Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hainbat motatako arrautzak: Freskoak eta salmonelarik gabeak, baina kalitate gabeziekin

Ohiko arrautzak ez ezik, beste hauek ere aztertu ditugu: landa oiloenak, "lurrean" hazitako oiloenak eta omega 3rekin aberastutako arrautzak. Handienak eta garestienak izan dira kalitate txarrenekoak, XL neurrikoak. Gabeziak agertu dira kalitatean eta etiketetan

 Hogeita lau arrautza ontzi aztertu ditugu (360 arrautza), A mailakoak eta Espainia osoan lan egiten duten bost markak ekoitziak. Hamalau ontzik ohiko arrautzak eduki dituzte, eta horietatik lau izan dira XL neurrikoak (oso handiak), bost L neurrikoak (handiak) eta beste bost M neurrikoak (erdi parekoak). Landa oiloen arrautzekin, lau ontzi erabili ditugu, L eta M neurrikoak; beste bost ontzi omega 3z aberastutako arrautzekin hautatu ditugu, horiek ere L eta M neurrikoak; eta azken ontziak, "lurrean" hazitako oiloen arrautzak ekarri ditu.

Ohiko arrautzak dozenaka etorri dira ontzi gehienetan, baina baziren bestelakoak ere. Omega 3 motakoak, landako arrautzak eta "lurrean" hazitako oiloenak, berriz, dozena erdiko ontzietan etorri dira guztiak. Ontzi guzti-guztiak kartoizkoak izan dira, edo erretraktilatuak, kartoizko oinarriarekin; ontzi batzuk zinta moduko batez bilduta egon dira eta beste batzuk ez. Gure azterketan, arrautzen neurria eta prezioa eskutik doazela ikusi ahal izan dugu: zenbat eta handiagoa arrautza, orduan eta garestiagoa. XL neurrikoetan, batez beste, 0,22 euro balio du bakoitzak, L neurrikoetan 0,14 euro eta M neurrikoetan, 0,13 euro. Landako arrautza bakoitzak 0,23 euro balio du, batez beste, omega 3 motakoak 0,17 euro eta "lurrean" hazitako oiloenak 0,19 euro.

 Laborategian ez ditugu aztertu arrautza horien guztien elikadura osagaiak, arrautza mota desberdinak izanik ere, ez baita izaten alde nabarmenik batzuen eta besteen elikagaietan (proteinak, karbohidratoak, gantza, bitaminak eta mineralak). Omega 3 gantz azidoak eta E bitamina osagai moduan agertu izan dituzten arrautzetan, berriz, aztertu egin ditugu bi osagai horiek.

Salmonelarik gabeak, baina hainbat gabeziarekin: etiketak eta beste

Gure azterketak utzi digun ondoriorik nabarmenena hauxe izan da: salmonelarik ez diogu antzeman 360 arrautzetako bati ere, eta, beraz, higiene egoera eta osasun alderdia oso egoki zaintzen dela azpimarratu behar da. Emaitza ona da oso, eta sektore guztiaren pozgarri izan behar luke. Baina bestelakorik ere bada, ordea (ez hain ona): erdiek baino gehiagok (% 54) gaizki emana dute etiketa, eta arrautza mota guztietan ageri da, gainera, arau-hauste hori. Eta bi ontzitan, bestelako arau-hauste bat ere nabarmena iruditu zaigu: Coren etxeko L neurrikoetan eta Matines etxeko M neurrikoetan, hainbat arrautzatan ezin izan dugu irakurri zer jartzen zuen, eta arauak onartzen du hori hala izatea, baldin eta ez bada gertatzen arrautzen % 20tan baino gehiagotan. Bi ontzi horiek, ordea, gainditu egin dute ehuneko hori. Arrautza guztien etiketak ongi emanak -arauak agindu bezala- eduki dituen etxe bakarra aurkitu dugu: Cantos Blancos.

Kalitate gabeziak ere asko samar egokitu zaizkigu, eta hori ez da seinale ona. Arrautzen % 70ek eduki dituzte arauak onartu baino gabezia gehiago. Gutxienez, oso arrautza gutxi agertu zaizkigu apurtuta (gehien zituenak ere, % 3 baino ez). Gehienbat zikinkeria aurkitu dugu, azal batzuk pitzatuta egon dira eta 6 milimetrotik gorako aire kamera eduki dute arrautzek (fresko-freskoak ez direla salatzen du horrek). Ohiko arrautzetan, garestienek erakutsi dute gabezia gehien, Matines etxeko XL neurrikoek (0,26 euro balio du arrautza bakoitzak). Beste gabezia batzuk, berriz, mota guztietako arrautzek ekarri dituzte, eta guztiek ere kopuru bertsuan: ohiko arrautzetan, % 24 izan dira akastunak, % 23 landakoetan eta % 18 omega 3 motakoetan. Guztiak antzera, eta guztiak arauaren gainetik (arauz, % 14 izan daitezke akastunak). Argi dago, beraz, arrautza hauek ez direla erabat biribilak, eta badutela zer hobetua etiketari eta kalitateari dagokionez.

Fresko-freskoak

Arrautzen freskotasuna ere proban jarri dugu, eta 24 ontzietakoek gainditu dute azterketa. Zenbait arrautzak 6 mm-tik gorako aire kamera izan dute, baina, batez beste, ongi gainditu dute bai proba hori, bai freskotasuna neurtzeko erabiltzen diren beste batzuk ere. Hauexek izan dira freskoetan freskoenak: Cantos Blancos etxeko hiru ontzi (ohikoen L eta M neurrikoak eta "lurrean" hazitako oiloenak), Pitas-Pitas etxeko ontzi bat (ohikoak, M neurrikoak) eta Matines-en landakoak.

Oiloak hazteko sistemak (kaiolan, landan, "lurrean") oso eragin gutxi dauka arrautzen merkatu kalitatean. Baina neurriak badu eragina, eta ez nolanahikoa, gainera: zenbat eta handiagoa, orduan eta kaskarragoa. XL neurrikoetan, % 37k eduki dituzte kalitate gabeziak, % 23k L neurrikoetan eta % 15ek M neurrikoetan. Badago arrazoi bat hori hala izan dadin: oilorik zaharrenek erruten dituzte arrautzarik handienak, eta arrautza horien azala besteena baino finagoa eta hauskorragoa da, eta ez hain isolatzailea.

Arrautzak markaren arabera aztertuta, hiru etxeren arrautzek, proportzioan, beste etxeetakoek baino kalitate gabezia gehiago agertu dituzte: Matines (% 30), Pitas-Pitas (% 25) eta Dagu (% 23). Cantos Blancos etxekoak geratu dira beste muturrean; arrautzen % 12k izan dituzte gabeziak (arauak % 14ko muga jartzen du). Zehaztapen bat egin beharra dago, hala ere: etxe horretako lau ontzietatik bik soilik bete dute araua (M neurrikoek eta lurrean hazitako oiloen arrautzek), eta beste biek gainditu egin dute arauak onartzen duen ehunekoa, gutxigatik bada ere (L neurriko ohiko arrautzetan, % 15ek izan dituzte gabeziak, eta omega 3 motakoetan, % 17k).

Arrautzen pisuaren inguruko zehaztapen eta salbuespenak ere ezartzen ditu arauak, eta guk horri ere erreparatu diogu: arrautzen % 10ek eduki dezakete beren neurriari dagokien pisua baino txikiagoa, horixe dio legeak, eta 24 ontzietatik, hiruk ez dute bete. Hirutik bitan, ordea, etiketak izan du akatsa, ez arrautzek; L neurriko landa arrautzak ziren, eta ohiko arrautzak zirela jartzen zuen ontzian, XL neurrikoak.

Omega 3 eta E bitamina

Arrautza batzuek omega 3 gantza erantsita dute (gantz osasungarria da hori), eta gure azterketak erakutsi du kopuru egokian dakartela, eta ez hori bakarrik: etiketak esaten duen baino gehiago ere badute. Gainerako guztian, ohiko arrautzen berdin-berdinak dira omega 3 motakoak, ez dute beste alderik. Omega 3 gantza elikagai ona da, baina arrain urdina jatea da hori hartzeko modurik merke eta errazena, ugari izaten baitute omega 3 gantza. Mota horretako arrautzek halako bost du atunak omega 3, eta izokinak, berriz, arrautzek halako hamar. Omega 3 bezala, E bitamina ere erantsia dute arrautza batzuek (bi ontzik adierazten dute hori, biak ere omega 3 motako arrautzekin); bitamina erantsirik ez dutenek halako hamar daukate.

Kalitate-preziorik onenak

Cantos Blancos etxeko ohiko arrautzek dituzte kalitate-preziorik onenak, M neurrikoek: merkeenak dira, freskoenetakoak, kalitate gabezia gutxien dituztenetakoak eta, gainera, etiketa ongi eman dute, bai ontziak eta bai arrautzek. Landa arrautzen artean, Matines etxekoak nabarmendu behar dira, eta omega 3 motakoetan, Pita-Pitas etxekoak.

Arrautzak: ez da falta galderarik

Arrautza handiak hobeak dira?

Guztiz bestela da: zenbat eta handiagoa arrautza, orduan eta kalitate gutxiagokoa. XL neurrikoetan, % 37k agertu dituzte kalitate gabeziak, L neurrikoetan % 23k eta M neurrikoetan, % 15ek. Oiloa zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta arrautza handiagoak erruten ditu, eta arrautza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta meheagoa eta hauskorragoa du azala, eta gutxiago isolatzen du.

Gorringoa zenbat eta gorriagoa, orduan eta hobea da arrautza?

Gorringoaren koloreak ez du zerikusirik ez kalitatearekin, ez zaporearekin; ekoizlearen esku egoten da askotan gorringoaren kolorea: oiloen pentsuari karoteno pigmentuak botatzea aski du kolorea manipulatzeko.

Hain elikagai ona da arrautza?

Bai, elikadura aldetik balio handia du arrautzak, eta kaloriak, berriz, gutxi (150 kaloria, ehun gramo bakoitzeko). Ezaugarri horrek are mesedegarriago egiten du arrautza, eta, adibidez, pisua kontrolatzeko egiten dituzten dietetan ere jartzen dute. Haur batek edo gorputz ertaina duen pertsona batek hiru edo lau arrautza jan behar lituzke astean, eta gorputz handia duen batek edo ariketa asko egiten duenak, sei edo zazpi ere bai. Elikagaien artean, arrautzak ditu balio biologiko handieneko proteinak (osagai guztien % 13 dira proteinak), haragiarenak baino osatuagoak, proportzio egoki-egokian biltzen baititu zortzi aminoazido oinarrizkoenak. Gantzak % 10 ditu eta horietatik, % 32 soilik dira saturatuak; beraz, lipidoen izaera aski egokia da. Bitamina liposolubleak ere baditu arrautzak. D bitamina, esaterako, oso egokia du gantz gutxiko dietak egin behar dituztenentzat. Mineralen alderdia ere aipagarria du, eta, besteak beste, fosforoa, sodioa, potasioa eta zinka nabarmendu behar dira, eta selenioa ere bai, herdoilaren kontrako gai ona baita, baina ez bakarra: luteina eta zeaxantina ere baditu, eta horiei esker, argiaren herdoiletik babesten ditu erretinaren erdigunea eta kristalinoa. Bi elikagai horiek, gainera, lagungarriak dira zahartzaroko makula degenerazioari aurre egiteko (adinarekin, ikusmena galarazten du gaixotasun horrek). Kolina ere ugari izaten du arrautzak, eta gai horrek mesede egiten dio gibelari, ongi funtziona dezan.

Kolesterol asko dauka arrautzak?

Bai, baina lehen uste izaten zen kolesterol asko daukaten elikagaiek handitu egiten dutela plasma kolesterol osoa, baina eragina ez da hainbestekoa. Hiperkolesterolemia kontroletan badira gehiago eragiten duten faktoreak, batik bat, gantz saturatu eta trans gantzen eta gantz polisaturatugabeen arteko proportzioak (lehen biak gantz kaltegarriak dira, eta besteak osasungarriak). Arrautzak, berez, gantz osasungarriak ditu. Gainera, lezitina ere badu, eta gai horrek odolean eusten dio kolesterolari, eta ez dio uzten arterien paretetan pilatzen. Arrautza neurrian jan behar dute hiperkolesterolemia dutenek, baina ez dute zertan arrautza jateari utzi.

Arrautzari alergia dioten haurrak

Urtebetetik bi urte bitarteko haurretan, arrautza da elikagairik alergenikoena. Alergia mota hori dutenek ezin dute arrautzarik jan, baina ez da hor bukatzen horien arazoa, arrautza ez janagatik ere, hainbat eta hainbat elikagai egiteko erabiltzen baitira arrautza bera eta haren osagaiak; beraz, zaila gertatzen zaie inolako arrautzarik gabeko dieta egitea. Zorionez, bi edo hiru urte egin ondoren, arazoa gainditu eta haur gehienek jan ahal izaten dute arrautza.

Zergatik daude omega 3 motako arrautzak?

Urte askoan esan izan delako arrautzak kolesterola igotzen duela, eta itzal hori gainetik kendu nahian, arrautzak dituen gantzen izaera aldatu nahi izan du elikadura industriak, eta bai lortu ere; teknologiari esker, omega 3 gantz azidoen kontzentrazioa handitu dute, horiek mesede egiten baitiote osasun kardiobaskularrari. Eta nola egin duten hori? Oilo pentsuen osagaiak aldatuta (arrain olioak, algak edo liho haziak nahasten dizkiote pentsuari, horiek berezkoa baitute omega 3 gantza).

Arrautzaren koloreak badu zerikusirik kalitatearekin?

Azalaren kolorea zuria edo ilunagoa izan daiteke, oiloa zein arrazatakoa den. Koloreak ez du inolako zerikusirik kalitatearekin edo zaporearekin.

Oiloen ongizatea?

Oiloek libre ibili nahi dute, lurreko jakiei mokoka, lumak dotore-dotore jarri, lur bainuak hartu, makila baten puntara arriskuren bat ikusten dutenean, eta beren habia ere egin nahi izaten dute, arrautzak han erruteko. Kaiolan dauden oiloek, ordea, ez dute halako zorionik, eta, hain justu, merkatuko arrautzarik gehienak oilo kaiolatuek jartzen dituzte. Gehienak bai, baina ez guztiak. Landako arrautzak ere hor daude, oilo askeen emaitza. Egokitu gabeko kaiolak erabiltzen dituzten oilo haztegietan (legez kanpo geratuko dira 2012. urtean), hegazti bakoitzak 550 cm koadroko eremua du beretzat (folio bat baino gutxiago). Kaiola egokituak erabiltzen dituzten haztegietan ere ez dute askoz leku gehiago: 600 cm koadro.

Lurrean hazitako oiloak, berriz, pabiloietan edukitzen dituzte: bederatzi hegazti, metro koadro bakoitzeko; beraz, 1.100 cm koadro uzten dizkiote oilo bakoitzari, kaiolan halako bi. Produkzio sistema, ordea, ez da hain makurra oilo guztiekin, eta eskuzabal jokatzen du landa oiloekin. Eremu ireki batera sartzeko modua izan behar dute landa oiloek, nahi dutenean hara joan ahal izateko, nahiz eta ekoizleek mugak jar ditzaketen hor ere (goizetan harako sarbidea itxita eduki dezakete tarte batez). Eremu libre horietan, lau metro koadro eduki ditzake oilo bakoitzak, gehienez ere (kaiolan dagoen batek halako 67, eta lurrean hazitako batek halako 36). Landako arrautzak erosita, beraz, oiloak hobeto egon daitezen lagunduko dugu. Zertxobait gehiago ordainduta, betiere, landako arrautzak, pentsatzekoa den bezala, besteak baino garestiagoak baitira, ez, ordea, irudi lezakeen bezain garestiak. Landako arrautza bakoitzak (L edo M neurrikoak dira beti) 0,23 euro balio du, batez beste, kaiolan hazitako oiloek jartzen dituzten arrautzarik handienek (XL) baino zentimo bat gehiago, eta lurrean hazitako oiloenek baino lau zentimo gehiago; ohiko arrautzekin alderatzen baditugu, ordea, aldea nabarmenagoa da (L neurrikoek 0,14 euro balio dute, eta M neurrikoek 0,13 euro). Prezioan badago aldea, bai, baina elikadura osagaietan ezta bat ere. Landako arrautzen balioa ez dago elikadura alderdietan, ikuspegi kultural eta ekologikoan baizik: landan hazitako oiloak hobeto bizi dira.

Arrautza frijituek asko gizentzen dute, eta traba dira digestioa egiteko

 Digestioa egiteko erraztasuna edo zailtasuna norberaren baitan dago, eta arrautza prestatzeko moduak ere badu zerikusia. Arrautza egosia janda errazago egingo dugu digestioa, arrautza frijitua janda baino. Arrautza frijituak zertxobait gehiago izaten du gantza, baina ez jendeak uste duen bezainbeste, zartaginera olio asko botata ere, arrautzak ez baitu oliorik xurgatzen muga batetik gora. Arrautza frijitu batek, olioa ongi kendu ondoren, 35 kaloria gehiago ematen ditu arrautza egosi batek baino.

Gordinik gehiago elikatzen dute

Hori ez da hala. Arrautza gordina ez da lehen uste zen bezain elikagai ona, eta, gainera, arriskutsua da, salmonelarik izango balu, toxikatu egingo ginatekeelako (beroak, ordea, jarduerarik gabe uzten du bakterioa). Arrautzak izaten duen proteinak beroa behar du koagulatzeko, bestela gure organismoak ez baitio etekinik ateratzen

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto