Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

TDT sintonizagailuak (lurreko telebista digitala): Batzuek zazpi segundo behar dituzte kanal batetik bestera joateko

Tresnarik garestienak eman ditu laborategi-emaitza txarrenak eta jendeari ere huraxe gustatu zaio gutxien. Gehienak ezin dira erabat itzali, eta, beraz, askoz elektrizitate gehiago kontsumitzen dute

 Telebista analogikoa behin betiko itzaltzear dago Espainian. Bi urte igaro baino lehen, lurreko seinale digitalaren bidez iritsiko dira telebista kateen emankizunak (TDT bidez, alegia). Kate gehiago ikusteko aukera izango da, baina telebistazaleek egokitu egin beharko dute, ezinbestean: seinale horiek harrapatzeko tresnak erosi beharko dituzte edo telebista berriak, sintonizagailu eta guzti datozenak. Antena egokitzea ere beharrezko izango da, baina hori, gehienetan, etxejabe elkartearen esku geratzen da.

Zortzi TDT sintonizagailu eraman ditugu laborategira, eta erabilera proba ere egin diegu. 38,90 euro balio izan dute merkeenek, Puffins eta Sunstech etxekoek, eta 69 garestienak, Axil etxekoak (hain zuzen, horrek lortu du emaitzarik txarrena erabilera proban). Kalitate-prezioak aintzat hartuta, Televés etxekoa nabarmendu da besteen gainetik: erdi pareko prezioa du (55,50 euro), besteek baino hobeto funtzionatu du seinalea hartzerakoan, irudien kalitatea ere besteek baino hobea eman du, eta bigarren geratu da erabilera proban (8,1 puntu eman dizkiote 10etik). Gainera, gutxien kontsumitzen duenetakoa da, eta erabat itzal daiteke.

Axil sintonizagailuak kontsumitzen du gehien (10,6 W martxan dagoela, eta 9,8 W pausaldian); martxan jarrita, Sanyo etxekoak behar du energia gutxien (4,8 W), eta pausaldian, Televés etxekoak (2,2 W). Energia aurrezteko, ordea, tresna itzaltzea izaten da onena erabili behar ez denean. Aztertu ditugun zortzi tresnetatik bost ezin dira itzali (Philips, Sanyo, Puffins, Siemens eta Axil), soilik pausaldian jar daitezke edo stand by egoeran. Tresna horiek argindarrik kontsumitu ez dezaten, deskonektatu egin behar dira (lokia atera). Har dezagun kontuan familia bakoitzak, batez beste, hiru ordu eta erdiz ikusten duela telebista egunean, eta egin ditzagun kalkuluak. Erabat itzaltzen diren hiru tresnetako edozein egunero lau orduz piztuta edukiko bagenu eta 20 orduz itzalita, urtebete osoan, euro bat gastatuko luke elektrizitatetan. Axil sintonizagailuarekin, aldiz, 9,75 euro beharko genituzke urtean, pausaldian egiten dituen 20 orduetan kontsumitzen duenaren eraginez. Espainian, guk aztertu ditugun sintonizagailuen moduko 5,5 milioi daude, eta urtearen buruan 24 milioi euro aurrezteko modua egongo litzateke halako tresnak itzali ahal izanez gero (elektrizitate kontsumo guztiaren % 0,08).

Ezohiko funtzio eta osagarriak

Tresna guztiek badute teletestua, kateak bilatzeko sistema automatikoa edo azpitituluentzako euskarria (kate askok jatorrizko bertsioan ematen dituzte TDT bidezko filmak, azpititulu eta guzti, hala nahi duenarentzat); horiez gain, ordea, beste zenbait funtzio gehigarri ere baditu tresna bakoitzak, irudia izoztu edo gelditzeko aukera, adibidez (Philips eta Axil etxekoek izan ezik, beste guztiek badute). TDT bidez jolasak emateko aukera ere badute orain telebista kateek, eta guk aztertu ditugunetatik, lauk eskaintzen dute funtzio hori: Bestbuy, Puffins, Sunstech eta Televés etxeetakoek. Funtzio gehien Televés etxekoak eskaintzen ditu; kanalak automatikoki ordenatzen ditu (Axil etxekoak ere bai), eta irudia handitzeko aukera ere badu (zooma). PIP (Picture in Picture) funtzioa duen tresna bakarra egokitu zaigu, Axil etxekoa, eta horri esker, aldi berean bi kate ikus daitezke (erabilgarria da iragarki tarteetarako).

Axil, Televés, Sunstech, Philips, Puffins eta Bestbuy etxeetako tresnek soinu irteera digitala dute, eta, hartara, "home cinema" tresnetara konektatzeko aukera ona eskaintzen dute. Sanyo eta Siemens etxekoek soinu irteera analogikoa dute, eta Televés eta Axil-ek ere badute aukera hori. Guztiek dakarte argibide liburua eta urrutiko kontrolagailua, pila eta guzti. Philips eta Siemens etxekoek kable eurokonektorea ere eskaintzen dute (ezinbestekoa da tresna telebistari lotzeko), eta Axil etxekoak, antena kable txiki bat. Pisuan eta neurrian alde handia dago tresna batetik bestera (Axil-ek 1,10 kg eta Philips-ek 350 g), baina alderdi horrek ez du aparteko garrantzirik, behin instalatu ondoren ez baita tresna hara eta hona mugitzen ibili beharrik.

Urrutiko kontrolagailua

TDTan telebista kate gehiago ikusi ahal izaten da, eta, segur aski, lehen baino gehiago erabili beharko dugu urrutiko kontrolagailua. Baina sintonizagailu guztiek ez dute denbora bera behar izaten kate batetik bestera joateko. Philips-ek 3,53 segundo behar ditu, eta Puffins-ek ia zazpi segundo. Kontrolagailuaren zenbakiak sakatuta egin dugu proba, kateak banan-banan igo edo jaisteko botoiekin ez baitute hartzen hainbesteko denborarik.

Urrutiko kontrolagailu guztiak ez dira berdin sendoak, eta hori neurtzeko proba hauxe egin dugu: ehun aldiz utzi ditugu erortzen, sofatik lurrera joango balira bezala. Guztiek ongi erantzun diote probari, baina Siemens eta Puffins etxekoei pilen tapak askatu zaizkie. Seinale infragorriaren eraginkortasuna ere ez da bera izaten kontrolagailu guztietan, angelu batzuetatik ez baita iristen sintonizagailura. Aurrez aurre jarrita, guztiek ongi funtzionatu dute, baina seinalea alboetatik bidalita, batzuek ez dute egin. Prozedura hau erabili dugu hori egiaztatzeko: sintonizagailutik hiru metrora jarri ditugu kontrolagailuak, aurrez aurre, eta alboetara eraman ditugu poliki-poliki, harik eta seinalea iritsi ez den arte. Siemens-ek eman du funtzionamendu-angelu txikiena (36 º-koa; metro bat baino gutxiago alboratuta, funtzionatzeari utzi dio), eta Sanyo-k handiena (68 º-koa). Beste bostek metro eta erdi alboratutakoan utzi diote funtzionatzeari (53 º).

Kontrolagailuen letrak eta zenbakiak ezabaezinak diren ere aztertu dugu. Zortzi gailuek gainditu dute lehen proba (hexano izeneko disolbagarri organiko batean zapia busti eta igurtzi egin ditugu, 15 segundoz), baina ez bigarrena. Liz-paperarekin igurtzi ditugu bost segundoz, eta Siemens, Televés eta Sanyo etxekoek soilik gainditu dute proba. Puffins etxeko kontrolagailuari ezabatu egin zaizkio grafia guztiak, eta gainerakoek tonu pixka bat galdu dute (Bestbuy, Axil, Philips eta Sunstech).

Segurtasuna eta bateragarritasun elektromagnetikoa

Tresna guztiek gainditu dituzte proba elektrikoak, eta seguruak direla esan beharra dago. Segurtasun elektrikoaren araudiari jarraituz eginak daudela egiaztatu dugu, eta beste bi proba ere egin dizkiegu. Berogailu baten barruan sartu ditugu 7 orduz, 70 ºC-tara, eta bat bera ere ez da deformatu, eta ongi funtzionatzen jarraitu dute gero. Bestbuy etxekoa izan da salbuespena (pantaila hegala harrotu zaio). Tresnak zenbat berotzen diren ere aztertu dugu, batik bat gaizki haizeztatuta egon litezkeen lekuetan. Siemens etxekoa berotu da gehien, baina guztiek gainditu dute proba.

Deskarga elektrostatikoren bat gertatuz gero, sintonizagailuek kalteak jasan ditzakete, eta guk aztertu nahi izan dugu nola erantzuten dieten tresna horiek halako gorabeherei. Berrogei deskarga inguru egin dizkiogu tresna bakoitzari, leku desberdinetan, eta guztiek erantzun dute ongi. Sunstech, Philips, Puffins eta Axil etxeko tresnetan, hala ere, gorabeherak izan ditu irudiak deskarga egiten ari ginenean; deskarga bukatuta, berriz, bere onera etorri da irudia.

Kalitate orokorra

Proba guztiak egin ondoren, emaitza guztiak neurtu eta alderatu ditugu, eta horrela jakin ahal izan dugu zein sintonizagailu den onena teknikoki. Garestienak lortu du emaitza orokorrik kaskarrena, Axil etxekoak (6,8 puntu 10etik). Beste zazpi tresnek 7 puntu baino gehiago atera dituzte, eta, gehien, Televés etxekoak: 8,1 puntu.

Kontsumitzaileen iritzia

 Tresna horiek erabiltzeko ohitura duten zortzi erabiltzaile hautatu, eta zortzi sintonizagailu digitaletako bakoitza erabiltzeko eskatu diegu, eta zenbait alderdiri puntuak emateko, 1etik 10era. Tresna guztiek gainditu dute proba hori, baina alde nabarmenak izan dira batzuen eta besteen artean. Erabiltzaileei Philips etxekoa gustatu zaie gehien (8,4 puntu 10etik): erosoa eta erabilerraza iruditu zaie, eta asko gustatu zaizkie produktuaren aurkezpena eta kanpo itxura. Axil etxekoa, berriz, beste guztiak baino deserosoagoa iruditu zaie, okerrago hornitua, argibide ilunenak dituena eta irudi kalitate txarrena ematen duena. Ondorioz, tresna horrek lortu ditu puntu gutxien (6,9). Televés etxekoari 8,1 puntu eman dizkiote, eta asko eskertu dute argibide ulerterrazak ematea, ongi hornitua egotea eta irudi kalitate ona eskaintzea. Sanyo-k hogei kate soilik harrapatu ditu, eta beste guztiek 25. Puffins etxeko tresnari 7,7 puntu eman dizkiote erabiltzaileek, eta merkeenetakoa izan arren, emaitza oso ona atera du, onenetakoa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto