Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Arte ondarea lekukotasun sinboliko aparta da. Izan adierazpen plastikoak, hizkuntzazkoak edo soinu adierazpenak, izan sakro edo paganoak, erraldoi edo ñimiñoak, betebehartzat hartu behar da horiek iraunaraztea eta zaharberritzea. Lan hori bera ere, arteari hain atxikia egoki, arte diziplina bihurtu da, ikusgarria eta bitxia. Aspaldiko metodoak hartu eta asko -izugarri- findu dituzte teknikak eta ezagutzak azken hogeita hamar urteetan; hain da lan espezializatua, ebakuntza kirurgikoen neurrira jarriak daude zaharberritze prozesuak.
Artelan zahar gehienak egoera negargarrian iristen dira zaharberritzaileen eskuetara (irudi honetako erretaula, adibidez). Beste ezer baino lehen, taldean aztertu behar izaten dituzte: kimikariek eta fisikariek Zientziaren ikuspegia ematen dute eta arte historialariek eta zaharberritzaileek Humanitateen ekarriarena. Erabakiak hartu ondoren protokolo batek ezarriko du eginbeharrak zein hurrenkeratan egin, eta, segur aski, aurrekontuak baldin-tzatuko du guztia. Aldamioa jartze hutsa, adibidez, oso garestia izaten da. Hortik aurrera, elkarri eskutik helduta joango dira metodoen eraginkortasuna eta ekin-tzen zehaztasuna: garbitzen hasi, kolorearen oinarriak finkatu, emaitzak sendotzera utzi, estukatu, urrea eta tonuak itzuli eta, bukatzeko, azken babesa eman.
Artelanak ahalik eta gutxien ukitu nahi izaten dira. Egoera fisiko eta kimikoa hobetzeko egiten dituzte iraunarazte lanak, materialen berezko zahartze prozesua mantsotzeko eta gizakien okerrak zuzentzeko. Zaharberritze lanak, berriz, itxura estetikoa lehengoratzeko izaten dira, baina betiere, denboraren joanak berekin eraman dituenak errespetatuz egiten dituzte. Eta oroz gainetik, egilearen borondatea errespetatu behar dute batzuek eta besteek Hori lortuko duten segurtasunik ez badute, alderdi teknikoa utzita, materialak erretxinarekin sendotzera mugatuko dira, hautsa eta kandelen ke arrastoak garbitu ondoren.
Urrats ugari egin behar dira zaharberritze prozesuan eta material asko erabili (espatulak, disolbagarriak, erretxinak...), baina guztiak izaten dira kaltegabeak, egonkorrak eta itzulgarriak. Helburua beti da jatorrian zeukan adierazkortasuna ematea. Denborak jatorrizkoaren arrastoak desagerrarazi egiten ditu askotan, eta horien bila jardun beharra dago, bai antzinako dokumentuetan, bai egile beraren edo haren ikasleen beste zenbait lan interpretatuz eta haiekin alderatuz, edo, bestela, garai bertsuko beste lan batzuk eredu hartuta.
Zikinkeria eta berniz herdoilduak kendu, kolorea galdu duten tarteetan estukoa eman, hutsuneak betetzeko eta orekatzeko txertoak egin gero urrea itzuli ahal izateko... eguneroko lanak ez du etenik. Zaharberritze lanak egiteko, nazioarteko gomendioak har-tzen dituzte aintzat profesionalek, Veneziako eta Florentziako eskoletakoak, gehienak.
Antzinako artelanen materialak, gehienetan, organikoak izaten dira. Berez hondatzeaz gain, ordea, garaian garaiko gustuen arabera moldatu ere egiten dituzte lan batzuk. Ondorioz, lehen soiltasunez beteta zegoen irudi bat, orain apainduraz estalitako ikono bihurtu da. Bietako zeini eman balio gehien? Ba, ikusi egin behar da zein helbururekin zaharberritu nahi den, eta zenbateko diru eta denbora dagoen. Artelana hobeto ikusten eta ulertzen lagunduko duen itxura estetikoa itzuli nahi izaten zaio beti, batasun bat eman, gauza jakina da-eta ezinezkoa dela jatorrizko egoerara eramatea. Esku onetan jarriz gero, ordea, eduki zuen egitura estetiko eta narratiboa emango diote ukituz ukitu.
Goi mendietako eski egokitua: zuriz jantzitako erronka
Elektrizitatearen bidea
Zorion nahiaren bidaia
Musika-ikasketak: lau mugimendu eta sinfonia bat
Garraio-hiri bat ur gainean
Mina izango ote da?
Pirinioen bihotzean zizelkatutako gozokia
Arrosa-landaketak: paisaiarik inpresionistena
Itsasoko laborariak
Nola birziklatzen dira gailu elektrikoak?
Bizi txokoak
Betiereko gaztetasuna
Argitasunak itsututa
Irudimenaren gozoa!
Ilunari argi
Azaletik mamia
Hezeguneen gainbehera eta susperraldia
Suak itzaltzen baino gehiagotan
Ilerik gabeeeee
Itsasoa kaiolan
Artea zorroan, ibili munduan
Eski egun bat: inprobisazio gutxi, eta lan asko
Sukaldarien diamante beltzaren sekretuak
Turroiaren kondaira
Zeramikaren moldea eta bidea
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa