Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Hipokondria: Irudipenezko gaitza egiazko gaixotasuna denean

Grezia klasikoan gaixotasuntzat hartua izan arren, osasun alorreko arduradunek oraintsu arte ez dute aintzat hartu hipokondria

  Hipokondria edo "gaitz ilunaren" sindrome izeneko hori landare bat bezalakoa da: norbaitek ustez nozitzen duen gaixotasunaz hitz egiten denean, landarea ongarriz ureztatuko balitz bezala, hazi eta hazi egiten denez, hobe da isiltasun ituna hitzartzea, gaitzaren hazkundea mugatu edo galarazteko.

Psikologiak oraintsu arte alterazio sekundariotzat hartua eta, amaiera gabe errepikatzen ziren kontsulta eta konponbiderik gabeko gaixotasun fisikoez eginiko kexuez sendagileek asper-asper eginda arbuiaturik, hipokondriari hasi zaio ematen merezi bezalako arreta aspaldi honetan, 20 urteotan, hain zuzen. Gogora dezagun, halaz ere, Grezia klasikoko jakintsuek, Hipokrates buru hartuta, orain dela 2.000 urte organikotzat jotzen zuten gaixotasun hori zehatz-mehatz deskribatu zutela.

Sekulako oihartzuna XVII. mendean, Molière-ren "Irudipenezko gaixoa" antzerki lan handiari esker hartu bazuen ere, XIX.ean europar medikuntzak bideratu zion arreta estreinakoz baina pazienteenganaino ez zen iritsi arreta hark sortarazitako emaitza onik.

Egun hipokondria, definizioz trastorno mental jakin bat da eta, azterketa medikoek erabat baztertua duten arren, gaixotasun organikoren bat orain edo geroago nozitzeko beldurra du bereizgarri nagusia. Ikuspegi klinikotik, urte erditik aurrera luzatzen denean, ondoez nabarmena (larritasuna, herstura, depresioa) probokatzen duenean, pazientearen premia sozial eta laboralen ohiko asetzea baldintzatzen duenean diagnostikatzen da, beste hainbat patologiaren (eldarnio, antsietate jeneralizatu, trastorno obsesibo edo depresio nagusiaren) bidez ezin azal daitekeenean.

Gaixotasuna, bertatik bertara

Trastorno hau nozitzen duten gizakiek, orokorki, haurtzaroan beraiek edo gertuko pertsonaren batek (aitona-amona, ahizpa, neba, lagun mina). gaixotasuna bizi izan dute. Ohiko kontua da hipokondriako izan diren eta, hortaz, huskeriaren batengatik (hotzeritxo bat, adibidez) berebiziko kezka agertuz, eredu rolean jardun duten edo bat-batean hil diren zuzeneko senideak topatzea. Horrelako bizipenek pazientea biziki kaltebera sentiarazten dute, noiznahi hil edo gaixotasun terminal bat nozitzeko aukera dutela oroitarazten diote eta, jakina, hori gertatzear dagoela adieraz diezaiokeen zeinahi seinaleren aurrean erne jartzen dira.

Pentsamendu negatiboak

Horra hor arazoa: gaixotasun hilgarria nozitzeraino heltzeko kezka larriak jota, gerta daitekeen zeinahi bestelakotze fisiologiko adierazgarriren aurrean erneegi egon ohi dira batzuk, bere bizipenarekin loturiko aldakuntzekin bereziki, hots, bihotzekoak emanik hil zen aitona haren loba bihotzean gertatzen zaizkion aldaketei so egongo da gau eta egun. Eta, biziki aktibatu eta erne daudenez, oso litekeena da, ingurunera behin eta berriro egokitzeko ahaleginaren ondorioz, organismoan etengabe gertatzen diren aldaketak hautemanak ez ezik, areagotuak ere atzematea, ematen zaien arreta selektiboak eraginik.

Emozionalki aktiboak

Pazienteak gaixotasun larria hartu duela pentsatzeak bere fisiologian aldaketa ugari eta biziki intentsuak (baina normalak: bihotz-tasa edo tonu muskularra areagotzea, begi-ninia dilatatzea, etc.) sortaraziko dizkion nerbio-sistemaren aktibatzea ezin saihestuzkoa da. Hipokondriakoari, aldaketa txikietara beti so dagoela, bestelakotze horiek gaixo dagoela egiaztaraziko diote, inongo zalantza-izpirik gabe.

Erantzuna, higidurazkoa edo konduktuala

Norbaitek organismoan zerbait ongi ez doala uste duenean (senide eta lagunak ondo kezkatuz gero) aurreneko ekimenetako bat sendagilearengana jotzea bada ere, bere burua osasuntsu ikusi eta halakotzat baloratzeak lehen unean bakarrik lasaituko du hipokondriakoa; berehala, "normalak ez diren" sentsazioak berriro hautematean amaituko dira lasaitasunak.

Gauzak horrela ikusirik, sendagileak bere lana ongi egin ez duela ondorioztatu eta, noski, "gehiago dakien" beste baten bila hasiko da hipokondriakoa. Fakultatibo horrek psikiatra edo psikologoarengana joanarazten badio, oso litekeena da ordezko medikuntzara jotzea edo, bere kulturan sustraiturik baldin badago, era guztietako petrikiloen kontsultetara egitea. Bien bitartean, liburuetan eta Interneten murgilduko dira, beren burua ebaluatu ahal izateko, eta bertan gaixotasun horren beste hamaika aldaera direla aurkituko dute, estutasunaren aukerak amaigabe biderkatuz.

Denok jokatu dugu horrelaxe inoiz edo behin baina horrek ez du esan nahi guztiok hipokondriako garenik: benetan bereizten gaituena gaixotasunaren eta heriotzaren aurreko jarrera da. Sendagilearen jakintza eta esperientzian baino areago, bere senean du konfiantza handiagoa hipokondriakoak, bere burua behin eta berriz aztertzeari ezin utz diezaioke, bere bizitza alferrik kontrolatzen ahaleginduko da etengabe... Beraz, datorkionaz ondorio dramatikoak behin eta birritan aterako ditu, ezinbestean.

Hortaz, osatzen joan den beldurrezko estres hori luzaro pairatu ondoren, bera zaindu dutenak kexuz aspertu ondoren, burua gaixotasunekin eta horiengatik hildako pertsonekin nekatu ondoren, kosta ahala kosta saihesten dituen jarduera atseginak zokoratu ondoren... azkenean depresio sakonean amiltzea ez da bat ere harritzekoa.

Nola lagundu hipokondriakoa?

Abiatzeko, trastornoa bera eta tratamendu espezializatua hartu beharra onartzea ezinbestekoa da. Ondoren, konfiantzako sendagilearengana joan beharra du; honek pazientea osasun mentaleko espezialista batengana (psikologo edo psikiatragana) igorriko du. Batzuetan, fakultatiboek diagnostikatzen asmatzen ez duten gaixotasun organikoa jasaten duela eta trastorno psikologikoa nozitzen duenik onartzen ez duela sinestaraztea kontu erraza ez denez, hobe da beste zerbait sinestarazten saiatzea, hots, gaixotasunaren aurrean hartu duen jarrera horrek gaitza gainditzeko balio izan ordez, bizitzaren gainerakoa "atsekabez kutsatzen" lagunduko diola: aldartea, harreman sozialak, lantokiko bizitza, aisialdia, etab. Beraz, bestelako zerbait egin beharko duela, ezer aldarazi nahi badu. Hori erdiesteko, espezialista psikologoa bisitatu beharko du, gaitza "eramaten lagun dezan bakar-bakarrik", hipokondriari dagozkion alderdiak auzitan jarri gabe.

Nola jokatu behar duten hipokondriakoaren senide eta lagunek

  • Gainerako senide eta lagunak konbentzitu behar dituzte, hipokondriakoaren etengabeko kexuak eta iritzi-eskaerak indartzeari utz diezaioten, jokaeraz aldatuz.
  • Bere kezka landare bat bezala dela azaldu behar zaio: bere gaixotasunaz mintzatzen denean ongarriz ureztatuko balitz bezala gertatzen denez, eguneroko solasaldietatik kontu hori baztertzea hitzartu behar dela.
  • Ohiko aisialdian eta aktibazioaren kontrola hobetzen lagunduko dioten jardueretan (meditazioa dela, tai-txi dela...) jardun dadin animatu behar zaio. Jarduera horiek, orokorki, hobe edo gaizkiago sentitzen laguntzen dioten ere ebalua dezan lagundu behar zaio.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto