Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

7 txorrota termostatiko, dutxa eta bainukoak: Dutxako eta bainuko txorrotetatik, batek soilik ematen du arauak agintzen duen adina ur

Ur-ihesik ez daukate txorrota termostatikoek, eta ongi erantzun diete presio eta tenperatura aldaketei. Garestienak bezain ongi funtzionatu du guztietan merkeenak, eta erdia ere ez du balio

  Uraren tenperatura doitzea oso garrantzitsua da dutxa edo bainu lasaigarria hartzeko. Garai bateko txorrotekin, ur hotzari eta beroari neurria hartu beharra dago gustuko tenperatuta lortu arte; txorrotaren barruko gailu batek nahasten ditu bi emariak, hotza eta beroa, eta bat ireki eta bestea itxi ibili beharra dago. Txorrota termostatikoekin, berriz, aski da mugimendu bakarra egitea, aukera ematen baitute urari guk nahi dugun tenperatura jartzeko (graduak zehazteko gailu bat ekarri ohi dute). Sistema horri esker, azkarrago eta erosoago ibiliko gara, eta norbaitek etxeko beste txorrotaren bat irekitzen badu ere, uraren tenperatura ez da aldatuko; txorrota itxi eta xaboia eman ondoren ere, lehengo tenperatura berbera ekarriko du urak. Beraz, aitzakiarik ez dago ur gutxiago gastatzeko, eta ingurumenaren alde bero-bero jarraitzeko.

Zazpi txorrota termostatiko aztertu ditugu laborategian, dutxarako eta bainurako erabiltzen diren horietakoak. Merkeenak, Argo etxekoak, 95,45 balio izan du, eta garestienak, Grohe etxekoak, 244,99 euro. Aldea nabarmena da batetik bestera, baina prezioan besterik ez da antzematen; kalitatean ez dago halako alderik, eta kalitatea eta prezioa aintzat hartuta, hain zuzen, Argo etxekoa izan da guztietan onena: merkeena da, ur emari handiena berak ematen du eta, beste txorrota bat ireki dugunean, tenperaturari ongien eutsi dionetakoa izan da.

Ur-ihesik ez da gertatu

Laborategiko probak egiten hasi aurretik, txorroten kanpoaldeari begiratu bat eman diegu, eta ez dugu antzeman inolako akatsik. Jarraian, uraren korrosioari ongi erantzuten diotela egiaztatzeko, 200 orduz eduki ditugu gatz-lainotan (zahartze prozesua azkartu dugu, nolabait). Proba hori eginda, burbuila banaka batzuk agertu dira Rousseau txorrotaren gainazalean. Gainerako sei txorrotetan ez da agertu burbuilarik, orbanik edo zimurdurarik.

Txorrota guztiek gainditu dute irazgaiztasunaren proba, eta ohiko erabileran ur-ihesik ez dutela izaten egiaztatu dugu. Proba hori egiteko, ur-presioa handitu diogu hodiari, eta tapagailua itxi dugu lehenik eta ura irteteko zuloa gero (tenperatura doitzeko gailuak eskaintzen dituen tarte guztietan egin dugu proba bera). Txorrotaren hautagailuarekin ere egin dugu irazgaiztasun proba (dutxa edo bainua, zer hartu nahi dugun hautatzeko aukera ematen duen mekanismoarekin, alegia). Aztertu ditugun zazpi txorrotek egoki erantzun dute: hautagailua bainua hartzeko moduan jarri, eta urari presioa handitu diogunean, dutxatik ez da urik irten, eta alderantziz egin dugunean ere, berdin gertatu da. Gainera, dutxa hartzeko moduan jarri eta txorrota itxi dugunean, hautagailua berez itzuli da bainua hartzeko modura (halaxe agintzen du arauak).

Tortsio edo bihurritze proban ere egoki erantzun dute zazpi txorrotek. Bost minutuz, emari-giltza eta tenperatura-giltza indarrez jiratzen saiatu gara (6 eta 3 newtoneko indarra egin diegu, hurrenez hurren), eta ez dugu antzeman inolako gorabeherarik. Beraz, ixtean eta irekitzean egiten den indarrak ez die kalterik egin txorrotei, eta arauak esaten duen bezala erantzun dute.

Arauak agindu baino emari txikiagoa dute

Iturriek zer emari eduki behar duten ere esaten du arauak. Bainua hartzeko, minutuan 20 litro baino gehiago eman behar ditu (txorrota erabat irekita dagoela, 34, 38 eta 42 ºC-ko tenperaturak jarrita eta ura 3 bar-eko presioan datorrela). Aztertu ditugun zazpi txorrotetatik lauk, ordea, ez daukate emari hori. Tebisa, Grohe, Tres eta Rousseau etxekoek, hain zuzen (azken horrek eman du emaitzarik txarrena; 11,8 l/m). Guztietan onena Argo etxekoa izan da arlo honetan: 20,6 litro eman ditu minutuko. Hautagailua dutxa hartzeko moduan jarrita, berriz, zazpitik seik ez dute bete araua (behar baino emari txikiagoa dute). Minutuan 12 litro edo gehiago eman behar ditu txorrota batek, dutxa atsegina izan dadin -hala dio arauak-, eta Forma etxekoa soilik iritsi da gutxieneko hori betetzera. Txorrotek oso ongi prestatuak egon behar dute tenperatura ez dadin bat-batean igo ur hotza mozten bada. Gorabehera horri nola erantzuten dioten ikusteko, ur ho-tzari bidea itxi diogu, eta hurrengo segundoetan zenbat ur eta zein tenperaturatan atera den neurtu dugu. Txorrota guztiek egoki erantzun dute: arauak agintzen duen bezala, lehen bost segundoetan ez dira irten 200 mililitro baino gehiago, eta hurrengo hogeita hamar segundoetan, ez dituzte eman 300 mililitro baino gehiago. Berriz ur hotza ireki dugunean eta tenperatura neurtu, aldea ez da izan 2 ºC-koa baino handiagoa. Guk aztertu ditugun zazpi txorrotek nahiko berme ematen dute, beraz, eta inor ez litzateke erreko ur hotza moztuz gero. Arlo honetan, Grohe etxekoak eman du emaitzarik onena, eta Rousseau etxekoa etorri zaio ondotik; emaitzarik apalena, berriz, Argo eta Tres etxekoek lortu dute.

Etxeko beste txorrota bat ireki eta ur hotzaren presioa gutxitzen bada, orduan ere igo daiteke uraren tenperatura. Txorrota termostatikoek gai izan behar dute emaria erregulatzeko, eta, presioa aldatuta ere, tenperaturan gorabehera handirik ez eragiteko. Laborategiko teknikariek beste proba bat ere egin dute, hortaz: ura 38 ºC-tan jarri dute, eta ur hotzari presioa kendu diote poliki-poliki, 0,25 MPa-ko neurrian geratu arte; ondoren, berriz 0,3 MPa-ko neurrira eraman dute eta hantxe utzi. Tebisa etxekoak eman du emaitzarik kaskarrena proba horretan, nahiz eta guztiek egoki funtzionatu (tenperatura aldaketa ez da izan 2 ºC-koa baino handiagoa). Galdarak huts eginez gero nola erantzungo luketen ere aztertu dugu, eta guztiek gainditu dute proba hori. Ur beroaren tenperatura 10 ºC jaitsi dugu, baina tenperatura ez da 2 ºC baino gehiago aldatu neurgailuan jarrita zegoenetik. Roca eta Rousseau etxekoek eman dute erantzun onena, eta txarrena, berriz, Argo etxekoak.

Zenbait markak bermea hiru urte luzatzeko aukera ematen dute

Hiru txorrotaren etiketak gaizki emanak egon dira, eta ez dute araua bete: Argo-k, Forma-k eta Rousseau-k ez dute esaten zein helbide duen produktua merkaturatzeko ardura hartu duenak. Zazpi txorrotetatik hiruk aukera ematen dute bermea hiru urte luzatzeko (legeak agintzen duen bermea, 2 urtekoa, bukatzen denerako). Roca, Tres eta Rousseau etxeek eskaintzen dute hori, baina Rousseau etxekoak inon ez du esaten -ez bilgarrian, ez berekin dakartzan dokumentuetan- nora deitu behar den edo nora zuzendu beharra dagoen aukera horretaz baliatzeko.

Modu ekologikoan dutxatzeko aholkuak

 
  • Bainua hartu beharrean dutxa hartuz gero, askoz ur gutxiago behar izaten da (lau eta sei aldiz gutxiago).
  • Xaboiek, xanpuek, ile-egokitzaileek eta gelek kalte egiten diote ingurumenari, eta neurrian erabili behar dira
  • Txorrota ireki eta ura berotu bitartean ateratzen dena ontzi batera bildu dezakegu, eta loreak ureztatzeko edo garbiketa lanen bat egiteko erabili.
  • Zenbat eta beroagoa ura, orduan eta energia gehiago kontsumitzen da: dutxa atsegin bat hartzeko, nahikoa litzateke 30 eta 35 ºC artean jartzea.
  • Ur-isuri eta ihesak saihestu beharra dago, baita txikien-txikienak ere. Segundoan ur tanta bat galtzen bada, 30 litro galduko dira egunean, eta 100.000 litro baino gehiago urtean.
  • Aginte bakarreko txorrotez eta txorrota termostatikoez gain, badira ura aurrezten laguntzen duten beste tresna batzuk ere: emari etengailuak, zurrusta-haustekoak (airea eta ura nahasten duten iragazkiak), kontsumo gutxiko hedagailuak, mugimendu sentsoreak edo ur grisak berrerabiltzeko sistemak (garbitzen garenean isurbidetik joaten diren urak, alegia).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto