Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Egile eskubideak eta Internet: Legeak agintzen du nola erabili besteren lanak, baita Internetetik hartuak ere

Interneteko edukien erabilera baimena errespetatzea komeni da ezusteko txarrik ez hartzeko

 Internauta batek irudi polita ikusi du Interneten eta egila nor den begiratu gabe kopiatu du ordenagailuan. Egun batean blog bat irekitzea pentsatu du, eta irudi hori jarri du blogaren ikur moduan. Blog txukuna egin du, nonbait, eta ezagun bihurtu da jendearen artean. Egun batez, ordea, ezustean mezu elektroniko bat jaso du gure blogariak; irudi politaren jabeak idatzi dio, ez oso pozik, itxuraz. Irudia berea dela jakinarazi dio, eta kentzeko eskatu dio, auzitara eramango duela bestela. Blogaria ataka estuan dabil orain: jendeak irudi horrekin ezagutu du bloga, eta kentzen badu, ikur nagusietako bat galduko du. Kentzen ez badu, ordea, auzitara eraman dezakete legea hausteagatik, edo isun handia ordainarazi...

Bere garaian arreta gutxi jarri zion argazkiaren baimenari, eta orain buruhausteak! Argiago jokatu izan balu, agian ohartuko zen aski zuela argazkiaren ondoan egilearen izena jarrita, askotan baldintza hori baino ez baitiote jartzen besteren eduki kulturalak erabili nahi dituenari.

Egoera hori guk asmatua da, baina gero eta sarriago gertatzen dira halakoak on line sortzen ari diren komunikabideetan. Hasierako garaietan, ohikoa izaten zen besteren irudi eta testuak kezka handirik gabe erabiltzea. Asmoa ez zen izaten beste egile baten obraren jabe egitea, baina egiaz, horixe egiten ari ziren, eta hori legez kanpokoa da.

Kultura eskuratu daiteke, baina ez nahi bezala erabili

Denborarekin, egileak jabetu dira eskubide batzuk dituztela beren lanen gainean (webgune batean argazki, abesti edo bideoa argitaratzen duen edonor da egile). Asko trebatu dira teknologia kontuetan, eta orain jakin dezakete norbait haien sorkuntza lanak erabiltzen ari ote den baimenik gabe edo baimen arauak bete gabe. Horregatik, egun, arriskutsu samarra da besteren edukiak desegoki erabiltzea.

Interneteko kultura jende askoren eskura dago, baina horrek ez du esan nahi inolako kontrolik ez dagoela eta nahi bezala erabil daitekeela. Gauza batzuk erabili ahal izateko, baldintza jakinak errespetatu behar dira nahitaez, eta beste gauza asko, ezin dira erabili. Oso garrantzitsua da hori gogoan hartzea, eta eduki bakoitzak zer baimen mota duen ongi begiratzea, bestela mezu elektronikoren bat jaso dezakegu ezustean...

'Copyright' eta 'Creative Commons'

Argazki eta testu guztiek dauzkate berekin egile eskubideak, eta sortzaileak, berriz, copyright delakoak babesten ditu. Egileak ez badu kontrakorik esaten, hura izango da bere lanen jabe bakarra bizi den arte, eta hil eta hurrengo 70 urteetan ere bai. Zer esan nahi du horrek? Hauxe: soilik egileak eta haren oinordekoek egin ditzake lanaren kopiak, haiek soilik erreproduzitu dezakete, interpretatu, hari lotutako lanak sortu edo publikoki aurkeztu. Erabili nahi duen orok baimena eskatu beharra dauka. Salbuespenak ere badira, baina oso gutxi: aipu eskubide onartua dago (pasarte jakinak erabiltzeko aukera ematen du), eta kopia pribatua egitea ere bai, nahiz eta eztabaida handia dagoen horren inguruan, ez baitago argi zenbateko hedadura har dezaketen kopia horiek.

Sortzaileak aukera du copyright horri uko egiteko eta bere lana erabilera publikoaren esku uzteko. Baina bada beste aukera bat ere: Copyleft baimenak. Horien bitartez, egileak baldintza sorta bat jar dezake eta bere lana nola erabiltzea nahi duen zehaztu dezake. Copyleft baimenik ezagunena Creative Commons da. Baimen mota hori duten lanak (CC siglak eraman ohi dituzte) kopiatu eta zabaldu daitezke, baina egileak jarri dituen ohar eta mugei jarraitu behar zaie beti (atributu edo ezaugarriak deitzen zaie). Honako hauek izan daitezke:

  • 'Attribution' (Aitortu): lanaren egilea nor den esatera behartzen du.
  • 'Noncommercial' (Ez merkataritzarako): kopiatzen duenak ezin du etekin ekonomikorik atera.
  • 'No Derivative Works' (Lan eratorririk gabe): inolako aldaketarik gabe zabaldu behar da lana (argazkia erabil dezakezu baina ezin collage batean erabili, adibidez).
  • 'Share Alike' (Berdin partekatu): lan horri lotuta sortzen diren guztiek jatorrizkoak bezalako baimena eduki behar dute (adibidez, galarazita dago CC baimena duen argazki bat copyright duen liburu batean argitaratzea).

Ezaugarri hauetatik bat bakarra har dezake egileak, edo batzuk,eta berak nahi duen baimen mota sortu. Musika talde batek, adibidez, erabaki dezake nornahik kopiatu ahal izango dituela haien abestiak, baldin eta egileen izena jartzen badu (Attribution) eta inork dirurik irabazten ez badu (Noncommercial). Eta taldeak ez balu nahi izango DJ batek abestiak beste batzuekin nahastea, orduan No Derivative Works ezaugarria jarriko luke. Oso erraza da baimen mota bat aukeratu eta ezartzea web orrian sartu, eta inprimaki bat betetzea besterik ez da.

CC baimena duten lanak bilatu eta erabiltzeko

Internetetik hartutako lan bat erabili nahi badugu onen-onena da Creative Commons (CC) baimena edo antzekoa daukatenak soilik hautatzea. Horietan argi esaten da zein ezaugarri errespetatu behar diren, eta hala eginez gero, ez dugu arazorik edukiko. Webgune askok izaten dute baimen mota hori erabiltzaileek edukiak han jartzeko. Hauek dira ezagunenak: Flickr.com (argazkietan) eta Youtube.com (bideoetan).

Flickr zerbitzuak milioika argazki ditu, erabiltzaileek han gordeak. Irudi bakoitzari, berez, Copyright baimena ematen dio, baina aukera ematen du CC baimena emateko. Flickr zerbitzuak, gainera, irudi bilatzaile bat ere badu, eta horren bidez, argazkiak etiketen arabera bilatzeko aukera ematen du batetik eta, bestetik, CC baimena duten irudiak soilik hautatzeko modua ere ematen du (http://www.flickr.com/creativecommons).

Stock.xchng zerbitzuak ere argazki asko gordetzeko aukera ematen du. CC baimena bera ez du onartzen, baina antzeko beste bat erabiltzen du, kalitate bikaineko emaitza ematen duena, gainera. Bilatzeko orduan, aukera bat baino gehiago izango ditu erabiltzaileak irudiak ordenatzeko: etiketen arabera, berrienetik zaharrenera... Beste zerbitzu mota batzuetan ere ez da aukerarik falta: MySpace gizarte sarean, adibidez, musika asko dago CC baimenarekin, eta erabiltzaileek aukera dute horiek jaitsi eta beren webguneetan emateko.

CC baimenarekin datozen edukiak bilatzeko modu azkar eta eraginkorrik bada, Firefox nabigatzailearen bilatzaile berezia da hori (Google, Flickr, OWL Music Search edo Yahoo! guneetan bilatzen du, besteak beste). Googleren nabigatzaile berriak ere, Chrome izenekoak, badu modua CC baimena duten edukiak soilik bilatzeko ("bilaketa lehenetsia" aukeratuta). Bilatu nahi dugunari dagokion hitza idatzi helbide koadrotxoan, eta segidan agertu zaizkigu emaitzak.

Erraz eta arin egiten da, baina ez da komeni arinkeriaz jokatzea. Ongi aztertu beharra dago baimen bakoitzak zein ezaugarri dituen, eta horiek bete: beti esan beharra zein den egilea, eta haren webgunearekiko lotura egin. Edukiren bat modu komertzialean erabiltzeko debekua jarri badu egileak, hori ere zaindu behar da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto