Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Eskola menuak: 211 ikastetxek egunero eskaintzen duten menua aztertu dugu bi astez jarraian, Espainiako 18 probintziatan: Hobetu egin dira eskola menuak, baina hirutik batek ez du maila "onargarria" lortzen

Bisitatu ditugun ikastetxeen % 17k ez dute barazkirik jartzen astean behin ere, eta hamar ikastetxetatik batean, ikasleek ez dute izaten arrainik aste osoan

 Eskolan ez da jakinduria soilik elikatzen. Milioi eta erdi haurrek baino gehiagok eskola dute jantoki astelehenetik ostiralera. Horregatik, ezinbestekoa da menua orekatua eta osasungarria izan dadin, eta, besteak beste, maiz samar jan dezaten arrain freskoa, fruta, barazkiak, eta ahalik eta gutxien, berriz, aurrez prestatuta datozen jakiak eta opil kontuak. Horrela jan behar lukete guztiek, baina bostetik batek ez du egiten ordea. Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-k, 211 ikastetxetako 422 menu aztertu ondoren. Espainiako 18 probintziatan egin dugu ikerketa, eskola publikoetan, pribatuetan eta kontzertatuetan. 2004. urtean antzeko ikerketa bat egin genuen, eta ordutik ona, oro har, eskola menuek hobera egin dute; oraindik ere, ordea, badira gabeziak, azpimarratzeko modukoak, gainera. Hona hemen nagusiak: ikastetxeen % 17k astean behin ere ez dute eskaintzen barazkirik, eta 211 eskoletatik, % 10etan ikasleek ez dute arrainik jaten aste osoan, ezta egun bakarrean ere. Alde on bat azpimarratzekotan, hauxe egingo genuke: eskola guztiek murriztu dute opil eta gozo eskaintza, eta egun berezietan soilik ematen dituzte, haurrik txikienei eman ere.

Probintzia hauetako eskoletan ibili gara informazioa biltzen: Madril, Bartzelona, Asturias, Kantabria, A Coruña, Alacant, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Zaragoza, Valentzia, Valladolid, Murtzia, Sevilla, Kordoba, Granada eta Malaga. 1.100 ikastetxetara jo dugu informazio eske. Horietatik, 211k helarazi dizkigute guk eskatutako datuak (% 71 ikastetxe publikoak izan dira, % 27 kontzertatuak, eta % 2 pribatuak; hezkuntza sistema osotara hartuta ere, kopuru horietan dabiltza batzuk eta besteak). Gure ikerketan parte hartu ez duten ikastetxeek arrazoi bat baino gehiago eman dute: batzuek esan dute ez daukatela denborarik, besteek adierazi dute ez zaiela interesatzen, eta zenbaitek jakinarazi digu ez dutela zabaltzen informazio mota hori.

Parte hartu duten ikastetxeek, berriz, bakoitzak bi menu bidali ditu, aste osokoak (lehen platera, bigarrena eta postrea); orotara, beraz, 422 menu ibili ditugu esku artean, eta horiek aztertu ditugu banan-banan. Oinarrizko elikagaiak astean zenbatetan eskaintzen dituzten ikusi dugu, eta ea adituek agindu bezain maiz jaten dituzten: barazkiak, entsaladak, lekaleak, arraina eta fruta freskoa ezinbestekoak dira menuetan. Kontuan hartu dugu, halaber, aurrez prestatuta datozen jakiak asko edo gutxi eskaintzen dituzten (kroketak, enpanadillak, saltxitxak...), eta berdin postre gozoak ere. Gutxieneko hauek jarri dizkiogu guk aste osoko menu bati: astean behin, gutxienez, barazkiak, lekaleak eta arrain freskoa eduki behar du, eta izoztua bada, prestatu gabea izan behar du; aurrez prestatuta datozen jakiak eta gozoak, gehienez ere, astean bitan eskaini behar ditu; eta fruta freskoa, astean bitan.

Ikastetxeak lurraldeka sailkatuta, Arabakoek, Madrilgoek, Malagakoek, Sevillakoek eta Valladolidekoek eman dute emaitzarik onena ('oso ona'); egoera txarrena, berriz, A Coruñan, Kordoban eta Asturiasen antzeman dugu ('txarra' eta 'hala-holakoa'). Alacantek, Kantabriak, Murtziak eta Granadak egoera 'ona' eta 'onargarria' dute, eta horietatik gertu geratu dira Bartzelona, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Valentzia eta Zaragoza.

Oraingo datuak eta 2004. urtean bildu genituenak alderatuta, emaitzak erakusten du probintzia guztietan hobetu direla menuak. Guztietan, A Coruñan izan ezik; orduan bezala orain ere, hango ikastetxeek ez dute proba gainditu.

Nola erakutsi gure seme-alabei ongi jaten?

 Seme-alabei erakutsi egin behar zaie zer den ongi jatea, baina hori ez da lortzen nekerik hartu gabe, ikasketa prozesu luzea eta astuna gertatzen baita. Ahalegin horretan, eskola jantokiak lagungarri izan daitezke haurrek arau batzuk ikas ditzaten. Elikadura ohiturarik gehienak, ordea, etxean ikasten dituzte haurrek, eta hor, ezinbestekoa da gurasoen jokabidea egokia izatea: haiengandik ikasi behar dute haurrek zein garrantzitsua den elikadura osasuntsu eta orekatua egitea. Jarraian aholku batzuk zerrendatu ditugu, adin tarteak aintzat hartuta:

  • 3 urtetik 6 urtera
    • Denetarik probatu eta jan dezaten saiatu behar da.
    • Gosariari garrantzia eman behar zaio, eta elikagaiz ongi osatu; alegia, askotarikoa eta orekatua izan behar du (adituen esanetan, eguneko energiaren laurdena eman behar die gosariak).
    • Adin tarte hau oso garrantzitsua da haurraren garapenean, eta, gainera, jarduera fisiko ugari egiten dute; energia behar izaten dute, eta hori otorduetan eskuratu behar dute.
    • Proteinaz ongi hornitu behar dira haurrak (haragiak, arrainak, arrautzak, esnekiak), gehiago behar baitituzte (proportzioan) helduek baino.
    • Gozoak eta freskagarriak neurrian eman behar zaizkie, gehiegirik gabe.
    • Beharrezko den denbora eskaini behar da haurrak otorduekin gozatzen ikas dezan: ez dezatela uste izan jaki batekin saritu egin nahi ditugula eta beste batekin zigortu.
  • 7 urtetik 12 urtera
    • Adin tarte honetan, haurrak etengabe ari dira hazten, azkar, gainera, eta ongi zaindu beharra dago dietak zenbat energia ematen dien; kontrolatu egin behar dira pisua eta hazteko erritmoa.
    • Haurrak adin honetan hasten dira finkatzen zer janari gustatzen zaien eta zer ez, eta, beraz, saiatu beharra dago ongi aukera dezaten. Gurasoei presio egiteko joera izaten dute, gustatzen zaien hori jar diezaieten; autonomia pixka bat ere hartzen dute, eta jaki eta edari jakin batzuk erosten hasten dira.
    • Adin honetan ere, neurrian jan behar dituzte gozoak, opilak, gantz askoko jakiak eta elikagai oso gaziak.
  • 13 urtetik 16 urtera
    • Garai honetan eratzen da nerabeen gorputza, eta oso azkar hazten dira (pubertaroko luzatzea deitzen zaio). Gazteek energia asko behar dute, eta behar adina proteina eskuratu behar dituzte, kalitate onekoak, gainera.
    • Adin tarte honetan, arriskua izaten da gazteek gaizki jateko joera har dezaten, eta horrek arazoak sor ditzake: gehiegi janez gero, pisua hartzeko eta gizentzeko arriskua izaten da, eta gutxiegi janez gero, berriz, anorexia izateko arriskua. Horregatik, gurasoek ongi zaindu behar dute seme-alabek zer dieta egiten duten, era horretako gaixotasunik sor ez dakien.
    • Modu aktiboan eta osasungarrian bizitzera bultzatu behar zaie, eta astialdian kirolen bat egitera.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto