Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gure autoa behin betiko kendu nahi badugu, Trafiko Zuzendaritzak horretarako jarri dituzten gune berezi-berezietan egin dezakegu orain: doakoa da, sinplea eta ekologikoa
Hainbat urtez gurekin ibili ondoren, bidezkoa da autoa behar bezala agurtzea, modu ekologikoan, alegia. Ingurumenak eskertuko digu, zalantzarik gabe. Gure ibilgailua onenak emanda badago eta errepidetik kendu nahi badugu, zenbait betebehar ezartzen dizkigu legeak 2004. urteaz geroztik, gure ibilgailuaren hondakin kutsatzaileak esku onetan gera daitezen. Guztietan garrantzitsuena honako hau da: Tratatzeko Gune Baimenduetara bideratu behar dugu autoa, bai guk eramanda edo bai autoak biltzen dituzten guneetan utzita, eta han, ingurumen legeei jarraituz kudeatuko dituzte autoa eta haren osagaiak. Gure autoak hamabost urte baino gehiago baditu, ez dugu ezer ordaindu beharrik izango hori egiteagatik. Ingurumena zaintzeko prozesu honetan, erabiltzailearena da erantzukizuna.
Auto zaharra kendu nahi badugu, Tratatzeko Gune Baimendu batera eraman beharko dugu, edo autoak biltzen dituen guneren batean utzi, haiek eraman dezaten. Horretarako, lehenik eta behin, gure inguruan halako gunerik baden edo ez jakin beharko dugu trafico.es helbidean agertuko zaigu gune baimenduen zerrenda). Nahi izanez gero, kudeatzaile agentzia baten esku utz dezakegu guztia, ordainduta noski.
Jabe pribatua izaten dute, eta beren jarduera ekonomikoa autoen merkatuari lotuta dagoenez, autoak hartzen dituzte bolada baterako, eta gero, tratatzeko guneetara bideratzen dituzte, han gai kutsatzaileak ken diezazkieten. Auto ekoizleak, auto saltokiak, autoak desegiteko eta zatikatzeko lekuak... horiek izaten dira autoak biltzeko guneak. Auto ekoizleen ardura da, adibidez, merkaturatzen edo merkaturatu dituzten markak jasotzea eta autoak biltzeko guneak prest edukitzea Espainia osoan.
Inprimaki bat bete beharko dugu -ofiziala, noski-, eta han eskatuko dugu autoa ez dadila gehiago agertu gure izenean (jabearen datuak eta sinadura jarri behar izaten dira). Ondoren, gunea bera arduratuko da autoa desegiteaz, eta arauzko desegite-ziurtagiria egingo du, autoa desegin duela baieztatzeko; azkenik, Trafiko Zuzendaritzan jakinaraziko du autoa behin betiko kendu dugula.
Tratatzeko Gune Baimenduak desegite-ziurtagiria egiten duenean, egiaztatua geratzen da autoa han utzi dugula. Autoen erregistroan erakutsi nahi badugu autoa behin betiko kendu dugula, ziurtagiri horrek balioko digu, baina datuak ongi emanda egon behar dute: utzi dugun autoaren datuak, jabearen datuak eta Tratatzeko Gune Baimenduarenak.
Doakoa da. Autoak merkatu baliorik ez badu, jabeak ez du ezer ordaindu behar uzteagatik. Autoak, hala ere, karrozeria eta multzo motobulkatzailea eduki behar ditu gutxien-gutxienez, eta piezaren bat edo osagairen bat desmuntatu beharra izango balitz, hori ordaindu egin beharko luke jabeak.
Ingurumena zaintzeko, autoa tratatzeko gune baimenduetan utzi behar da
Beste ibilgailu batzuk uzteagatik (ziklomotorrak, motorrak eta ibilgailu bereziak), 7,60 euro ordaindu behar izaten dira Trafiko Zuzendaritzan; ingurumen tratamendurako ziurtagiria izanez gero, ez da ordaindu beharrik, eta ibilgailuak 15 urte baino gehiago baditu Espainian matrikulatu zutenetik, orduan ere ez.
Autoak biltzeko guneak 30 egun ditu guk autoa utzi eta Tratatzeko Gune Baimendu batera eramateko. Ziurtagiri bat egin behar izaten dute, eta guri dagokigu eskatzea.
Tratatzeko Gune Baimenduak, bestalde, autoa jasotzen duenean, guk utzita edo autoak biltzeko gunetik eramanda, desegite-ziurtagiria egingo du, doan, eta auto jabeari helaraziko dio. Tratatzeko Gune Baimenduak beretzat hartuko du ziurtagiri horren kopia bat, eta beste kopia bat bidaliko du dagokion autonomia erkidegora, hamabost egun igaro baino lehen.
Trafiko Zuzendaritzan ez dira hasiko autoa kentzeko txostenik egiten, baldin eta lehenago ez badugu erakusten Zirkulazio Zergaren azken ordainagiria. Zerga honek holaxe funtzionatzen du, 36/2006 Legeari jarraiki (azaroaren 29koa da, eta Zerga Iruzurrak Saihesteko Neurriak biltzen ditu).
Azken ordainagiriaren kopia bat eraman behar dugu, baina gauden urte horretako zerga ordaintzeko epea hasi baino lehen egin behar dugu. Trakzio mekanikoa duten ibilgailuei ezartzen zaien zergak kontuan hartzen ditu errepide publikoetan barrena ibiltzeko gai diren ibilgailuak, eta zerga hori ordaindu behar izaten dute urtarrilaren 1ean jabe modura ageri direnek. Autoa behin betiko kendu nahi badugu, ordea, hiruhilekoetan banatzen da ordaindu beharrekoa, eta, beraz, guri legokigukeen zatia ordaindu beharko genuke (Tokiko Ogasun Legeak halaxe zehazten du). Oro har, zergaren adierazpen-likidazio inprimakia bete eta aurkezten dugunean gauzatzen da banaketa hori. Zehatz esateko, Legez, hiru kasu hauetan banatu daiteke zerga hau zatitan: ibilgailua lehenengoz erosiko dugunean edo gure izenean jarri; behin betiko kenduko dugunean; eta behin-behinekoz kenduko dugunean, ibilgailua lapurtu digutelako.
Udalean galdetzea litzateke onena. Nolanahi ere, gauden urte horretako zerga ordaindu ondoren, eta Trafiko Zuzendaritzan autoa kentzeko eskabideak egin ondoren, eskabide hori egin dugula erakusten duten agiriak aurkeztu ahal izango ditugu udalean, eta inprimaki bat bete ondoren, proportzioan dagokizun zatia itzul diezaguten eskatu.
Aseguru konpainiak eta bezeroak beste zerbait adosten ez badute, urte osoko aseguruari dagokion kopurua ordaindu beharra dago.
Aseguru pribatuak antolatzeko araudiak dioenez, kopurua zatiezina da, aldaezina, nahikoa eta zuzena; beraz, konpainiarekin ados jarri bagara urtean kopuru bat ordaintzeko, kopuru hori zatiezina izango da urtebete horretan. Konpainiak aukera eman diezaguke hiruhilekoetan ordaintzeko, seihilekoetan edo hilabeteka, guk errazago aurre egin ahal izateko, baina konpainiek eskubidea dute kopuru osoa jasotzeko.
Onena izaten da argibideak idatziz eskatzea edo erreklamazioa egitea, hori ere idatziz. Fax zertifikatua bidaltzea izaten da egokiena, baina gastu horri aurre egin nahi ez badiogu (22 euro balio du testua erregistratzeak), fax arruntaren bidez egin dezakegu lehen eskaria, baina kopia bat gorde behar dugu, ikusi ahal izateko noiz, nori eta nork bidalia den.
Aseguru konpainiak informazio guztia eman behar liguke, baina, segur aski, asegurua ordaintzeko geratzen zaigun zatia kobratu izango digu kalte-ordainetik, nahiz eta guk autoa kendu, eta horregatik eman izango digu diru gutxiago.
Bezeroak ordaintzen duen guztia ez da izaten konpainiarentzat; zati bat Aseguru Konpentsazioen Partzuergoak hartzen du, eta beste zerga batzuk ordaintzeko ere erabiltzen da beste zati bat. "Erabili gabeko" hilabeteei dagokien kopurua eta deskontuari dagokiona bat ez badatoz, hori izan liteke arrazoia, baina, dena den, aseguru konpainian galdetzea da egokiena.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
Behi haragiz egindako 6 hanburger eta oilasko haragiz egindako beste 6 eskuratu ditugu janari lasterreko kateetan, eta aztertu egin ditugu
Bizikleta kaskoak, haur eta nerabeentzako 8 aztertu ditugu
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa