Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Garbigarri likidoak: ohiko 8 eta 4 kontzentratu: Kontzentratuek berdin garbitzen dute, prezio bera dute eta erosoagoak dira

Garbigarrien eraginkortasuna ekoizlearen esku dago, eta ez du askorik axola ohiko garbigarria den edo kontzentratua. Bakar batek ere ez du lortzen orban zailak guztiz kentzea

 Tentsoaktibo ugari izaten dituzte garbigarri likidoek (berez, substantzia horiek garbitzen dute arropa), eta oso-oso egokiak izaten dira koipe orbanak kentzeko, baita tenperatura txikietan ere. 70eko hamarkadan agertu ziren merkatuan, eta ordutik, ez zaie erostunik falta izan. Egun, ia ekoizle guztiek eskaintzen dituzte formula kontzentratuak, askoz gutxiago bota eta emaitza bera lortzen dela esanaz.

Salmenta-amu horiek zenbateraino diren egiazkoak ikusteko, lau garbigarri likido kontzentratu aztertu ditugu laborategian. Colón 101 Manchas Ultraconcentrado izenekoa izan da merkeena (0,23 balio du lixiba egiteak), eta garestiena, berriz, Ariel Poder Concentrado delakoa (0,30 euro lixiba egitea). Garbigarri kontzentratuez gain, ohiko garbigarri likidoak ere aztertu ditugu, zortzi guztira. Horien artean, Flota-rekin irteten da merkeen lixiba egitea (0,17 euro garbialdiko), eta Skip Active Clean izenekoarekin garestien (0,26 euro garbialdia). Lixiba egitea zenbat kostatzen den kalkulatzeko, eragiketa hau egin dugu: produktuak zenbat balio duen ikusi, eta dosi kopuruarekin zatitu dugu (ekoizle bakoitzak zehazten du zenbat dosi atera daitezkeen). Ez dugu aintzat hartu ekoizleek opari eman dituzten dosiak, horiek ez baitira ordaintzen. Ariel eta Skip etxeek garestiagoa dute garbigarri kontzentratua, ohikoa baino (% 10 gehiago balio du), baina Colón eta Wipp Express-ek, ordea, garestiagoa dute ohiko garbigarria (% 4 gehiago balio du).

Ontziz ontzi neurtu dugu garbigarri kopurua, eta ontzian adierazitako hori bera daukatela egiaztatu dugu gehienetan. Dixan Gel eta Colón Ultraconcentrado izenekoek, ordea, esan baino gehiago ekarri dute (58 eta 15 ml gehiago, hurrenez hurren), eta Flota-k, berriz, % 0,8 gutxiago. Garbigarri kontzentratuen ontziak besteak baino txikiagoak eta arinagoak dira (batez beste hiru aldiz arinagoak), eta gordetzeko ere erosoagoak; gainera, horiek garraiatzeko orduan, karbono dioxido gutxiago isurarazten diete ibilgailuei ohikoek baino. Osaeran ez dago alde nabarmenik; ur kopurua dute desberdina, eta horrek ez du inolako eraginik arropak garbitzerakoan. Guk egindako azterketan, Colón etxeko 101 Manchas garbigarri ultrakontzentratua gertatu da onena kalitate-prezioetan. Erdi pareko prezioa du, ontzirik arinena, eta besteek baino zuriago uzten du arropa.

Zaila da dosiak kalkulatzea

Ekoizleek argi eta garbi adierazten dute zenbateko dosia erabili behar den lixiba egiteko, baina ez dute ematen inolako erraztasunik dosiak kalkulatzeko. Guk aztertu ditugun hamabi garbigarrietatik, lauk soilik ekarri dute dosiak kalkulatzeko sistema egokia: tapoiarekin neurtzen da zenbat garbigarri bota lixiba bakoitzari (tapoiak marrak ditu, noraino bete jakiteko). Flota, Skip Pequeño y Poderoso, Ariel Poder Concentrado eta Colón-ek ohiko garbigarriak eskaintzen dute aukera hori. Beste sei garbigarrik, berriz, sistema desegokiak erabiltzen dituzte. Elena etxekoak, adibidez, 45 ml-ren multiploa den dosia erabiltzeko esaten du, baina 60 ml-ko tapoia dauka. Antzera gertatzen da Colón Ultraconcentrado-rekin. Lixiba mota batzuekin tapoi herena botatzeko agintzen du, baina tapoiak ez du markarik kopuru hori egoki kalkulatu ahal izateko. Wipp Expres, Wipp Superconcentrado eta Dixan garbigarriek 80 ml-ko tapoia dute, marra eta guzti hirurek; ordea, 75 ml-ko kopurua kalkulatzeko marra da, eta lixiba egiteko, 50 ml botatzeko esaten dute garbialdiko edo 100 ml bestela. Omino Bianco izenekoak 90 ml-ko dosia komeni dela jakinarazten du, eta tapoiak 50 ml ditu, eta inolako marrarik ez. Skip eta Ariel etxeetako garbigarriek, ohikoek, dosiak kalkulatzeko sistema egokia ematen dute, baina dosi-tapoirik gabe datoz (Internetez edo telefonoz eskatu beharra dago). Ingurumenari mesede egiten diote dosi-tapoi horiek, berrerabili egin baitaitezke, baina erosleek egun batzuetan zain egon beharra dute horiek eskuratzeko.

Garbigarri kontzentratuak erabilita, gutxiago bota behar izaten zaio lixibari, baina kopurua asko aldatzen da etxetik etxera. Ohiko garbigarrietan, Omino Bianco, Flota eta Elena garbigarriek jartzen dute dosirik txikiena garbialdi bakoitzeko (90 ml), eta kontzentratuen artean, Wipp Express etxekoak du handiena (50 ml). Garbigarri kontzentratuen artean, gainera, guztiak ez dira berdin kontzentratuak. Colón etxekoa da guztietan kontzentratuena (ohiko garbigarriaren dosia 3,4 aldiz handiagoa da kontzentratuarena baino). Skipp eta Ariel etxekoak datoz jarraian, eta horiek 3 aldiz kontzentratuagoak daude ohikoak baino. Gutxien kontzentratua, berriz, Wipp Express izan da (ohikoa baino bi aldiz kontzentratuagoa).

Garbitzeko ahalmena

Garbigarriek izaten dituzten osagaien artean, tentsoaktibo izenekoek daukate, berez, arropa garbitu eta zuritzeko ahalmena. Ontzi bakoitzak zenbat tentsoaktibo dituen kalkulatzeko, hauxe egin dugu laborategian: produktua lehortu eta ura kendu. Jarraian, alkoholetan araztu dugu, eta gero emaitza neurtu. Substantzia garbigarri gehien Colón-en ohiko garbigarriak eta Skip Pequeño y Poderoso izenekoek eman dituzte (17 eta 15 gramo, hurrenez hurren). Gutxien, berriz, Flota (5,5 g), Dixan (5,8) eta Elena (6 g) etxeetakoek, hirurak ere ohiko garbigarriak. Proba honekin ikusi ahal izan dugu zenbait ekoizlek, kontzentratzeaz gain, formula hobetu ere egiten dutela garbigarri kontzentratuetan: Ariel etxekoak % 83 tentsoaktibo gehiago dauzka, eta Skip etxekoak, % 13 gehiago. Wipp Express eta Colón etxekoekin, berriz, alderantziz gertatzen da (% 47 gutxiago ditu Wipp-ek eta % 21 gutxiago Skip-ek).

Orbanen aurka

Produktu bakoitzak orbanei nola erantzuten dien ikusteko, hamahiru orban mota garbitu ditugu, Miele etxeko garbigailu batean; 3 kg arropa sartu ditugu, eta 30 ºC-ko tenperatura jarri diogu. Uraren gogortasuna, berriz, erdi parekoa izan da, 25 ºHT-koa. Hori egin ondoren, espektrometro batekin aztertu ditugu koloreak. Orbanen artean, batzuk gantz orbanak izan dira (makillajearenak, hanburgerrenak), garbigarriak zenbateko ahalmen surfaktantea duen neurtzeko; beste batzuk orban herdoilgarriak izan dira (ardoarena, kafearena), eta horiek garbitzeko peroxido motako gaiak behar izaten dira; beste batzuk, berriz, proteina orbanak eta almidoia orbanak izan dira, odolarenak edo txokolatearenak, esate baterako, eta garbigarriaren entzima jarduerak ezabatzen ditu horiek. Orban mota guztientzat, Ariel Convencional-ek eman du emaitza onena, ohiko garbigarri batek, beraz (% 38ko eraginkortasuna, batez beste). Emaitzarik txarrenak ere ohiko garbigarriek eman dituzte, Elena-k (% 25) eta Flota-k (% 24).

Gantz orbanak kentzea izan da errazena garbigarrientzat, eta orban herdoilgarrietan eman dute erantzunik kaskarrena. Kafe eta te orbanak, adibidez, sartutakoan baino ilunago egon dira garbigailutik ateratzerakoan. Beraz, garbigarriek lelo eta esaldi biribilak erabili arren ("erabat garbi", "orbanen aurka txapeldun"), gure azterketak garbi utzi du bakar bat ere ez dela gai orban guzti-guztiak garbitzeko; zenbait orbanekin, igurtzi beharra dago, aurregarbitu edo lixiba ura erabili. Orban herdoilgarriak kentzeko, adibidez, hobe da hauts-garbigarriekin garbitzea edo lixiba garbitu aurretik, tratatzeko gairen bat botatzea. Hauts-garbigarriek eta arropa tratatzeko gaiek perboratoak eta perkarboratoak izaten dituzte, eta horiek eraginkorrak dira orban mota horri aurre egiteko

Orbanei aurre egiteko, ezin da esan zer den hobea, garbigarri kontzentratua edo ohikoa. Ariel eta Colón etxekoetan, ohiko garbigarriek emaitza hobea eman dute, eta Skip eta Wipp etxekoetan, kontzentratuek.

Zuri-zuri?

Orbanekin nola moldatzen diren neurtzeaz gain, arropa garbitu ondorengo zuritasuna ere aztertu dugu, zurien zein garbigarrik utzi duen jakiteko. Hori ikusteko, hiru ehun motatako arropak hartu ditugu (kotoia, poliesterra eta mistoa), eta sei aldiz garbitu dugu bakoitza. Ondoren, arropa bakoitzaren Ganz zuritasuna zenbatekoa den neurtu dugu (zenbat eta handiagoa izan Ganz kopurua, orduan eta zuriago ikusten dugu). Proba guztietan, Colon etxeko garbigarriek eman dute emaitzarik onena: ohikoak 140 eta kontzentratuak 141. Poliesterreko arroparekin, hala ere, Wipp Express izenekoak Colónen ohiko garbigarriak bezala erantzun du (70). Emaitzarik txarrenak Flota-k (125 ganz) eta Dixan-ek (125 ganz) eman dituzte, hiru ehun motekin, gainera. Kotoizko arroparekin, Omino Bianco-k ere nahiko emaitza kaskarra eman du (175; Flota eta Dixan-en ondotik geratu da).

Koloreak babesteko

Orbanak ken ditzala eta arropa zuri-zuri utz dezala eskatzen zaio garbigarri bati, baina koloreak babesteko ahalmena ere eduki behar du. Alderdi hori neurtzeko, hogei aldiz garbitu dugu arropa, garbigarriarekin eta garbigarri gabe, eta jarraian, kolorimetro bat hartu eta 14 kolore aztertu ditugu. Emaitzei puntuak eman dizkiegu, 1etik 5era, ISO 105 A05 arauak agintzen duen bezala (5ak adierazten du ez duela batere kolorerik galdu). Arropak urarekin soilik garbituta, garbigarririk gabe, 3,1 puntuko galera eduki dute koloreek. Garbigarriekin garbituta, guztiek eman dute emaitza hobea (puntu gehiago, alegia), Wipp Express-ek izan ezik (3 puntu). Beraz, garbigarriek koloreak babesten dituztela esan behar da. Ariel-ek (3,4 puntu), Colón-en ohiko garbigarriak (3,3), Elena-k (3,3) eta Skip Pequeño y Poderoso (3,3) izenekoak eman dituzte emaitzarik onenak. Proba hau eginda ere, ezin da esan garbigarri kontzentratu guztiek berdin erantzuten dutela. Skip-en eta Wipp-en garbigarrietan, kontzentratuek hobeto babesten dituzte koloreak, ohikoek baino; Ariel eta Colón etxekoetan, berriz, alderantziz gertatzen da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto