Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Vicente Pallardó, Nazioarteko Ekonomia Abagunearen Behatokiko zuzendaria: "Jende arruntak, oro har, ez daki ekonomia kontuez"

 Vicente Pallardó-ren bulegoko atean bi grafiko daude zintzilik, zein baino zein etsigarriagoa: interes tipoen bilakaera erakusten du batek, petrolioaren prezioarena besteak. Bulego barrura sartuta, ordea, apaingarri makroekonomikorik ez hormetan, argazki ikusgarriak baizik: Kanada, Namibia, Brasil, Botswana... Ez dira leku txarrak bulegoa utzi eta bisitan joateko. Hamabost egun izaten ditu opor Valentziako Unibertsitatean Nazioarteko Ekonomia Abagunearen Behatokiko zuzendari denak, eta bidaiak eginez ematen ditu.

Nazioarteko Ekonomia Abagunearen Behatokiko zuzendaria zara. Zuk nola ikusten duzu egoera, beldurgarria, ikaratzeko modukoa...?

Goxo esanda, egoera konplikatua dela esango nuke.

Eta errealista izanda?

Errealista izanda, eta finantza ikuspegitik hitz eginez, segur aski hau izango da garairik zailena 1929ko Depresio Handia gertatu zenetik. Baina, kontuz, finantza ikuspegitik ari naiz. Ekonomiari berari oraindik ez dio kalte handirik ekarri; berriz diot, oraindik... baina finantza egoera oso larria da. Ekonomiarentzat berarentzat, egoera ez da 1973ko krisia bezain zaila. Hura askoz ere gogorragoa izan zen, baina gauzak oraindik ere asko okertu daitezke, finantzak zurrunbilo handian baitabiltza, berriz diot, 1929az geroztik ikusi den handienean.

Urte gutxiren buruan pasatu gara dirua neurri gabe mailegatzetik, oso baldintza zorrotzak jartzera. Kontsumitzaileak harri eta zur daude. Nola azaltzen da hori?

Hori gertatzea, argi eta garbi, ez da batere ona. Baina nondik gatoz? 90eko azken urteetan eta mende honen lehen hamarkadan, oso-oso apalak izan dira interes tasak, inoiz ez bezalakoak. Europako Banku Zentralak zaintzen du eurogunean dauden 12 herrialdeen ekonomia, eta Espainiari soilik erreparatzen badiogu, horrexegatik egon dira interes tasak hain apal; Alemaniarentzat edo Frantziarentzat egokiak izan zitezkeen interes tasa haiek, baina Espainiarentzat oso-oso apalak izan dira, gehiegi. Egoera horretan, dirua aurreztea ez da izan batere errentagarria, eta zorretan sartzea, berriz, oso-oso merkea.

Esan daiteke Espainiako herritarrek bururik gabe jokatu dutela?

Bururik gabe ez, baina oso epe motzera begiratuta jokatu dute, argi baitzegoen interes tasa apal horiek ez zirela luzerako. Dirua oparitu egin diete ia-ia, hori hala da, eta epe motzera begira jokatzen baduzu, oso erraza da halako egoeratan zorretan sartzea: etxea, autoa, bidaiak... zernahi.

Eta bankuek... horiek ez ote zuketen behar luzerako ikuspegi hori?

Bai, jakina, baina horiei ere antzera gertatu zaie: berdin izan du zenbat diru eman eta zeini eman, beti-beti itzultzen zieten. Ez zuten tarte handirik, baina diru asko mailegatzen baduzu tarte txikiekin, etekin handiak lor ditzakezu.

Eta erakundeek ez ote zuketen esku hartu behar, zentzu pixka bat jartzeko, bederen?

 Hemen, nire ustez, badugu arazotxo bat: ahaztu egiten dugu zer ekonomia mota daukagun. Merkatu ekonomia kapitalista da, mistoa nahi baduzu, erakunde arautzaileek zeregin garrantzitsua dutelako eta abar, baina, Espainiako Bankua, egiaz, hainbatetan saiatu da bankuei zuhurtzia eskatzen. Tinkoago joka zezakeen, "akabo maileguak", baina hori esan izan balu, epelak entzungo zituzkeen. Gobernuak, berriz, ezaba zitzakeen etxebizitza erosteagatik ezartzen dituen zerga arintzeak, baina zer ez ote zukeen entzungo hark ere!

Ekonomia kili-kolo dabilenean, herritarren kezka nagusi bihurtzen da inkesta eta iritzi galdeketetan. Jendeak interesa badu, bistan da, baina jende arruntak, oro har, badaki ekonomia kontuez?

Ez, ez daki. Gehiago jabetu behar luke jendeak.

Nola, baina?

Ekonomialariona da erantzukizunaren zati bat, gauzak modu konplexuan azaltzeko joera dugulako; komunikabideek ere izan dezakete erru pixka bat, baina, nire ustez, herritarrek dute azken hitza. Haiek erabakitzen dute.

"BPGren % 60 dira kontsumitzaileak, eta, beraz, oso garrantzitsuak dira haien iritzi eta usteak, egia izan edo ez"

Une honetan, ekonomia bera dago krisian egiaz edo konfiantza krisia dago?

Gero eta gehiago, ekonomia bera dago krisian, ez da hainbeste konfiantza krisia. Egia da, hala ere, krisi hau hasi zenean, kontsumitzaileen konfiantza adierazleak ohi baino azkarrago jatsi zirela. Baina ikusiz finantza egoerak zer bilakaera hartu duen eta horrek zer eragin dezakeen ekonomian bertan, krisiak gero eta gehiago du egiazkotik eta gero eta gutxiago psikologikotik, zoritxarrez; beste aldera balitz, errazago irtengo ginateke krisitik.

Deigarria gertatzen da ekonomian zein leku handia duen alderdi psikologikoak, subjektiboak... Ekonomian ere, guztia ezin da iragarri.

Analisi psikologikoen alorreko espezialistak badira, eta ikuspegi horretatik aztertzen dituzte gai ekonomikoak eta erreakzio ekonomikoak. Egia da, izan ere: alderdi psikologikoak asko eragiten dio ekonomiari. Herritar guztiek pentsatuko balute krisia oso gogorra izango dela eta etorkizuna oso txarra izango dela, eta, ondorioz, kontsumitzeari utziko baliote, orduan bai, etorkizuna oso txarra izango da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 60, batez beste, kontsumotik baitator Mendebaldean.

Zure iritziz, beraz, herritarrek kontsumitzen jarraitu behar dute krisiak okerrera egin ez dezan.

Herritarrek arduraz jokatu behar dute, eta epe ertainera begira pentsatu. Zenbait herritarrek ez dute zertan gutxiago kontsumitu gaurtik aurrera, lan finkoa badute, arrazoizko soldata, bikotekideak eta berak lan egiten badute... Horiek, egoera halakoxea dutelako, normal kontsumitzen jarrai dezakete. Beste batzuek, ordea, estuago ibili beharko dute, zor gehiago dauzkatelako, edo beren lanbideak orain arte lan eta diru asko eman bai baina orain krisiak jota daudelako, eraikuntza eta hari lotutako lanbideak, adibidez.

Etsigarria izan behar du hainbeste ikerketa eta analisi egin eta gero herritarren konfiantza eta beldurrek baldintzatzea hein handian etorkizuna.

Halaxe da, bai, eta hori da, hain zuzen, ekonomiaren traumarik handiena zientzia ikuspegitik. Horregatik dira hain garrantzitsuak konfiantza adierazleak, eta horregatik ematen zaie hainbesteko garrantzia.

Zer da konfiantza adierazle bat?

Herritarrek arduraz jokatu behar dute, eta epe ertainera begira pentsatu. Zenbait herritarrek ez dute zertan gutxiago kontsumitu gaurtik aurrera, lan finkoa badute, arrazoizko soldata, bikotekideak eta berak lan egiten badute... Horiek, egoera halakoxea dutelako, normal kontsumitzen jarrai dezakete. Beste batzuek, ordea, estuago ibili beharko dute, zor gehiago dauzkatelako, edo beren lanbideak orain arte lan eta diru asko eman bai baina orain krisiak jota daudelako, eraikuntza eta hari lotutako lanbideak, adibidez.

Etsigarria izan behar du hainbeste ikerketa eta analisi egin eta gero herritarren konfiantza eta beldurrek baldintzatzea hein handian etorkizuna.

Halaxe da, bai, eta hori da, hain zuzen, ekonomiaren traumarik handiena zientzia ikuspegitik. Horregatik dira hain garrantzitsuak konfiantza adierazleak, eta horregatik ematen zaie hainbesteko garrantzia.

Zer da konfiantza adierazle bat?

Inkesta bat da. Herritarrei galdetzen zaie nola ikusten duten egoera ekonomikoa aurreko aldiarekin alderatuta, eta etorkizunari buruz zer iritzi duten, zer espero duten sei hilabete edo urtebete barrurako. Galdera nahiko errazak izaten dira, beste ezein azterketak ematen ez duen hori jaso nahi baita: herritarren ustez zer gertatuko den aurrerantzean. BPGren % 60 dira kontsumitzaileak, eta, beraz, oso garrantzitsuak dira haien iritzi eta usteak, egia izan edo ez. Horiek dira konfiantza adierazleak, eta horretarako erabiltzen dira.

Azken urte honetan, aurrekoan baino bikote gutxiago banandu dira Espainian. Ekonomia krisiek badute eraginik krisi pertsonaletan?

Erabatekoa. Lan egiteko aukera gutxiago badago eta soldatak igotzen ez badira, zailagoa da bizi berri bat hastea. Eta ez naiz ari bikoteak banatzeaz soilik; gurasoen etxea uzteko aukera ere, adibidez, zaildu egiten du egoera honek, eta beste hainbat.

Jendeak lehen baino gehiago jaten du janari lasterra, diru gehiago jokatu zorizko jokoetan, marka zuriak gehiago erosi... barneratu dugu krisia?

Zalantzarik gabe.

Zerk gelditu du kontsumoa, egoera ekonomikoaren inguruko zalantzek edo hipoteken kate astunak?

Bi arrazoi horien eraginez, nabarmen diru gutxiago dauka jendeak gastatzeko, likidezia asko urritu zaio. Interes tasak igo dira, eta, ondorioz, hipoteken eta beste maileguen zama handitu egin da. Eta ezin da ahaztu zer joera hartu duen langabeziak: gora eta gora doa, eta jende askori desagertu egin zaio diru iturri nagusia; eta autonomoak ere hor daude: ez dira ageri langabezi zerrendetan, baina horiei ere asko gutxitu zaie lana.

Espainian, higiezinen arloa neurririk gabe eta arrapaladan handitu da azken urteetan. Egungo egoera zenbateraino da horren ondorio?

Hemen hazkunde desorekatua izan dugu erabat, hori da kontua. Lehen ere esan dut herritarrek eta bankuek ez dutela jakin epe motzetik harago begiratzen; ezin esango dugu bururik gabe jokatu dutela, baina ikuspegi luzeagoa falta izan zaie.

"Ezin da esan herritarrek bururik gabe jokatu dutela hipoteka maileguekin, epe motzera begira baizik"

Espainiako ekonomiaren zutabeak, beraz, ez daude adreiluz eginak, buztinez baizik, nazioarteko analistek dioten moduan.

Egia esan, produktibitatea izaten da ekonomiaren aldagairik funtsezkoena, eta Espainiako ekonomian, hain justu, produktibitatearen aldagaia dabil okerren. Gauza batzuk oso ongi egin ditugu, zerbitzu publikoen oreka makroekonomikoak hobetu ditugu, eta inflazioa ere bai, nahiz eta berriz ere jo dituen goranzko kolpe handi samarrak, ekonomiaren zati handi bat liberalizatu dugu, baina produktibitatearen arloan oso gutxi aurreratu dugu, eta produktibitate gabe, ez dago lehiakortasunik. Epe ertainera eta luzera begira, beraz, arazo handi bat daukagu.

Prestakuntzaren arloan ere atze samarrean dabil Espainiako ekonomia. Atzeraldi garaian prestakuntza sustatu behar da?

Eta atzeraldirik ez dagoenean ere bai. Hezkuntza arautuan, gobernu bakoitzak goitik behera aldatzen du heziketa sistema. Hori hondamendia da, eta ez dut ulertzen, estatu hitzarmenak aipatzen dituztenean, nola ez duten hezkuntzaren gaia hor sartzen, beste guztien aurretik. Gainera, batez beste, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kideek baino % 40 gutxiago bideratzen dugu langileak lanpostuan prestatzeko, eta zer esan behin-behinekotasunari buruz: Europako Batasunaren batez bestekoa halako bi da Espainiakoa, eta hori mundu guztiak badaki. Lan baldintza kaskarretan ari bazara, zer gogo edukiko duzu zeure burua prestatzeko, eta enpresaburuak zer gogo edukiko du... Zenbait sektoretan behin-behinekoa izan behar du lanak, ez dago beste aukerarik, baina lan guztiaren herena hala izatea? Horri ezin zaio eutsi.

Zenbateraino ari zaie eragiten eta eragingo die finantza krisi honek herritar arruntei?

Oraingoz, maileguak eskuratzeko zailtasunak sortu ditu, Mendebalde osoan bezala Espainian ere. Ondorio hori oso argia izan da, eta zuzen-zuzenean etorri da, gainera. Mendebaldeko ekonomia guztia bizi da maileguei lotuta: Ameriketako Estatu Batuetakoa, Ingalaterrakoa, Espainiakoa eta Irlandakoa dira lau adibiderik adierazgarrienak, eta lau herrialde horien bilakaera aztertzen badugu, laurak bat datoz: higiezinen boom handia izan dute, eta orain, maileguak inon baino gehiago murriztu dituzte. Eta herritarraren ikuspegitik begiratzen badugu, bistakoa da zailtasunak dituztela maileguak eskuratzeko, bai norbanakoek eta bai enpresek.

Milioika familia ari dira Euriborra madarikatzen edo beren burua, epe motzera begiratuz erosteagatik. Beste errudunik?

Haiek dira errudun bakarrak. Inork ez ditu behartu zorretan sartzera, eta batzuk itotzeraino sartu dira ia. Zenbait jokamolde zentzugabeak izan dira, berriz diot, epe ertainera edo luzera pentsatuz. Ñabardura bat ere egin behar da, hala ere. Familia horiek ez dute jaso informazio osorik, eta finantza erakundeek ere ez diete argi esan zertan sartzen ari ziren -haiek ere ez zekitelako edo esateko interesik eduki ez dutelako-. Norbaitek esan behar zien zor handia egiten ari zirela eta horrek ondorioak ekarriko zizkiela, eta norbaitek esan behar zien, halaber, interes tasa haiek gezurrezkoak zirela, eta 30-40 urterako maileguan ez zutela berriz hain tasa apalik edukiko. Euroguneko interes tasa normala, eta, beraz, Espainiakoa, orain dugunaren antzekoa da. Hori ez jakitea, ez da haien ardura, baina adituen ahotik hori entzun eta hala ere aurrera jarraitu dutenek beren burua madarikatzen jarraitu beharko dute, ez baitago beste arduradunik.

Eta gidariek zeini bota behar diote errua gaur gasolina gehiago ordaindu dutelako eta atzo gutxiago?

Hiru kontu daude hor. Batetik, jendea azkar ohatzen da prezio batek gora egin duenean, baina ez behera egin duenean; hor, beraz, pertzepzio arazo bat dago, eta arazo horrek ez du zertan egiazkoa izan. Bestetik, konpainiek ere azkarrago egiten dute gora, behera baino, negozioagatik noski. Eta, azkenik, zenbait analistaren iritziz, petrolioaren prezioak berriz ere goranzko kolpeak joko ditu, nahiz eta nik uste dudan jaitsitako mailan geratuko dela. Konpainiak orain saltzen ari diren petrolioa lehen erosia da, eta petrolioaren prezioa hor behean egonkortzen ez den bitartean, normala da gasolina ez asko merkatzea, eta hori ere kontuan hartu behar da. Petrolioaren prezioak hor behean egonkor jarraitzen badu denbora batez, ez da arrazoirik izango gasolina nabarmen ez merkatzeko. Baina zentzuzkoa da 2-3 hilabete pasatzen uztea, gai horren inguruan eztabaidatzen ari baitira analistak.

BPGren % 60 kontsumotik datorrela esan duzu. Gehiegi kontsumitzea ona da ekonomiarentzat, txarra da... zer da?

Txarra da, desorekak sortzen baditu. Ekonomia batean % 10 igotzen ari bada urteko kontsumoa per capita errenta % 12 igo delako, igoera horrek ez nau kezkatzen. Horrek aitzinatuko du ekonomia. Baina errentak ematen duen baino gehiago igotzen bada kontsumoa, eta herritarrek aurrezteari uzten badiote, hori gaurko asea da, baina biharko gosea. Ameriketako Estatu Batuetan, pertsonen aurrezki tasa zero da. Horri ezin zaio eutsi. Aurrezki maila horietatik abiatzen denak, berriz zerbait aurreztu ahal izateko, kontsumitzeari utzi behar dio, eta kontsumoak behera eginez gero, oraintsu arte egoera oparoa izan dena krisi egoera bihurtzen da berehala. Beraz, hobe da kontsumo eredu dinamikoak edukitzea, neurtuak beti, eta ez gaur gorakada izugarria gertatzea eta bihar erabat finko geratzea, bai goian edo bai behean.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto