eta kutxek. Izan ere, jende gehiago dabil txartelen zorrak ordaindu ezinik, hipoteken zorrak ordaindu ezinik baino (% 2,6 ziren irail bukaeran), eta, guztira, 2.500 milioi euro kostatzen ari zaie hori finantza erakundeei.

Dokumentu gehiago eta pizgarri gutxiago

Hipotekak edo mailegu mota guztiak emateko orduan, baldintza oso zorrotzak jartzen dituzte erakunde batzuek, eta berdin gertatzen da kreditu txartelak emateko orduan ere. Erabiltzaileak, gutxien-gutxienez, hileroko diru sarreren berri ematen duen agiri bat aurkeztu beharko du, bankuek jakin nahi izaten baitute eskatzailea gai izango ote den jartzen dizkioten baldintzei erantzuteko. Banku eta kutxa gehienek azken hiru hilabeteetako soldata-agiriak eskatzen dizkiote bezeroari, eta azken sei hilabeteetan kontu korrontean egin dituen diru mugimendu guztien berri ere bai.

Eskatu asko, baina eman lehen baino gutxiago egiten dute txartela hartzeagatik. Azken urteetan, era askotako pizgarriak eskaintzen zituzten txartelarekin, gasolina % 10 merkeago eta % 5eko beherapena zenbait saltokitan, adibidez. Egungo beherapenak, ordea, % 3koak dira, batez beste, eta ostalaritzan eta gasolinatan lor daitezke, batik bat. Gainera, erakunde askok aseguru bat hartzera behartzen dute bezeroa; ordainketak babesteko asegurua izaten da batzuetan, eta bizitza asegurua besteetan. Modu horretan, produktu gehiagotara lotzen dute bezeroa, eta diru gehiago atera ahal izango diote handik eta hemendik.

Txartelen komisioa
Txartela edukitzeagatik (mantentze gastuak). Urtekoa Batez besteko komisioa (eurotan) Gutxieneko komisioa Gehienezko komisioa
Zor txartela 14,71 20 4,51
Kreditu txartela 30,66 13,52 47

*Iturria. Espainiako Bankua. 2008ko urri bukaerako datuak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto