Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Ondasun higiezinak txandaka erabiltzea: Giltza gehiegi ate bakarrarentzat

Bigarren etxebizitza edukitzeko, erostea ez da ezinbestekoa; bide bat izan liteke beste norbaitekin hartu eta txandaka erabiltzea. Aukera hor dago, baina beti ez da izaten errentagarria, gastu askori aurre egin behar baitzaio

 Uda badator, eta eskaintza ustez paregabeak agertzen zaizkigu han eta hemen. Etxebizitzen arloan, txandaka erabiltzeko etxeak eskaintzen dizkigute (lehen, egoera arautu baino lehen, jabe askoko etxeak deitzen zieten). Sinatzeko unean, ordea, errezeloa sortzen zaigu: eta iruzur egin nahi badigute? Ez litzateke izango lehenengo aldia; salaketa asko jarri dituzte lehen ere erosle taldeek, eta horrek atzera eginarazten digu.

Formula bitxia baita. Hainbat eroslek etxebizitza bera hartzen dute, eta txandaka erabiltzen dute. Hola esanda, sinplea dirudi oso, baina legearen ikuspegitik eta salmenta egiteko eragatik, ez da hain sinplea. Sistema honi esker, oporrak igarotzeko etxe bat edukiko genuke, urtean aldi jakin batez. Aldatzeko aukera ere emango ligukete, eta beste lekuren batean hartu ahal izango genuke etxea, edo beste garairen batean, baina kuota bat ordainduta urtero, eta beste gastu batzuei ere aurre egin beharko genieke: aldaketarako paperak-eta egiteagatik, apartamenduko mantentze lanengatik, altzariengatik. Udako oporrak non pasatu erabakitzeko, kalkulagailua hartu, eta kontuak egitea komeni da. Hola ikusiko dugu zer ateratzen zaigun hobeto, sistema hau erabiltzea, alokairua ordaintzea, edo hotelera joatea

Zer erosten dugu?

Urte sasoi jakin batean etxe bat guretzat edukitzeko eskubidea ematen digute, altzari eta guzti, zazpi egunez, gutxienez. Eskubide horrek hiru urtetik berrogeita hamar urte bitartera iraun dezake (kontratuak esango du).

Ez dugu erosten apartamentuaren zati bat?

Ez zehazki. Txandaka erabiltzeko legearen ondotik ezarri zituzten arauek (1998) esaten dute eskubide bat gureganatzen dugula, aurrez zehaztutako egunetan apartamentua erabiltzeko eskubidea, hain zuzen. Sistema honek ez du funtzionatzen jabetza kuotekin; eskubide bat dugu, erreala, baina epe jakin baterako.

Eta legea onartu baino lehenagoko arauak, horiek nola gauzatzen dira?

  Eskubide pertsonal bezala har daitezke, apartamentua denbora batez erabiltzeko eskubide bezala, baina ez lirateke eskubide errealak. Nolabait esateko, klub bateko bazkide izatea bezala da. Beste arau batzuetan, berriz, apartamentuaren jabetza portzentajeak ageri dira. Gure kasua horrek arautuko balu, jabe guztiak izango ginateke etxejabe, eta, beste kasuetan ez bezala, ez legoke jabe bakar bat.

Zenbat balio du astebete pasatzeak?

Tokiaren arabera (etxearen eremu turistikoaren arabera), baina urte sasoiak ere badu eragina. Astebeterako eskubidea, berrogeita hamar urterako hartuta, 15.000 eurotik 30.000 eurora joan daiteke, eta hortik gora ere bai.

Horrez gain, administrazio eta mantentze zerbitzuak ere ordaindu behar izaten dira, eraikinarenak eta etxegunearenak (beste enpresa bati ordaindu behar zaio): administrazio lanak, garbiketa, argia, ura, altzariak, igerilekuak, lorategiak? Eta ohikoa da kontratuetan beste aukera bat ere jasotzea; alegia, opor lekua edo garaia aldatzeko aukera. Urtean kuota bat ordainduz, guk hautatu dugun gunea utzi eta beste nonbait har dezakegu apartamentua. Kuota hori ere ez zaio ordaintzen apartamentua saldu digun enpresari, beste bati baizik.

Etxebizitza mota hau finantzatu daiteke?

Bai. Komeni da aukera hori kontuan hartzea eta ongi aztertzea zer finantzaketa mota eta zein baldintzatan eskaintzen diguten, batez ere etxe saltzaileek. Gerta liteke, behin finantzaketa sinatu ondoren, bezeroak kontratua eten nahi izatea eta jarritako dirua bueltan jaso nahi izatea; kostako zaio. Izan ere, etxeak saltzen ibiltzen diren enpresa asko erantzukizun mugatuko sozietateak dira, pertsona bakarrekoak, eta bi urteren buruan desagertzen dira, nahiko diru kobratu dutela iruditzen zaienean. Ordutik aurrera, alferrik izaten da haiei erreklamazioak egitea; ez dute erantzuten, eta epaitegiek deituta ere, ez dira agertzen. Ondorioz, jarritako dirua ez digu inork itzuliko, eta kredituaren kuotak, berriz, ordaindu egin beharko ditugu.

Eta ezin da ezer egin hori konpontzeko?

Epaitegitik pasatu beharko genuke, eta, hala ere, agian ez genuke ezer aterako. Prozesu oso luzeak eta garestiak izaten dira. Azken urteetan, ordea, epaitegi askok kontsumitzaileei eman diete arrazoia, eta balio gabe utzi dituzte iruzur bidez edo legez kanpo egindako salmentak, baita kontratuei lotuta sinatu diren finantzaketa akordioak ere.

Zein arrazoirengatik eten dezakegu kontratua?

Kontratuak ez badakartza legeak eskatzen dituen aipamen eta dokumentu guztiak, erosleak hiru hilabeteko epea du atzera egiteko, kontratuan ageri den egunetik hasita. Eta berdin eten dezake kontratua, uste badu behar adina informazio ez diotela eman. Bi kasu horietan, inork ezin du behartu eroslea gastuei aurre egitera.

Zein aipamen dira legean agertu beharrekoak?

Kontratuan honako alderdi hauek agertu behar dute: zein egunetan egin duten, erregimena arautzen duen salmenta agiriaren datuak zein diren (zein egunetan sinatu duten, zein notariok baimendu duen eta zein protokolo-zenbaki duen), eta Jabetzaren Erregistroan izena eman zuteneko datuak zein diren. Gainera, argi eta garbi azaldu behar du erosleak zer eskubide bereganatu duen, erreala edo pertsonala, eraikinaren deskribapen eta kokaleku zehatza eman behar du, eta etxebizitzarena ere bai: zer altzari dituen, zer tresna, erregistro datuak zein diren eta zein txanda dagokion (egunak eta orduak ongi zehaztuta). Prezioa ere ongi zehaztu behar du kontratuak, eta zerbitzu enpresari urtean zenbat ordaindu behar zaion ere bai, eta, horrez gain, aukera eman behar du kontratua eteteko, hura sinatu eta hurrengo 10 egunetan egitekotan, eta espresuki adierazi behar du debekatuta dagoela aurretiazko ordainketak egitea, legeak hitzez hitz esaten duen bezala. Dokumentu honetan argitu beharrekoa da, halaber, ea aukerarik izango den opor asteak aldatzeko, eta aukera hori ematekotan, zenbat kostako litzatekeen.

Jabearen izena agertu behar du (edo merkatu izena), eta saltzailearena ere bai, eta, sozietate moduan lan egiten badute, Merkataritza Erregistroan zein daturekin eman duten izena. Erosleen datuak, zerbitzu enpresarenak eta erregimenak zenbat iraungo duen. Eta, azkenik, kontratua non egin den zehaztu behar du, eta sinatu egin behar da.

Zenbat urtez erabili ahalko dugu etxea astebete horretan?

Gehienez, 50 urtez. Adostutako denbora bukatzen denean, erabiltzeko eskubidea galtzen da. Kontratuan ageri den epea bete aurretik utzi nahi badiogu erabiltzeari, egin dezakegu, baina mantentze gastuak ordaintzen jarraitu behar dugu. Teorian badugu aukera gure astea beste norbaiti saltzeko. Gerta daiteke etxea saldu zuen enpresak edo enpresa administratzaileak begi onez ikustea etxea berriz saltzeko aukera, baina nahiko baldintza txarrak jartzen dizkiote erosleari.

Sinatu dugu, baina ez gaude erabat ziur

Etxea erosi eta hurrengo hamar egunetan atzera egiteko aukera ematen du legeak

Legez, hamar eguneko epea dugu atzera egiteko, eta ez dugu ezer ordaindu behar. Erabakiak azkar hartu beharra dago, beraz. Betiere kontratuan agertu behar du atzera egiteko eskubidea dugula, bestela indarrean jarraituko du, legeak hala dioelako.

Kontuan hartzekoak:

  • Jendeari buruhauste handiak ekarri dizkio formula honek. Opariak eta bestelako amuak oso kontuz hartzekoak dira. Ez sinatu inolako dokumenturik zerbait lehenengoz aurkeztu digutenean edo leku oso turistikoetan.
  •  Eskubidea dugu atzera egiteko, kontratua sinatu eta hamar eguneko epean, eta hamar egun horietan debekatuta dago aurretiazko ordainketak egitea. Kontratua sinatzeko orduan, beraz, ez dirurik sartu inoren kontuan, eta ez sinatu inolako finantzaketarik edo letrarik. Ordaindu badugu eta atzera egiten badugu, eskubidea dugu ordaindutakoa halako bi jasotzeko.
  • Kontratuak ez badakartza legez eduki behar dituen datu guztiak, hiru hilabeteko epea dugu kontratua eteteko, eta ez dugu ezer ordaindu beharko.
  • Informazioa egiazkoa ez dela ikusten badugu, kontratua baliorik gabe uzteko eska dezakegu, eta ordaindutako guztia itzultzeko.
  • Erosi aurretik, ongi neurtu gastuak: eskuratu ditugun eskubideen prezioa, administrazio eta mantentze zerbitzuen urteko kuota, aldaketak egin ahal izateko gastuak, BEZa eta, jabetza agiriak egingo baditugu, notarioaren gastuak, Jabetzaren Erregistrokoak eta zergak.
  • Sinatu aurretik, hitzarmena egitea komeni da saltzailearekin, etxea berriz saltzeko aukera eman diezagun. Klausula hori idatzi eta kontratuan sartzeko, eskatu aholkua Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoan edo abokatu bati galdetu. Horrek aukera emango liguke erositakoa saltzeko, gustatu ez zaigulako edo ase ez gaituelako.
  • Nola gastatu 20.000 edo 30.000 euro, zer erosi dugun jakin gabe eta ikusi gabe? Garrantzitsua da, sinatu aurretik, legeak zer dioen ongi jakitea, eta apartamentua eta etxegunea geure begiz ikustea. Ez dugu presaka jokatu behar, saltzaileak presio egin arren.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto