Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Behi haragiz egindako 6 hanburger eta oilasko haragiz egindako beste 6 eskuratu ditugu janari lasterreko kateetan, eta aztertu egin ditugu: Hanburgerrak: ez dira guztiak berdinak, eta osasun alderdian badute zer hobetu

Batzuek haragi gehiago dute besteek baino, eta hobea. Gantz kopuruan ere alde handiak daude, eta kaloriak eta gantz saturatuak ere ez dituzte berdin. Higiene eta osasun alderdia hobetzeko modukoa daukate hanburger gehienek

 Behi haragiz egindako sei hanburger aztertu ditugu, eta oilasko haragiz egindako beste sei, guztiak ere janari lasterra ematen duten kateetan eskuratuta (Mc Donald's, Burger King eta Kentucky Fried Chicken, besteak beste). 184 eta 328 gramo arteko pisua izan dute, eta batzuk, garestienak, hain zuzen (Tony Romas, Fosters Hollywood eta Vips etxeetakoak), plater osoago baten zati izan dira: patataz lagunduta datoz, entsalada edo saltsa bereziren batekin. Hamabi hanburger horien haragiarekin alderatu ahal izateko, txahalkia eta oilasko paparra erosi ditugu harategian eta zartaginean egin. Laborategian hanburgerra bera aztertu dugu, ogitarteko osoa, eta ez menuaren beste osagaiak. Ez dugu egin dastatze probarik kontsumitzaileen artean, hanburgerrak osagai desberdinekin datozelako, eta kalitate-prezioen araberako sailkapenik ere ez dugu eman.

 Janari lasterra merkea izan ohi da. Horixe du ezaugarri nagusietakoa. Prezioari erreparatuta behiki hanburgerra (4,1 euro, batez beste) zertxobait merkeagoa izan da oilaskoz egina baino (4,3 euro), eta behiki hanburgerrarekin etorri den platera garestiagoa (9,2 euro, batez beste), oilasko hanburgerrarekin etorri dena baino (8,6 euro).

Behiki hanburgerren artean, Mc Donald's-ekoa izan da merkeena (3,32 euro), eta oilaskoz egindakoen artean, Burger King-ekoa (3,17 euro). Behiki hanburger guztien haragiak ezaugarri jakin bat eduki du: haragi xehatuarekin egindako prestakin bat izan dute oinarrian, eta arrautza-irinetan pasatu gabe egon da. Oilasko hanburgerretan ez dugu aurkitu halako antzekotasunik: oilasko haragi xehatua eduki dute hiruk oinarrian, arrautza-irinetan pasatua, eta beste hirurek, berriz, oilasko paparraren xerrak.

Janari prestatuaren sailean sartzen dira hanburgerrak, hartu bezala jateko izaten dira, eta ez daude behartuta etiketak modu jakinean ematera. Gure aldizkariak ikusitakoaren arabera, Mc Donald's-ek ematen du informazio gehien ontzi eta bilgarrietan.

Maiz jateko, hobe oilasko hanburgerrak

Oro har, oilasko hanburgerrak osasungarriagoak dira behi haragiz egindakoak baino: gantz gutxiago dute (% 10 oilaskoarenak, eta % 15 behikiarenak), eta gantza ez da, gainera, hain saturatua (batez beste, % 25 ditu saturatuak oilaskoz eginak, eta % 42 behikiz eginak). Kaloriak ere gutxiago ematen dituzte, baina aldea txiki da: batez beste, 230 kaloria dituzte oilasko hanburgerrek ehun gramo bakoitzeko, eta 254 behiki hanburgerrek. Baina oilasko prestakinez egindakoak soilik hartuko bagenitu oilasko hanburgerren artean (ezagunenak eta merkeenak), eta behiki hanburgerrekin alderatu, aldeak txikiagoak izango lirateke, batik bat, gantz eta kalorietan.

Itxura batean, jendeak argi dauka zer gustatzen zaion, eta hanburger mota jakina eskatzen du gehienetan. Beraz, haragi mota berarekin egindako hanburgerrak alderatzea izan liteke egokiena. Baina bada aintzat hartu beharreko beste alderdi bat ere, begi bistakoa, baina garrantzitsua hori ere: hanburgerraren pisua. Aldeak oso handiak dira. Burger King-en oilasko hanburgerrek 184 gramo dauzkate, eta Vips-en behiki hanburgerrek, 328 gramo. Kaloria gehien, behiki hanburgerretan, Vips etxekoak ematen du, handienak, alegia (931 kaloria guztira); oilasko hanburgerretan ere, Vips etxekoa nabarmentzen da: 650 kaloria ematen ditu guztira, baina 100 gramo bakoitzeko zenbat ematen dituen neurtuta, erdi parean geratzen da (223 kaloria /100 g).

Gantz saturatu kopurua begiratu eta batzuk besteen halako lau dute

Kalorientzat balio duenak, gantz saturatuentzat ere balio du. Oso kontuan hartzekoa da hanburger baten gantzean zenbat gantz saturatu dauden proportzioan, baina ez hori bakarrik; batzuetan askoz adierazgarriagoa da hanburgerraren gantz kopuru osoa. Adibidez: behiki hanburgerren artean, Italian Burger izenekoak dauka -Fast Good etxekoak- gantz saturatu gehien proportzioan (%47) eta trans gantz gehien (% 3,7), baina gantz kopuru txikiena dauka -trans gantzei dagokienez 0,4 gramo ehun gramo bakoitzeko eta gantz saturatuak 5,6 ehun gramoko-. Beraz, bere pisua kontutan hartuta (209 gramo), 12 gramo gantz saturatu ditu eta 0,4 gramo gantz trans. Vips etxekoak, berriz, gantz saturatu gutxiago ditu proportzioan (% 42), eta trans gantzak berdin (% 2,5) baina gantz gehiago dauka (% 17,5) eta pisu handia. Ehun gramo bakoitzeko 7,3 gramo gantz saturatu ematen ditu eta 0,4 gramo gantz trans. Beraz, orokorrean hanburger bakarra hartuta 24 gantz saturatu jango genituzke eta 1,4 gantz trans (hanburger artean gehien, honexek). Pertsona batek egunean ez luke jan beharko 20 gramo gantz saturatutik gora, eta bi gramo gantz trans baino gehiago.

Trans izeneko gantzei buruz ari garela, oso alde handiak aurkitu ditugu: % 0,5etik % 3,7ra. Orokorrean, behiki hanburgerrek dute kopuru altuagoa (% 2,7 batez beste) behiki hanburgerrek baino (% 1 batez beste). Trans gantzak ekilore edo sojaren haziaren koipea hidrogenatzean sortzen dira baina berez ere badaude, animalietatik eratorritako produktuetan. Eta berez sor daitezke koipea gehiegi berotzen edo berrerabiltzen denean. Bakoitzaren pisua kontutan hartuta, behiki hanburger bi dira gantz hidrogenatu gehien dituztenak: Vips etxekoa (1,4 gramo) eta Fosters Hollywood (1,3 gramo). Egunean 2 gramo baino ezin badira hartu, behiki hanburger bakarra jatearekin eguneko kontsumoaren % 40 beteta izan dezakegu (McDonald's hanburgerrarekin) eta baita % 70 ere (Vips hanburgerrarekin). Oilasko hanburgerretan kopurua bajuagoa da. KFC etxekoa janda eguneroko kopuru gomendatu horren %5 hartzen dugu, Fosters Hollywood edo Mc Donald's-ekoa hartuta %30.

Behiki hanburgerrak

 Behiki hanburgerrek ezaugarri oso desberdinak dituzte. Pisua, hasteko. 194 gramotik 328 gramo bitartekoak daude. Haragia, bestalde, ogitartekoaren % 34 da batzuetan, eta % 51 besteetan. Ogia % 26 da batean, eta % 35 bestean. Barazkiak, berriz (tomatea, letxuga eta tipula izaten dira maizenik), % 5 dira batean, eta % 24 ere bai bestean. Eta bestelako osagai batzuk ere, gantzez eta kaloriaz ongi hornituak, ez daude proportzio berean hanburger guztieta, ogitartekoaren % 2 hartzen dute batean eta % 15 bestean: gazta (seiek badute), hirugiharra (bik soilik daramate) eta maionesa (hiruk daukate, erdiek).

Alde horiek guztiak ikusita, pentsatzekoa da gantz kopuruan eta gantz saturatuen proportzioan ere ezberdintasunak izango direla. Ba, bai. Hanburger batzuetan, produktu osoaren % 12 dira gantzak, eta % 17 besteetan; gantz saturatuak, berriz (kaltegarrienak), gantz guztien % 35-47 artean dabiltza. Trans gantzetan ere antzeman ditugu aldeak (kaltegarriagoenak dira): gantz guztien %1,8 izan daitezke batean eta %3,7 bestean.

Kalorietan ere, alde deigarriak. Gehien daukatenek (Vips eta Tony Romas) 280 eman dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta beste hiruk 235 kaloria/100 g. Elikadura ikuspegitik, Burger King etxeko Whooper gaztaduna izan da onargarriena aukeran, barazkiei esker batik bat (hanburgerraren % 24 barazkiak dira), eta lipidoen izaeragatik ere bai (saturatu gutxi ditu, gantz guztiaren % 35, hain zuzen).

Behikiaren kalitateak ere ematen du zeresana (Tony Romas etxekoak txerrikia ere badu). Harategian erositako txahalki xehatuak % 10 eman du gantza zartaginean egin eta gero, eta hori halako bi agertu da sei hanburgerretatik bostetan (% 19 eta % 23 artean dabiltza); Italian Burger izenekoak, berriz, Fast Good etxekoak, % 13 eman du, eta hori izan da salbuespena. Argi samar dago, beraz, animalia gantza eransten dietela hanburger horiei, edo gantz gehiago duen beste haragi batzuk (hirugiharra, urdaia...). Gantzak ere horrexegatik izaten dituzte kaltegarriagoak: % 44-49 artean dira saturatuak hanburgerretan, eta harategian erosi den txahalkian, berriz, % 38. Behiki hanburgerrek 225 eta 314 kaloria artean ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta harategiko txahalki xehatuak, 200 kaloria/100 g. Merkatu kalitate oneneko haragia Mc Royal de Luxe izenekoak dauka (Mc Donald's etxekoa), horrek agertu baitu ehun konjuntibo gutxien (zainetan, nerbioetan, kartilagoetan... pilatzen dira). Italian Burguer izenekoa etorri da jarraian, Fast Good etxekoa (gantz gutxien horrek eduki du sei behiki hanburgerretatik, % 13).

Oilasko hanburgerrak

 Oilasko paparrarekin egindako hiru hanburgerrak askoz garestiagoak dira oilasko prestakina oinarri hartuta egin dituzten hirurak baino (arrautza-irinetan pasatuta daude), baina menu baten zati gisa atera dituzte hirurak, beste jaki batzuk lagunduta. Hiru horiek % 4 eta % 12 artean soilik dute gantza, eta oilasko prestakinez eginda daudenetan, berriz, % 7 dauka gantza KFC etxekoak eta % 18 Burger King etxekoak.

Hanburgerra osorik hartuta, % 50 izan da haragia Sandwich Club izenekoan (Tony Romas etxekoa), eta % 19 Chicken Supreme izenekoan (Mc Donald's); arrautza eta irina, berriz, hanburgerraren % 21 dira Mc Donald's etxekoan, eta hortik behera gainerakoetan (oilasko paparrez egindakoek ez dute arrautza-irinik). Barazkietan ere (tomatea, letxuga eta tipula, nagusiki) antzeko aldeak ikusi ditugu: Tony Romas etxekoak ez du barazkirik, eta Caesar Sandwich izenekoan (Fosters Hollywood etxekoa) hanburgerraren % 32 hartzen dute. Eta gantz eta kaloria askoko osagaiak ere ez dira agertzen proportzio berean hanburger guztietan (ikus txosten honen azken atala, non hanburgerrak banan-banan aztertu ditugun): gazta (erdiek daramate), hirugiharra (hori ere hiruk daukate) eta maionesa edo beste saltsaren bat (batek izan ezik, beste guztiek badute).

Elikadura ikuspegitik, Caesar Sandwich hanburgerra izan da osasungarriena oilaskoz egindakoetan (Fosters Hollywood etxekoa): barazki proportzio handiena du; gantz gutxien (% 4), kaloria gutxien eta zuntz gehien (% 3). Ez dauka gantz motarik onena (% 27 ditu saturatuak, eta horren aldean, badira % 20ra iristen ez direnak ere), baina hain gantz gutxi duenez, horrek ez du garrantzi berezirik.

Oilasko haragiaren kalitatea neurtu dugunean, pentsatzeko zen bezala, arrautza-irinik ez daukaten hiru hanburgerren haragiak hurbildu dira gehien laborategian prestatu ditugun oilasko paparretara; gehien-gehien Fosters Hollywood etxekoa, Vips etxekoa ondoren eta Tony Romas etxekoa azkenik (beste biak baino gantz gehiago dauka askoz, eta saturatuak eta trans gantzak ere gehiago ditu proportzioan). Oilasko prestakinez egindakoen artean, Kentucky Fried Chicken izenekoak eman du kalitate onena: beste biek baino gantz gutxiago dauka askoz, eta gantz saturatuagoak ere ez dauzka besteek bezainbeste.

Gatza, zuntza eta gehigarriak

Batez beste, % 0,4 daukate sodioa hanburgerrek, eta horrek esan nahi du % 1 dutela gatza. Kentucky Supreme oilasko hanburgerrak dauka gatz gehien (% 0,6 sodioa), eta gainerakoek, % 0,3-0,5 artean. Gauza jakina da sodioa hipertentsioari lotuta dagoela, eta gehienez ere, elikagaiek % 0,7 eduki dezakete. Hanburger guztiak, beraz, neurri barruan dabiltza.

Zuntz gehien, berriz, Fosters Hollywood behiki hanburgerrak dauka (% 4); besteek ez bezala, mahaspasak dauzka osagaien artean, eta zuntz asko izaten du fruitu lehor horrek. Gainerako guztiek, % 2-3 artean daukate zuntza.

Haragiaren kontserbagarri espezifikoei dagokienez, nitritorik ez dugu aurkitu hanburger batean ere; arauak esaten du 150 zati eduki ditzakeela milioiko (z/m), edo, bestela esan, 150 mg/kg. Nitratoetan ere -beste kontserbagarri bat da- 150 z/m onartzen ditu arauak berorik eman ez zaion haragiarentzat (kasu honetan, sutan jarri aurreko hanburgerrarentzat balio du arauak). Haragi gordinak nitrato kopuru bat badu, pentsatzekoa da, sutan egin ondoren ere, nitrato kopuru bera eman behar lukeela gehienez ere, eta halaxe gertatu da guk aztertu ditugun guztietan. Legeak ezarritako mugatik urrun ibili dira gehienak (ez dira iritsi 30 z/m edukitzera), eta bakarra ibili da gertu samar 150eko muga horretatik, Fast Good-en behiki hanburgerra (147 z/m).

Beste kontserbagarririk baduten ere aztertu dugu, bi zehazki, horiek erabiltzen baitira gehien: azido sorbikoa eta azido bentzoikoa. Lehenak lizunaren eta legamiaren aurka egiten du, eta bigarrenak, bakterien eta onddoen aurka. Gerta daiteke bi azido horiek hanburgerren saltsetan agertzea, gaztetan edo hestekietan. Legeak ez du esaten hanburger batek zenbat eduki behar duen gehienez; osagai bakoitzarentzat ezartzen ditu mugak, ez hanburgerrentzat. Guk aztertu ditugun produktuetan agertu dira azido sorbikoa eta bentzoikoa, baina mugaren barruan guzti-guztietan. Burger King-en behiki hanburgerrak soilik dauzka biak, eta Tony Romas etxekoek, berriz, ez daukate ez bat ez beste, eta berdin gertatzen da Fast Good etxeko behiki hanburgerrarekin eta Fosters Hollywood etxeko oilaskodunarekin. Azkenik, koloragarrien bila ibili gara (legeak ez du onartzen haragi prestakinei koloragarririk eransterik). Azido karminikorik ba ote duten aztertu dugu (kolore gorrikara ematen die jakiei), hori erabiltzen baita gehien, baina ez dugu inon aurkitu. 

Osasun alderdietan hobetu beharra daukate

Hanburgerrak prestatzeko, eskuztatu egin behar dira, bestela ezin dira egin. Horregatik, eta tratamendu termikorik jaso ez duten barazkiak dauzkatelako, oso zorrotz zaindu beharra dago horiek prestatzeko prozesua. Hamabi hanburgerren higiene eta osasun egoera nolakoa izan den ikusteko, bakoitzetik bat hartu dugu janari laster horiek saltzen dituzten kateek han eta hemen dauzkaten zenbait saltokitan (Valentzian, Madrilen, Malagan, Bilbon eta Gasteizen izan gara). 52 eraman ditugu guztira laborategira. Azterturiko 27 oilasko hanburgerren artean, lauk ez dute bete osasun arauek esaten dutena (bi Caesar Sandwich, Fosters Hollywood etxekoak, Rusty Mediterráneo bat, Vips etxekoa, eta Kentucky Supreme bat, KFC etxekoa): mikroorganismo baztergarri bat gehiegi agertzen dela antzeman dugu (Escherichia Coli) eta mikroorganismo patogeno bat ere bai (Staphilococcus aureus). Batzuek eta besteek ez dute sortzen osasun arazo larririk, baina toxiinfekzio arinak eragin ditzakete Staphilococcus aureus izenekoari, 'eskuztatzaileen patogenoa' esaten diote, eta Escherichia Coli delakoa, berriz, gorozki kutsaduraren adierazgarri izaten da.

Horiez gain, oilaskoz egindako beste sei hanburgerren egoera ere ez da izan guztiz ona; onartzeko modukoa bai, baina hobetu beharrekoa. Mikroorganismo ez-patogenoak antzeman ditugu laborategian, asko samar, gainera (aerobioak eta/edo koliformeak). Segur aski, erabili dituzten barazkiak ez direlako izan berri-berriak, edo janari azkarreko saltokietan janariak ez dituztelako eskuztatzen behar bezalako higiene eta garbitasunarekin. Hala ere, onargarritzat jotzen da hanburger horien higiene eta osasun egoera, ezin baita ziur jakin mikroorganismo horiek haragiarenak diren, edo tratamendu termikorik jaso ez duten beste osagai batzuek ekarriak ote diren (gaztak edo hirugiharrak). Egungo legediak esaten duenez, osagai onduak edo hartzituak dituzten jaki prestatuetan, ez dira aintzat hartuko mikroorganismo horiek, eta gazte eta hirugiharra sail horietakoak dira.

Behiki hanburgerretan, asko izan dira"onargarri baina hobetu beharrekotzat" jo ditugun horietakoak, gehienak (25etik 16). Oilaskoz egindakoei buruz esan duguna esan behar dugu horiei buruz ere, baina, gutxienez,"arauz kanpo" dagoen hanburgerrik ez dugu antzeman horietan (lau baziren oilaskoz egindakoetan).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto