Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Pultsometro digitalak: Garesti-garestiak ez dira hobeak

Taupadak zehazki neurtzen dituzte zortziek eta, bihotz-taupaden maiztasunaz gainera, ordua, data, kronometroa eta alarma agertzen dituzte

  Kirolari batek ez du beti egiten esfortzu berdina ariketa batean: batzuetan pletoriko bilatzen da eta bestetan nekatuago. Beste aldetik, gorputza zaildu edo entrenatu ahala, marka gorago jarri behar du, esfortzu berbera egiteko. Horrelako egokieretan pultsometroa erabiltzea baliagarri gerta dakioke: aparatu elektroniko txiki horiek bihotz-taupaden maiztasuna neurtzen dute, hots, ariketa batek agintzen duen esfortzua hobekien adierazten duen aparatua.

Kirolaria zenbat eta zailduago egon, orduan eta denbora gehiago edo azkarrago entrenatu beharko du bere organismoa eskatzen zaion esfortzu-mailara irits dadin. Pultsometroa, hortaz, segurtasun-tresna ere bada, aholkagarri den intentsitate fisikoa noiz gainditzen ari den ere adierazten baitu. Horregatik eta prezioz merkeak direlako, kirol aerobikoak (lasterketa aire zabalean, txirrindularitza, tenisa, etab.) praktikatzen dituzten atleta afizionatu eta profesionalei lagungarri gertatzen zaizkie. Bular bueltan ipintzen den banda elastikoak taupadak hari gabe eskuturreko erlojura transmititzen ditu. Batzuek, areago, entrenamendu bakoitzeko datuak ordenagailura deskargatzeko aukera ematen dute, geroago aztertuak izan daitezen. Halaz ere, azterketa konparatibo hau egiteko aparatu oinarrizkoenak aukeratu dira, hots, zeinahi kirolzalek erabil ditzakeenak.

Laborategian aztertu eta erabilera-proba aplikatu zaie zortzi pultsometrori; hauen prezioak 30 euroetatik (Sigma Sport Coach) 100 euroetaraino (Beurer PM65) doaz. Denek daukate bularrean ipini beharreko banda elastiko bat, taupadak neurtzen dituena, eta eskuturreko erlojua, horiek agertzen dituena.

Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Oregon Scientific SE190 laginak ematen du: bera da bigarren merkeena (40 euro), proba gehienak gainditu ditu, soinu-alarma dauka, kaloria-kontsumoa erakusten du eta uraren, bibrazioen eta berotasun hezearen kontrako erresistentzia ona agertzen du. Kalitate hobeko pultsometro bila dabilenak Polar FS2C aukera polita du: aurrekoa baino garestixeagoa (58,30 euro) izanik, denetan arinena da, besoa bularrera hurbiltzea aski da kontsultatzeko (botoirik sakatu behar izan gabe) eta erabiltzaileen gogokoena da.

Denak dira zehatzak

Aparatu horien funtsezko eginkizunean (taupadak neurtzea) duten zehaztasuna laborategian neurtu zen: horretarako, minutuko 36 taupadatik 240 taupadaraino zihoan zerrendan sartu ziren. Eginiko proba guztietan neurtze zehatzak egin dituzte zortziek.

Estankotasuna egiaztatzeko aparatu guztiak, bularreko banda eta guzti, urpean murgildu ziren ordu erdiz. Banda guztiek uraren aurkako erresistentzia ona agertu zuten baina Sigma erlojuari (nahiz eta bere burua hiru metroko sakoneraino urarekiko erresistentetzat agertu, ura sartu zitzaion, pantailakoa ezabatu zen eta funtzionatzeari utzi zion. Baina lehortutakoan berriro piztu zen. Suunto eta Beurer (porrot eginiko Sigma horrez gainera) bakarrik agertzen dira egokitzat igeriketan erabiliak izateko.

Eskuturrean edo manilarrean

Zortzi pultsometroak eskuturrean erloju gisara eraman daitezke baina Sigma eta Beurer laginek bizikletaren manilarrean ipintzeko euskailu bat ere ematen dute. Casio eta Beurer laginek gordetzeko funda daukate. Pultsometro guztiek beren erabiltzeko, mantentzeko eta garbitzeko argibideak dituzte, Beurer laginak izan ezik: honen argibideak eta segurtasun ohartarazpenak espainieraz ez daudenez, ez du proba hau gainditu. Berme-agirietan Casio da bi urte ematen ez dituen bakarra (bat baizik ez du eskaintzen).

Beurer eta AEG erlojuak astunenak dira (50 gramo baino gehiago) eta Polar (36 gramo) denetan arinena. Txikienak Cardio Sport (42 x 48 x 11 mm) eta Polar (35 x 53 x 12 mm) dira eta AEG aparatu handiena (51 x 63 x 16 mm). Bularrean ipintzen den banda elastikoko transmisorea da bihotz-pultsua neurtzen duena; horietan handiena AEG da (63 x 39 x 15 mm) eta txikiena, aldiz, Polar lagina (63 x 30 x 11 mm). Transmisorerik arinena Suunto da (39 g) eta astunena, berriz, AEG (54 gramo). Osotasunean, ekipo arinena Polar da (77 gramo) eta astunena, AEG (104 gramo).

Funtzioak

Aztertu diren aparatu denek, minutuko taupada kopurua neurtzeaz gainera, ordua, data, kronometroa eta alarma erakusten dituzte. Gutxieneko eta gehieneko bihotz-taupaden maiztasuna ere erregistratzen dute eta entrenamendu saioko datuak gordetzen dituzte. Gutxieneko edo gehieneko maiztasuna gainditzean ohartaraziko duen alarma ezartzeko aukera ematen duen bakarra AEG da. Oregon Scientific, Sigma Sport, Beurer, Casio eta Suunto laginek, saioan zenbat kaloria erre diren ere kalkulatzen dute baina, adituen iritziz, gutxi gorabeherako datua da hori, kirolari bakoitzak kaloria kopuru desberdina erre ohi dituelako ariketa edo esfortzu berean.

Oregon eta Sigma dira ilunpetan pantaila irakurtzeko aukera ematen duen argia ez daukatenak. Polar eta AEG laginetan ezin dira definitu kirolariaren ezaugarri fisikoak (pisua, altuera, adina...) datuak profilen arabera egokituak ager daitezen, alegia. Funtzioak aldatzeko, erlojuaren alboetako botoiak sakatu behar dira baina Polar laginak botoi zentral bakarra dauka eta Cardio Sport laginak botoi zentrala eta alboetako lau botoi.

Polar ekipoak, gainera, funtzioak tartekatzeko aukera modu erraz eta soilean ematen du: erlojua bularreko bandara gerturatuz. Sigma eta Beurer laginek funtzio baliagarri bezain bitxia dute: ekipoak kirolariaren egoera fisikoa ebalua dezan, erabiltzaileari milia bat (1.600 metro) korri dezan eskatzen zaio.

Pultsometroek segurtasun elektrikoari dagokion arautegi zorrotza bete behar dute. Cardio Sport eta AEG laginek bandan ez dute adierazten ekipo zein modelotakoa den. Dena den, pultsometro guztiak ongi osatuak daude eta ezin ezabatuzko markak dituzte. Bestetik, korronte elektriko arriskutsuen aurrean ongi isolatuak daudela eta, erloju zein bandako baterietan zirkuitulaburren baten ondorioz gerta litezkeen berotze eta akatsen kontra babestuak daudela egiaztatu da; izan ere, saiakuntza batean ekipoak berotu zituzten teknikariek eta beste batean zirkuitulaburra probokatu zen baina zortzi laginak onik gertatu ziren.

Erresistentzia

Zenbat eroriko jasan dezaketen kalkulatzeko, upel birakarian sartu ziren laginak; aparatuak 50 bira egiten ditu, metro erdiko altueratik 100 eroriko simulatuz. Inolako kalterik ez zuten ekipoek nozitu proba honetan ere.

Pantailak zartatu edo pitzatuko ote ziren ikusteko, erloju bakoitzak joule erdiko hiruna kolpe jasan behar izan zuen. Sigma Sport eta Cardio Sport laginek kalterik pairatu gabe gainditu zuten proba; Oregon markakoa bigarren inpaktuan hautsi zen eta Casio, Polar, Beurer, AEG eta Suunto laginak, aurreneko kolpean.

Erlojuek hainbat maiztasunetako bibrazio-testa ere nozitu behar izan zuten: Beurer (denetan garestiena) blokeaturik geratu zen eta pilak atera eta berriro jarri ondoren bakarrik ibili zen ostera. Hezetasun handiko inguruneetan (kirolean izerditze intentsuak probokatzen duenaren antzekoetan) eta tenperatura beroetan (gorputzeko edo udamineko berotasunagatik) baliatzeari dagokiola, era egokian zebiltzala frogatu zuten zortziek.

Elkargarritasun elektromagnetikoaz ari garela (elektrizitate estatikoz kargaturiko erabiltzaileak horrelako ekipo bat ukitzen duenean eragin dezakeen deskargaren aurreko babesa, alegia) pultsometro bakoitzari hamaika gunetan hamar deskarga elektrostatiko probokatu ziren. Aparatu batzuetan (Sigma, AEG) interferentzia txikiak gertatzen dira baina handik segundo batzuetara desagertzen dira. Cardio Sport laginak, berriz, deskarga ostean taupadak neurtzeari uzten dionez, azterketako proba hau gainditzeke utzi du.

Erabiltzaileen iritzia

Pultsometroa ohi daramaten zazpi kirolarik zortzi ekipoak probatu eta hainbat alderdi baloratu zituzten, 1etik 100erainoko kalifikazioak ezarriz. Proba hau lagin guztiek gainditu bazuten ere, aldeak hauteman ziren batetik bestera: osoko klasifikazioan hoberenak Polar (8,1 puntu, 10etik), Suunto (8 puntu) eta Beurer (7,9 puntu); emaitza apalenekoak, berriz, Cardio Sport (6,5 puntu) eta AEG (6,8 puntu).

Erabiltzaile horien iritziz, argibide-liburu ulergarriena Suunto laginarena da (8,4 puntu) eta nahasgarriena Cardio Sport aparatuarena (6,7 puntu). Emaitza berberak agertu ziren pultsometroko botoiaz eta funtzioez galdetu zitzaienean: Suunto (8,4 puntu) lagina Cardio Sport (6,2 puntu) baino hobeki baloratu zuten. Gehien gustatu zitzaien diseinua Beurer laginarena izan zen (8,4 puntu) eta gutxien, AEG laginarena (5,1 puntu baizik ez). Tamainari dagokiola, Suunto iruditu zitzaien erabiltzaileei maneiatzeko egokiena (8,3 puntu) eta AEG bolumen handienekoa (5,7 puntu), laborategian hartutako datuekin bat etorriz. Erabiltzeko erraztasunean Polar laginak eraman du notarik onena (8,6 puntu) eta Cardio Sport laginak okerrena (6,7 puntu).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto