Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Askotariko 40 jostailuren segurtasuna eta etiketak: Bostetik ia batek ez ditu betetzen segurtasun arauak, eta gehienek gaizki eman dute etiketa, edo hobeto eman lezakete

Aztertu diren 40 jostailuetatik 5 bakarrik dira proba guztiak gainditu dituztenak eta gainera zuzen jakinarazten dutenak ze urtetatik ze urtetara gomendatzen diren

  Jostailuek neska-mutilen irudimena suspertzen dute, pentsatzen irakasten diete eta berebiziko garrantzia duten haien bilakaeran. Puzzleak, peluxeak, panpinak, auto telegidatuak, mozorroak... Eskaintza oso ugaria da, eta jostailu mota bakoitzak ditu bere segurtasun arauak, eta gehien-gehienek aski zorrotzak, gainera. Arrazoia begi bistakoa da: ezin da jakin haurrek egoki erabiliko dituzten edo ez jostailu horiek, eta ezustekoak saihesteko, babes neurri handiak hartu beharra dago, haurrak baitira, izan ere, babesgabeetan babesgabeenak.

Berrogei jostailu aztertu ditugu laborategian, era askotakoak eta adin batentzat baino gehiagorentzat eginak (haur txiki-txikietatik hasi eta 14 urte artekoentzat). Horietako zortzik ez dituzte bete segurtasun arauak, eta ezin dira jo segurutzat. Honako hauek izan dira: Pepo Píntame, Boxing King eta Nenuco Mocosete panpinak; Barbie-ren sormen jostailua, iman eta eranskailuduna; Mickey Mouse margo zorroa; Giro Marketing & Sales helikoptero telegidatua; Imaginarium etxeko Diskman mikrofonoduna; eta Widmann pailazo txanoa. Emaitzak ikusi ondoren, ekoizleak eta Kontsumo agintariak jakinaren gainean jarri ditugu, produktu horiek merkatutik ken ditzaten

Diseinua eta osaera: ez pieza txikirik, ez ertz arriskutsurik

Pepo Píntame txakur urdin bat da, eta poltsa hori bat darama. Bolaluma berezi bat ere badu, urez betea, eta poltsaren gainean marrazteko erabiltzen da (ehunari kolorea aldatzen zaio hezetzen denean). Panpinari trakzio probak egin dizkiogu batean eta bestean, eta ongi gainditu ditu, baina poltsari egin dizkiogunean, hautsi egin da, eta zati txikiak geratu zaizkio solte (horiek irensteko edo arnasarekin barneratzeko arriskua dago). Jostailu hau 3 urtez azpiko haurrentzat egina da, eta adin horietan ohikoa izaten da neska-mutilak jostailuari tira egitea, eta, ondorioz, hautsi ahal izatea. Giro Marketing & Sales helikoptero telegidatuak ere ez du ongi erantzun: 48 newtoneko indarra egin diogunean, agerian geratu zaio helizearen ardatza, eta ertz arriskutsua izan daiteke hori. Arauak dio 60 newtoneko trakzioa jasateko gai izan behar dutela jostailuek.

Guk aztertu ditugun 40 jostailuetatik, bik imanak dituzte, baina Picadotty mahai-jolasak soilik betetzen du araua (aski iman handiak ditu, ez irensteko modukoak). Barbie-ren sormen jostailua da bestea, Clementoni etxekoa; oso iman txikiak ditu, eta haurrek irentsi egin ditzakete. Hori galarazita dago noski, eta, gainera, etiketan jakinarazi beharra dago zer kalte ekar ditzakeen objektu horiek irensteak, arauak hala esaten baitu. Sormen jostailu honek hori ere ez du betetzen.

Ftalatoak: toxiko galaraziak, baina oraindik erabiltzen direnak

20 jostailutan, toxikoen bila jardun gara, halakoak eduki zitzaketela iruditu baitzaigu, eta ftalatoak antzeman ditugu Mickey Mouse Club House-ren 56 margoko zorroan (Poessa etxekoa da) eta Boxing King panpina artikulatuan (Color Baby etxekoa). Konposatu kimiko toxikoak dira ftalatoak, eta plastikoen malgutasuna handitzeko erabiltzen dira. Hormonetan jokabide anormalak eragin ditzakete, eta antzutasuna ere bai, eta, ondorioz, arauak oso muga zorrotza ezartzen du: % 0,1 izan ditzakete, gehienez (kopuru hori baino txikiagorik ezin da antzeman azterketetan). Mickey Mouse-ren margo zorroak % 7,9 ditu ftalatoak, eta Boxing King-en panpinak, % 3,4. Jostailu horiek, berez, ez dira ahoan erabiltzeko edo hozkatzeko eginak, baina ezin da ziurtatu haur txikiek halakorik egingo ez dutela.

Azterketaren emaitzak Administrazioari jakinarazi zitzaizkion, egoki jotzen dituen neurriak har ditzan

Aztertu ditugun 12 jostailu elektrikoetan, zirkuitulaburrak eragin ditugu. Duo Mic Imaginarium izeneko diskman mikrofonodunari eta Famosa etxeko Nenuco Mocosete-ri pilak berotu zaizkie, arauak onartzen duen baino gehiago (45 ºC berotzea onartzen du arauak). Segur aski, haurrek ez lukete zirkuitulaburrik sortuko jolasean ari direla, baina araua oso zorrotza da.

Jostailuek su hartzeko arriskurik baduten ere aztertu dugu, eta akatsak antzeman ditugu Widmann pailazo txanoan. Sugar bat jarri diogu txanoaren artilezko bolatxoari, bost segundoz, eta lau segundo behar izan ditu itzaltzeko, behar baino gehiago (arauak dio bi segundotan itzali behar duela). Garrak, gainera, 70 mm baino gehiagoko bidea egin du itzali aurretik, eta hori ere gehiegi da. Txanoaren ehunean, segundoan 24 mm egiten ditu garrak, eta ez lituzke 10 mm baino gehiago egin behar.

Etiketen arazoak

Etiketek adinaren inguruan egin dituzten aipamenetan, hobetzeko moduko gauzak aurkitu ditugu lautatik hirutan: esaten dute zein adinetatik aurrera erabil daitekeen jostailua, baina ez dute esaten gutxi gorabehera zein adin artekoa den. Zazpi jostailuk ez dute adinari buruzko aipamenik, eta bi jostailuren adin aipamenak okertzat jo ditugu: Imaginarium etxeko kometa, hegazkin itxurakoa, 3 eta 8 urte arteko haurrentzat dela esaten du etiketak, baina adituek nabarmendu dute 6 urtetik gorako haurrak soilik izan daitezkeela gai horrekin jolasteko (txikiagoek begira egon besterik ezin dute egin). Barrio Sésamo etxeko peluxeak, berriz, haurra jaio eta berehala erabiltzekoa dela dio, baina haurrak, gutxienez, 9 edo 12 hilabete eduki behar lituzke harekin jolasteko.

Etiketa guztien artean, Barbie-ren sormen jolas imandunak egin du arau-hausterik larriena. Segurtasun oharrak egitera behartzen du arauak, baina ez dauka bat bera ere. Beste akatsen artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu: ekoizlearen edo inportatzailearen helbidea oker adierazia egon da A Salvo izeneko alfonbra-puzzlean (apargomazkoa da), Widmann-en txano ileordedunean, Graco etxeko haur kotxean, Mickey Mouse-ren margo zorroan eta Edurnezuriren txotxongiloetan. Barbie bizikletak aipamen batzuk falta ditu, haur bizikleten araudiak derrigorrezko jotzen dituen batzuk (akats hori saltokiaren ardura dela dio ekoizleak), eta Barrio Sésamo peluxeak ez du adierazten, jostailua haurrari eman aurretik, loturi-hari guztiak kendu behar zaizkiola.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto