Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Udaberriko astenia: Bitamina-gehigarrien mugak

Milioika pertsonak mundu zabalean ahaleginetan dihardute bitamina-gehigarriak kontsumituz asteniaren aurka; dena den, gaitz horri buru egiteko aski litzateke barazki, labore eta fruta ugariko dieta egitea

 Alergiak eta bronkio-asma ez ezik, etengabeko neke deserosoaren karga ere ezartzen dio jende askori udaberriak: ageriko motiborik ez duen sentsazio gogaikarri horri astenia deritzo. Atseden jarraituak izan beharko luke sendagairik egokien eta merkeena baina, honetan, ez du deus askorik balio. Ordezko bide bat jeneralizatzen ari da aspaldiko partez: bitamina-gehigarriak, alegia. Dena dela, bitamina horien onurez eginiko azterketek frogatu dutenez, horrelako emaitzarik ez da ikusten. Alderantziz, era jarraituan hartzea osasunarentzat kaltegarri izan daitekeela erakutsi dute. Kasurik gehienetan dieta orekatua da sendagairik egokiena asteniak bere-bereak dituen ahulezia eta insomnioari buru egiteko.

Astenia ohikoena, klima-aldaketa bortitzekin loturiko urte-sasoietan (udaberri eta udazkenean) ageriko kausarik gabe azaltzen dena da. Berarekin lotu daitekeen oinarrizko gaitzik ez duela, aste batzuetan luzatzen da eta, halako batean, desagertu egiten da, tratamendua ezartzeko beharrik izan gabe. Zientzialari batzuen iritziz, atmosferaren ionizazio-aldaketak izan litezke endorfinen (formalismo gabeko mintzairan, "zoriontasunaren hormonak") mailaren jaitsiera horren eragileak. Endorfinek ariketa fisikoa eta beste hainbat estimuluren aurreko ihardespen gisa dihardute eta ongizate sentsazioarekin, nekearen pertzepzioaren geroratzearekin, minaren atalasearen handitzearekin eta bizitasunaren areagotzearekin lotzen dituzte adituek.

Oraino ez da tratamendu eraginkor egiaztaturik diseinatu asteniari aurre egiteko; horregatik, eraginiko paziente gehienek bitaminak, tonikoak eta, besteak beste, karnitina, arginina, azido aspartikoa, zitrulina, deanola, ginsenga edota hiperikoa dauzkaten estimulagarri arinak kontsumitzera jo ohi dute.

Astenia (udaberri zein udazkenekoa) arina denean bidezkoena berdura, labore eta fruta ugariko dieta orekatua eginez jardutea da. Egunari hasiera emateko gosari ederra hartu eta, jardunaren amaieran, oheratu baino pare bat ordu lehenago, afari arina egitea, horra hor laguntza eraginkorra. Hidratazio onak, ariketa fisiko arina aire zabalean egiteak eta jarrera optimistari eusteak osatuko dute tratamendua. Umore onak eta irriak endorfinen askapena estimulatzen dutela ere egiaztatu da. Hala eta guztiz, sendagilearengana jo beharra dago horrelako koadro bat hilabetea igarota arintzen ez bada.

Dena dela, bitamina-gehigarrien kontsumo jeneralizatuaren kausa ez da astenia bakarrik, mundu garauan milioika pertsonak bitaminak, mineralak, entzimak, landare-pigmentuak eta antioxidatzaileak hartzen dituzte, era guztietako helburuak erdiesteko, hala nola minbizia eta arteriosklerosia prebenitzea, osasun hobea eta zahartzaro luzeagoa lortzea, bizi-estilo okerrak orekatzea, erradikal askeen efektua deuseztatzea, Alzheimerra eta gainerako gaixotasun endekagarriak prebenitzea. Konposatu horiek bai botika-produktuetan baita, geroz eta maizago, elikagai aberastuetan ere aise samar idoro daitezke.

Oraingoz, bederen, bitamina- eta mineral-gehigarrien kontsumo handia esplika dezakeen estatistika fidagarririk ez dago Espainian eta argitara emaniko azterlan kopurua bera ere urri-urria da. Azterketek diotenez, autonomia erkidego batzuetan populazioaren %9 - %28k horrelako gehigarriak eskuarki kontsumitzen ditu. Estatu Batuetan, berriz, horrelakoak biztanleriaren %20 - %46 inguruk hartzen ditu. Europako batez bestekoa %20 inguruan dabil.

Kontsumo handia gorabehera, horien balizko onuraz zalantza asko dago. Orain arte eginiko ikerlanetatik -horietako asko, ebidentzia zientifiko eskasekoak- elkarren kontrakoegi diren ondorioak atera izan dira, hots, kontsumitzaileari ezin zaio igorri mezu argirik. Egundo egin den ikerlanik deigarrienak -2007 urtean JAMA (Journal of the American Medical Association) aldizkari ospetsuan plazaratuta- hainbat gaixotasun prebenitzeko xedez preskribatutako bitamina andana batek (beta-karotenoa, A, C, E bitaminak eta selenioa) izan litzakeen onurak auzitan ipini ditu. Prebentibo gisa antolaturiko beta-karoteno eta A eta E bitaminak dauzkaten gehigarriak hilkortasun-indize handiagoekin lotzen dira. C bitaminari eta selenioari dagokienez, inolako loturarik ez da atzeman.

Emaitza horietatik, sendagilearen preskripziorik gabe eta luzaro irauten duen bitamina-gehigarrien kontsumo jeneralizatua kaltegarri izan daitekeela ondorioztatzen da. Kasurik gehienetan organismoak premiazkoak dituen nutriente denez, praktikan, dietak hornitzen gaitu. Aparteko egokieretan eta sendagileak hala aholkaturik bakar-bakarrik har daitezke bitamina- eta mineral-gehigarririk.

Astenia

 Neke, ahuldade, akidura eta lokuma-sentsazio objektiboa dela dio definizioak baina asteniarekin batera beste sintoma batzuk etortzen dira maiz, hala nola suminkortasuna, insomnioa, motibaziorik eza edota apatia, besteak beste. Medikuntzaren ikuspegitik nekea eta ahuldadea kontzeptu desberdinak diren arren, asteniaren sinonimotzat baliatzen dira biak, esfortzurik egin gabe eta atseden-egoeran ere nozitzen den egokieraz aritzean.

Sintoma horiek usu nozitzen ditu populazioak: artapen primarioko zentroetara doazen pazienteen ia herenak kontsultara hurbiltzeko motibo nagusia horixe izan dela dio. Batez beste, 30-40 urte bitarteko adinean, emakumeetan agertzen da maizago gizonezkoetan baino.

Kasu gehientsuetan asteniak ez du kausa garbirik; halaz ere, bera justifika dezaketen hainbat sintoma atzematen dira pazienteetan: alterazio endokrinoak, metabolikoak, infekziosoak edota kardiakoak. Horrelakoetan astenia organikoaz aritzen dira adituak. Inoiz edo, kausa eragilea psikogenoa da -astenia psikogenoa- eta depresiozko trastornoekin, antsietate edota estres egoerekin loturik agertzen da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto