Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Hilean 230 euro balio dute egoitza merkeenek, eta 1.400 euro garestienek. Madril eta Bartzelona dira hiririk garestienak. Tokiak txukun daude eta ongi hornituak, baina gabeziak dituzte pertsona ezinduen irispideetan
Ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak ez daude guztien eskura. Eskola dosier ona behar da lehenik, eta ondoren, diru dezente: hilean 600 euro, batez beste. Eta ezintasunen bat duten pertsonek hori ere ez lukete aski izango, irispideak oso eskasak baitira egoitzarik gehien-gehienetan. Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-ren azterketak; 18 hiriburutako ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak aztertu ditugu, 86 guztira (Espainian daudenen % 20).
Askotariko egoitzak daude, eta prezioak ere askotarikoak dira; zein hiritan hartu nahi den ostatu, eta zein baldintzatan, merkeagoa edo garestiagoa izango da. Aztertu ditugun egoitzetatik garestiena Bartzelonan aurkitu dugu, eta hauxe eskaintzen dute: lagun batentzako logela, bainugela eta guzti, eta mantenu osoa. Eskatu, berriz, 1.418 euro hilean. Egoitzarik merkeena Sevillan aurkitu dugu; lo egiteko lekua eskaintzen dute, ez besterik, eta eskatu, 230 euro hilean.
86 ikasle egoitza eta unibertsitate egoitza bisitatu ditugu, 18 hiritan: Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Granada, Gasteiz, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Salamanca, Santiago, Sevilla, Valencia, Valladolid eta Zaragoza. Publikoak, pribatuak eta kontzertatuak aztertu ditugu; horietatik erdiak baino gehiago mistoak izan dira, baina oraindik ere badago joera sexuak bereizteko: egoitzen ia % 38 neskentzat soilik izan dira, eta % 11, mutilentzat.
Alde batetik, CONSUMER EROSKI-k informazioa galdegin die egoitza horietako zuzendari eta arduradunei. Bestetik, aldizkari honetako teknikariak egoitza horietara joan dira uztailean, bezeroarenak egiten, familiako norbaitek ostatu hartu nahi lukeela eta. Modu horretara, euren begiekin ikusi ahal izan dute zein egoeratan dauden egoitzak eta nola zaintzen dituzten, nola garbitzen, zer zerbitzu eskaintzen duten, zer-nolako irispideak dauzkaten, segurtasuna nolakoa den, zein baldintza jartzen dituzten norbait onartzeko edo zer arau ezartzen dizkieten han bizi direnei.
Batez beste, egoera nahiko apala dela erakutsi du gure azterketak, 'onargarria' baino ez. Murtziakoa eta Gasteizkoa 'oso onak' dira, eta Alacant, Bilbo, Donostia, Kordoba, eta Malagakoa, berriz, 'onak'. Beste hainbat, soilik 'onargarritzat' jo dituzte gure teknikariek (Bartzelona, Madril, Granada, Oviedo, Salamanca, Santiago, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza), eta azken biak, Iruñekoa eta Sevillakoa, ez dira iritsi gutxieneko horretara ere: 'hala-holakoak' iruditu zaizkie.
Atalez atal aztertuta, emaitza onak eman dituzte informazioaren, garbitasunaren eta zerbitzuen atalean (batez beste, egoera 'ona' da). Okerxeago dabiltza segurtasun eta larrialdi neurrietan ('onargarri' baino ez), eta are okerrago irispideetan ('hala-holako' irispideak dituzte, batez beste, gutxienekora ere iristen ez direnak): egoitzen erdiek baino gutxiagok dauzkate ezinduentzat egokitutako gelak.
Unibertsitate ikasketak hasi behar dituenarentzat, asko aldatzen dira gauzak, eta zer esanik ez gurasoen habia lehenengoz utzi beharra suertatzen bazaio. Non biziko den erabaki behar du, eta ostatu bila hasi. Aintzat hartu beharko du zer nahi duen, eta zer ahal duen; askatasuna nahi duen, edo erosotasuna, batetik, eta zer diru gasta dezakeen, bestetik. Aukerak ez dira gutxi: unibertsitate egoitzak, ikasle egoitzak, pisuak, familiak edo unibertsitate klubak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
Behi haragiz egindako 6 hanburger eta oilasko haragiz egindako beste 6 eskuratu ditugu janari lasterreko kateetan, eta aztertu egin ditugu
Bizikleta kaskoak, haur eta nerabeentzako 8 aztertu ditugu
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa