Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

Λ

IRUDIETAN: Odol ematea: globulu eta plaketek bizi gaituzte

Ehun likidoa da odola, eta, oraingoz, ezin da lortu modu artifizialean. Gizakiekin erabili nahi den odola, gizakietatik lortu beharra dago. Espainian, 1088/2005 Errege Dekretuak arautzen du zein baldintza bete behar diren odola emateko. Batetik, nork bere borondatez eman behar du, eta, bestetik, bi gauza bermatu behar dira: hartzaileari ez zaiola sortuko eragin txarrik, eta emaileari ez zaiola egingo kalterik. Urtearen buruan, egunero-egunero, hainbat ebakuntza egiten dituzte ospitaleetan, hainbat istripu izaten ditu jendeak lanean ari dela edo autoan doala, eta badira minbiziaren aurka borroka egiten dutenak ere. Guztiek behar dute odola, eta ezinbestekoa da jendeak eman dezan.

 

Onespen informatua eta oinarrizko baldintzak

Odola atera aurretik, onespen dokumentu bat sinatu behar du emaileak. Han esaten da informazioa jaso duela, eta badakiela zein den prozesua. Horrez gain, legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazi behar du sinadura bidez, eta odola ematea galarazten duten lege-arauetatik salbu dagoela. Hala ere, odola ateratzeko gelan sartu aurretik, ziztadatxo bat egiten diote emaileari eskuko hatz batean, odol tanta batzuk eskuratzeko; likido batekin nahastu, eta horrela jakin dezakete hemoglobina maila egokia ote duen edo ez. Odol tanta azkar jaisten bada, proba gaindituko du, eta itsasgarri txartel bat emango diote, berari eta bere odolari dagokion barra kodearekin. Sistema hori erabiltzen dute emailearen izena gordean edukitzeko, eta odol poltsetan ere sekula ez da agertuko haren izena. Poltsa horiek sistema itxi eta esterilizatuak dira, eta behin soilik erabiltzen dituzte.

  
Ruben García Blázquez

Odola emateko ohiko modua

Emaileari tentsioa hartzen diote, haren muga egokiak zein diren jakiteko, eta bihotz taupadak 50 eta 110 artean dituela egiaztatzen dute. Guztia ongi badago, odola aterako diote. Izan daiteke ohiko moduan ateratzea, edo, bestela, aferesi bidez. Ohiko moduan, 450 mililitro odol aterako dizkiote emaileari, bere osagai guztiekin atera ere (zainetik datorren bezala, alegia). 10 minutu inguru irauten du prozesu horrek, eta hurrengo hamar minutuak ziztada zuloan jartzeko eman dioten txaplatari eutsiz egon beharko du emaileak; jarraian, mokadutxo bat hartzea komeniko zaio. Odola ematea egokitzen zaion egunean, ura maiz edan behar du emaileak.

  
Ruben García Blázquez
  
Ruben García Blázquez

Aferesi bidez ematea odola

Odola ateratzeko modu berezia da aferesi bidezkoa, eta aukera ematen du, makina zentrifugo bat erabiliz, odoleko osagai jakin bat edo batzuk soilik eskuratzeko. Makinak bereizi egiten ditu beharrezko zaizkion osagaiak, eta gainerako guztia emaileari itzultzen dio, antikoagulante kopuru txiki bat erantsita. Metodo honek badu abantaila nabarmen bat: emaile gutxiago behar dira gaixo batentzat adina eskuratzeko. Aferesi bidez odola aterata lortzen den plaketa kopurua lortzeko, sei aldiz atera behar da odola ohiko moduan. Ordubete inguru irauten du prozesuak, eta, beharrezko balitz, 15 egunetik behin egin liteke, nahiz eta egokiagoa den hilabete itxarotea.

  
Ruben García Blázquez

Analisia eta odol taldea

Odola ateratzen ari direnean, lagintxo bat gehiago eskuratzen dute analisiak egiteko. Hoditxo batzuetan sartzen dute odol hori, eta emaile kodea jartzen diete. Hemograma osoa egiten diote odol horri (globulu gorriak, zuriak eta plaketak zenbatzen dituzte), eta ohiko emaile baten odola izanda ere, zein odol talde duen aztertzen dute. Infekzioak sor ditzakeen gairik baden ikusteko probak ere egiten dizkiote (sifiliaren serologia, B Hepatitis eta C hepatitis birusenak, eta hiesarena), eta ezohiko antigorputzik baden ere zorrotz aztertzen dute, bateraezintasun immunologikorik baden egiaztatzeko. Emailearen osasuna arriskuan jar dezakeen arazoren bat antzemanez gero, Transfusio Zentroaren ardura da hari jakinaraztea. Analisi horietan ez dute begiratzen, adibidez, zer kolesterol maila duen emaileak, zenbat glukosa, ezta beste alderdi biokimiko batzuen neurria ere (horiek ez dute eraginik odola emateko prozesuan, eta ez dute arazorik sortzen).

  
Ruben García Blázquez

Bereizte prozesua

Analisiak gainditu dituzten odol poltsekin, odolaren osagaiak bereizteko prozesu bat egiten dute. Prozesu horretan, hiru osagai bereiztera irits daitezke, eta hiru pertsonari transfusioa egiteko modua izan dezakete. Odol transfusioa egiten dioten gaixoak, gehienetan, globulu gorriak, plasma eta plaketak behar izaten ditu. Zainetik lortutako odola ez dute bere horretan hartzen eta transfusioa egiteko erabiltzen. 450 mililitroko odol poltsa hartu eta beste hiru poltsarekin lotzen dute, hodien bidez. Prozedura arautu baten bitartez, plaketak bereizten dituzte poltsa batera, eta globulu gorriak eta plasma beste batera. Bereizte prozesuan, poltsa bakoitza hidratatu egiten dute, eta horretarakoxe da laugarren poltsa: glukosa eta fosfatoak dauzkan elikatze likido bat izaten du poltsa horrek.

  
Ruben García Blázquez

Biltegian gordetzea

Biltegian gorde aurretik, plasma eta globulu gorriak bereizi beharra dago, eta hori ere zentrifugatze makina batek egiten du. Behin zentrifugatuta, profesional batek poltsatan bereizten ditu likido gorria (globulu gorriak) eta horixka (plasma). Teknologiari esker, globulu gorriak 42 egunez eduki daitezke hozkailuetan, plasma freskoak 3 urte iraun dezake -30 gradutan, eta plaketak 5 egun irauteko gai dira 20 eta 24 gradu arteko tenperaturan edukiz gero beti (etengabe mugitzen egon behar dute poltsek). Plasmatik, gainera, ad hoc lor daitezke sendagaiak, adibidez, proteina jakin bat behar duen gaixoarentzat.

  
Ruben García Blázquez
  
Ruben García Blázquez

Eskatu dutena prestatu behar

Odola ospitaleetara bidali beharra dago gero, eta orduantxe bukatzen da odola emateko prozesua. 300.000 biztanle dauden gune batean, 100 emaileren odola behar izaten da egunero osasun beharrei erantzuteko, baina, jakina, zenbat eta odol gehiago izan biltegietan, orduan eta gutxiago itxaron beharko dute hartzaileek. Gaixoaren bizia arriskuan denean soilik egiten da transfusioa. Globulu gorriak soilik erabiltzen dira gaixo batek anemia duenean, odol asko galdu duelako; batik bat, hemorragia handiak gertatzen direnean sortzen dira halakoak, istripu baten eraginez edo erditze zail baten ondorioz. Plaketak, berriz, minbiziaren aurkako tratamendua hartzen ari direnek behar izaten dituzte, edo hezur muineko gaixotasunak dituztenek, asko-asko urritzen baitzaizkie zenbaitetan. Eta plasma, azkenik, koagulazio faktoreak gutxituta dituenak behar izaten du; horrez gain, organo transplanteetan ere erabiltzen dute, eta gorputz atalen bat erreta dutenek ere haren premia izaten dute.

  
Ruben García Blázquez
  
Ruben García Blázquez

Interesgarriak izan daitezkeen beste erreportaje batzuk


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto