Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Oilo saldak: likidoak eta deshidratatuak: Koskor deshidratatuz egindako saldak likidoen antzekoak dira, eta askoz merkeagoak

Elikadura ikuspegitik antzekoak dira. Deshidratatuak ez dira gaziagoak, baina gehigarriak dituzte, salda likidoek ez bezala. Dastatze proban, jendeari gehiago gustatu zaizkio deshidratatuak

 Zazpi oilo saldak aztertu ditugu, barazki eta guzti datozenak. Horietako hiru pastilla deshidratatuak izan dira (Knorr, Avecrem eta Maggi), kartoizko ontzietan merkaturatuak. Beste laurak (Knorr, Gallina Blanca, Aneto eta Don Simón), UHT salda likidoak izan dira, litro bateko brik ontzietan saltzen dituztenak. Hozkailutik kanpo eduki daitezke guztiak ere zenbait hilabetez, baina behin irekita, likidoak hozkailuan sartu behar dira, eta lau egunen buruan jan, gehienez ere. Guztiak bere horretan har daitezke, salda hartzen den bezala, baina beste zenbait jaki laguntzeko ere erabiltzen dira: arroza, pasta, eltzekaria, jaki erregosiak, haragi edo arrain saltsa... Salda bezala hartuta, berogarri gertatzen dira, eta kaloria asko-asko eman gabe, gosea arintzen dute. Jakien lagungarri erabilita, berriz, zapore berezia ematen diete platerei. Elikadura ikuspegitik ere badute interesa, eta, horrez gain, gazi samarrak dira, eta deshidratatuek (ez dira likidoak) gehigarri asko dituzte, zapore-emaileak, batik bat.

Bi salda moten prezioa eta elikadura ezaugarriak alderatzeko, lehenik kalkulatu dugu zenbat kostako litzatekeen salda litro bat egitea pastilla deshidratatuekin (bi pastilla erabiltzeko esaten dute ekoizle guztiek). Knorr eta Avecrem etxeek 12 pastilla dakartzate bakoitzak, eta, beraz, 6 litro salda egingo genituzke. Maggi-k 24 pastilla ditu, eta 12 litro egiteko ematen du. Pentsatzekoa den bezala, alde izugarria dago salda mota batetik bestera: pastilla deshidratatuekin salda litro bat egitea 0,20 euro kostatzen da, batez beste, eta brik ontzietan datozen saldekin litro bat egiteak, batez beste, 2,02 euro balio du, hamar halako. Maggi deshidratatua da saldarik merkeena guzietan (0,13 euro litroak). Garestiena, berriz, Aneto etxeko salda likidoa da (3,3 euro); Maggi etxekoak halako 25 balio du, eta deshidratatuen batez bestekoak halako 13. Gallina Blanca-k (1,71 euro) eta Don Simón-ek (1,56 euro) ia Anetoren erdia balio dute, baina horiek ere askoz garestiagoak dira deshidratatuak baino.

Zazpi saldetatik hiruk ez dute betetzen etiketen araudia: Don Simón eta Gallina Blanca likidoek irudien bidez ematen dute osagaien berri, eta ez dute esaten zein kopurutan dauzkaten osagai horiek; Avecrem-ek glutena dauka -oso-oso gutxi-, baina etiketan ez du deus esaten. Zazpi saldek erakusten dute zer elikadura osaera duten, eta eskertzekoa da hori, arauak ez baititu behartzen. Analisi mikrobiologikoa eginda, ikusi dugu osasun eta higiene egoera egokia dutela zazpi saldek, eta hori ere pentsatzekoa zen, salda deshidratatuek oso hezetasun gutxi dutelako, eta likidoek, berriz, esterilizatze prozesua (UHT) pasatu dutelako mikroorganismo guztiak desagerrarazteko. GEO proba ere egin diegu salda guztiei, genetikoki eraldatutako organismorik ba ote duten ikusteko, eta guztiek gainditu dute proba (beraz, ez daukate osagai transgenikorik).

Batere elikatzen ote dute salda hauek?

Oso elikagai gutxi dauzkate salda mota hauek (proteinak, % 0,6 batez beste; gantzak % 0,3; eta karbohidratoak, % 0,4), eta kopuruak ez dira askorik aldatzen batetik bestera. Kaloriak ere ez dauzkate askoz gehiago: batez beste, 6 kaloria 100 mililitroko. Katilu bete saldak 200 mililitro ditu, eta, batez besteko kalkuluak eginda, elikagai hauek emango lizkiguke: proteina gramo bat, karbohidrato gramo bat, gramo erdi gantz eta 14 kaloria. Salda likidoek, oro har, deshidratatuek baino proteina gehixeago dituzte, eta karbohidrato gutxixeago; kaloria kopurua, berriz, antzekoa dute. Gatza ere antzera dute batzuek eta besteek, % 0,9 batez beste; ez da gutxi, egia esan, baina ezin da jo gehiegizkotzat ere (elikagai batek gatz gehiegi duela esateko, % 1,5 eduki behar du). Hauxe da, beraz, ondorioa: salda hauek ia ez dute batere elikatzen, dietaren osagarriak baino ez dira.

Dastatze proban, nahiko emaitza apala lortu dute salda guztiek ere, baina hori ez da izan gauza deigarri bakarra; beste ezusteko bat ere izan da: jendeari gehiago gustatu zaizkio deshidratatuak. Maggi (6,3 puntu) eta Knorr (6,5 puntu) etxeko koskorrekin egindako saldek lortu dute emaitza onena, eta kaskarrena, berriz, Don Simón (3,7 puntu) eta Aneto (5,3 puntu) salda likidoek; gainerakoak, tartean geratu dira. Dastatze proban emaitza onena lortu duten bi saldak dira guztietan merkeenak, eta gehigarri zapore-emailerik gehien ere horiek dute. Aneto etxekoa, berriz, garestiena izan arren eta salda natural bakarra (ez du ez gehigarririk, ez lurrintzailerik eta lodigarririk), jendeari ez zaio askorik gustatu, eta atze samarrean geratu da. Emaitza horiek ikusita, kalitate-prezioetan, Knorr deshidratatua da aukerarik onena: jendeari gehien gustatu zaionetakoa da, merkeenetako ere bada (0,23 euro balio du litroak), eta gatza ere neurrian dauka (% 0,7). Maggi deshidratatua ere aintzat hartzeko modukoa da: guztietan merkeena da (0,13 euro litroa), baina, besteek ez bezala, zenbait gehigarri ditu honek, herdoilaren aurkakoak eta koloragarriak. Norbaitek salda likidoetara mugatu nahi balu, Knorr etxekoa aterako litzaioke ongien kalitate-prezioetan: merkeena da, eta jendeari gehien gustatu zaiona likidoen artetik.

Haragirik badute?

Proteina gehien duen salda (1 g/10 ml) eta, beraz, hegazti haragi gehien duena Knorr salda likidoa da, eta gutxien dutenak, berriz, Gallina Blanca-ren biak, pastilla deshidratatuekin egiten denak eta salda likidoak (0,2 g/100 ml). Don Simón etxeko salda likidoak esaten du Jabugoko urdaiazpikoa duela, eta Avecrem etxekoak, urdaiazpiko egosia, baina proteina kopurua neurtuta, gutxien daukatenen artean daude biak. Aneto salda likidoak jakinarazten du "Oilategiko ¼ oilasko freskoa (% 22)" erabili duela, baina aipamen hori gorabehera, oso proteina gutxi ditu: 0,3 g/100 ml. Saldek hegazti haragia eduki dezaten, gutxieneko kopuru bat ezartzen du arauak, eta hori kalkulatzeko, nitrogeno kopurua neurtzen da, guztira zenbat daukan. Gure azterketaren emaitza erabatekoa izan da: zazpi saldek bete dute araua, eta haragi gutxien dutenek ere, arauak ezartzen duen gutxienekoa baino askoz gehiago dute (bost halako). Hegazti haragia ez ezik, arauak onartzen du beste osagai hauek ere erabiltzea: "hegazti gantza, hegazti errai freskoak edo hegazti haragiaren estraktua".

Dastatze proban emaitza txarrena, salda garestienak lortu du, gehigarririk ez duenak

Gantzari dagokionez, salda hauek % 0,3 baino ez dute, batez beste (0,3 g/100 ml), eta hori hutsaren hurrena da. Salda likidoek gehiago daukate, deshidratatuek baino (0,4 g/100 ml likidoek, eta 0,2 g/100 ml deshidratatuek; bi halako, beraz). Gallina Blanca likidoak eta Don Simón-ek honako aipamen hau dakarte, "gantz gutxikoa", baina, egia esan, guk aztertu ditugun guztiek daukate gantz gutxi. Eta karbohidratoak ere halaxe dituzte, oso gutxi. Batez beste, % 0,4 dauzkate, eta ez dago ia alderik batzuen eta besteen artean (gehien dituenak ere gramo bat dauka 100 ml bakoitzeko). Salda hauen karbohidratoak almidoitik eta fekulatik datoz, bi osagai horiek erabiltzen baitituzte salda loditzeko. Anetok ez du erabiltzen lodigarririk, eta ez dauka batere karbohidratorik (0 g/100 ml). Lodigarri kopurua, hala ere, oso txikia da halakorik erabiltzen duten saldetan. Knorr deshidratatuak azukrea eta glukosa dituela adierazten du, eta karbohidrato gehien dauzkanetakoa da, ez asko hala ere (0,5 g/100 ml).

Makroelikagai deitzen direnak (karbohidratoak, proteina eta gantza) % 1 baino gutxiago dauzkaten elikagaiek ezin dute eduki kaloria askorik, eta salda hauek dira horren erakusgarri: batez beste, 6 kaloria dituzte ehun gramoko. Katilubete salda hartuta (200 ml), 13 kaloria hartzen ariko ginateke, eta pertsona heldu batek 2.000 hartu behar lituzke egunean (hori da Eguneroko Kopuru Gomendatua). Salda likidoek zertxobait kaloria gehiago ematen dituzte, baina aldea oso txikia da.

Gauzarik nabarmenena, gatza

Makroelikagai gutxi dituzte salda hauek, baina ez da berdin gertatzen gatzarekin. Batez beste, 0,9 gramo gatz dauzkate 100 ml bakoitzeko, eta hori ez da hain gutxi. Gatz gehien Gallina Blanca likidoak eta Maggi deshidratatuak daukate (1,1 g/100 ml), eta gutxien, Aneto-k (likidoa da) eta Knorr deshidratatuak (0,7 g/100 ml). Arauak esaten du, gehienez ere, 1,25 g gatz eduki ditzaketela saldek 100 ml bakoitzeko, eta, beraz, guztiek betetzen dute araua, hortik behera baitabiltza. Elikagai batek gatz gehiegi duela esateko, 0,6 g eduki behar ditu 100 ml bakoitzeko (% 1,5 da hori). Salda hauek ongi dabiltza gatzetik, baina gatza ez ezik, deshidratatuek badauzkate sodiodun zenbait substantzia ere, zapore gehiago emateko erantsiak: monosodio glutamatoa (hiru deshidratatuek badute), disodio inosinatoa (Knorr-ek eta Maggi-k) eta sodio fosfatoa (Maggi-k). Hala ere, sodio kopuruan ez dago alde handirik zazpi salden artean (batez beste, 0,3 g dauzkate 100 ml bakoitzeko).

Glutamatoak zergatik ote du hain ospe txarra?

Glutamatoa gehigarri bat da, eta urteetan, kaltegarritzat jo dute zenbait pertsonarentzat, eragin txarra egiten baitien osasunean. "Txinatar jatetxeko sindromea" deitzen zaio glutamatoak sortzen duen erreakzioari -sukaldaritza mota horretan asko erabiltzen dute-, janari mota hori sarri jaten dutenengan agertzen baitira sindromeak, era askotakoak, gainera: buruko mina, toraxeko estutasuna, bero eta inurritze irudipena, gorputz adarren ahultasuna, buru nahastea, aurpegi gorritzea eta ondoez gastrikoak. Glutamatoak (E621) indartu egiten du jakien zaporea, eta gazi ukitua areagotzen du. Substantzia hau zapore mota jakin bati lotzen zaio, oinarrizko bosgarren zaporeari ("umami" esaten diote), eta haragiak izaten duen zaporearen antzekotzat jotzen dute. Ohiko gehigarria izaten da zorrotxoko zopetan, salda egiteko koskorretan, entsaladatarako gatz-ozpinetan, espezia nahasketetan eta jaki prestatuetan (pizzak, kaneloiak, lasagnak...).

Ikerketa zientifiko asko egin dira glutamatoaren inguruan, eta azken urteetakoek garbi samar utzi dute glutamatoa gehigarri seguru eta praktikoa dela. Ekialdeko jakiek sortzen dituzten erreakzio kaltegarrien inguruan ere argi mintzatu dira ikerketak: ez dirudi glutamatoaren kontua denik, eta, itxuraz, gehiago da sukaldaritza horretan erabiltzen dituzten zenbait osagairen eragina (itsaskiak, fruitu lehorrak, espezieak, belar lurrintsuak...). Nazioartean ezagutza eta izen ona duten elikadura erakundeek gehigarri segurutzat jotzen dute, eta zenbait elikagai freskok berezkoa dutenez glutamatoa, agian horregatik ez dute zehaztu egunean zenbat glutamato har daitekeen, gehienez ere.

CONSUMER EROSKI-k ongi aztertu du zazpi salda hauek glutamatori badaukaten edo ez, eta hiru deshidratatuetan soilik agertu da, arauak onartzen duen kopurua baino hamar aldiz neurri txikiagoan agertu ere (0,1 g dauzkate 100 ml bakoitzeko).

Zenbait saldak beste gehigarri batzuk ere badituzte (azidotzaileak, herdoilaren aurkakoak, koloragarriak), eta saldak "Banan-banan" aztertzen ditugunean mintzatuko gara horiei buruz. Aneto da saldarik naturalena, eta ez du inolako gehigarririk, lodigarririk eta lurrintzailerik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto