Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Aseguruen konpentsazio partzuergoa: Aseguru etxeak jaramonik egin nahi ez digunean

Autoa edo etxea babesteko asegurua egiten dugunean, eta berdin istripuei eta suteei aurre egiteko, kopuru gehigarri bat kobratu ohi digute, eta horri esker, hondamendi natural bat gertatuko balitz, edo salbuespenezko egoeraren bat, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak hartuko luke bere gain kalte guztien ordaina emateko ardura

 Uholdeak, ekaitzak, zikloiak edo lurrikarak ez dira egunero gertatzen, zorionez, baina tartean-tartean suertatzen dira halakoak ere, eta askotariko kalteak eragiten dizkiete pertsonei eta ondasunei. Kalte horiei erantzuteko ardura erakunde publiko batek izaten du, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak, hain zuzen. 2006. urteko gertakaririk ezohikoenak, Partzuergoaren Urteko Txostenak esaten duenez, uholdeak eta zikloi-ekaitz atipikoak izan ziren. Urte hartan, 42.000 kalte-ordain eskatu zituzten Espainian, eta 1990. urteaz geroztik, hori izan da eskari kopuru handiena, 1997koa salbu. Urte hartan, Delta izeneko ekaitz tropikala gertatu zen Kanariar uharteetan, eta ekaitzak eta uholdeak izan zituzten Katalunian eta Galizian. Ondorioz, 43.000 eskari baino zertxobait gehiago izan ziren. Partzuergoak ematen dituen kalte-ordainak jasotzeko, ez da aseguru berezirik egin behar, bestelako hainbat aseguru egiten ditugunean ari gara ordaintzen Partzuergoari: autoaren edo etxearen asegurua egiten dugunean, bizitza asegurua edo istripuen aurkakoa kontratatzen dugunean, kopuru gehigarri bat eransten diote beti.

Zer-nolakoak dira kopuru gehigarri horiek?

Aseguru poliza bat egiten dugun bakoitzean, beti-beti kopuru bat gehitzen diote aseguruagatik beragatik ordaindu beharko dugunari. Enpresa horiek biltzen dute Partzuergoaren dirua, eta haren esku jartzen dute hilabetero-hilabetero. Horixe da Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren diru iturri nagusia. Auto baten asegurua egiten dugunean, adibidez, 5,41 euro ordaintzen ditugu Partzuergoarentzat. Etxebizitzaren eta etxejabe elkarteen aseguruetan, bizitza aseguruetan eta istripuen aurkakoetan, kopurua ez da beti bera: zenbateko kapitalarentzat egiten dugun asegurua, halako portzentajea ordaindu beharko dugu. Etxebizitza batengatik, mila bakoitzeko, 0,09; bulego batengatik, mila bakoitzeko, 0,14...

Zer funtzio betetzen ditu Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak?

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa enpresa-erakunde publikoa da, Espainiako Ekonomia eta Ogasun Ministerioari atxikia, eta urriaren 29ko 7/2004 Errege Legegintza Dekretuak arautzen du hark zein funtzio dauzkan. Askotariko estaldurak eskaintzen ditu Partzuergoak:

  • Ezohiko fenomeno edo arriskuek eragindako kalteei erantzuten die. Fenomeno naturalak bereizten ditu batetik, eta izaera politikoa edo soziala duten gertakariek dakartzaten arriskuak bestetik. Lehen sailean, adibidez, honako hauek sartzen dira: uholde ezohikoak (hor sartzen dira itsasoaren oldarrak eragindako kalteak), lurrikarak, itsasikarak, sumendien erupzioak, zikloi-ekaitz atipikoak, 135 km/h abiadura gainditzen duten haizeteak, tornadoak, eta gorputz sideralen eta aerolitoen erorketak. Bigarren sailean, berriz, terrorismo ekintzen kalteak hartzen dira aintzat, matxinadek, jazarraldiek, herri iskanbila eta bihurraldiek eragiten dituztenak, eta bake garaian armadak eta segurtasun indarrek sortzen dituztenak.
  • Ibilgailuek pertsonei eta besteren ondasunei eragin dizkieten kalteen ordaina ematen du, betiere ibilgailuak ez badu asegururik, edo zein ibilgailu den jakiterik ez badago, edo lapurtua bada, nahiz eta asegurua izan lehendik. Halakoetan, Partzuergoak ordaintzen dio biktimari, eta gero kopuru hori ordain diezaiola eskatzen dio istripua eragin duenari.
  • Pertsonei eta ondasunei egindako kalteak ordaintzen ditu, aseguru konpainiak erantzun ezin badio, konkurtso egoeran dagoelako (porrot eginda eta ordainketak etenda).
  • Aseguru konpainiek baztertzen dituzten gidariei babesa ematen die. Ibilgailuei asegurua egitea derrigorrezkoa da, gidari guztiek eduki beharrekoa, eta gidari batek erakusten badu gutxienez bi aseguru konpainiak ezezkoa eman diotela, orduan Partzuergoak egingo dio asegurua.

2006an 42000 kalteordaini egin zien aurre partzuergoak

Azkenik, Partzuergoa eta aseguru etxea ez badira ados jartzen nork ordaindu behar duen, Partzuergoaren ardura izango da ordaina ematea, bai pertsonei egindako kalteengatik, bai ondasun galdu eta kaltetuengatik. Aurrerago frogatzen bada aseguru konpainiak ordaindu behar duela, itzuli egin beharko dio Partzuergoari hark lehenago jarri duen diru kopurua, eta legeak ezartzen dituen interesak ere ordaindu beharko dizkio, kalte-ordaina ordaindu zuen egunetik hasita.

Autoari asegurua egitea derrigorrezkoa bada, zergatik egin dezakete uko konpainiek?

Asegurua egitea derrigorrezkoa da, bai, baina gidarientzat, ez aseguru konpainientzat. Merkatu libreak agintzen du aseguru-jarduera pribatuan, nahiz eta aseguru-jardueraren arauen pean dagoen. Inor ez dadin babesik gabe gelditu konpainia pribatuek ezezkoa eman diotelako, arautua dago Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak emango duela asegurua egiteko aukera.

Ezein konpainiak ez badio nahi asegururik egin gure alabaren edo semearen autoari, zein urrats egin behar ditugu gurasoek?

 Gidabaimena berriki atera duten gidariei oso erraz esaten diete ezetz aseguru konpainietan, batik bat 25 urtez beherakoei, eta zilindro-edukiera handiko motorren aseguruak egin nahi dituztenei ere berdin. Jende horiek jotzen dute Partzuergora. Derrigorrezko aseguru bat egitera joan eta konpainiak ezetza ematen badigu, eskatu behar diegu agiri bat egin eta idatziz bidal diezagutela. Bi aseguru etxeren agiriak baldin baditugu, Partzuergora jotzeko moduan gaude (telefonoz ere egin daitezke eskariak, bai derrigorrezko aseguruenak, bai borondatezkoenak).

Ezohiko arriskuak direla eta: dirua jaso ahal izateko, hondamendi eremutzat jo behar izaten dute leku kaltetua?

Ez, ez du zertan. Are gehiago, Espainiako Gobernuak erabakiko balu eremu batean hondamendi edo ezbehar nazionala gertatu dela, hori ez litzateke geratuko Partzuergoaren ardurapean; hala ere, arauak hori esan arren, Partzuergoa sortuz geroztik ez da gertatu halakorik.

Nola eskatu behar diogu Partzuergoari kalte-ordaina ordain diezagula?

Zazpi egun igaro baino lehen, idatziz zuzendu behar gatzaizkio Partzuergoak gure erkidegoan edo probintzian duen ordezkaritzari, nahiz eta aseguru konpainiaren bidez ere jo dezakegun Partzuergora. Aski da Ezbeharraren Adierazpen Orri bat bete eta aurkeztea. Aurrez, nahi izanez gero, 902 22 26 65 telefonora dei dezakegu (asegurudunei erantzuteko zerbitzua da). Hori guztia eginda ere, beti-beti komeni izaten da bestelako neurri batzuk hartzea. Partzuergoak, adibidez, aditu bat bidaliko digu, guk eta gure ondasunek zer kalte eta nolakoak izan ditugun egiaztatzeko, baina, askotan, ondasun horiek desagerrarazi egin behar izaten dira, ezinbestean. Horregatik, oso garrantzitsua da guzti-guztiaren argazkiak egitea edo bideoz hartzea. Galde dezakegu ea baimenik ematen diguten adituak txostena egin aurretik konponketa lanekin hasteko, eta, ematen badigute, ongi gorde behar ditugu aurrekontuak eta lanen ordainagiriak.

Kalte guztiei erantzuten die?

Ez. Ondasun kaltetuak babesteko aseguru bat egina izan behar dugu lehendik. Horrez gain, Partzuergoak ez die erantzuten fenomeno ezohikotzat jo daitezkeen gertakari guztiei. Olatuek kalteak eragiten badizkiote beti uretan dagoen ondasun bati (berdin du erabat urperatua dagoen edo zati bat soilik duen urpean), Partzuergoak ez du bere gain hartuko horien ordaina, eta manifestazioetan edo huelga legezkoetan sor daitezkeen istiluen kalteak ere bazterrera geratzen dira. Beste zenbait gertakarik sortzen dituzten kalteentzat ere ez du ematen ordainik: presa bat apurtzen bada, lurpeko ur geruza igotzen bada, luiziak gertatzen badira (baldin eta ez bada uholde ezohikoen ondorio). Energia nuklearraren eraginez sortzen diren kalteak ere ez ditu barne hartzen.

Zein urrats egin behar dira arrisku ezohikoek sortzen dituzten kalteen ordaina jasotzeko?

 Garrantzitsuena da kalte pertsonalen edo istripuen aurkako aseguru bat edukitzea, beste aseguru mota baten barne bada ere, edo pentsio plan bati lotuta. Eta edukitzeaz gain, jakina, kuota ordaindua izatea. Poliza egin eta zazpi egun igaro ondoren, eskubidea izango dugu Partzuergoak ematen dituen kalte-ordainak jasotzeko. Ezbeharraren Adierazpen Orrian egin behar da eskaria, eta honako dokumentu hauek ere aurkeztu behar ditugu:

  • Kalte-ordaina jasoko duenaren NAren edo IFZren fotokopia.
  • Kalte-ordaina jasoko duenaren bankuko datuak (kontu korrontearen hogei zenbakiak).
  • Polizak biltzen dituen baldintza berezi eta orokorren fotokopia.
  • Kuota ordaindu dugula erakusten duen agiria.

Kalte pertsonalik gertatu bada, ezbeharra zeren eraginez gertatu den frogatzen duen dokumentuari kopia bat egin behar zaio, eta sortu dituen kalteen frogagarri diren dokumentuei ere bai.

Inor hil bada, honako hauek bildu behar dira:

  • Heriotza agiria.
  • Ezbeharra zeren eraginez gertatu den azaltzen duen dokumentazioa.
  • Familia liburua eta testamentua. Testamenturik ez balego, oinordeko adierazpena behar da edo nabarmentasun akta.
  • Ondoriotasun Zergaren Kitapena.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto