Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

6 iberiar urdaiazpikoren xerrak aztertu ditugu: Ez dago alderik ezkurretik pentsura

Ezkur urdaiazpikoak pentsu urdaiazpikoak halako bi balio du; gantz gehiago du, eta gehigarririk ez diote eransten, baina horrez gain, ez da alderik agertu ez dastatze proban, ez elikadura osaeran

  Sei urdaiazpikoren xerrak aztertu ditugu, guztiak ere iberiar arrazako txerrienak. Montaraz etxekoak dio ezkur urdaiazpikoa dela (ezkurrez eta larreetako bazkaz soilik hazitako txerritik lortu dutela), eta beste hiruk diote (Iglesias, Ibérico Sierra de Azuaga eta Navidul etxekoek) pentsu urdaiazpikoa dela; alegia, pentsuarekin gizendutako txerriarena. Beste bi etxeetakoek, Iberjabug eta Matorral-ek, berriz, ez dute adierazi zer urdaiazpiko mota den eta zerekin hazi dituzten txerriak, eta, beraz, pentsatzekoa da apalenak izango direlako, pentsu urdaiazpikoak. Txerriak jan duenaren araberako sailkapenak beste maila bat ere badu: pentsuz osatua esaten zaio urdaiazpiko horri (ezkurra eta larreetako bazka jaten duten txerrien elikadura pentsuz osatzen dutelako).

Guk aztertu ditugun urdaiazpikoak xerratan etorri dira; Iberjabug etxekoa 90 gramoko ontzian, Navidul 80 gramokoan, Matorral 125 gramokoan eta beste hirurak 100 gramokoan. Lau hutsean ontziratuta; Navidul eta Iglesias etxekoak, berriz, babes atmosferan ontziratuta.

Iberiar produktuek arau berria bete behar dute 2007ko azaroaren 4a ezkero (RD 1469/2007), baina hori baino lehenago jaio diren txerrietatik lortzen diren jakiek nahikoa dute araudi zaharra betetzearekin produktu guztiak agortu arte. Guk aztertu ditugun seirak araudi zaharrari jarraituz merkaturatu dituzte, eta guk ere horri begira aztertu ditugu. Araudi berriaren asmoa da behin betiko ezarri ahal izatea zein diren iberiar txerrietatik lortzen diren produktuen kalitate ezaugarriak, hartara inork ez dezan iruzurrik egin, eta agintariek kontrol tresnak eduki ditzaten. Gainera, produkzio eredu tradizionala babestu nahi da, iberirar txerriari eta larre ekosistemari lotua, horrexek ematen baitio kalitatea produktuari eta iraunkortasuna abelazkuntza mota tradizional horri. Txerriak jaten duenaren arabera, hiru kalitate maila egon izan dira orain arte: Ezkur urdaiazpikoa edo Mendi-bazkalekuetan amaitutako txerriena (bazkalekuetako baliabide naturalekin hazitako txerriena); Pentsuz osatutako edo Pentsuz amaitutako txerrien urdaiazpikoa (larreetan hazitako txerriena, baina azken boladan pentsua ematen diete); eta Pentsu urdaiazpikoa (ustiategi intentsiboetan pentsu hutsez hazten dituzte txerriena). Araudi berriak, ordea, laugarren maila bat jarri du: Landako pentsu urdaiazpikoa (txerriak pentsuz hazten dituzte, baina landarediaz inguratutako eremuetan, ariketa egin dezaten).

Ondorioak

Aztertu dugun ezkur urdaiazpiko bakarrak, Montaraz etxekoak, alegia, ez du emaitza hobea lortu dastatze proban, eta elikadura osaeran ere ez du erakutsi alde handirik pentsua janez hazi diren txerrien urdaiazpikoekin, nahiz eta horiek baino dezente garestiagoa izan (100 gramo, 13 euro eta besteenak, berriz, 6, 5 eta 7 euro artean dabiltza). Hori bai, gehigarriak erantsi ez dizkioten bakarra da, eta gantz gehien duenetakoa, % 34 (gainerako bostetatik lauk, % 20 eta 27 artean daukate gantza).

Sei urdaiazpiko aztertu eta hiru etiketa aurkitu ditugu gaizki emanak

Montaraz, Iberiabug eta Matorral etxeek ez dute etiketa araua betetzen; iberiar urdaiazpikoek azterketa bat igaro behar baitute egiaztatzeko ea betetzen dituzten iberiar produktuen kalitate arauak, eta proba gainditu badute, halaxe adierazten du etiketa batean azterketa hori egin duen enpresak ("Halako enpresaren Egiaztagiriarekin" edo antzeko zerbait jarri behar dute). Hiru horiek, ordea, ez dakarte halako aipamenik. Analisi mikrobiologikoa, berriz, guztiek gainditu dute, eta, beraz, osasun eta higiene ikuspegitik egokiak dira. Transgenikoen analisian halako osagairik ez da agertu.

Dastatze proban ia ez da alderik izan guk neurtu ditugun alderdietan: itxura, usaina, zaporea, murtxikatzerakoan sortzen duen sentsazioa eta amaieran uzten duen zaporea. Harrigarria gertatu da ezkur urdaiazpiko bakarra ez ezertan nabarmentzea eta oharkabean pasatzea. Emaitzak oso antzekoak izan dira guztietan: 5,9 puntu lortu ditu Iglesias etxekoak eta 6,6 puntu Matorral eta Navidul etxekoek.

Kalitate-prezioetan, Sierra de Azuaga gailendu da, urdaiazpikorik merkeenetakoa (6,05 euro balio dute 100 gramok). Elikadura osaerari erreparatuta, erdi parean geratu da, etiketak ongi emanak ditu, eta dastatze proban, beste batzuek baino emaitza hobea lortu du.

Gazia eta gantzatsua

Elikadura ikuspegia aintzat hartzen badugu, elikagai ondua da urdaiazpikoa. Gatz asko izaten du (% 4 gutxien izan duenak eta % 6,5 baino gehiago gehien izan duenak) eta sodioa ere bai (% 1,5etik % 2,5 artean). Gatzak deshidratatu egiten du, kontserbatzen laguntzen du eta zaporea areagotzen. Jaki batek guri komeni baino gatz gehiago duela esateko, % 1,5etik gora izan behar du gatza eta % 0,6tik gora sodioa. Iberiar urdaiazpikoa, beraz, gaziegia da maiz jateko, eta ez zaie komeni hipertentsioa dutenei, bihotzeko edo giltzurrunetako arazoak dituztenei edo gatzik gabeko jakiak jan behar dituztenei. Kaloria asko ditu (310 eta 415 artean, ehun gramo bakoitzeko), eta gantzatsua da (% 20 eta 34 artean du gantza), baina ezin da esan kaltegarria dela, bihotzarentzat onak diren gantzak baititu nagusi, azido oleikoa, batik bat. Oleiko ugari ematen duten jakiak lagungarri dira kolesterol osoa eta kolesterol txarra (LDL) jaisteko eta kolesterol ona (cHDL) igotzeko, eta, gainera, gaixotasun kardiobaskularretatik babesten gaituzte.

Elikagai gutxi daude iberiar urdaiazpikoak adina oleiko dituztenak (oliba olioak soilik ditu gehiago). Gantz saturatuak -kaltegarrienak- neurrian dauzkate, eta denek berdintsu proportzioan: gantz guztiaren % 30 eta 40 artean. Espero izatekoa zen Montaraz etxeko urdaiazpikoak oleiko kontzentrazioa handiagoa izango zuela, ezkur urdaiazpikoa delako, eta ezkurrak ugari dituelako oleikoak, baina gure azterketak ez du erakutsi halakorik. Hortik, hala ere, ezin da ondorioztatu ez dela ezkur urdaiazpikoa: egungo araudiak (2001) zehazten du zenbat gantz azido behar lituzketen urdaiazpikoek, mailaren eta txerrien elikaduraren arabera, eta Montaraz etxekoak ez luke beteko, baina analisi hori haragi freskoarekin egin beharra dago, eta guk produktu ondua aztertu dugu eta hor, larruazalpeko gantza ez ezik, muskulubarnekoa ere ageri da. Bestetik esan beharra dago arau berriarekin gantz azidoen proportzioak aurki utziko diola kalitate irizpide izateari alde eta desadostasun handiak egon izan baitira analisi metodoetan; aurrerantzean, ziurtagiriak ematen dituzten erakundeen azterketek soilik balioko dute. Gainera, iberiar txerriak pentsuarekin hazten dituzten ekoizleek oleiko ugari dituzten gantz azidoak erabiltzen dituzte pentsuan, eta, ondorioz, gerta daiteke horrexegatik agertzea gantz azido horiek ohi baino ugariago (ia ezkur urdaiazpikoen maila berean). Iberiar urdaiazpikoak, bestalde, 70 mg kolesterol ditu 100 gramo bakoitzeko, oilasko paparrak adina.

Karbohidratorik ez batere

  Proteinak ere ugari ditu iberiar urdaiazpikoak (% 23tik 32ra bitarte), eta, gainera, kalitate biologiko bikainekoak. Karbohidratorik ez dute, ostera (% 0 eman dute guztiek). Ez dugu alde handirik antzeman sei etxeen elikadura osaeran, eta, segur aski, emaitzarik gehienak aldatu egingo ziratekeen beste ontzi edo xerra batzuk aztertu izan bagenitu, urdaiazpikoa produktu bizia baita, eta bere bilakaerari jarraitzen dio merkaturatu eta gero ere.

Urdaiazpikoa txerrikia denez, tiamina asko samar izaten du (B1 bitamina), eta berdin niazina (B3 bitamina) eta piridoxina (B6 bitamina). B12 bitamina ere badu. B motako bitamina horiek metabolismoaren fase batean baino gehiagotan parte hartzen dute, eta karbohidratoei, proteinei eta gantzei probetxu ateratzeko orduan ere esku hartzen dute; horrez gain, beharrezko izaten dira antigorputzak eta globulu gorriak sortzeko (biriketatik zeluletara eramaten dute oxigenoa globulu horiek). Urdaiazpiko iberiarrak mineralak ere baditu: potasioa, fosforoa, zinka eta, beste guztien gainetik, sodioa. Hemo burdina ere badu, gorputzak erraz bereganatzen duena.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto