Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Irudi digitalak antolatzeko sistemak: Oporretako albuma Sarean dabil

Argazkiak gordetzeko modu berriak ekarri ditu mundu digitalak, eta, gainera, azkar eta erraz partekatzeko aukerak

 Txirrikarenak egin zuen, eta geroztik, digitalak dira kamerak. Argazkiak egin eta egin gabiltza, artxiboak pilatzen lehen txirrikak bezala, baina zer egin orain artxibo horiekin? Gogoa non, zangoa han dio esaerak, baina oporrak bukatu dira askorentzat, eta hondartza burutik ezin kendu dabilenak ere lantokirako bidea ibili behar, oinak arrastaka bada ere. Argazkiei begiratzea izan daiteke berriz oporretara joateko modua -opor digitalak!-, baina zer egin hainbeste argazkirekin? Maletak hustu ditugu, baina kameraren memoria txartela gainezka daukagu? Horiek nolabait antolatu beharra dago, eta beste ezertan hasi aurretik, guzti-guztiak ordenagailura ekartzea izango da onena, gero guk nahi bezala antolatzeko: egunaren arabera, tokien arabera, irudietan agertzen den jendearen arabera? Txukuntze lanak amaituta, argazkiak erakusteko garaia heltzen da, eta orain, beste kontinente batetik ere ikus ditzakete.

Kamera guztiek izaten dute programa bat argazkiak ordenagailura ekarri eta norberak nahi bezala antolatzeko. Gehienetan nahikoa izaten da kamera ordenagailuari konektatzea USB kable baten bidez, eta argazkiak batetik bestera pasatzeko botoiari ematea. Programa horiek, ordea, beti ez dabiltza behar bezala, eta gauzarik errazena zailtzeko besterik ez dira izaten batzuetan. Horregatik, kamera konektatzerakoan, hobe da egitea artxibo ugari gordetzeko gailua balitz bezala; hau da, ordenagailuak sinetsi behar du USB memoria arrunt bat (pendrive bat) lotu diogula, eta irudiak eskuz pasatuko genituzke hartara, beste CD batetik edo disko gogor batetik kopiatzen ariko bagina bezala. Onena litzakete ordenagailuak edukitzea memoria txartela irakurriko duen gailua, horrela ez baikenuke ibili beharko kableekin dantzan, eta argazkiak azkarrago joango lirateke batetik bestera: nahikoa genuke txartela kameratik atera, ordenagailuaren irakurgailuan sartu eta argazkiak kopiatzea artxibo-esploratzailetik.

Etxeko ordenagailuek izaten dituzten sistema eragile gehienek badute programaren bat argazkiak antolatzeko. Gai dira, halaber, kamera bat konektatu diogula antzemateko eta handik argazkiak ekartzeko. Windows-en, sistemak berak antolatzen ditu karpetaka, argazkiak atera ditugun egunaren arabera. Mac OS X-en, hori da Mac ordenagailuen sistema eragilea, iPhoto izeneko programak antolatzen ditu irudiak, xehetasun gehiagorekin eta ikusi behar duenak hobeto bereizi ahal izateko moduan. Eta Linux-en hainbat eta hainbat aukera daude, nahiz eta Lphoto den erabilienetakoa.

Argazkiak nola antolatu

Irudi guztiak ordenagailura ekarri ondoren, sailkatu egin behar dira. Argazkia irekitzen dugunean, komeni da etiketaren bat jartzea, argazkiak taldeka bildu ahal izateko; etiketa ez bada, izenburua eta oharren bat ere jar diezaiekegu. Iphotok sistema sinple-sinplea eta ikuserraza eskaintzen du argazkiak sailkatzeko, baina, tamalez, Mac OS X sistema eragilea dutenek soilik erabil dezakete. Windows daukatenentzat, aukera ona izan daiteke Picasa izeneko irudi-antolatzailea jaistea (http://picasa.google.com/intl/es/); doakoa da, eta oso ona irudiak antolatu eta bilatzeko.

Picasak, zehazki, ordenagailuak dituen argazki guztiak identifikatzen ditu, eta erraz ikusteko moduan jartzen ditu, saguaren gurpiltxoarekin erabiltzen den sistema bati esker. Argazki batean klik egin eta irekiko zaigu, eta aukera emango digu titulua jartzeko, deskribapen bat egiteko edo beste album batera eramateko. Aplikazio honek, gainera, modua eskaintzen du irudiak gaika sailkatuta ikusteko, edo dataren arabera, edo diapositiba moduan erakusteko edo konprimituta jartzeko posta elektronikoz bidali nahi baditugu.

Online albumak

 Internet daukaten erabiltzaileek aukera dute sarean beren albuma sortzeko. Merkatuan hainbat zerbitzu daude horretarako, baina Flickr eta Picasa dira ezagunenak. Bi-biek eskaintzen dute bertsio bat doan eta ordainduta bestea (argazki gehiago gorde daitezke azken horrekin, eta doakoak ez dituen funtzioak dauzka). Flickr delakoaren doako bertsioak hilabetean 100 Megabyte igotzera aukera ematen du, hirurogeita hamar argazki inguru, eta 200 irudi soilik erakusten ditu (azken berrehunak).

Flickr-en beste bertsioak, ordaindu beharrekoak -urtean 15 euro dira-, nahi adina argazki igotzeko aukera ematen du, mugarik gabe, eta guzti-guztiak ikus daitezke. Picasak ere badu doako zerbitzua, eta horrek ere muga jartzen dio argazki kopuruari: 250 Megabyte gorde daitezke, 170 argazki inguru. Ordaindu beharreko bertsioan prezio bat baino gehiago dauzka, eta zenbat eta gehiago ordaindu, orduen eta aukera gehiago eskaintzen ditu (urtean 12 euroko kuota du merkeenak, eta 10 Gigabyte jartzen ditu erabiltzailearen eskura).

Flickr-en albumak erabili nahi dituenak, bai doan, bai ordainduta, izena eman beharra du; zerbitzuaren web orrira joan, eta erabiltzaile izena eta pasahitza jarri beharra dago. Hori eginez gero, ez dago eragozpenik argazkiak ordenagailutik erraz-erraz igotzen hasteko, sailkatzeko eta izenburua jartzeko. Lehenago, hala ere, komeni da Flickr-ek berak eskaintzen duen tresnetako bat jaistea, Flickr Uploadr, argazkiak banan-banan igotzen ibili beharrik ez izateko.

Picasak eskaintzen dituen albumak erabili ahal izateko, aurrez irudi-antolatzailea instalatu behar da ordenagailuan. Hori eginda, irudiak banaka edo taldean igo ditzakegu web zerbitzura, botoi bakarrean klik eginda. Nahi adina album sor ditzakegu, baina, noski, doako bertsioa erabiltzen ari bagara, kopuru jakina igotzen utziko digu, ez gehiago. Flickr zerbitzuen bezala Picasan ere, erabiltzaileak aukeratzen du nork ikus ditzakeen argazkiak: egileak soilik (pribatuak), edonork (publikoak) edo talde mugatu batek.

Web zerbitzuen abantailak eta arriskuak

Abantaila asko ematen ditu argazkiak web album batean gorde ahal izateak. Alde batetik, edozein ordenagailuren bidez sar gaitezke albumak ikustera, munduko hainbat bazterretatik. Bestetik, lagunei eta familiako kideei argazkiak erakusteko aukera ematen dute: mezu elektroniko batean adieraziz gero zein web orritan dauden, haiek ere sartu ahal izango dira.

Argazkiak edozeinen eskura jartzeak, ordea, baditu zenbait arrisku ere, eta horiek saihesteko, zehatz eta mehatz adierazi behar dugu argazki bakoitza noren esku jarri nahi dugun: edozeinek ikusteko moduan, edo guk hautatu dugun jendearentzat soilik. Guk ezer esaten ez badugu, eta ezer zehazten ez badugu, igo ditugun irudiak publikoak izango dira, sistemak, berez, denen bistan jartzen baititu argazkiak. Horregatik, komeni da baimena eskatzea irudietan agertzen diren lagunei, baita haien jabetzako gauzak bakarrik ageri badira ere (pribatutasuna, izan ere, oso kontuz hartzekoa da). Salaketa bat baino gehiago jarri izan da alderdi horiek behar bezala ez zaintzeagatik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto