Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Elikadura eta Nutrizio Segurtasuneko Espainiako Agentzia (AESAN) ikerketa epidemiologiko bat egiten ari da, jakiteko zein diren arrisku kardiobaskular nagusiak Espainiako biztanle helduetan. Honako erakunde hauek ariko dira Elikaduraren eta Arrisku Kardiobaskularraren Azterketa egiten(ENRICA): Sanofi-Aventis osasun konpainia, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Bartzelonako Hospital Clínic.
Lehen egin izan diren azterketetan, arrisku kardiobaskularren faktoreak nola banatzen diren jakin ahal izan zen, eta, orain, ENRICAri esker, informazio hori datu berriekin osatu ahal izango da, elikadura motari eta gizentasunari buruzko datuekin, hain zuzen. Hori lortu ahal izateko, inkesta bat egingo dute Espainia osoan (2009ko azaroan bukatuko dute): 14.000 pertsona adierazgarri hartuko dituzte, 18 urtetik gorakoak eta instituzionalizatu gabeak.
Datu horiek guztiak aztertuta, arrisku kardiobaskularra eragiten duten faktore nagusien inguruko ezagutza epidemiologiko adierazgarria eskuratu ahal izango dute: kolesterolemia, hipertentsioa, diabetesa, ariketa fisikoa, gizentasuna, tabakismoa, eta abar. Eta aurrera begira neurriak hartzeko ere oso lagungarriak izango dira datu horiek, oinarri-oinarrizkoak izango baitira programa eraginkorrak abian jarri ahal izateko eta osasun arazo garrantzitsu horiei aurrea hartu eta tratamendu egokia emateko.
Aholkua: zenbait elikagai oso onak dira bihotzarentzat, eta gure eguneroko dietan leku egin behar genieke: omega 3 gantz azidoak, arrain urdinarenak (intxaurrek ere badute); gantz azido monosaturatugabeak, oliba olioarenak eta aguakatearenak; herdoilaren aurkako gaiak, fruta eta barazkienak (hainbat koloretakoak); magnesioa, nekazaritzako produktuena, fruitu lehorrena eta labore integralena; eta kaltzioa, esnekiena, fruitu lehorrena, lekale eta hosto berdeko barazkiena (nekazaritzako produktuek kaltzio asko dute, baina organismoak ez die ateratzen hainbesteko probetxurik).
Zuntz mota bat dira fruktooligosakaridoak (FOS siglarekin ere deitzen diete). Fruktosa zatiz osatuta daude, eta disolbatu egiten dira. Zenbait barazki eta frutak izaten dituzte FOS kopuru txikiak: txikoriak, alkatxofak, zainzuriak, tipulak, porruak, berakatzak eta platanoak, adibidez. Gure organismoak ezin izaten ditu bereganatu, baina ikerketek erakutsi dute mesede egiten dietela hesteetako bifido-bakterioei, eta horrek zenbait onura ekartzen dizkigula guri. Bifido-bakterioak eskas badabiltza, gerta liteke sabelaldea puztea, dispepsiak agertzea eta idorreria eragitea, eta, beraz, FOSek mesede egin diezaiekete halakoak izaten dituzten guztiei. Elikagai batzuek berez dituzten bezala, beste batzuei erantsi egiten dizkiete FOSak (esnekiei, edariei, haurren jakiei eta argaltzeko dieta-osagarriei), eta, hain zuzen, bifido-bakterioen lagungarri direla esanez egiten dute.
Pediatrek eta elikadura gaietan aditu direnek oso ontzat jotzen dute soja irabiakia ematea behi esnearen ordez. Haur batzuek ez dute maite behi esnea, ez eta esne horrekin egindako elikagaiak ere, eta beste batzuek ezin dute hartu, alergia diotelako laktosari edo euren organismoak jasaten ez duelako (behi esnearen azukrea da laktosa); sojazko edaria hartuta, haur horiek kaltzioa hartzen dute, behar-beharrezkoa baitzaie. Soja edariak ez du kaseinarik, eta laktosarik ere ez, baina kaltzioa bai (gehienetan, gainera, erantsi egiten diote). Dena den, etiketan begiratzea komeni da beti. Kaltzioa ez ezik, oinarrizko aminoazidoak ere ugari izaten ditu soja edariak, eta horiek oso beharrezkoak dituzte haurrak hazten ari direnean. Beraz, oso proteina onak ditu, behi esneak dituenaren parekoak. Izaera oneko gantzak ditu, kolesterolik gabea da eta, proportzioan, gantz saturatugabe dezente ditu (gantz onak dira horiek).
Elikagaiek, berez, ez dute ez gizentzen, ez argaltzen. Eguneroko dietan jaki bakoitzetik zenbat jaten dugun, hainbeste kaloria gureganatuko ditugu, eta gehiegi jan badugu, pisua hartuko dugu noski.
Azalak eta mamiak ez dute kaloria kopuru bera. Bietatik kopuru bera jango bagenu, azalak kaloria gehiago emango lizkiguke; izan ere, azala deshidratatua dago eta ur gutxiago du, eta, beraz, karbohidrato gehiago hartzen ditu (kaloria gehiago, beraz). Baina mamiarekin ere kontu izan behar da: mamiak asko xurgatzen du, azalak baino gehiago, eta mamia saltsatan busti eta busti ari bagara, kaloria mordoa hartzeko arriskua dugu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa