Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Zarataren Legea: Isiltzen ez den 'bizilaguna'

Kutsadura akustikoaren araudia denentzat da bete beharrekoa: jarduera, azpiegitura, makineria, tresna eta jokabide guztiei eragiten die

 Zenbat salaketa ez ote da jarri izango zarata dela eta. Hortxe jarraitzen du, ordea, milaka lagunen belarriei kolpeka. Etxe ondoko eraikinean egiten ari diren lanek iratzarriko gaituzte goizean, autobideko klaxon hotsek lagunduko gaituzte lanera, lankide eta telefono guztiek aldi berean egingo digute abegi lantokian, eta gero ere gurekin jarraituko dute. Gaur bai eta bihar ere bai. Baina eguna ez da bukatu... Gaueko garbiketa zerbitzukoen kamioia etortzeko dago oraindik, eta gaueko azken musika notak ere aditzen dira, tabernaren batean ez bada, inguruko etxeren batean. Ezin begiak itxi lo kantarik gabe...

Hola kontatuta, neurriz kanpoko zerbait irudituko zaio norbaiti. Eta hala da. Zaratak neurri guztiak gainditu ditu. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera (OME), espainiarren % 70ek zarata maila "onartezinak" jasan behar izaten dituzte. Zaratak kalte zuzena egiten dio osasunari, baina ez hori bakarrik: eragin soziokultural eta ekonomiko oso kaltegarriak sortzen ditu gainera. Halaxe nabarmentzen dute OMEk berak eta Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Gorenak. Eta eragin horiei aurre egiteko, Zarataren Legea onartu zuten 2003. urtean. Lege horrek zehazten du, besteak beste, etxebizitzen kalitate akustikoa hobetzeko zer neurri hartu behar diren, eta neurri horietako bati leku berezia egin diote Eraikitze Lanen Kode Teknikoa izeneko araudian: eraikinek zer ezaugarri akustiko dauzkaten egiaztatzeko sistema bat ezartzen du araudi horrek, eta eraikinen barrualdeko kalitate akustikoak bete behar dituen helburuak bete ezean, eraikinek akats ezkutu bat dutela esan ahal izango da.

Espainiarren % 70ek zarata maila onartezinak jasan behar dituzte

Neurri horiez gain, legeak aurreikusten du orain arte eraikitze lanetan erabili izan diren teknologiak bazterrera utzi beharko direla eta eragin akustiko txikiagoa duten beste batzuk erabiltzen hasi beharko dela; horrez gain, zarata emisioak kontrolatzeko sistema ezartzea ere aurreikusten du legeak (beste herrialde batzuetan, "takometro akustikoa" erabiltzen dute). Eraikinen barrualdean jarri, eta han sortzen den zarata neurtzen eta grabatzen du.

Zarata igorle izan daitezkeen alderdi guztiei eragiten die Zarataren Legeak, hau da, kutsadura akustikoa sortzen duten jarduera, azpiegitura, makineria, tresna eta jokabide guztiei. Etxeko jarduerak eta bizilagunen arteko harremanak kanpo geratzen dira, baldin eta ez badituzte gainditzen tokian-tokian onartuta dauden mugak.

Nola arautzen da zaraten kontrola bizilagunen arteko harremanetan?

 Zarataren Legea onartu aurretik, eta ondoren ere bai, epaitegiek beti babestu dituzte herritarrak zarata emisioen aurrean, eta askotariko neurriak onartu izan dituzte haien alde: jarduerak eteteko aginduak eman izan dituzte, lokalak itxiarazi dituzte, neurri zuzentzaileak hartu eta kalte-ordainak ezarri... Eta egungo jurisprudentzian, gainera, kontzeptu berri bat agertu da: "Herritarrak eskubidea du bakean utz dezaten". Legea, beraz, babesteko dago; herritarra eta haren etxea babesteko. Norberaren etxebizitza eremu bortxaezina da ikuspegi konstituzionaletik, eta norbaitek denbora luzez zaratak jasaten egon behar badu bere etxean -zarata jasanezina eta saihesteko modukoa izan behar du-, babesa eman beharko zaio pertsona haren eta familiaren intimitateari, "pertsonalitatea garatzeko askatasuna kentzen dion neurrian" betiere.

Non aurkezten dira zarataren aurkako salaketak?

Ikusi egin behar zarata nondik datorren eta zer-nolako kalteak eragiten dituen. Lehen urratsa, hala ere, beti da bera: zarata sortzen duenarengana jotzea, ahal bada idatziz, zer eragozpen eta kalte sortzen dizkigun jakinaraztea eta, noski, zaratak sortzeari uzteko neurri zehatzak har ditzala eskatzea.

Eta ez bagara harekin ados jartzen?

Epaitegi zibiletara edo Administraziora jo dezakegu gure salaketarekin, eta zigor epaitegira ere bai zenbaitetan. Zarata etxepeko edo inguruko taberna, diskoteka edo parranda guneren batetik badator, edo herri lanek sortzen badute, edo lantegiren batek, edo eraikinen batean egiten ari diren lanek, orduan udalera jo behar dugu, eta administrazio salaketa jarri. Auziak, agian, bide administratiboa hartuko du, edo administrazioarekiko auzi prozesu bihurtuko da, edo, agian, epaitegi zibiletako bidea hartuko du, baina bizilagunen zaratek sortzen dituzten eragozpen jasanezinen eta kalteen auziak epaitegi zibiletan konpontzen dira, hala ezartzen baitute Jabetza Horizontalaren Legeak eta Hiri Errentamenduen Legeak.

Beraz, udalera jo beharra dago?

Bai. Administrazio bide hori da egokia zarata tabernek sortu badute, diskotekek, eraikitze eta konponketa lanek eta bestelako jarduerek, nahiz eta udalek, herritarren kaltetan, entzungor egin izan dieten sarri askotan zarata horiei. Hala ere, lehen-lehenik, idatzi bat aurkeztu behar dugu udalean, eta han adieraziko dugu zerk sortzen duen zarata, nor den jabea edo arduraduna, zein ordutan izaten den, zeini kalte egiten dion eta zer kalte mota sortzen dituen. Arazoa larria eta premiazkoa bada, Udaltzaingora jo dezakegu zuzenean, zarata lekura bertara joan daitezen.

Zer egin dezake udalak?

Hark du eskumena arazo hauek konpontzeko, eta haren ardura da ingurumen arauak zaintzea, isiltasuna eta lasaitasuna babesteko. Udalak badu aukera ikuskariak bidaltzeko, neurri zuzentzaileak ezartzeko eta zigorrak jartzeko ere bai: erabaki dezake diru isuna jartzea, jarduera baimena ez berritzea, egoitza itxiaraztea ?aldi baterako edo betiko-, eta tresneria eta makinak zigilatzea.

Eta udalak ez badu konpontzen arazoa?

Udalek bere arautegia dute, eta han garbi esaten da udalaren ardura dela "etxeko" eremuan eta auzo eremuan herritarrak babestea, eta elkarrekin lasai bizi ahal izateko neurriak hartzea. Ez dute beti lortzen, eta, halakoetan, ondare-erantzukizuna eska dakioke udalari. Dena dela, kaltetuak adi eta erne egon behar du; salaketa jarri eta hiru hilabeteren buruan ez badu ezeren berririk, administrazioarekiko auzi helegitea jar dezake.

Zarata sortzen duena bizilagun bat bada, musika ozen jartzen duelako, ate kolpeak ematen dituelako, oihu egiten duelako... zer komeni da, Jabetza Horizontalaren Legera jotzea?

 Bai. Jabetza Horizontalaren Legeak galarazi egiten du, bai jabeei eta bai maizterrei, eraikinarentzat kaltegarri izan daitezkeen jarduerak egitea, edo beste zenbait jarduera aurrera eramatea, baldin eta araudiaren aurka badoaz gogaikarri direlako, edo kaltegarri, arriskutsu, legez kanpoko eta osasunaren kalterako. Honako urrats hauek egin behar dira:

  • Presidenteak, berak hala iritzi diolako edo bizilagunen batek eskatu diolako, idatzi bat helaraziko dio zaraten arduradunari, eta eragozpenak sortzen ari den jarduera berehala eten dezala eskatuko dio, eta, halaber, jakinaraziko dio hala egin ezean epaitegietara joko dutela. Idatzi hori buro fax edo antzekoa izatea komeni da, bidali diogulako froga eduki ahal izateko.
  • Gauzak aldatzen ez badira, Etxejabeen Batzarra antolatu beharra dago, eta han erabakiko da presidenteari baimena ematea etete auzibide bat abian jar dezan.
  • Salaketa jartzearekin batera, badaezpada beste neurri batzuk har ditzatela ere eska dakieke epaitegiei, eta jarduera eten dezatela ez ezik, kalte-ordainak ere galdegin daitezke.

Etxejabeen Batzarrak erabakitzen badu auzitara ez jotzea, zer egin daiteke?

Kaltea jasan duen etxejabe batek ere jo dezake bere kabuz auzitara, eta hark ere eska dezake zaratak eten ditzatela eta kalte-ordaina eman diezaiotela, bizilagunak eskubidea gizartearen aurka erabili duelako, edo intimitaterako eskubidea babestea zor zaiolako...

Zer-nolako kalte-ordainak eskatu ohi dira?

Zaratak eten ditzatela eta horretarako neurriak har ditzatela eskatzeaz gain, kalte moralen ordaina ere eska daiteke. Pertsona horrek jasan dituen min fisiko eta psikologiko guztiak sartuko lirateke hor. Kalte-ordaina, kasu horietan, jurisprudentziak ezartzen du. Ez da erraza izaten zehaztea ordainak zenbatekoa izan behar duen, baina epaileek kontuak ateratzen dituzte, nahiz eta Zarataren Legeak ez duen ezer esaten horri buruz. Jurisprudentziak hainbat min mota aipatu izan ditu halakoetan: sufrimendu psikikoa, urduritasuna, estutasuna, larrimina, ezinegona, nahigabea, beldurra, emozio asaldura, eta abar. Bizilagunen arteko harremanei dagokienez, Espainiako Auzitegi Gorenak kalte moraltzat jo du bakeari erasotzea eta etxebizitzaz bakean gozatzeko eskubideari erasotzea.

Zarataren mapa

Mapa akustiko estrategikoak sortzen ari dira Espainian zaratari aurrea hartzeko. Lehenik, errepide ardatz handiak non dauden zehaztu nahi izan dute ?urtean sei milioi ibilgailu baino gehiago hartzen dituztenak-, trenbide ardatz handiak ?urtean 60.00 tren baino gehiago hartzen dituztenak-, aireportu handiak eta 250.000 biztanle baino gehiagoko hiri elkarteak.

Udalerrien Espainiako Federazioak jakinarazi duenez, 18 hiri elkarte ari dira une honetan zarataren mapa estrategikoak lantzen: Alacant, Bartzelona I, Bartzelona II, Baix Llobregat I, Bilbo, Gasteiz, Gijon, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Palma de Mallorca, Las Palmas (Kanaria Handia), Santa Cruz de Tenerife-San Cristobal de la Laguna, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza.

Federazio horrek argitaratu duen informazioak esaten du zarataren mapa estrategiko horiek metodologia, irizpide eta informazio estrategikoa eskainiko dutela, eta autonomia erkidegoei eta tokiko erakundeei lagungarri gertatuko zaizkiela hirigintza planak politika eta estrategia egokiekin gauzatzeko eta kutsadura akustikoari erantzuna emateko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto