Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna
Kirurgia klasikori tokia kentzen ari zaio teknika berri bat. Erosoagoa da, askoz eramangarriagoa, eta gaixoa azkarrago osatzen da ebakuntzatik. Erasan Gutxiko Kirurgia da
Azkarragoa, erosoagoa eta seguruagoa. Izan liteke hegazkin linea baten promozioa, edo auto marka batena, baina ez da. Erasan Gutxiko Kirurgiaz ari gara. 80ko hamarkada erdialdean hasi ziren erabiltzen, eta, geroztik, boladan da. Lehen urteetan, nahiko erabilera mugatua zuen (apendizean, maskurian, prostatan eta aldaketan erabiltzen zuten), baina egun aukera ematen du organoak erauzteko, eta tumoreak ere bai, onak bezala txarrak.
Teknika honekin hauxe lortzen da: ebaki txiki-txikiak eginez iristea giza gorputzaren barrenera. Teknologia aurreratua behar da, noski, kirurgialariei modua emango diena egiten ari diren hori pantailan ikusteko, eta tresneria ere egokitu beharra dago. Tresneria hori edukita, gakoa zera da, giza gorputz orok dituen barne hutsune eta pasabideak erabiltzen jakitea.
Gainerakoan, abantailak besterik ez ditu teknika honek; eta hauxe handiena: gaixoa azkarrago sendatzen da, eta min gutxiago edukitzen du. Kirurgia klasikoak edo irekiak ebaki handiak egiten ditu iritsi nahi duen tokira iristeko, baina teknika berri honekin, ez da horren beharrik: aski da ebaki txiki bat egin eta handik endoskopioak sartzea (hodi malguak dira endoskopioak; muturrean kameratxo bat edukitzen dute, eta monitore batean erakusten dute tratatu beharreko gunea). Endoskopioez gain, beste sistema optiko batzuk ere erabiltzen dira.
Gutxi erasaten duen kirurgia punta-puntako teknika bihurtu da, batik bat, digestio aparatuko gaitzak sendatzeko. Adibidez, behazun xixkua kentzeko erruz erabiltzen da gaur egun koleszistektomia laparoskopikoa. Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), esaterako, koleszistektomia guztien % 65 teknika horrekin egiten dituzte. Eta Europa ere bide beretik doa. Espainiako Kirurgialarien Elkarteak egin duen inkesta batek ere hala erakusten du: behazuneko harriak -kolelitiasia- kentzeko egiten diren ebakuntzen % 89 kirurgia laparoskopikoaren bidez egiten dira, eta berdin errefluxu gastroesofagikoarengatik egiten diren ebakuntzen % 80 eta pankreatitis akutuarengatik egiten diren % 54 (zailtasun berezirik ez badute, betiere). Zenbakiak zenbaki, Espainian beste lurralde batzuetan baino gutxiago erabiltzen dira teknika hauek, teknologiarik ez dagoelako eta prestakuntza ere eskasagoa delako. Halaxe onartzen dute adituek ere.
Digestio aparatuarentzat eta behazunarentzat oso egokia suertatu da teknika hau, baina beste espezialitate batzuetan ere maiz erabiltzen dute: kardiologia eta hodietako kirurgian, urologian, ginekologian, kirurgia plastikoan, kirurgia ortopediko eta traumatologikoan, neurokirurgian, otorrinolaringologian eta pediatrian ere bai. Zenbait kalkuluk esaten dute ehun prozedura mediko-kirurgikotan erabil daitekeela Erasan Gutxiko Kirurgia, nahiz eta medikuntzako erakundeek horietako batzuetan bakarrik onartu. AEBetan azkar onartu dute erabilera hedatzea, baina Europar Batasunean, oro har, motelago doa prozesua. Eta hala ere, AEBetan, urtean egiten diren 15 milioi ebakuntzen % 10 besterik ez dituzte egiten ebaki txikien teknikarekin (hala baieztatzen du Technology Forecast Report in Minimally Invasive Surgery txostenak). Europan, itxuraz, datozen 5 urteetan egingo dituzten ebakuntza guztien % 25 gauzatuko dituzte teknika honekin.
Erasan Gutxiko Kirurgiak inor mesedetu badu, gaixoak mesedetu ditu. Abantaila eta onura asko ekarri dizkie gaixoei, eta horregatik lortu du gain hartzea kirurgia klasikoari. Hona hemen abantaila horietako batzuk:
Abantailak zein diren esan dugu, baina Erasan Gutxiko Kirurgiak ez du dena on; kirurgia irekiarekin alderatuta, baditu alde txarrak ere.
Batetik, kirurgialarien auzia dago. Denbora luzez prestatu beharra izaten dute arlo honetan lan egiteko, eta bidea ez da zailtasunik gabea. Zehaztasun eta zorroztasun handia eskatzen dute teknika hauek, eta, beraz, goi mailako entrenamendua behar da. Ebakuntza egiten ari direnean, kirurgialariek ezin dute beren begiz ikusi sendatu beharreko eremua, eta ukitzeko modurik ere ez dute. Beraz, ohi ez bezala lan egin behar izaten dute. Horrez gain, kontu handiarekin ibili behar izaten dute, hemorragia handiren bat gertatuz gero, zailagoa izaten baita kontrolatzea. Eta zauria josteko prozesua, berriz, motelagoa eta nekezagoa izan daiteke.
Diru kontuak ere ezin dira ahaztu. Inbertsio handiak egin behar dira tresneri egokia erosteko, eta ez dago guztiz frogatua kirurgia klasikoak baino emaitza hobeak ematen dituela, edo, bestela esanda, diruan dagoen adinako aldea dagoela bien arteko emaitzen artean.
100 ebakuntza inguru egin daitezke erasan gutxiko kirurgia erabilita
Inbertsioak merezi ote duen, alegia. Batetik, tresnerian zenbat gastatzen den ikusi behar da, eta, bestetik, zenbat aurrezten den ospitaleetako egonaldiak laburtuta eta zaintza-lanak gutxituta. Gaixoarentzat nabarmen hobea da teknika berria, baina osasun sistemarentzat? Denborak esango digu.
Azken bi urteetan, Erasan Gutxiko Kirurgia mota berria agertu da, eta NOTES deitzen diote (Natural Orifice Translumenal Endoscopic Surgery edo Zulo Naturalen bidezko Kirurgia Endoskopiko Transluminala). Gorputzean berez ditugun zuloak erabiltzen ditu barreneko organo eta ehunetara iristeko. Ahora, uzkia eta gabina, bereziki. 2004. urtean hasi ziren erabiltzen, eta oraindik esperimentazio garaian dago. Mundu guztia hartuta ere, kasu gutxi batzuetan soilik erabili izan dute, eta Espainian, 2007. urtean erabili zuten lehenengoz. Orain arteko ebakuntzetan, lortu dute zenbait organo erauzi eta ateratzea: behazun xixkua baginatik eta ahotik, apendizea ahotik eta giltzurruna baginatik. Espainian, bi ospitale dira aitzindari teknika hau erabiltzeko orduan, Palmako Son Llátzer Ospitalea eta Bartzelonako Ospitale Klinikoa.
NOTES teknika, gaur-gaurkoz, ez dute jartzen gaixo guztien eskura, eta erabiltzen dutenean ere, beste teknika batzuek lagunduta egiten dute, laparoskopiak lagunduta, adibidez. Teknika berria da, esan bezala, eta ez dago jakiterik zer emaitza emango dituen aurrerantzean. Hori dela eta, komeni da gaixoak ongi jakin dezan zer ebakuntza mota egingo dioten, eta kirurgialari taldeak zenbateko esperientzia duen (informazio hori beti eskatu behar luke, edozein ebakuntza kirurgiko egiterako). Oniritzia emateko orriak sinatu aurretik, ongi irakurri beharra dago guztia, han ageri baitira zer onura dituen kirurgia mota bakoitzak, zer arazo sor daitezkeen, zer arrisku dituen eta zer ondorio utziko dituen. Eta beharrezko jotzen bada, ez da baztertu behar beste mediku bati iritzia eskatzea.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa