Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Haurduntza eta osasun laborala, aitzakiarik gabeko lotura

Enpresek emakume haurdunen osasuna babestu behar dute: horrela agertzen da haurdunaldi edo edoskitzaro naturalean oinarritutako despidoaren baliogabetasuna xedatzen duen Berdintasunaren eta Familia eta Laneko Bizitza Uztartzearen Legean

  Negarrak, haurtxoak hertsaturiko insomnioa eta eguneroko zereginekin jarraitzeko ardura dira, dudarik gabe, amatasunaren aurpegi itsusia. Tentsio hori etxetik kanpora dabiltzan emakume askok nozitzen dute -batzuek, haurdunaldiko lehen asteetatik bertatik- lan-eginkizunen ezagugarriak medio, beren osasuna okertzen ari dela ikusten baitute. Halaz ere, ohartaraz dezagun, haurduntza eta lana, oro har, ez dira elkartezinak. Muga bakarra, izatekotan, emakumeak edo jaiotzear dagoen haurtxoak nozi litzaketen arrisku fisiko edo psikologikoak izan beharko lirateke, baina inola ere ez, oraino ere emakume haurdun ugarik pairatzen duten laneko presio erraldoia. Horrelako egoerak prebenitzeko neurriak ez hartzekotan, faktore bi horien batuketaren ondorioz, koadro patologikoak osatu eta ama-umeak kalteturik gerta bailitezke.

Adituen iritziz, lanean dabiltzan emakume haurdun askoren arrisku-faktore behinena haurduntza bera da. Madrina Fundazio espainiarrak egin eta joan den martxoan Europar Batzordeari igorri zitzaion azken txostenean salatzen denez, erakunde horrek artaturiko hamar emakumetik bederatzik, azkenean, mobbing jasaten du lantokian. Fundazio horrek Espainian artatzen dituen 100.000 emakumeetatik 70.000 haurdun daude. Txostenean irakurtzen denez, haurdunen %25 lanetik kanporatuak izango dira haurdunaldian edo, lanean sartu ondoren, amatasun baja amaitutakoan edo lan-jardunaldiaren murrizketa eskatzean.

Lan esparruan emakume haurduna babesten du Legeak eta, bai sendagileek bai psikologoek, haurduntza eta lana uztartzea komeni dela diote denek. Laneko errutinarekin segitzeak forma fisikoa eta psikologikoari eusten laguntzen duela egiaztatu dute azterketa askok, haurduntzari aurre egiten laguntzen baitu, egoera berezi horretara soil-soilik so egon ordez. Garai horretan ohiko ekarpen ekonomikoa egiteko ez ezik, emakumeak aktibo irauteko aukera ere ematen du lanean jarduteak.

Arriskuak, etapaka

Lehen hiruhilekoa, aurreneko asteak bereziki, funtsezkoa da jaioko den haurtxoa ongi gara dadin. Halaz ere, etapa horretan emakume askok haurdun daudela ez dakitenez, ez dituzte babes-neurriak hartzen hasiera-hasieratik.

Aldi horretan oinarrizko prebentzio-neurriak muturreraino bete behar dira, ondorio teratogenikoak (fetuaren malformazioak) nozitzeko edo abortatzeko arriskua larriagoa baita. Zeregin fisikoak egitea, zutik luzaro egotea, txandakako edo gauezko lanetan jardutea, estres maila handiak jasatea edota toxiko izan litezkeen substantziez inguratuta egotea arrisku-faktore larriak izan litezke eta, esan gabe doa, horien aurrean erreakzionatu beharra dago, molestia edo arrisku seriorik nozitzekotan. Arrisku horien eragina sendagileak berretsi edo baztertuko du.

Bigarren hiruhilekoan, aurrekoan zeuden arriskuak arindu bai baina ez dira desagertuko. Sasoi lasaia da hau, arriskudun haurdunaldietan eta egoera laboral konplexuetan izan ezik.

Azken hamabi asteetan, berriz, jarduera profesionala etetea aholkatzen dute adituek. Azken tarte honetan esfortzua pairaezina bihurtzen zaio haurdunari, are esfortzu fisiko txikiko lanetan dihardutenentzat ere. Horrela dagoen emakumeak ezin ohi ditu lan jardunaldi luzeak jasan, dela neke fisikoagatik, dela emozionalagatik.

Arrisku motak

  Emakume haurdunak hamaika oztopo eta eragozpen gainditu behar ditu lanpostuan. Horietako batzuk begi-bistakoak badira ere, bat eta bi baino gehiago oharkape pasatu ohi dira eta horrexegatik plazaratu dira aspaldi honetan haurdunaldian agertzen diren arriskuak zehatz-mehatz deskribatzen dituzten dokumentu ugari. Esanguratsuenetako bat Ginekologia eta Obstetriziako Elkarte Espainiarrak (GOEE) egin eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak sustaturiko "Guía para la prevención de riesgos durante el embarazo, y la lactancia y Orientaciones para la valoración del riesgo laboral y la incapacidad temporal durante el embarazo" da.

Arriskuak ugariak eta era askotakoak direnez, hobe du emakume bakoitzak, bere lanpostuaren ezaugarrien arabera, informazioa eskatzea. GOEEren dokumentuan argi eta garbi zehazten da lanbide bakoitzean diharduenak zenbatgarren astean utzi behar dion lan jarduerari baina, horrez gainera, langile haurdunak espezialistaren kontsultara ere joan beharko du. Haurdunak jasan beharreko lan arriskuak ez ezik, erditzearen aurreko arrisku klinikoak ere (gaitz kronikoak, arnasketa edota hezur eta junturetako arazoak, etab.) baloratuko ditu sendagileak, horietako batzuk haurduntzak areagotu egiten dituelako. Hona hemen arriskuen ohiko sailkapena:

  • FISIKOAK: talkak, bibrazioak, era batzuetako mugimendu, postura eta higidurak, zama astunak eskuz maneiatzea, hotsa, erradiazio ionizatzaileak eta ez ionizatzaileak, hotz eta bero handiak, neke mental eta fisikoa. Odontologo eta industri sektorean dabiltzan langile emakumeak dira honelako arriskuen adibide argienak.
  • BIOLOGIKOAK: zitomegalobirusak, errubeolak, toxoplasmosiak, herpesak, sifilisak eta B hepatitisaren birusak infektatzeko arriskua da denetan behinena. Osasun eta albaitaritza sektoreetako profesionalak eta haurren zaintzan dihardutenak dira arrisku hauek gehien nozitzen dituztenak.
  • KIMIKOAK: minbizia tratatzeko botikak eta beste hainbat substantzia, hala nola artsenikoa, bentzenoa, karbariloa, merkurio organikoa, dietilestilbestrola, gas anestesikoak, hidrokarburo kloratuak, karbono-monoxidoa, pestizidak organofosforatuak, dimetilo-sulfoxidoa eta hainbat produktu disolbatzaile, berniz, pintura, metal eta gainerako toxikoak, medikuntza-bibliografian haurdunarentzako arriskutsutzat jasoak. Nekazaritza, osasun eta eskulangintzazko lanbideetan, berriz, arrisku larriena ohi dago.
  • GIROKOAK: atmosfera eraldatutako lan giroan dihardutenek nozitu ohi dituzte (azafatek, adibidez), gauezko edo txandakako ordutegietan, batik bat. Horrelakoetan, ahal den guztietan, haurdunari eguneko txanda jarri behar zaio.
  • PSIKOSOZIALAK: honelako arriskuetan nagusietako bat estres laboral bizian, ordu luzetan edo bakardadean aritzea da.
  • ERGONOMIKOAK: beti zutik, beti eserita edo hertsaturiko posturetan jardutearren.

Ondorioak

Ama eta fetuaren osasunean arrisku laboralek berebiziko eragina izan dezakete. Bat-batean abortatzeko, haurdunaldia amaitu aurretik erditzeko, jaioberriak malformazioak (erbi-ezpaina, ahosabai arraildua edota muin-hodian akatsak) agertzeko edo, areago, fetua hiltzeko arriskuak, adibidez, zuhurtziaz jokatzea agintzen du. Era berean, lanean emakume haurduna behar bezala ez babesteak berehalako ondorio horiek ez ezik, haurra jaio ondoan eta haurtzaroan ere izan dezake ondorerik: garuneko tumoreak,minbizia edota leuzemia, esate baterako.

Nori kontsulta egin?

Bere egoera laboralak bere osasuna edo fetuarena kalte diezaiokeela susma dezakeen emakume haurdun orok bere ohiko sendagileari kontsultatu beharko lioke: horrek erabakiko du emakumeari aldi baterako baja laborala eman behar zaion edo, bestela, haurdunaldiak irauten duen bitartean edo lanerako ezintasun iragankorra aitortu behar zaion.

Famili sendagileak erabakiko du hori, kausa medikoa baldin bada; horrela gertatzen da, adibidez, haurdunak lunbalgia edo ziatika nozitzen duenean. Ginekologoak baja laborala emango du kausa obstetrikoa atzematen badu (haurdunaldian odol galerak izatea edo umea haurdunaldia amaitu aurretik jaiotzeko arriskua, esaterako). Laneko sendagileak edo enpresako lan-osasuneko unitateko fakultatiboak -bera haurdunaldiko mediku protagonista izan ohi ez den arren- deliberatuko du arriskudun lanbideetan (hala nola industria kimikoan edo eragile kaltegarrien aurrean egon behar dutenak) diharduten emakumeei baja laboral eman behar zaien edo beste departamentu batean ipini behar diren haurdunaldian.

Enpresaren obligazioak

Haurdun dagoen langileak bere egoera enpresari jakinarazi behar dio. Erakundeak babestu egin behar du, langileak nozi ditzakeen arriskuak identifikatuz eta komeni zaizkion baldintzetan, ordutegian edota lanpostuan jarriz. Kasu larrienetan, haurdunaldian edo edoskitzaro naturalean arriskuaren ondoriozko kontratua eteteko aukera ere aztertu beharko litzateke; horrelakoetan emakumeak diru-laguntzarik tramitatu ahal izango luke. Horiek direla eta, bi egoera-mota bereiziko ditugu:

Kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuna

Egoera honetan haurdunaldiaren bilakaera problematikoa izan da, haurduntzak berezko arriskua edo arrisku generikoa duelako. Haurdun dagoen langileak gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasunaren diru-laguntza jaso eta, horrela, azken soldataren %75 kobratuko du. Iraupen laburreko subsidio horiek haurra jaio arte irauten dute; orduan amatasunagatiko baja (egun, 16 astebete) hartuko du emakumeak.

Kontratua etetea eta haurduntza arriskutsuagatiko subsidioa

Horrelako egoeretan, haurdunaldiaren eboluzioa normala izan bada ere, haurduntza edo edoskitze naturala arriskuan jartzen duena lanarekin loturiko kausa bat da. Enpresak arriskurik gabeko lanpostuetan aritzeko aukera ematerik ez duenean, haurdun dagoen langileak kontratua eten eta haurdunaldian edo edoskitzaroan subsidioa (ohiko soldata osoa) kobratzeko eskubidea izango du.

Emakume haurdunak lanpostuan bete behar dituen aholkuak

  1. Esfortzuak, mugimendu errepikatuak eta kargak altxatzeari, ahal dela, saihets egitea.
  2. Lana eserita egiten duenak, tarteka zutitu eta oinez ibili behar du, zirkulazioa aktibatzeko.
  3. Lana zutik egiten duenak, tarteka eseri eta oinez ibili behar du, nekea arintzeko eta hankak karga ez dakizkion.
  4. Ahal den guztietan, ura edan eta zizka-mizka nutritiboak hartzea.
  5. Lana dela medio, ez egin txanda-pasa janariei.
  6. Laguntza ergonomikoak eskatzea, hala nola oinak altxatzekoa, aulki eta teklatu egokiak, bulegoan postura estatikoak eta errepikatu beharreko mugimenduak hobeki pairatzeko.
  7. Gauezko lanari, lanaldi luzeei eta aparteko lanorduei saihets egitea.
  8. Zeregin estresagarriak, ahal denean, beste norbaitengan delegatzea.
  9. Kontrol ginekologikoak egin beharraz enpresa informatzea.
  10. Luzapenak, erlaxatze eta arnaste ariketak egiteko tarteak hartzea.

Lege aldetiko laguntza

  Emakume haurdunari zor zaizkion eskubideak hainbat legek babesten dituzte: 1986ko Osasunaren Lege Orokorra, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea, Lanean dabiltzan Pertsonen Lan- eta Familia-Bizitzak Uztartzeko 39/1999 Legea, haurdunaldian barrenako arriskuengatiko eta amagatiko Gizarte Segurantzaren prestazioak arautzen dituen 1251/2001 Errege Dekretua eta emakume eta gizonezkoen arteko egiazko berdintasunari buruzko 3/2007 Legea, besteak beste.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak xedatua duenez, ahal denean, lan-arriskua duen langile haurduna enpresa barnean lanpostuz aldatua izan behar da; hori ezinezkoa balitz, lan-kontratua eten eta emakume horri haurdunaldian dagokion arriskuagatiko subsidioa erdiesteko tramiteak egin daitezen.

Berdintasunari eta Lanean diharduten Pertsonen Lan- eta Familia-Bizitzak uztartzeari buruzko Legeak xedatua du haurduntzagatik edo edoskitze naturalagatik emakumea enpresatik kanporatzeak baliorik ez duela. Era berean, lana eteteko eta aldi baterako ezintasuna arautzen duen oinarriaren %100erainoko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko kausatzat haurdunaldian eta edoskitzaroan arriskurik izatea dela onartzen du.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto