Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zenbait jaki edo platerek egoera desatseginak ekartzen dizkiete gogora nahasmendu hau dutenei, beldurrarekin eta ondoez handiarekin lotzen dituzte
"Nik haragirik ez". "Jango duzu pixka bat...". "Ez, nazka ematen dit". Era horretako erantzunak entzuten dituzte guraso askok seme-alaben ahotik otordu batean bai eta bestean ere bai. Ezetz esateko soilik irekitzen dute ahoa platera mahaira aterata, eta ez dute mokadurik egiten. Janariei uko egitea, ordea, ez da haurren kontua soilik. Heldu askori ere kontrako eztarritik joaten zaizkie janari berri ugari, baita probatu aurretik ere. Komunitate zientifikoak izena jarri die jokabide horiei: fobiak dira, elikagai jakin batek edo jateko ekintzak berak sortzen dituzten fobiak.
Gerta daiteke jaki baten zaporea ez gustatzea, edo zerbait ez izatea oso gustuko, baina jaki bat jan behar duen bakoitzean norbait estu-estu jartzen bada, beldur irrazional batek jota eta platera ikusi orduko ihes egin nahian, fobia kasu baten aurrean gaudela esango dute elikadura gaietan aditu direnek.
Zer sentitzen du pertsona batek jaki baten aurrean, zer emozio sortzen zaizkio? Alderdi hori ez da askorik aztertu, baina funtsezkoa da elikadura fobiak antzemateko. Halakoak jasaten dituztenek beldur sentsazioarekin lotzen dituzte zenbait jaki, egonezin handia eta gertaera desatseginak oroitarazten dizkiete. Agian, haur zirela, amesgaiztoren bat edukiko zuten jaki hori jan zuten egun berea, edo eztarrian trabatuko zitzaien, edo gaizkitu egingo ziren jan ondotik (gastroenteritis gogor eta mingarria izango zuten), edo oroitzapen txarren bat berrituko die, edo gogora ekarriko die txikitan bakerik ez ziotela ematen jaki hura jan arte, edo norbait beti gainean edukitzen zuela dena jan zuen edo ez zaintzeko. Halakoak pasatu dituztenek arriskua dute traumak izateko -are gehiago haurtzaroan pasatu badituzte-, eta jaki horri uko egitera irits daitezke. Elikadura fobia larria bada, eragin zuzena izango du eguneroko jardueretan eta harreman pertsonalen arloan, eta ezinezko bihurtuko du, halaber, elikadura mota bati eustea.
Nahasmendu hau sendatzeko, tratamendu bat baino gehiago daude, eta psikologoen laguntza eskatzea da egokiena. Profesional horiek argi esaten dute ez dela haurrarekin tematu behar, jan dezan eta jan dezan, arriskua izaten baita fobia are gehiago larritu eta kroniko bihurtzeko. Horixe lortzen da haurrari mehatxu eginez edo haurra tentsio egoera desatseginean jarrita, gero sentimendu horrexekin lotuko baitu jaki hori.
"Ez zait batere gustatzen". Horixe esaten dute haur eta nerabe askok elikagai bat ikusi orduko, eta heldu batzuek ere halaxe jokatzen dute, jakia probatu ere egin gabe batzuetan. Pertsona horiek txiki-txikitatik ohitu dira gauza bertsuak jatera, eta ez dute jaki berririk nahi izaten. Beti-betiko harekin jarraitu nahi dute, beren dieta desorekatuarekin, elikagai gutxi batzuk janez. Haurtzaroan asko samar agertzen da neofobia, eta datuak dira horren erakusgarri: bi eta hamar urte arteko haurren erdiek ez dute nahi izaten jaki berririk probatu.
Lau eta zazpi urte arteko haurren artean oso maiz gertatzen da, eta haurrek gogor eusten diote bereari. Zazpi urtetik aurrera, ordea, gutxitu egiten dira neofobia kasuak. Adituen esanetan, elikadura monotonoak sortzen du neofobia: haurrei elikagai gutxi batzuk eskaintzen zaizkie, zapore jakin batzuk, eta aski modu jakinean prestatuak eta aurkeztuak. Makarroiak esanda, adibidez, tomatearekin oroituko dira, eta arraina esanda, irin-arrautzekin.
Badirudi, hala ere, ez dela hori neofobia sortzeko arrazoi bakarra. Azken ikerketek erakutsi dute genetika faktoreak ere izan dezakeela eragina. Gurasoek jale txartzat jotzen duten haur hori, askotan, ez da bere gurasoetako bat haur garaian izan zen baino txarragoa. Eta badago beste kontu bat ere: gurasoek jaki bat ikusi eta ezpainak bihurritzen badituzte, haurrek ere berdin egingo dute, haiek ere gurasoen begietatik jan nahi izaten baitute.
Jakiak irensterakoan, beldurtu egiten da fagofobia duena, ito egingo dela iruditzen baitzaio, eta horrexegatik egiten die uko jakiei, izan likidoak edo izan solidoak. Haurrengan agertzen da -helduek ere izaten dute batzuetan-, eta arrazoi bat baino gehiago egon daitezke: jakia noizbait eztarrian trabatu zaielako, esofagitis edo faringitis mingarri-mingarria eduki dutelako, edo disfagia izan dutelako (irensteko zailtasuna). Zenbait haurrek goitika egiteko beldurra izaten dute, eta min hartzeko beldurra, eta horrexegatik uzten diote jateari. Halakoak gertatzen dira, gehienetan, haurrak goitika egin duelako noizbait gehiegi janda, edo gastroenteritis gogor bat jasan duelako, edo kimioterapia saio mingarri bat izan duelako jan eta denbora gutxira.
Fagofobiari buruz ez da askorik idatzi, eta kasu jakinen gaineko txostenak salbu, ez dago azterketa zientifiko sakonik. Kasuei buruzko txostenak ere ez dira ugari, eta, beraz, pentsatzekoa da ez dela asko agertzen, eta agertzen denean ere, badirudi sei hilabeteren buruan desagertzen dela. Medikutara joanez gero, ongi aztertu beharko gaitu, eta ziurtatu egin beharko du gure gaitza fagofobia den, edo antzeko sintomak dituen beste gaitzen bat: disfagia (mina edo zailtasuna izaten da irensterakoan), globusa (eztarrian korapiloa dugula ematen du), anorexia urduria, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa (jateko ez diren gauzak eztarrian trabatzeko beldurra izaten da, kristal zati bat, adibidez), edo afektibitate nahasmenduak.
Fagofobia dutenek lortzen dute sei hilabete horien buruan ondoeza gainditzea, baina batzutan jakiei uko egiten jarraitzen dute, zenbait elikagaik beldur ematen baitiete, ez daude-eta ohituta horiek hartzera. Batik bat, likido izaerako jakiekin gertatzen da hori, erdilikidoekin, kremekin, pureekin eta jogurtekin, eta ondorioz, asko mugatzen dute dieta. Zenbait kasutan, elikadura joera mugatu hori ikusita, pentsa daiteke pertsona horrek anorexia urduria duela, baina ez da hala.
Pure likidoak emanez hasi beharra dago; poliki-poliki, pure lodiagoa ematera iritsiko gara, eta jaki solidoak emango dizkiogu aurrerago.Dietari dagokion atal honen lagungarri, jarrerari dagokion beste atal bat landu beharra dago psikologoak gidatuta, eta, horrez gain, oinarri-oinarrizko elikadura ikastaro bat ere egin behar du kaltetuak, jakiteko zein elikagai dituen jaki bakoitzak eta zein hartzea komeni zaion berari.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa