Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ez dute kaloriarik, eta zaporea, antzekoa: Freskagarriak: hobe light badira

Ohiko freskagarriek azukrea dute, eta light deitzen direnek, eztitzaile edo edulkoratzaileak dituzte, kaloriarik gabeak. Hori da bien arteko alderik aipagarriena. Dastatze-proban erakutsi du zaporez berdintsuak direla.

 Gehien edaten ditugun freskagarriek formula erraz-erraza dute; guztiek berdina, funtsean: ur karbonatatua, gasduna, eta azukrea edo eztitzaileak, light baldin badira edo kaloria gutxikoak. Ur gozo horri hainbat gauza gehitzen zaizkio gero, eta horiek ematen diote bakoitzari bere zaporea, usaina kolorea eta itxura. Fruta zukua izan daiteke (laranja, limoia...), edo landare estraktoak (kola, kinina...), eta askotariko gehigarriak (kontserbagarriak, azidogarriak, koloragarriak...).

CONSUMER EROSKIk 17 freskagarri aztertu ditu laborategian; kolazko 5 (Coca-Cola eta Pepsi markakoak), laranjazko 6 (Kas, Fanta eta Schweppes), 3 tonika (Schweppes eta Nordic Mist), 2 bitter (biak ere Kas) eta gaseosa bat (La Casera). Horietako bederatzik kaloria gutxi dituzte, eztitzaileak baitituzte azukrearen ordez.

Light motakoak zertxobait garestiagoak dira azukredunak baino: batez beste, 1, 47 euro balio du light litroak, eta 1,45 euro normalak. Coca-Cola % 13 garestiagoa da Pepsi baino, eta laranjazko sei freskagarrien artean oso alde txikia dago. Toniketan, Schweppes normala baino % 20 garestiagoa da Nordic Mist (2 euro balio du litroak). Bitter litroak, berriz, ia 2,5 euro balio du. Edari gasdunetan (aztertu ditugun guztiak hala dira), gas karbonikoari edo CO2ari esker (% 0,4koa da laranjazkoetan eta % 0,8koa gaseosetan; besteak tartean geratzen dira), zaporeak arinduta geratzen dira; leunago antzematen ditugu kolazko eta laranjazkoen gozoa eta bitter eta toniken mingotsa, eta ukitu fresko eta atsegina geratzen zaigu bukaeran. Gasak, gainera, freskagarriaren usaina eta azidotasuna indartzen du. Nolanahi ere, egarria kentzeko, ura da edaririk onena eta osasungarriena.

Zeri erreparatu zitzaion azterketa egiterakoan

  Irregulartasunik nabarmenena Bitter Kas-i antzeman zaio; azterketak erakutsi du sodio bentzoatoa duela, baina etiketak ez du esaten. Ez da hori izan arau-hauste bakarra: Pepsi light, Tónica Schweppes eta Tónica Schweppes light edarien etiketan, nahitaez eman beharreko informazioa ez da ageri gainerako datuak datozen toki berean; Kas Naranja Light-ek, berriz, elikadura-osagaiak lerroan idatzita ematen ditu, eta ez taula batean, nahiz eta tokia baduen hala egiteko.

Gauza asko neurtu dira laborategian: egiazko bolumena eta bakoitzak jartzen duena, azukre edo eztitzaile kopuruak, Brix graduak, CO2, kontserbagarri artifizialak, azido fosforikoa eta bentzenoa (minbizi eragilea da, eta kontserbagarrien eta C bitaminaren arteko erreakziotik sor daiteke), toniketako kinina eta kolazko edarietako kafeina. Era askotako emaitzak agertu dira, baina guztiek betetzen dute arauak esaten duena.

Kaloriei begiratuta zentzuzkoa da freskagarri light-en alde. Adibidez, ehun mililitro bakoitzeko biterrak 30 kaloria ditu, Fanta Naranja eta Pepsik 45 eta Coca-Cola lata batek (33 zentilitro) 126. Aldiz, etxe bereko Zero edo Light motakoek ez dute batere kaloriarik.

E951 aspartamoak eta beste eztitzaile batzuek (E954 Sakarina, E952 Azido ziklamikoa eta E950 Azesulfamoa) ez diote kalterik egiten gure osasunari, hori diote, behintzat, zientzialarien orain arteko ikerketek eta halakoak neurriz kanpo ere ez dituzte freskagarri hauek. Egunean komeni den baino aspartamo gehiago hartzeko -osasun agintariek gomendatzen kopurua baino gehiago-, heldu batek, aspartamo gehien daraman edaritik, 8 litro edan beharko lituzke.

Dastatzaileen iritzia biltzeko orduan, 30 kontsumitzaile hartu eta produktuak familiaka eman zaizkie dastatzera. Coca-Colak eta Pepsi Light-ek iritzi hobea bildu dute, Coca-Cola Light-ek eta Coca-Cola Zero-k baino, eta Pepsi normala bi multzoen tartean geratu da. Laranjazko freskagarrietan, Fanta eta Schweppes bereizi dituzte besteen artetik, eta bi horien light bertsioak geratu dira azken tokian. Kas etxeko bi edariak tartean jarri dituzte. Biterretan, biak ziren Kas, eta light motakoak emaitza hobea izan du. Eta toniken artean, ez da izan desberdintasun nabarmenik, nahiz eta Schweppes etxekoak puntuazio hobea lortu beste biek baino. Gaseosari erdipurdiko puntuazioa eman diote.

Kafeina eta kinina

Tonikak ura, gas karbonikoa edo ur gasifikatua ditu, azukrea edo eztitzailea, gehigarriak eta kinina estraktoa. Kinikak eragin suspergarria du nerbio sisteman (alkaloide mingotsa da, kinina zuhaitzaren azaletik ateratakoa). Litro bakoitzeko, 100 miligramo onartzen dituzte, eta Schweppes etxeko biek 27 mg/l eman dituzte, eta 60 mg/l Nordic Mist-ekoak.

Kolako freskagarriek kafeina izaten dute, eta fruta tropikal batetik ateratzen dute, kola-hurretik, hark berez edukitzen baitu. Kafeina bizkorgarria da, eta neurrian hartuz gero (egunean 200 miligramo, gehienez), mesede egiten die buru-lanari eta muskuluen jardunari. Hortik gora hartuz gero, loezina eta estutasuna sor ditzake. Haurrei gehiago eragiten dien kafeinak, helduei bano. Kolazko bost freskagarrietan, batez beste, 11 miligramo kafeina aurkitu dira ehun mililitro bakoitzeko; te beltzak hori halako bi izaten du, Red Bull edo antzeko edari energetikoek, hori halako hiru, eta kafe iragaziak, hori halako zazpi. Edaritik edarira, badira aldeak kafeina kopuruetan: Coca Cola Light-ek 12,2 mg/100 ml ditu eta Pepsi Light-ek 11,4 mg/100 ml; Coca-Cola normala eta Zero motakoak 9,3 mg/100 ml dauzka eta Pepsi normalak, 10,6 mg/100 ml. Beraz, Coca-Cola Light-ek % 35 kafeina gehiago du, etxe bereko beste biek baino. Coca-Cola etxeak merkaturatzen dituen freskagarri kaloriagabeen artean (Light eta Zero) horixe da, gainera, alderik azpimarragarriena, nahiz eta beste zenbait gehigarri ere desberdinak dituzten.

Kolazko edariek azido fosforikoa ere badute (garratz puntua ematen dio, eta herdoilaren aurkakoa da). Fosforo gehiegi hartzeak hezurren kaltziogabetzea ekar dezake. Edariek 700 miligramo eduki ditzakete litro bakoitzeko. Aztertu diren bostak neurrien barruan daude, eta 478-546 miligramo eman dituzte litroko.

Freskagarrietako laranja zukua

Laranja zukuzkoak diren freskagarriek, gutxienez, % 8 eduki behar dute laranja ura, zuku kontzentratutik lortuta. Laborategian ezin izan da jakin zenbat zuku duten freskagarri hauek, baina bai zenbat azukre. Laranja zukuak, berez, azukre gutxi du, eta ezin asko eman produktuari: light motakoetan, 7 eta 8 gramo azukre agertu dira litro bakoitzeko, eta besteetan, 83 eta 116 gramo litroko. Laranjazko freskagarri batek 42 kaloria ematen ditu ehun mililitro bakoitzeko, laranja zukuak adina, baina zukuak bitaminak eta mineralak ditu, freskagarriek ez bezala.

Kontserbagarriak eta koloragarriak

Koloragarri artifizialen bila aritu dira ikertzaileak, horiek sortzen baitute eztabaida. Lau antzeman dituzte. Kas Naranjak eta Kas Naranja Light-ek E-102 tartrazina eta E-110 Hori Ilunabarrekoa dauzkate; Bitter Kas-ek eta Bitter Kas Light-ek, berriz, E-122 Karmoisina eta 4R E-124 Ponceau erabiltzen dituzte. Kopuruak muga barruan daude, baina hobe zatekeen koloragarri naturalak erabili izango balituzte, beste etxeetakoek egiten duten bezala. Hamazazpi freskagarrietatik bederatzik kontserbagarriak dituzte, azido sorbikoa (litroko 300 mg eduki ditzakete) eta azido bentzoikoa (litroko 150 mg); guztiek ere legea betetzen dute. Freskagarriak eta osasuna Azidotzaileak eta hezurrak. Kolazko freskagarriek azido fosforikoa dute, eta maiz-maiz edango bagenitu, fosforo asko ariko ginateke ematen gure gorputzari, eta fosforoak, neurriz kanpo hartuz gero, desmineralizatu egiten ditu gure hezurrak. Fosforo gehiegiak hezurrak kaltziogabetzea dakar.

Azukrea eta txantxarra. Azidotasunak eta azukre sinple ugari edukitzeak kalte egiten diote esmalteari, eta horrek lana errazten dio txantxarrari.

Azukrea eta gizentasuna. Freskagarri lata bat edaten denean, hiru azukre zorrotxo irenstea bezala da (100 eta 130 kaloria inguru).

Gasa eta aerofagia. Freskagarri gasdunek aerofagia sor dezakete; gasak pilatu egiten dira urdailean eta hesteetan, eta horrek zaildu egiten du digestioa. Hobe da gasik gabeko freskagarriak hartzea.

Kafeina bizigarria da. Egunean 200 miligramo baino gehiago hartzeak loezina eta estutasuna sor ditzake. Kolazko lata batek 30-40 mg kafeina ditu. Kafeak eta teak ere badute kafeina. Haurretan, txikiagoa da gainditu behar ez den kafeina kopurua.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto