Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Artista, eta goi mailako tituluduna, gainera, unibertsitate ikasleen pare. Orain lasai esan dezakete hori musika, dantza edo arte dramatikoak ikasi dituztenek. Jendeak aurreiritzi ugari izaten ditu ikasketa horien inguruan ("artista jende hori..."), baina iaz 310.317 lagunek egin zituzten. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea (LOGSE) indarrean sartu zenetik, 1990. urtetik, alegia, unibertsitate ikasketen pareko jotzen dira arte ikasketak, baita diseinu ikasketak eta Arte Plastikoen ikasketak ere. Geroztik, bide luzea egin da arlo horretan, eta azken sorkaria Arte Ikasketen Kontseilu Gorena izan da.
Goi mailako titulua ematen duten gainerako ikasketekin alderatuta, oso bestelakoak dira arte ikasketak; dantza eta musika ikasten, adibidez, gazte-gaztetatik hasten da, zortzi urte ingururekin. Arte dramatikoetan, berriz, fakultateen antzekoak dira goi mailako ikastetxeak, eta horietan sartzeko bidea ez da askorik aldentzen ohiko beste bideetatik. Beste bereizgarri bat ere badute ikasketa hauek guztiek: ikasle bakoitzak nahi duen tokian egin ditzake, kontserbatorioan, ikastetxe baimenduetan edo eskola espezializatuetan; ez dute inor ezertara derrigortzen.
2010. urtean, Goi mailako Irakaskuntzaren Europako Gunea eratuko da, eta 45 herrialde baino gehiago bilduko ditu (Espainia ere bai tartean). Gertakari hori erronka handia izango da goi mailako arte ikasketentzat, Europa guztian izango baitute ezagutza eta, ondorioz, beste herrialdeetakoekin neurtu beharra izango dute Espainiakoek. Hori dela eta, Errege Dekretu bat prestatzen ari da Espainiako Hezkuntza, Gizarte Gai eta Kirol Ministerioa, eta Bolognako bateratze prozesuari jarraituz, antolamendu berria emango die honako ikasketa hauetako goi mailako gradu tituluei: Musika, Dantza, Arte Dramatikoak, Diseinua, eta Ondare Higigarriak Iraunaraztea eta Zaharberritzea. Erregulazio berri honi esker, errazagoa izango da unibertsitate erakunde batetik bestera joatea eta graduatuak trukatzea, Tituluaren Gehigarri Europarraren bitartez. Masterrak ere izango dira ikasketa horietan, eta unibertsitate masterrek duten balio berbera edukiko dute; horrez gain, unibertsitateen arteko hitzarmenak sustatuko ditu, doktorego ikasketak eta ikerketa programak antolatu ahal izateko.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa