Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gehiago ordainduagatik, ez goaz babestuago: Bizikletan ibiltzeko kaskoak haur eta nerabeentzat

Haur eta gazteen kaskoek oso emaitza onak eman dituzte segurtasun probetan: legeak eskatzen duen baino gehiago babesten dute

 Zirkulazio kodeak aginduta, hiriarteko bideetan bizikletan doanak kaskoa eraman beharra du. Aldapa luzeetan ken daiteke, bero jasanezina egiten duenean ere bai, eta berdin osasun arrazoiren bat tartean denean, baina ez bestela. Beren burua babesteko gailu gutxi dauzkate txirrindulariek, kaskoa da nabarmenena, eta kenduko balute, babesik gabe geratuko lirateke lepotik gora ere. Deserosoa dela esaten dute askok, eta horregatik ibiltzen direla gabe, nahiz eta egungo kasko anatomikoak asko hobetu diren.

Pertsona helduek kaskoa eramatea oso garrantzitsua da, haurrek eta nerabeek eramatea, ezinbetekoa. Adin horietan ikasi behar dituzte zenbait ohitura, eta bizikletan beti babestuta ibili behar dutela erakutsi behar zaie; arriskurik ez dute ikusten, eta, hain justu, bururik arinenak babestu behar dira gehien.

Bizikletan ibiltzeko zortzi kasko aztertu ditugu; haurren kaskoak izan dira lau, 46-54 cm bitarteko burua dutenentzat, eta beste lau, berriz, nerabe edo gazteentzat, 50-61 cm bitarteko burua dutenentzat. Merkeenak 18 euro balio izan du (Ked Joker), eta 39 euro garestienak (Met Formula). Kalitate-prezioetan, Catlike Tiger modeloak eman du emaitzarik onena haurren kaskoetan, eta Bell Cognito B095Y modeloak nerabeen kaskoetan. Merkeenen artean dago bakoitza bere sailean, ongi gainditu dituzte kolpeen aurkako probak, eta atxikitze sistema egokia dute; gainera, arauak agindu bezala jarriak dituzte etiketak eta informazioa, beste guztiek ez bezala.

EN1078 estandarrak zehazten du nolakoa izan behar duen kaskoak. Besteak beste, iraunkorra, pisu gutxikoa, ongi haizeztatua, erraz kendu eta jartzekoa, betaurrekoekin erabiltzeko modukoa eta zirkulazioan dabiltzan ibilgailuen zarata entzuten utziko duena. Horrez gain, 105 graduko ikuspegia utzi behar du ezkerrera eta eskuinera, 25 gradukoa gora eta 40koa behera. Kasko guztiek gainditu dituzte gutxieneko horiek. Gure analisian, beste alderdi hauek ere hartu ditugu aintzat: kokotsaren azpitik pasatzen diren uhalak 15 mm zabal ote diren gutxienez, finkatze sistemak ongi lotuta ote dauden kaskoari eta erraz askatzeko modukoak ote diren. Finkatze sistemaren zati diren elementuak ezin dira izan berde kolorekoak -halaxe dio arauak-, eta gorria edo laranja erabiltzeko gomendioa ematen du. Gomendioak gomendio, guk aztertu ditugun kaskoek kolore neutroa erabili dute zati horietan, beltza, hain zuzen.

Neurri bat baino gehiago

Kaskoak doitu eta egokitu egin daitezke buruaren neurrira. Ked Meggy kaskoak 46 cm-ko zirkunferentzia duen burura egokitzeko aukera ematen du (hori izan da neurririk txikiena). Handiena, berriz, Giro eta Met kaskoek eman dute: 61 cm arteko perimetroa duten buruentzat egokitu daitezke. Garrantzitsuena ez da, ordea, bi muturrak zein diren jakitea; askoz garrantzitsuagoa da kasko bat gai izatea, haurra handitu ahala, haren burura egokitzeko, bestela kasko berria beharko baitu urte gutxi batzuk igaro ondoren. Haurrentzat diren kaskoek, eta nerabeentzat direnek ere bai, neurri bat baino gehiago jartzeko aukera eman behar dute, ez dakien berehala txiki geratu. Met, Giro eta Bell kaskoek zazpi zentimetroko tartea eskaintzen dute neurri txikienetik handienera, eta horiek izan dira moldagarrienak. Spiuk eta Catlike kaskoek lau zentimetroko tartea eskaintzen dute bi neurrien artean.

Kaskoaren pisua ere garrantzitsua da, buru gainean zama handia eramatea traba izan baitaiteke. Haurren kaskoetan, Ked Meggy izan da arinena (191,5 g), eta Spiuk astunena (221,5 g); gazteen kaskoetan, Ked Joker-ek eman du pisu gutxien (232 g), eta Bell-ek gehien (285,5 g). Kaskoen pisua argi eta garbi azaldu behar du etiketan, arauak hala eskatzen duelako. Guztiek jarri dute pisua, baina batzuek gaizki eman dute: Catlike-k dio 199 gramo dituela, baina, egiaz, % 22 gehiago pisatzen du. Bitxiagoa da Ked-ek egin duena: haurren kaskoari eman dion pisua egiaz duen baino dezente handiagoa da (% 20), eta gazteen kaskoari eman diona ere bai (% 17 handiagoa).

Kolpeen aurka

Kaskoek eraginkorrak izan behar dute kolpeen aurka, horien eragina gutxitzeko janzten baitira. Kolpeen aurkako proba egiteko, maniki baten buruan jantzi ditugu kaskoak, eta erortzera utzi ditugu ingude lau baten gainean, lurrera joan izango balira bezala (16,5 km/h abiaduran jo dute lurra); ertz bat edo koska bat jotzean nola erantzuten duten ikusteko, angelu formako ingude baten gainera bota ditugu. Kasko bakoitzarekin bi aldiz egin dugu proba bakoitza, batean bero handi-handia egiten zuela (50 ºC) eta bestean izotza (-20 ºC). Manikiaren buru barrenean azelerazioa neurtzeko gailu bat jarri dugu, galgatze-indarra zenbatekoa izan den jakin ahal izateko. Arauak dio, gehienez, 250 grabitatekoa (g) izan daitekeela galgatze-indarra; hau da, grabitatearen azelerazioa baino 250 aldiz handiagoa. Zortzi kaskoek emaitza onak lortu dituzte: gehienez ezarrita dagoenaren oso azpitik ibili dira.

Kasko bakoitza lau aldiz bota dugu, lurraren eta ertzaren kontra, bai 50 ºC-tan, bai -20 ºC-tan. Haurren kaskoek babes gutxiago ematen dute gazteenek baino (haurren sailean, 137 g eman dute batez beste, eta 122 g gazteen sailean). Spiuk izan da onena haurren kaskoetan (118 g) eta Mickey (149 g) eta Catlike (148 g) geratu dira beste muturrean. Nerabeen kaskoetan, Ked-ek (105 g) lortu du emaitza onena, hark geratu baitu kolpea besteek baino leunago, eta Giro-k (134 g) eman du erantzun apalena.

Proba bakoitzean eta banan-banan zer emaitza eman dituzten ikusiko dugu jarraian: 50 ºC-rekin, ertza jota, Ked Joker (65 g) izan da onena eta Mickey (129 g) kaskarrena. Lurra jota, berriz, Bell-ek (127 g) lortu du kolpea ongien geratzea, eta Catlike-k (189 g) eman du emaitza apalena. Izotzetan, ertza jota, Bell (91 g) et Spiuk (92 g) izan dira onenak, eta Mickey-k (142 g) eman du berriz ere erantzun apalena. Izotzetan lurra jota, Ked Joker (102 g) gailendu da, eta Catlike (178 g) geratu da azkena.

Atxikitze sistemak

Kaskoa sendoa izanda ere, ez du ezertarako balio kolpea hartu eta burutik askatzen bada. Ongi atxikita geratu behar du, eta horixe egiaztatu nahi izan dugu: zer-nolako atxikitze sistema daukan kasko bakoitzak. Kaskoa manikiaren buruan, gorantz egin dugu indarra, kaskoa erauzi nahian. Atxikitze sistema guztiek eutsi diote ongi, eta kasko bat bera ere ez da askatu. Beste proba batean, lau kiloko indarra lotu diegu kokots azpiko uhalei, eta beherantz tira dugu. Hola jakin ahal izan dugu zenbat luzatzen diren uhalak txirrindularia erortzen denean (luzatze dinamikoa da hori, eta 35 mm-koa izan daiteke gehienez), eta bi minutu igarota, berriz neurtu dugu (luzatze estatikoa da, eta gehienez 25 mm-koa izan daiteke). Zortzi kaskoak ibili dira muga horien azpitik, eta tentsio gehien jasan duten unean ere, ongi askatu ahal izan dira itxigailuak.

Etiketa gehienak gaizki emanak daude

Etiketen arloan erakutsi dute hutsune gehien kaskoek. Araua oso zorrotza da: zortzi segurtasun-ohar jarri behar dizkiote kasko bakoitzari, beti eraman ditzaten eta ezabatu ez daitezen; horrez gain, beste zazpi esaldi ere eduki behar dituzte, erabiltzaileak jakin dezan nola aukeratu, jarri eta erabili, eta jakin dezan, halaber, zenbateraino diren eraginkorrak babes sistema horiek eta, kolpe handia izanez gero, zenbateraino saihesten duten txirrindulariak min har dezan. Catlike eta Bell kaskoek soilik eman dituzte ohar guztiak gaztelaniaz, arauzkoa den bezala. Besteen artean, batzuek falta izan dute oharren bat, eta besteek, beste hizkuntza batean jarri dituzte.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto