Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Arraina kareletik

Arrain askok ez dute balio saltzeko, eta arrantzaleek itsasora botatzen dituzte bueltan; Europako Batasuna (EB) arazo larri horri irtenbidea eman nahian ari da

 Arrantzako sareek ez dute barkatzen. Parean jartzen zaien guztia irensten dute, beti asegaitz, baina sareek ez bezala, merkatuak ez du arrain guztientzako tokirik, jendeak ez dituelako erosten edo saltzeko ere txikiegiak direlako. Horixe gertatzen zaie, adibidez, hainbat eta hainbat dortoka, itsas hegazti eta izurderi. Uretatik atera eta uretara itzultzen dituzte, urpera hilik batzuk, eta hiltzeko besteak.

Zenbait iturriren arabera, urtean 20 milioi tona arrain galtzen da modu horretan, arrantzatzen den guztiaren laurdena. FAO erakundeak 2005. urtean egin zuen ikerketa batek dioenez, munduan arrantzatzen denaren % 8 kareletik joaten da, nahiz eta datuak aldatu egiten diren arrantzaleku eta arrantzaldi batetik bestera. Ikerketa horrek gehiago ere zehazten du: tokiko arrantzalekuetan, amua erabiliz arrantzatzen duten guztiaren % 4 baztertzen dute, baina arraste arrantzan, aldiz, % 50 edo gehiago izaten da. Eta zenbaitetan, % 70 ere izan daiteke berriz uretara botatako arraina; hau da, muturreko kasuetan, merkatura iristen den adina arrain geratzen da bidean alferrik galduta.

Naturaren eta ekonomiaren kaltetan

Datu zehatzik ez dago, eta ezin da jakin "ofizialki" zenbat arrain galtzen duen ontzi bakoitzak, baina ez da huskeria bat. EBren esanetan, natura eta ekonomia "hondatzea" da arrainak hola alferrik galtzen uztea, eta, gainera, biodibertsitatea eta arrain multzoak desagerrarazten ditu, arrantza-presioa ugaritzen du eta ez dakar ez elikadura onurarik ez ekonomikorik.

Hagako Ikerketa Institutuak 2001. urtean egin zuen ikerketa bat saiatu zen kalkulatzen zenbateko dirutza galtzen zen arraina hola baztertuta; Herbehereetako arrantzalekuetan, adibidez, haga-arrastean galdu ziren arrainek 160 milioi euro iritsiko zituzten merkatuan 1998. urtean (urte hartan arrantzaleku horietatik lortu zutenaren % 70). Baina hori ez zen izan datu deigarriena: zigala arrantzan aritu ziren Frantziako ontziek galtzera utzi zuten arrain kopurua dirutan neurtu, eta lortu zuten bezainbeste bota zutela ikusi zen (pisuan, ordea, erdira baino ez zen iristen).

Arduragabekeria hori bukatzeko, Europako Parlamentuak txosten bat onartu du aurten, zenbait mekanismo jarri nahi baititu abian nahigabeko harrapaketak gutxitzeko eta inork arrainik ez botatzeko. Txostenak esaten duenez, zenbait arrantza jarduerarekin hasi behar da formula horiek saiatzen, haga-arrastean eta bakailaotan aritzen direnekin, adibidez, horiek baztertzen baitute arrainik gehien.

Arrantzaleei sariak ematearen alde agertu da Europako Batasuna, eta ez zigortzearen alde; beste neurrien artean, itxita egon diren arrantzalekuetan eremu batzuk irekitzea proposatzen du, baina ez ontzi guztiei, sare selektiboagoak erabiltzen dituztenei edo arrain guztiari probetxua ateratzen dietenei baizik. Helburua ez da arrain gehiago harrapatzea, probetxu gehiago ateratzea baizik harrapatzen den horri eta ez uztea ezertxo ere gal dadin. Europako Parlamentuaren esanetan, "EBk ezin du onartu urtean milioi bat tona arrain baino gehiago galtzea dakarren politikarik, jakinda, gainera, arrain ona dela".

Orain artean baztertu izan diren arrain eta oskoldunak merkaturako bidean jartzea da helburua, bai arrain irinak edo olioak egiteko, eta bai jateko ere, ahal denean, behintzat. Espainian, zenbait sukaldari hango eta hemengo unibertsitateekin elkarlanean ari dira (Cadiz, Zaragoza, Caceres, Granada...), formulak aurkitu nahian arrain horiek sukaldaritzan erabili ahal izateko, itsas hestebete moduan edo salda kontzentratuak egiteko. Europako Batasunak, hala ere, tentu handiz jokatu behar dela ohartarazi du, orain ez baita komeni arrain horiekin merkatu alternatibo bat sortzea eta espezie horiek ere neurririk gabe arrantzatzen hastea.

Sistema berraztertu behar da

Arrain mota horiek merkaturatzeko urratsa egin ahal izateko, sektoreko eragileak aspalditik ari dira esaten Harrapaketa Kopuru Baimendua (TAC) eta arrantza kuotak banatzeko sistema berriz aztertu behar direla. Gehiegizko arrantza saihesteko sortu ziren kuotak, baina, bitxia bada ere, kuoten eraginez geratzen dira bazterrean hainbeste eta hainbeste arrain. Balio gehien duten arrainak interesatzen zaizkie arrantzaleei, kuota mugatua dutenez, ez baitzaie komeni balio gutxiko arrainak harrapatzea, eta baztertu egiten dituzte. Horregatik, sistema nola moldatu aztertzen ari dira azken urteetan, eta aukera bat izan daiteke kuotatik kanpo uztea normalean itsasora botatzen dituzten arrain mota horiek; alegia, horien pisua ez aintzat hartzea portuan arraina pisatzen denean. Hola eginez gero, arrantzaleek ez lukete botako itsasora hainbesteko biomasa, eta ez lirateke alferrik galduko elikadura eta ekonomia ikuspuntutik hainbesteko garrantzia duten jakiak.

Mediterraneoan arrantzan dabiltzanentzat, ordea, bestelako neurri batzuk ezarri beharko lituzkete, han ez baita erabiltzen kuota sistemarik, salbu eta hegalaburrarentzat. Besteak beste, arrantzaldia laburtu beharko litzateke, arrantzaleku batzuk aldi baterako itxi edo sare selektiboagoak erabiltzera derrigortu beharko lituzkete arrantzaleak. Azken batean, arrantzaldia neurririk gabe luzatzeak ekartzen du gero espezie asko baztertu behar izatea. Askotariko neurriak proposatu izan dira gauzak hobetzeko, baina aditu asko eta askoren ustez, debeku aldiak ongi kudeatzea da gakoa, eta arrantzan egun erabiltzen den araudiari koherentzia eta zentzu gehiago ematea. Mediterraneoan, adibidez, ez dago debeku aldirik, eta bada zerbaiten premia.

Eskozian, esaterako, sistema berritzaile bat jarri dute aurten abian: bakailaoa arrantzatzeko leku batzuk ixtea erabaki dute. Eskoziako industria eta gobernua aritu dira elkarlanean, eta lortu dute behatzaile independenteak joan daitezen arrantzontzietan. Horien ardura da harrapaketak kontrolatzea, eta arrainkume larregi harrapatzen ez dutela ziurtatzea; kezkatzeko moduko zerbait ikusten badute, laginak hartu, aztertu eta, komeni bada, arrantzalekuak aldi batera ixteko proposamena egiten dute (15 milia koadroko eremuak ere izan daitezke).

Arrantzako araudiaren koherentziari dagokionez, zenbait adituk lehen ere salatu izan dute legea "zentzugabea" dela zenbaitetan, eta horren adibidetzat jartzen dituzte sareen gaineko arauak: legeak onartzen dituen zenbait sarek maila txiki eta estuak dituzte, eta, ondorioz, legeak onartzen dituen baino arrain txikiagoak harrapatzen dituzte. Egun, sare selektiboagoak ezartzeko lanean ari dira eragileak, maila karratuko sareak, adibidez, eta horiei ihes egiten dieten espezieek bizirik irauteko zer aukera duten aztertzen ari dira (ihesi joandako arrainek ez badute aukerarik bizirik irauteko, sare selektibo horiek ere ez dira izango batere eraginkorrak).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto