Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Bisitatu ditugun ikastetxeen % 17k ez dute barazkirik jartzen astean behin ere, eta hamar ikastetxetatik batean, ikasleek ez dute izaten arrainik aste osoan
Eskolan ez da jakinduria soilik elikatzen. Milioi eta erdi haurrek baino gehiagok eskola dute jantoki astelehenetik ostiralera. Horregatik, ezinbestekoa da menua orekatua eta osasungarria izan dadin, eta, besteak beste, maiz samar jan dezaten arrain freskoa, fruta, barazkiak, eta ahalik eta gutxien, berriz, aurrez prestatuta datozen jakiak eta opil kontuak. Horrela jan behar lukete guztiek, baina bostetik batek ez du egiten ordea. Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-k, 211 ikastetxetako 422 menu aztertu ondoren. Espainiako 18 probintziatan egin dugu ikerketa, eskola publikoetan, pribatuetan eta kontzertatuetan. 2004. urtean antzeko ikerketa bat egin genuen, eta ordutik ona, oro har, eskola menuek hobera egin dute; oraindik ere, ordea, badira gabeziak, azpimarratzeko modukoak, gainera. Hona hemen nagusiak: ikastetxeen % 17k astean behin ere ez dute eskaintzen barazkirik, eta 211 eskoletatik, % 10etan ikasleek ez dute arrainik jaten aste osoan, ezta egun bakarrean ere. Alde on bat azpimarratzekotan, hauxe egingo genuke: eskola guztiek murriztu dute opil eta gozo eskaintza, eta egun berezietan soilik ematen dituzte, haurrik txikienei eman ere.
Probintzia hauetako eskoletan ibili gara informazioa biltzen: Madril, Bartzelona, Asturias, Kantabria, A Coruña, Alacant, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Zaragoza, Valentzia, Valladolid, Murtzia, Sevilla, Kordoba, Granada eta Malaga. 1.100 ikastetxetara jo dugu informazio eske. Horietatik, 211k helarazi dizkigute guk eskatutako datuak (% 71 ikastetxe publikoak izan dira, % 27 kontzertatuak, eta % 2 pribatuak; hezkuntza sistema osotara hartuta ere, kopuru horietan dabiltza batzuk eta besteak). Gure ikerketan parte hartu ez duten ikastetxeek arrazoi bat baino gehiago eman dute: batzuek esan dute ez daukatela denborarik, besteek adierazi dute ez zaiela interesatzen, eta zenbaitek jakinarazi digu ez dutela zabaltzen informazio mota hori.
Parte hartu duten ikastetxeek, berriz, bakoitzak bi menu bidali ditu, aste osokoak (lehen platera, bigarrena eta postrea); orotara, beraz, 422 menu ibili ditugu esku artean, eta horiek aztertu ditugu banan-banan. Oinarrizko elikagaiak astean zenbatetan eskaintzen dituzten ikusi dugu, eta ea adituek agindu bezain maiz jaten dituzten: barazkiak, entsaladak, lekaleak, arraina eta fruta freskoa ezinbestekoak dira menuetan. Kontuan hartu dugu, halaber, aurrez prestatuta datozen jakiak asko edo gutxi eskaintzen dituzten (kroketak, enpanadillak, saltxitxak...), eta berdin postre gozoak ere. Gutxieneko hauek jarri dizkiogu guk aste osoko menu bati: astean behin, gutxienez, barazkiak, lekaleak eta arrain freskoa eduki behar du, eta izoztua bada, prestatu gabea izan behar du; aurrez prestatuta datozen jakiak eta gozoak, gehienez ere, astean bitan eskaini behar ditu; eta fruta freskoa, astean bitan.
Ikastetxeak lurraldeka sailkatuta, Arabakoek, Madrilgoek, Malagakoek, Sevillakoek eta Valladolidekoek eman dute emaitzarik onena ('oso ona'); egoera txarrena, berriz, A Coruñan, Kordoban eta Asturiasen antzeman dugu ('txarra' eta 'hala-holakoa'). Alacantek, Kantabriak, Murtziak eta Granadak egoera 'ona' eta 'onargarria' dute, eta horietatik gertu geratu dira Bartzelona, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Valentzia eta Zaragoza.
Oraingo datuak eta 2004. urtean bildu genituenak alderatuta, emaitzak erakusten du probintzia guztietan hobetu direla menuak. Guztietan, A Coruñan izan ezik; orduan bezala orain ere, hango ikastetxeek ez dute proba gainditu.
Seme-alabei erakutsi egin behar zaie zer den ongi jatea, baina hori ez da lortzen nekerik hartu gabe, ikasketa prozesu luzea eta astuna gertatzen baita. Ahalegin horretan, eskola jantokiak lagungarri izan daitezke haurrek arau batzuk ikas ditzaten. Elikadura ohiturarik gehienak, ordea, etxean ikasten dituzte haurrek, eta hor, ezinbestekoa da gurasoen jokabidea egokia izatea: haiengandik ikasi behar dute haurrek zein garrantzitsua den elikadura osasuntsu eta orekatua egitea. Jarraian aholku batzuk zerrendatu ditugu, adin tarteak aintzat hartuta:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa