Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nerbio krisiek ez dute jartzen arriskuan pertsonen bizitza, baina halakoak jasateko beldurra izan daiteke eraso gehiagoren eragile
Larrimina gainetik kendu nahiak are larrimin gehiago sor dezake. Horixe izaten da arazo nagusia nerbio edo izu krisiak gertatzen direnean. Emakumeek maizago pairatzen dituzte eta, oro har, nerabezaroan izaten dira edo helduaroko lehen urteetan, nahiz eta ondoren ere ager daitezkeen, baita aurretik inolako arazorik izan ez dutenengan ere. Halako eraso bat gertatzen den bakoitzean, nerbio tentsioa izugarri handitzen da, eta bihotzeko batek eragiten dituen sintoma fisikoen antzekoak agertzen dira, nahiz eta ez den izaten hiltzeko arriskurik. Egoera horrek ezer gutxi du gozotik, eta jendea beldur izaten da berriz halakorik jasango ote duen; hain zuzen, beldur hori izan daiteke krisi gehiagoren eragile.
Egun, herritarren % 1,5-3,5ek jasaten dituzte izu krisiak. Luzaroan estresak jota egon denak edo gertaera traumatikoren bat bizi izan duenak arrisku gehiago du krisiren bat izateko. Aurreko belaunaldietan edo familian inoiz halakoak izan dituenari ere errazago sor dakizkioke krisi horiek, baina ez du zertan hala izan.
Izu krisi bat duenari iruditzen zaio kontrola galtzen ari dela eta hiltzeko zorian dagoela, eta horrek erreakzio fisiko batzuk eragiten dizkio. Zaila gertatzen zaio arnasa hartzea, dardara batean jartzen da, bularraldean mina sentitzen du edo zanpatzen ariko balitzaizkio bezala, zango-besoak inurritzen zaizkio, gorputza gogortzen zaio, goragalea izaten du, takikardia, izerdia, zorabioa, arranpak edo hotzikara.
Hainbat arrazoi daude izu krisia agertzeko, eta ezin da bakarra nabarmendu, baina argi samar ikusi da nerbio eta tentsio krisiak pairatzeko joera duten pertsonek arrisku gehiago izaten dutela. Krisi hauekin, organismoak erantzun egiten die nerbio erasoei, ohi baino bortitzago bada ere, eta, beraz, erreakzio normaltzat hartu behar dira.
Inoiz krisiren bat izan dutenak ere ez dira gai izaten arrazoi bakar bat bereizteko. Betiko bizitza egin ohi dute, estres handia edukitzen dute baina ez da izaten nabarmen-nabarmena ere, eta ez zaie iruditzen euren organismoa krisi baten sintomak agertzeko zorian dagoela. Arrazoi horregatik, eguneroko zereginetan ari direla sor daiteke krisia, ustez lasai dudenean; ez zaie iruditzen lehen baino asko estres gehiago dutenik, baina pixka bat nahikoa izaten da organismoak erreakzionatzeko.
Izu krisiak badu lotura beldurrarekin: estutzeko joera duen norbait beti egoera desatseginen esperoan bizi bada, beldurra gainean duela ibiliko da. Agian ez da ohartuko beldurrez dagoela, baina beti erne jarria egongo da, etengabe. Eta, gainera, izaera obsesiboa badu, bestela baino arrisku gehiago edukiko du larrimin krisiak pairatzeko. Pentsamendu obsesiboek, buelta eta buelta, distortsioa eragiten dute, eta hortik bi beldur mota etor daitezke: kontrola galtzeko beldurra eta hiltzeko beldurra. Hainbesteko indarra hartzen dute horiek, erraza izaten da hortik krisira heltzea.
Larrimin krisi baten sintoma fisikoak hain dira desatseginak, horiek etor daitezkeela pentsatze hutsa ere aski izan daiteke krisia bera sortzeko. Beti gorputzaren erreakzioei begira bagaude, sintomak agertuko diren kezkaz, azkenerako beldur irrazional bat sortuko zaigu, beste eraso edo krisi baten beldurra, eta horrek nerbio sistema bizkortu egingo du, giharren tentsioa areagotu, arnasa biziagotu eta bihotz taupadak ugaritu. Oxigenoa ez da berdin iritsiko organismo guztira, eta gerta daiteke orientazioa galtzea eta zorabiatzea, eta, azkenik, izu krisia sortzea. Nahi gabe bada ere, geronek abiarazi izango dugu arazoa.
Zerbait sumatu orduko krisia etorriko zaiela uste duten pertsonek ihes egiteko joera izan dezakete, tentsio egoeretatik aldentzekoa eta noizbait krisiren bat izan duten lekuetara ez hurbiltzekoa, eta hori muturrera eramanda, agorafobia sor dakieke (ez dira gai izaten etxetik irteteko ere, krisiren bat izango duten beldurrez).
Lehenik eta behin, oso gogoan hartu behar da gauza bat: krisia pasatu egiten da, eta behin pasatu denean, baliteke ez gehiago agertzea. Baina krisi gehiago izaten baditugu, garrantzitsua da oso medikutara joatea, hark diagnostiko egokia egin dezan, eta psikologo edo psikiatra baten esku jar gaitzan, hala komeni bada.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa