Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Energia berriztagarriak: Energia ekologikoa etxean ere sor daiteke

Erabiltzaileari etxean bertan energía ekologikoa sortzeko, dirua aurrezteko eta argindar-sarearekiko morrontza arintzeko aukera ematen diote teknologia batzuek

 Etxea teilaturik hastea ez da okerreko burutazioa, argindarreko fakturaren %30eraino eguzki-panelek murritz dezaketela kontuan izaki. Inbertsio handiegirik egin gabe (subentzioak ere xedatuak baitira horretarako), etxean bertan instalatu ahal izango du kontsumitzaileak sistema ekologiko moderno hori eta beste hainbat ere, kalefakzioa, ur beroa edo argindarreko faktura merkatzea nahi badu. Ingurugiro alorreko arautegiak geroz eta ugariago eta zorrotzagoak direnez, etxebizitzek geroz eta ekologikoago izan beharko dute, ezinbestean.

Eraikin konbentzionalek garraioak edota industriak baino energia gehiago kontsumitzen dute, Arkitektoen Institutu Amerikarrak eginiko azterlan baten arabera. Eta, dudarik gabe, etxebizitzetan energia ekologikoko sistemak ezartzearen garrantziaz geroz eta jabetuago daude erakundeak.

Iazko martxoan Espainian indarrean sartu zen Eraikuntzaren Kode Tekniko berriak energiaren kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien sistemak (hala nola panel fotovoltaikoak) instalatzeko exijentziak xedatu ditu. Erresuma Batuan proposamen ausarta egin da: 2016 urterako etxebizitza berriek "zero energia" ereduaren araberakoak izan behar dute, hots, diseinu eta material eraginkorrei eta bertan instalaturiko iturri berriztagarriei esker, bertako premia energetiko guztiak asetzeko gauza izan behar dute.

Halaz ere, orain bertan energiaz erabat auto-asetzea biziki garesti eta zaila bada ere, maila batean lor daiteke hori. Espainian adibidez, etxe batzuek ("bioklimatiko" izenekoek), argindar eta uraren gastua %60raino murrizten dute.

Egun energiak eskuratzeko hainbat aukera ditugu. Batetik, energia berriztagarria eskuratzeko sistema aktiboak instala daitezke, hala nola eguzki panelak, mini- aerosorgailuak, bioerregaiak edo biomasa. Bestetik, teknika pasiboak, adibidez isolamendu termikoak, eguzkitiko berotasuna aprobetxatzeak edo, areago, etxebizitzan bizi direnek sortarazten duenak ere, airea egokitzeko argindarraren kontsumoa %70 - %90raino murritz dezakete.

Eguzki panelak eta mini-aerosorgailuak

Eguzki panel fotovoltaikoek eraikin bateko argindarraren gastuaren %15 - %30 aurrez dezakete. Eguzkitiko energia termikoak, berriz, etxebizitza neguan berotzeko, udan freskatzeko eta ur bero sanitarioa epel dezake hainbat modutan. Esate baterako, "bero-ponpa geotermikoek" lurrean metaturiko berotasuna baliatzen dute. Sistema konbentzionalak baino garestiagoak diren arren, epe ertain batean (bi - bost urtean) beren burua ordaintzen dute, aldekoek diotenez.

Etxebizitza familiar batean eguzki-sistema fotovoltaikoa instalatzea 36.000 euro inguru kosta daiteke eta ur beroaz hornitzeko eguzki-sistema termikoa ipintzea, berriz, 2.000 euro baino gehixeago. Sektoreko adituen iritziz, gastu horri bidezko epe batean buelta eman dakioke, erdietsitako aurrezkiari, subentzioei eta desgrabazioei esker.

Geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira orain "eguzki-baratzeak": kontsumitzaileak 50.000 euroko inbertsioa egin behar du, lursail batean pilatzen diren eguzki-instalazio fotovoltaiko txikiak kokatzeko; kostuak urritu egiten dira, beste hainbat jabekiderekin partekatzen baititu lursaila eta instalakuntza, zaintza, azpiegitura eta mantenuko gastuak.

Eguzkiak gainera, haizea ere aprobetxatzeko modukoa da etxebizitza batean, tentsio apaleko sareetara konektatuak egon daitezkeen aerosorgailu txikien bitartez. Energia eolikoko mini-sistema horiek teilatuan bertan ere instala daitezkeen arren, egun, landa-instalazioetan argindarra sortarazteko ipintzen dira, gehienbat.

Biomasa

Beste aldetik, animalia- edo landare-materia organikoak (biomasak) aukera anitzeko energia dauka: hartzigailua hondakin organikoak biogas eta nekazaritzarako ongarri bihurtzen dituen edukiontzia da; sukaldean erabilitako olioa ibilgailuentzako erregai bihur daiteke; areago, oliba hezurrek, almendra oskolek, zurgintza eta basoetako garbikuntzetatik geratzen diren txirbilek edota abeltzaintza eta nekazaritzako hondakinek ere egungo etxeko kalefakzioetako galdarak elikatzeko balio dute.

Egokienak, sistema mistoak

Edonola ere, teknologia horiek elkarren osagarriak izaten direnez, aditu batzuek sistema hibrido edo mistoak ezartzea aholkatzen dute. Esate baterako, eguzki-energia termikoak eta bero-ponpak (aire egokituaz eta kalefakzioaz honi gaitzakeen aparatuak) "eguzki-energia termodinamiko" izenekoa sortarazi dute. Honen sustatzaileek diotenez, haize, euri eta eguzkiaren berotasuna (baita gauez ere) baliatzen du eta oinarri dituen bi teknologiek baino eraginkortasun handiagoz erdiesten du ur beroa.

Beste aukera bat haize eta eguzki energiak konbinatzea da. Egun hotz eta haizetsuetan, eguzkia ezkutaturik egon ohi denez, argitasuna baliatzeko aukera gutxi dago baina aerosorgailuentzat egoki-egokiak dira. Antizikloiak, berriz, zeru urdina eta haize gutxiren ekarle ohi diren heinean, egokiagoak dira plaka fotovoltaikoentzat. Sistema mini-hidraulikoen jabeek, aldiz, eguzki-panelak instalatu ahal izango dituzte ur-emaria energia eskakizun osoa asetzeko aski ez denean. Hona beste aukera bat, oraino: eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta multzo elektrogenoa elkartzea: bigarren hau energia berriztagarriko sistema ez bada ere, balizko gorabeheretan aritzeko balio dezake.

Urratsez urrats

Lehen-lehenik, etxebizitzan bete nahi diren premiak zehaztu beharra dago: argia, ur beroa, kalefakzioa, etc. Ondoren, sektoreko hainbat enpresaren aurrekontuak eskatu eta konpara daitezke elkarrekin; enpresa horiek jaso daitezkeen subentzioak tramitatzeaz ere arduratu ohi dira.

Halaz ere, oso litekeena da enpresa instalatzaile batzuen eskaintzak, gerora beteko ez diren itxaropenen sortzaile izatea. Horregatik, dirurik ordaindu aurretik, hobe du erabiltzaileak ahalik eta informazio guztia biltzea, erabaki egokia hartuko badu. Aukera bat, adibidez, Etxebizitza eta Energia Saileko erakunde eta organismoekin, Energia Aurreztu eta Dibertsifikatzeko Euskal Institutuarekin (IDAE) edo sektore horietako elkarteekin (Etxe Bioklimatikoaren Elkartea, Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkartea, Industria Fotovoltaikoaren Elkartea, Energia Eolikoaren Enpresa-Elkartea, Industria Termikoaren Eguzki-Elkartea, Biomasaz Baliatzeko Elkartea, etc) kontaktuan jartzea da.

Etorkizun itxaropentsua

Edonola ere, energia berriztagarrietarako urratsa egitea ez da kontu samurra, kontsumitzailearen kontzientzia izan ohi baita balantza alde batera do bestera kargatzen duena. Baina, batetik, petrolioa geroz eta urriago eta garestiago dagoela, ingurugiroaz geroz eta kezka larriagoa hedatzen ari dela eta, bestetik, egungo garapen teknologiko eta arautzailea kontuan izaki, horrelako teknologiak jeneralizatzen ikusiko dugu aurki, aldekoen iritziz.

Zenbaitetan, "belaunaldi banatuaren" eskutik etorriko den egiazko iraultzaz ere mintzatu izan dira adituak, hots, kontsumitzaileak bere energia era ekologikoan ekoitzi, metatu eta kudeatuko du, konpainia elektrikoekiko morrontzatik hein batez edo, areago, erabat askatzeko. Egun aski garaturik ez dauden teknologiak edo, areago, zientzia-fikziozkoak diruditenak, eguneroko ogi bihur litezke hemendik urte batzuetara, hala nola hidrogeno-pilak, kontsumoa optimizatzen duten sistema informatikoak, eguzki-energia sortarazten duten pinturak, algekin ekoitzitako bioerregaia, etc.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto