Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Rafael Mata, geografoa: "Arkitekto handiek eraikin eder askoak uzten dizkigute, baina kalitatezko hirigintza proiektu gutxi"

  Aitaren etxean maitemindu zen geografiarekin, Malagan, erliebean egindako mapa igeltsuzko bati begira. Igeltsuak arrastoa egin zion, eta horri jarraiki, bidea lan bihurtu zaio, eta mapak lanbide. Rafael Mataren ustez, geografia ez da ibai, mendi eta itsaso kate bat, buruz ikastea beste pisurik ez duena; hark dio -zalantzarik gabe- funtsezko elementua dela lurraldeak orekaz antolatzeko eta garapen iraunkorraren muinera iristeko.

Mapak bai, baina zer gehiago egiten du geografo batek?

Mapak lan baten ondorio dira, lurraldea aztertu ondoren sortuak. Lanik handiena lurraldea aztertzen eta ezagutzen egiten dugu, lurraldearen ingurumen ezaugarriak, gizarte ezaugarriak eta ekonomia ezaugarriak zein diren jakin nahian. Eta hori mapetan jartzen dugu gero, mapetan ikusi egiten baita lurralde batek zer eta zenbat daukan. Baina, jakiteaz eta ikertzeaz gain, gure jakintza besteren eskura jarri nahi izaten dugu, lurraldearen gain egin nahi dituzten esku-hartzeetan erabil dezaten.

Eta, jaramonik egiten dizuete?

Oraintxe hasi dira gure lana aintzat hartzen, gu ere bide berriak jorratzen hasi baikara. Gure diziplina eremu berrietara hurbildu da -lurralde antolamendua, hirigintza, ingurumen gatazkak, gizarte gatazkak...-, eta gero eta gehiago aitortzen dute gure lana. Orain, poliki-poliki, gure lanbidea gero eta lotuago dago arkitektoen lanari, ingeniarien jardunari eta natur zientzietako profesionalen zereginari. Pentsa!, ikasketa planak ere horretara moldatzen ari gara...

Geografiak aurkitu duela bere bidea, alegia...

Beno, bai. Nik uste dut lehen ere bazekiela zein bide ibili, baina mugatu samarra zegoen hezkuntza arlora eta ikerketara. Egitetik ekitera iritsi beharra genuen, horixe falta zitzaigun. Gainera, oraingoa une ona dela iruditzen zait, bai tokian-tokian jarduteko, baina nazio mailan eta bai munduan. Lehen, arloka lantzen ziren arazoak -ingurumen arazoak, ekologikoak, kulturalak, ekonomikoak...-, eta egun lurraldeei lotuta lantzen dira, eta geografoek ezin dugu tren hori huts egin.

Nola eragiten dio geografoaren lanak gizarte bizitzari?

"Paisaia txarra zer da? Gaizki antolatuta dagoen lurraldea"

Ikertuz eta jakintza barneratuz, saiatzen gara ikusten ea arazorik edo kontraesanik badagoen gizartearen eta lurraldearen artean, eta, hala bada, saiatzen gara arazo horiek konpontzen, beste profesional batzuekin elkarlanean. Irtenbideak proposatzen ditugunean, bizitza kalitatea hobetzeko helburuz egiten dugu, eta oreka bilatzen saiatzen gara; batetik, ingurumen balioak daude, oro har, eta bestetik, gizartearen hazkunde eta garapen beharrak, eta horien arteko oreka lortu nahi dugu.

Oreka hori ez ote da utopia...

Bai, baina beno, gu beti horren bila ari gara, geografiaren diziplinak bere-berea baitu konpromiso hori.

Zuen lana, beraz, ez da bukatzen lurraldea mapa bihurtuta. Lurralde horretan egiten diren esku-hartzeei buruzko gomendioak ere eman nahi dituzue.

Bai, gutxien-gutxienez, iraunkortasuna egon dadin oinarrian; horrek zer esan nahi duen? Bada, hauxe: lurraldea zuhur erabiltzea, balio batzuk ezagutaraztea, eta lurralde hori inolako kontrolik gabe kudeatzen badugu, eredu horrek nora eraman gaitzakeen ohartaraztea.

Baina horren kontrako interesak ere badira.

Bai, noski. Interes handiak daude, eta indar handia egiten dute iraunkortasunaren eta zuhurtziaren kontra, baina hori da gure diziplinaren erronka, erdibidean baikaude.

Beraz, une hau oso garrantzitsua da geografiarentzat.

Bai, geografiarentzat eta lurraldearentzat. Ezin dugu huts egin.

Ptolomeoren eta Google Earth-en mapen artean, non zaude zu?

"Espainiako paisaiek oso ongi iraun dute, harritzeko moduan, eta Europako beste leku batzuetan ez da berdin gertatzen"

Ezinbestean, Google Earth-en irudietan, horiek baitira egungo irudiak, baina horiek ezingo lirateke interpretatu Ptolomeoren maparik gabe, haiek zeukaten kultur kalitaterik gabe eta haiek daukaten historiarik gabe. Hor oso garbi ikusten da katea ez dela eten. Ptolomeotik Google Earth-era, tradizioa eta berrikuntza, biak eskutik. Eslogan ona izan liteke.

Espainiako Paisaia Atlasaren egileetako bat zara. Zein paisaia hautatuko zenuke?

Beno, gehienetan, bakoitza berearekin geratzen da, hurbileko paisaiekin, bizi izan dituenekin; eta nirea, Sarquiako da, Malagan. Baina atlas horretan, paisaiak bizirik daude, gure seme-alabak dira, nolabait. Nik uste dut atlas honekin ikasi dugula hori, eta beste gauza bat ere bai: aniztasunak ematen diola balioa. Atlasaren helburua ez da hierarkiazko taxonomia bat egitea eta paisaia onak eta txarrak bereiztea; paisaien aniztasuna islatu nahi du. Nire ustez horrek baitu balioa, aniztasunak.

Aniztasun horrek bereizi egiten du Espainiako paisaia Europakoen artean?

Bai, Europako bioaniztasunik aberatsena daukagu, eta paisaia-mosaikorik handienetakoa, berez handiak direlako Penintsula eta uharteak, baina baita historiaren pisuagatik ere, eta aniztasun kulturalaren eta naturalarengatik ere bai. Gainera, Espainiako paisaiek oso ongi iraun dute, harritzeko moduan, eta Europako beste leku batzuetan ez da berdin gertatzen.

Zeinek esan hori kostaldean hirigintza nola hedatu den ikusita.

Bai, hala da, baina ezin gara mugatu eremu bakarrera, lurralde bakarrera. Kosta eremu batean paisaia balioak galdu ditugula uste dut, turismoa erakartzea lehenetsi baitute, paisaiaren balioei kasu handirik egin gabe. Espainiaren barnealdean, ordea, Espainia Atlantiko-Hezean, mendietan eta lautadetan, paisaia askok eutsi diote beren izaerari eta nortasunari, eta atlasean ere nabarmendu dugu hori.

Kostaldeaz gain, zein inguru daude hondatuta?

Nire ustez, hiri inguruetan eta metropolietan oso zabar gertatu da hazkundea. Zoritxarrez, hiriak eta industriak hedatzerakoan, ez da kontuan hartu zer ondorio izango zituen horrek paisaian. Esango nuke metropoli eremuetan eta kosta inguruetan izan dela galera gehien, baina hiri ertainetan, txikietan eta landa eremu askotan aintzat hartu ezean paisaiaren balio horiek, arriskua dugu laster lurralde osora hedatzeko galera hori.

Industria eta azpiegiturak bateragarri ote dira paisaiarekin?

Bateragarri egin behar ditugu; alegia, modua egin behar dugu elkarren osagarri izan daitezen lurraren erabilera mota hori, ingurua errotik aldatzen duen erabilera hori, eta paisaiaren balioak.

Elkarren osagarri egiteko, zer behar da, diru gehiago, inbertsio gehiago?

Batzuetan bai. Baina askotan, jende multzo baten apustua izaten da, orekaren aldeko apustua; irispideak, garapena eta kontserbatze eredua auzitan jarri, eta erabaki: zer egin eta nola egin? Baina nik badakit, ziurtasun osoz, gainera, lurraldeak banan-banan aztertzen ari garelako, askotan ez dela diru kontua, irizpide kontua baizik. Ez da diru gehiago behar, beste irizpide batzuk behar dira erabakiak hartzeko.

Paisaiarekin errespetuz jokatuta eta ongi zainduta, zer irabazten du gizarteak?

Bizitza kalitate hobea, hori hasteko. Elkarren gainean pilatuta ez bizitzea, paisaiaren balioak babestea... herri garatuak ari dira poliki-poliki balio horiek bereganatzen, baina baita garapen bidean diren herrialdeek ere. Erosoago bizitzea eta gauzak zentzuz egitea, hori da kontua. Eta luzera begira, hauxe da erronka: lurra eta lurraldea zuhurtzia eta tentu handiz kudeatzea, baliabide horiek agortu egiten baitira, hain dira mugatuak.

Iraunkortasunak ere sortzen ditu gatazkak, ordea. Hor dugu energia eolikoaren auzia: energia berriztagarria da, baina, talde ekologista askok salatu dutenez, paisaietan eragin handia du. Bi ikuspegi daude hor elkarren lehian. Nola bilatu hor oreka?

  Gatazka hori oso gordina izan den lekuetan esku hartu dugu. Menorcan, adibidez, Uharterako Lurralde Plana bukatu genuen orain dela urte batzuk -bide batez esanda, Espainiako Hirigintza Saria irabazi zuen plan hark-, eta han ere hori zen gatazka, paisaiaren balioak batetik, eta energia berriztagarrietan oinarritutako energia eredua bestetik. Ezin da ahaztu, gainera, uharteko paisaia baliabide turistiko garrantzitsua dela oso. Eztabaiden ondotik, ados jartzea lortu zuten: uharteko zati batzuei erabilera turistikoa kenduko zieten eta balio ekologiko gutxien zuten eremuak bereiziko zituzten, batik bat, faunaren eta paisaiaren ikuspegitik. Lau parke eoliko egiteko asmoa zuten, baina, azkenean, bakarra egin dute, hain zuzen, kalte ekologiko gutxien eragingo zuen eremu horietako batean. Hor atzean dagoen eztabaida, hala ere, ez da energia berriztagarriak bai edo energia berriztagarriak ez; garapenaz eta energia kontsumoaz hitz egin behar dugu, eta ongi aztertu zer eredu nahi dugun.

Paisaiaz hitz egiten denean, hiriko paisaia ere sartzen da hor?

Bai, bai. Paisaia horixe da, paisaia; ez du beste deiturarik, eta ez du eskalarik. Paisaiaren Europako Hitzarmenak ere paisaia esaten du, ez du gehiago zehazten, ez onak diren, ez txarrak, ez hirikoak, ez landakoak, ez naturalak. Hitzarmen hori 2000. urtean onartu zuten, eta Espainiako 2007. urtean berretsi zuen. Gainera, Nazio Batuen Erakundeak argitaratu dituen azken datuek esaten dute, gizateriaren historian lehen aldiz, jende gehiago bizi dela hirietan, landa inguruetan baino. Beraz, hiriko paisaia zaindu egin behar da, aztertu.

Eta nola eragiten du hiriko paisaiak hango biztanleen bizitza kalitatean?

Zure inguruarekin dituzun harremanetan eragiten du, eta badu lotura, halaber, beste gai zehatzago batzuekin ere, mugikortasunaren eta irispideen arazoarekin. Egun, hiri garapenean, irizpide lauso samarrak erabiltzen dira, gauzak ongi zehaztu gabe eta zabal hartuta; eredu hori nagusitu da, baina horrek hondatu egiten ditu paisaia mota batzuk, eta bizitza kalitatea kentzen digu hiritarroi, denbora eta energia asko erabili behar baitugu batetik bestera joateko, mugitzeko. Gauza guztiak elkarri lotuta daude. Azken batean, lurraldearen aurpegia da paisaia, eta hor ikusten da lurraldea osasuntsu dagoen edo gaixo dagoen. Paisaia txarra zer da, beraz? Gaizki antolatuta dagoen lurraldea.

Zer esango zenuke Espainiako hiri paisaiei buruz?

Trantsizio demokratikoaren garaitik hona, 70-80ko hamarkadatik gaur arte, ahalegina egin da hiri paisaia batzuk zaindu eta ongi kudeatzeko, multzo historikoen sailean sartzen diren horiek, batik bat. Horietako batzuk interes kulturaleko ondasunak dira, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu ditu... Hor ditugu Gasteiz, Toledo, Kordoba... Horietan zerbait egin da, baina beste garai eta leku batzuetan, ezer gutxi. 80ko eta 90eko hamarkadetan, adibidez: hiri inguruak hedatu egin ziren urte horietan, eta egun, gizarte bizitzaren zati handi bat daukagu hor. Eremu berdeak, kaleak eta plazak non eta nola banatuta dauden ikusita, argi dago badela zer hobetua paisaia hobea lortzeko.

Eta zer egin daiteke?

Paisaien proiektuak egiterakoan, talde lana bilatu behar da: paisaia-arkitektoek, ingeniariek, pertzepzio sozialaren arloan aritzen diren psikologoek... horiek guztiek elkarrekin egin behar dute lan. Paisaiak eta hiri hedatzeak diseinatzerakoan, ideia hau hartu behar genuke: hiria eraiki behar dugu, ez etxeak. Kontua ez baita lurralde batzuk etxeztatzea, baizik eta lurralde horrek hiri funtzioak betetzen jarraitzea, integraziorako, harremanetarako, mestizajerako... Arkitekto handiek eraikin eder askoak uzten dizkigute, baina kalitatezko hirigintza proiektu gutxi. Hori erronka handia da, geografo zein arkitektoentzat. Arkitektoek hiriak diseinatu behar dituzte. Ez soilik estadio eta dorreak beraien lanbidearen erakusgarri. Ez, ez, hiriak egin behar dituzte.

Eta inork jartzen ote dio arretarik beharrizan horri?

Hirigileek, oro har, ez diote lehentasunik ematen; arkitektoek, ingeniariek, geografoek eta bestelako espezialistek ere ez, lurralde zientzietakoek, natur zientzietakoek eta gizarte zientzietakoek. Hala iruditzen zait niri, behintzat. Baina aldarrikatu beharra dago: hirigintza ona behar dugu, eta ez obra handiak soilik.

Etxe atxikien kultura ez dator bat asmo horrekin...

Eraiki dutena eraikia dago, eta ezingo dugu dinamita jarri, jende askok ilusio handia jarri baitu horiek erosteko. Toki batzuetan ari dira berriz ere zentzu pixka bat eman nahian, hiri ikuspegi batekin ordenatu eta berrantolatu nahian eremu horiek, baina ez da batere erraza, hamar urtean, izan ere, halako hazkunde azkar eta espasmozkoa gertatu da.

Eta zer iruditzen zaizu golf zelaiak erabiltzea turistak erakartzeko?

Golf zelaiak egiterakoan hain buru gutxirekin eta planifikazio eskasarekin jokatzea zentzugabekeria iruditzen zait; zentzugabekeria, lurraldearen ikuspegitik eta ikuspegi ekonomikotik. Hemen, udalerri bakoitzak, eskualde bakoitzak uste du berak bildu behar dituela Espainiako golf jokalari guztiak, eta halaxe egiten dituzte gero planifikazioak. Espainian, baliabide turistikoak izan dira golf zelaiak, baina, batik bat, higiezinen negozioa sustatzeko amuak izan dira. Inguruan eraiki izan dituzten 200 edo 2.000 txaletak saltzeko erabili dituzte.

2006an, Lurralde-Kultura Berriaren aldeko Manifestua sustatu zenuten zuk eta beste batzuek, eta honako hau esaten duzue han: "Lurraldea modu iraunkorrean kudeatzea gizarte-betebeharra eta ingurumen-betebeharra da, zalantzarik gabe, baina bada, halaber, betebehar ekonomikoa ere, eta oso premiazkoa da halakotzat hartzea".

Lurraldea gaizki antolatuz gero, diru asko galtzeko arriskua izaten da, eta, luzera begira, baliabide asko kolokan gera daitezke. Orain garai kritiko samarra da, dezelerazio garaia, eta une egokia da gogoeta egiteko, eta berriz ere ongi pentsatzeko lurraldearekin zer egiten ari garen.

Hirigintza iraunkorra dugu mintzagai. Nola definituko zenuke?

Hazkundearen ideia hau dauka oinarrian: zer nukleo dauden aintzat hartu, eta hortik abiatuta haztea, itsu-itsuan ibili gabe. Erdi mailako dentsitatea edo dentsitate handia dagoen lekuetan, ahalik eta etekinik handiena ateratzea garraio publikoari eta eremu batek biltzen dituen funtzio guztiei (funtzio produktiboari, aisialdikoari, hezkuntza funtzioari...).

Nazioarteko Muga Epaitegi bateko kide izana zara. Zer da hori, zehazki?

XIX. eta XX. mendeko geografo klasikoen zereginetako bat izaten zen, muga batzordeetako kide izatea. Txile eta Argentina arteko mugan sortu zen arazoa, zati txiki batean. Gatazka diplomatikoa piztu zen, eta gerra ere ez zen urruti. Hori ikusita, Ameriketako Estatuen Erakundeak beharrezko ikusi zuen arbitraje epaitegi batera jotzea, nazioarteko epaimahai bat sortu eta hark erabaki zezan nola behar zuen mugak inguru hartan. Esperientzia hura mugarri izan da nire lanean. Helikopteroa hartu eta Txileko eta Argentinako militarrekin lurralde horien gainetik hegan ibiltzea, banderek inguratuta... zoragarria izan zen eta, jakina, bi urteko eztabaida eta auzi saioen ondotik, ados jarri ziren bi herrialdeak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto