Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Soldatarik ezean, diru sarrera bat, behintzat

Langabezia kobratzeko, lehen-lehenik, INEMek dituen bulegoetara jo behar du langabeak, hango zerrendetan izena eman eta langabezi saria eman diezaiotela eskatu. Lana galdu eta hurrengo 15 'lanegunetan' egin behar ditu eskabide guztiak

  Asko aldatu dira gauzak urtebete pasatxoan. Krisi ekonomikoak bide egin du, eta higiezinen merkatua ez atzera ez aurrera geratu da. Ondorioz, lanak ezin burutu zebilen jende asko lanik gabe geratu da orain. Espainian, bi milioi eta erdi langabe daude egun, azken hamar urteetan izan denik eta gehien. Horietako askorentzat, langabezi saria ezinbesteko bihurtu da egoera zail horretan.

Langabezi saria ez da berdina izaten langabe guztientzat, eta bakoitzari zer eta zenbat dagokion erabakitzeko, azken sei urteetako kotizazio aldi eta oinarriak hartzen dituzte kontuan. Saria jasotzeko, gutxien-gutxienez, urtebetez lan egin behar izaten da besteren kontura. Urtebete baino gutxiago aritu direnek, berriz, diru laguntza bat jasotzeko modua izan dezakete (ez langabezi saria bera), baina bestelako baldintza batzuk jartzen dizkiete, eta horiek betetzen dituztenei soilik ematen dizkiete. Beste aukera bat izaten da langabezi saria ordain bakarrean jasotzea, baina horretarako, kooperatiba edo lan sozietate bati atxiki behar zaio langabea, edo halako bat sortu behar du, edo, bestela, bere kontura jarri behar du, autonomo moduan.

Kontratua bukatzen zaion pertsonak, ze eskubide ditu?

  Langabezi saria jaso dezake edo diru laguntza bat. Legez langabezian geratu eta hurrengo egunetik aurrera aitortzen zaio eskubide hori. 360 edo gehiago eman baditu lanean, langabezi saria jasotzea dagokio, eta denbora gutxiagoz aritu bada, diru laguntza jasotzeko eskubidea izango du.

Zenbat denboraz egon gaitezke langabezia kobratzen?

Azken sei urteetako kotizazioa ikusi behar da. 360 egunetik 539 bitarte lan egin duenari 120 egunez emango diote saria. 540 eta 719 bitartean lan egin duenari, 180 egunez, eta hortik gora egin duenak, egun gehiagotan jaso ahal izango du, baina muga batekin, betiere: gehienez, bi urte egin ahalko ditu langabezi saria jasoz, horixe dagokio sei urteko kotizazioa izan duen langileari (720 eguneko saria, 2.160 egun kotizatzeagatik).

Langabezia saria kobratu eta langabe jarraitzen dutenentzat ze laguntza daude?

Langabezi sariari dagokion epea agortu ondoren, diru laguntza kobra dezakete honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

  • Familia erantzukizunak dituztenek, sei hilabetez diru laguntza jaso ahal izango dute, eta sei hilabetetik behin berrituko zaio, 18 hilabete arteraino, gehienez ere.
  • 45 urte baino gehiago dituztenek, eskubidea dute diru laguntza jasotzeko, sei hilabetez. Hori agortzen dutenean, langabeziari dagokion ohiko diru laguntza jaso ahal izango dute.

Zenbat diru jasotzen da?

Lehenbiziko 180 egunetan, oinarri arautzailearen % 70a. Oinarri hori kalkulatzeko, langabeziara joan aurreko 180 egunak hartzen dituzte kontuan, eta epe horretan zein lan oinarrirentzat eta gaixotasun profesionalentzat kotizatu den ikusten dute, eta batez besteko bat egiten (soldata agirian agertzen da zenbatekoa den oinarria). 181. egunetik aurrera, oinarriaren % 60 ematen diote langabeari.

Lehenbiziko hiru hilabeteetan oinarri arautzailearen %70 kobratzen da eta hortik aurrera %60

Seme-alabak izanez gero, laguntza ezingo da izan Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoak (IPREM) ezartzen duenaren % 107 baino txikiagoa. Adierazle hori erabiltzen da hainbat arlotan diru sarreren gutxieneko muga kalkulatzeko, eta kasu honetan, muga horrek ezartzen duena halako sei dagokio langabeari: 2008. urtean, 645 euro hilean. Diru sarrerarik izango ez balu, hilean 482 euro jasoko lituzke (hori da gutxienekoa 2008. urterako). Gutxieneko kopuruak dira horiek, baina 1.055 euro jasotzera ere irits daiteke seme-alabarik ez duen langabea, eta alaba bat edo seme bat baldin badu, berriz, 1.206 euro jaso ahal izango ditu, gehienez ere; bi seme-alaba edo gehiagorekin, hilean 1.356 euroraino hel daiteke. Laguntza horiei ere ezartzen dizkiete atxikipenak.

Eman dezagun langabe geratu den pertsonaren etxean, adineko seme-alabak bizi direla. Kasu horretan langabezi saria jaso ahal izateko, 26 urte baino gutxiago eduki behar dituzte seme alabek (edo % 33 edo gehiagoko ezintasuna), eta haien errenta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino txikiagoa izan behar da, paga bereziari edo estrari dagokin zati proportzionala kenduta (600 eurokoa da kopuru hori).

Amatasun baimenarekin dagoen emakume bati berehala bukatuko zaio lan kontratua. Zer egin dezake? Amatasun/aitatasun baimena amaitzen zaionean, lagez langabe bihurtuko da pertsona hori. Une horretatik aurrera, 15 lanegun ditu langabezi saria eskatzeko.

Eta bitartean?

Amatasun baimenari dagokion saria jasotzen jarraituko du, ordu arte bezala.

Langile bati ez badiote eman kaleratze agiririk eta enpresa itxi badute, zer?

  INEMen bulegoetan emango dizkioten inprimakietan adierazi behar du dokumentaziorik ez diotela eman eta zergatik. Langilea kaleratu dutela erakusten duen dokumentu idatzia behar da, eta ez balu, adiskidetze ekitaldiaren akta batekin frogatu beharko luke zein egoeratan dagoen edo Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren txosten bat aurkeztu beharko luke, non esaten den bere borondatearen kontra utzi behar izan diola lan egiteari eta zein egunetatik aurrera utzi dion. Xehetasun guztien berri eman beharra dago, eta kaleratzearen aurkako helegitea jarri behar da Bitartekaritza, Arbitraje eta Adiskidetze Zerbitzuan (SMAC).

Eta langabea atzerritarra bada?

Espainiako herritartasuna dutenen eskubide berberak dauzka. Europako Batasunetik edo Europako Ekonomia Gunetik kanpokoak badira, egoiliar baimen iraunkorra dutela frogatu behar dute, edo, bestela, aldi baterako baimena dutela eta besteren kontura ari direla lanean.

Eta bere herrialdera itzultzeko asmoa badu?

Zenbait herrialdetako herritartasuna duten langileek, langabezi saria jasotzeko eskubidea badute, eska dezakete saria aurreratu diezaietela eta aldi bakarrean ordaindu, baldin eta konpromisoa hartzen badute euren herrialdera itzuliko direla 30 lanegun igaro baino lehen, eta ez direla Espainiara joango hiru urtean, gutxienez. Herrialde hauetako langileek egin dezakete hori: AEB, Andorra, Argentina, Australia, Brasil, Dominikar Errepublika, Ekuador, Errusiar Federazioa, Filipinak, Kanada, Kolonbia, Maroko, Mexiko, Paraguai, Peru, Tunisia, Txile, Ukraina, Uruguai eta Venezuela.

Pertsona batek ez badu behar adinako kotizaziorik, eta langabezi saria jasotzeko eskubiderik gabe geratu bada, zer egin dezake? Lan harremana bukatu eta hurrengo 15 egunetan, Lan Zerbitzu Publikoan eman dezake izena (lan bila dabiltzanen zerrendan jarriko dute), eta jarduera konpromisoa sina dezake. Gutxieneko kotizazio aldira iristen ez bada (360 egunekoa da), ez du langabezi saririk jasoko, baina gutxienez sei hilabeteko kotizazioa badauka, langabeziari dagokion diru laguntza jaso ahal izango du. Hori eskuratu ahal izateko, haren errenta ez du izan behar Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino % 75 handiagoa.

Zenbatekoa da diru laguntza hori?

45 urtetik gorako langileei -24 hilabeteko langabezi saria dagokienei- ematen dieten diru laguntza berezia alde batera utzita, gainerako laguntzak 413 eurokoak dira hilean.

Eska ote daiteke langabezi saria ordain bakarrean?

Bai, baldin eta langabeak gutxienez hiru hilabeteko saria jasotzeko adina kotizatu badu, eta ez badu eskubide hori gauzatu aurreko lau urteetan. Frogatu beharko du elkarlaneko kooperatiba bateko bazkide langile bihurtuko dela aurki, edo lan sozietate batean hasiko dela, eta modu iraunkorrean jarraituko duela han lanean. Kooperatiba edo lan sozietate bateko kide bihurtu ahal izango da, baldin eta lehendik ez badu eduki izan harekin kontratu harremanik 24 hilabetez baino gehiagoz. Nahiago badu autonomo bihurtu, lan jarduera hasi aurretik eskatu behar du ordain bakarra. Zer kopuru jasoko duen kalkulatzeko, zenbateko langabezi saria dagokion hartzen da kontuan, eta kopuru horixe emango diote, diruaren lege interesa kenduta. Ordain bakarra jaso ondoren, hilabete izango du lan jarduera hasteko, eta hartara bideratu beharko du eman dioten laguntza. Hala egin ezean, itzuli egin beharko du dirua.

Langabe saria eskatzeko urratsak:

  1. Lan Zerbitzu Publikora joan, lan bila ari direnen zerrendan izena eman eta langabezi saria eskatu. Lanik gabe geratu ondorengo 15 lanegunetan.
  2. Ematen diguten inprimakia bete eta aurkeztu. Han adierazi beharko dugu zenbat seme-alaba dauzkagun, ordainketak helbideratzeko datuak emango dizkiegu, jarduera konpromisoa sinatuko dugu, eta Zerga Agentziari informazioa eskatu ahal izateko baimena ere bai.
  3. NA eta Familia Liburua eraman behar ditugu. Espainiako herritartasuna ez badugu, Nortasun Txartela eraman behar dugu eta Familia Liburuaren baliokidea den dokumentua.
  4. Azken sei hilabeteetan zein enpresatan lan egin dugun erakusten duten agiriak eraman behar ditugu. Enpresaburuak behartuta daude enpresa agiriak ematera hamar egunen buruan, legez langabezian gaudela frogatzen duten dokumentu idatziak eman behar dizkigute, eta kotizazioen dokumentu ofizialen kopiak.
  5. Langabezi saria ematea onartu eta ez bagaude ados (emango diguten kopuruarekin, adibidez), edo langabezi saririk gabe utzi bagaituzte, ustez bidegabeki, auzitara jo aurretik, 30 eguneko epea izango dugu erreklamazioa idatziz egiteko Lan Zerbitzu Publikoan. Gure datu pertsonalak jarri behar ditugu, non bizi garen, zein gertakariren aurkakoa den erreklamazioa, zergatik egiten dugun, non eta zein egunetan; eta azkenik, sinatu. Kudeaketa egin duen erakundeko probintzia zuzendariari zuzendu behar gatzaizkio, eta gure alde egingo duen dokumentazio guztia aurkeztu. Gure erreklamazioa atzera botako balute, auzitara jo ahal izango genuke, Lan Arloko Epaitegira.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto