Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

8 flan aztertu ditugu, 4 arrautzarekin eginak eta 4 banillazkoak: Flan ontziratuak: jogurt batek adina kaloria, baina gehigarri gehiago

Arrautzarekin eginak garestiagoak dira, eta proteina, gantz eta azukre gehixeago dute banillazkoek baino, eta lurrin eta koloragarri gutxiago. Dastatze proban paretsu ibili dira, baina arrautzadun bat gailendu da

  Arrautzarekin egindako flanek eta banillazkoek esnea dute osagai nagusi, eta horregatik, esnez egindako beste postre batzuen kideko jo daitezke: arrautzesnea, gatzatua, krema katalana, moussea, edo arrozesnea. Modu industrialean eginak izaten dira flan horiek, eta etxekoen berdin-berdinak ez izan arren, esne-postre eroso eta gustagarriak dira, gozo ukitukoak (ausarki eransten diete azukrea). Arrautzaz egindakoetan, esnearen ondotik, arrautza izan da osagai nagusia, eta banillazkoetan, berriz, azukrea. Jende askok kontsumitzen ditu halako flanak, baina ez daukate inolako ekoizpen-araudirik.

CONSUMER EROSKI-k zortzi flan eraman ditu laborategira, eta dastatze proba ere igaroarazi die. Danet, Dhul, La Lechera eta Pascual etxekoak izan dira flanak, lau arrau-tzaz eginak eta lau banillazkoak. Lau flaneko paketetan saltzen dituzte, eta flan bakoitzak 100 eta 110 gramo artean ditu. Guztiak hala etorri dira, Dhull etxeko banillazkoa izan ezik (500 gramoko ontzia du). Arrautzaz egindako flanak garestiagoak dira; batez beste, 3,93 euro balio du kiloak, eta banillazkoetan, berriz, 2,99 euro. Etiketa gaizki emana dute hiruk, eta ez dute araua betetzen: irudien bidez ematen dute esnearen berri, baina ez dute zehazten zer kopurutan daukaten. Bestelako ondorioen artean, hauek dira aipagarrienak: zortzi flanak osasun eta higiene egoera onean egon dira eta transgenikorik ez dute eduki.

Azukre asko

Elikadura ikuspegitik, arrautzaz egindako flanek proteina, gantz eta azukre gehiago daukate banillazkoek baino; hala ere, ezin da esan ez batzuk eta ez besteak proteina askokoak direnik (% 5 baino gutxiago dituzte), gantz asko dituztenik (% 0,2 eta 3,9 artean daukate, batzuek gehixeago besteek gutxixeago) eta kaloria asko ematen dituztenik (gehien duenak 156 kaloria ditu ehun gramo bakoitzeko). Makroelikagaien artean, karbohidratoak dituzte gehien flan hauek (% 21, batez beste), eta karbohidrato horiek, batik bat, flanei eransten dizkioten azukreetatik datoz (sakarosatik), nahiz eta laktosa ere baduten (esnearen azukrea), glukosa ziropa (karameluarena) eta almidoia (zortzi flanetatik seiri bota diete lodigarri hau). Azukre erantsia, sakarosa, % 15 da Dhull etxeko flan arrautzadunean, eta % 6 La Lechera-ko banillazkoan; gainerakoak bi horien tartean dabiltza. Batez bestekoa eginda, flan arrautzadunek % 50 azukre gehiago daukate erantsita (% 12,2) banillazkoek baino (% 8,5).

Banillazkoek ez dute arrautzarik eta esne gaingabetu edo erdi gaingabetuarekin egiten direnez gantz gutxiago dute

Osagai nagusiei erreparatuta, flan hauek esnea ageri dute beste ezer baino gehiago, azukre asko (% 13 eta % 21 artean) eta gatz gutxi (% 0,2 inguru). Jogurt batek adina kaltzio eta energia ematen dute, eta mousse edo krema katalan batek baino kaloria gutxiagoa (% 15-45 gutxiago). Flan hauek zenbat laktosa duten neurtuta kalkulatu dezakegu zenbat esne daukaten, gutxi gorabehera betiere, esnea ez ezik, laktosa daukaten beste osagai batzuk ere izaten dituzte eta (esne hautsa, esne-gaina). Flan arrau-tzadunetan, La Lechera eta Pascual etxekoek dute esne gehien, eta banillazkoetan, Danet eta Dhul etxekoek. Pascual-en bi flanei UHT tratamendua eman diete, eta hozkailutik kanpo gorde daitezke; gainerako guztiak hozkailuan sartu behar dira. Gure azterketan, besteak beste, flan hauek kontserbagarririk baduten aztertu dugu, eta Dhull etxeko arrautzadunari soilik aurkitu diogu (E-202, potasio sorbatoa); gainerakoan, gehigarririk ez zaie falta esne postre hauei: lodigarriak dauzkate gehien (egonkor-tzaileak edo gelifikatzaileak), lurrinak eta koloragarriak.

Kalitate-prezioak aintzat hartuta

Gure azterketan ikusi ahal izan dugunez, arrautzaz egindako flanak ez dira banillazkoak baino naturalagoak. Arrautzadunek esnea daukate, arrautza, azukrea, karamelua, lodigarriak, koloragarriak eta lurrintzaileak, eta banillazkoek, berriz, arrautzarik ez eta esne gehiago dute, eta gehigarriak ere gehiago eransten dizkiete (lurrintzaileak eta koloragarriak, batik bat). Laborategiko azterketaren osagarri, dastatze proba egin dugu kontsumitzaileen artean, eta ez da flan mota bat bera ere nabarmendu besteen gainetik. Emaitzarik onena, hala ere, Danet etxeko flan arrautzadunak lortu du, eta kalitate-prezioei erreparatuta, flan horixe bera hobetsiko genuke: 3,11 euro balio du kiloak eta erdi pareko elikadura-osaera dauka. Gainera, beste guztiek baino gantz gutxiago dauka, eta lodigarririk ez duen bakarra da (beste gehienek almidoia dute).

Gantza

Batez beste, gantz gutxi daukate flan hauek (% 2,2). Dhul etxeko arrautzaduna izan da gantzatsuena (% 3,9 dauka gantza), eta gantz gutxien, berriz, etxe bereko beste flanak eduki du, Dhull-en banillazkoak (%0,2). Honako osagai hauek ematen diete gantza flanei: esneak (gaingabetua bada, gantzik ez du izango ia batere), arrautzak eta esne-gainak. Arrautzaz egindako flanek, batez beste, % 3,1 dute gantza, eta banillazkoek, % 1,4. Aldea nabarmena da, beraz (bi halako baino gehiagokoa). Arrautzadunen artean, Dhul (% 3,) eta Pascual (% 3,1) dira gantzatsuenak. Pascual etxekoa esne gaingabetuarekin egina dago eta besteek baino arrautza gutxiago du (erdia), baina esne-gaina darama, eta horrexegatik du hainbeste gantz. Gantz gutxien duena, berriz (arrautzadunetan), Danet etxekoa da; esne gaingabetua dauka, eta esne-gainik ez du batere. Arrautzak soilik ematen dio gantza (osotara, % 23 dauka arrautza).

Banillazko lau flanek esne gaingabetua edo erdigaingabetua dute, eta arrautzarik ez; ondorioz, besteek baino gu-txiago dute gantza. Banillazko flanik gantzatsuenak hauek izan dira: Danet (% 2,2) eta Pascual (% 2,1). Danet etxekoak esne partzialki gaingabetua darabil eta esne hauts kontzentratua (horrexegatik du besteek baino gantz gehiago), eta Pascual etxekoa, berriz, esne-gainarekin egina da. Dhull etxeko banillazkoak du gantzik gutxien guztien artean, % 0,2; flan horren esne hautsa, izan ere, gaingabetua eta berrosatua da. Pascual etxeko flan arrautzadunak zera dio etiketan: "% 38 gantz gutxiago". Ezin da esan araua hausten duela, baina gantz gehien duenetakoa da (% 3,2). Beste esne postre batzuekin alderatuta, jogurtak adina gantz dauka flan arrautzadunak, txokolate mousse-ak (% 8,8) eta krema katalanak (% 9,1) baino hiru aldiz gutxiago, arrozesneak (% 1,9) baino zertxobait gehiago eta arrautzesneak (%4,2) baino gutxixeago. Gantz gutxien duen esne postrea, berriz, banillazko flana da (% 1,4). Gantzari erreparatu beharrean kaloriei begiratzen badiegu, zera ikusiko dugu: kaloria gehiago ditu arrautzaz egindako flanak (134 kaloria ehun gramo bakoitzeko), banillazkoak baino (105), arrozesneak baino (110) eta jogurtak baino (115); txokolate mousse-ak (190) eta krema katalaak (178), ordea, kaloria gehiago dituzte ehun gramo bakoitzeko.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto