Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ogi xigortu eta biskote integral eta ohikoak: Integrala eta arrunta bereizten dituena zuntz kopurua da

Ogi xigortuak gure eguneroko dietan sartu aurretik kontuan har dezagun horien osaketa ez dela ogi arruntarena: horiek gantz eta kaloria gehiago dauzkatenez, gutxiago kontsumitzea komeni da

  Ogi xigortua eta biskoteak ogi berezitzat jotzen dira, ogi freskoak ez dauzkan osagaiak dauzkalako: irin aberastuak, azukrea, landare-gantzak, gehigarriak, etc. Biskotea eta eguneroko barrako ogia elikagai energetikoak dira karbohidrato ugari dauzkatelako, baina gantz eta azukre gehiago daukate eta kaloria gehiago ere bai (ehun gramo biskotek 350 kaloriaz hornitzen gaitu; ogi arruntak, 240), dena den, asegarriago gertatzen direnez, anoa txikiagoak kontsumitzen ditugu.

Azukrea eta gantza gehitzea eta ogia xigortzea (honi esker, ogiak ura galdu du eta, ondorioz, nutrienteak bildu egin dira) dira bi ogi klaseen arteko aldea azaltzen duten arrazoia. Ogi xigortua eta biskotea ahogozagarriago gertatzen dira eta, gainera, luze kontserba daitezkeenez, beti eskura edukitzeko aukera ematen dute: horra merkatuan izan duten arrakastaren klabeetako bat. Nolanahi ere, eguneroko dietan sartu aurretik, gogoan izan dezagun hauen osaketa nutrizionala bestelakoa dela; eta ez ogi arruntarena baino hobea, gainera. Bestetik, arauteriak ere ogi xigortua (erre ondoren, xerratan ebaki den eta ondoren xigortu den barrako ogia) eta biskotea (moldeko ogia, erre ondoren ebaki eta xigortu dena) bereizten ditu.

Oraingoan zazpi ogi berezi aztertu dira, horietako lau integralak (Lu, Ortiz, Silueta eta Recondo) eta hiru arrunt (Lu, Recondo eta Ortiz). Lu markako biak biskote dira eta gainerakoak, ogi xigortu; denak xerratan komertzializatzen badira ere, bi formatutan daude salgai: zabalduena (bost lagin) 270 gramo eta bestea, 120-125 gramotakoa (biskote biak). Prezio batetik bestera alde handia dago, ogia integrala izateak eraginik. Denetan garestienak (biak ere, mini biskote) Lu markakoak dira (8 euro baino gehiago, kiloko) eta merkeenak, aldiz, Recondo (5 euro baino gehiago, kiloko). Ortiz lagina 5,75 euro kostatzen da kiloko eta Silueta markako ogi xigortua, 6,37 euro kiloko.

Azterketa honetako lehen ondorioa: produktu hau ongi landua dago eta arau guztiak betetzen ditu etiketari dagokiona izan ezik: hiru laginek legea urratzen dute, azalpen nutrizionalak arauak onetsia ez duen moduan egin dituztelako. Analisietan akrilamidaren (kantzerigenoa izan litekeen substantzia, karbohidrato ugari duten produktuak xigortzean sor daitekeena), transgenikoen (lagin bakar batean ez da genetikoki eraldatutako organismorik) eta bestelako mikroorganismoen presentzia (kalitate higieniko-sanitarioa) bilaturik, lagin guztiek emaitza onak agertu zituzten.

Beste egiaztapen bat: ogi integralen eta integral ez direnen arteko alde handiena zuntz kopurua bada ere, ogi arruntek ere zuntz asko daukate (%4,2 - %5,7 artean); integralek, %13,5 (Ortiz) eta %7,5 (Lu) artean.

Kontsumitzen dugun gatz kopurua elementu estrategikotzat jotzen da egun osasun publikoan, hipertentsioarekin zuzenean loturik baitago. Azterketa honetan, Ortiz markako bi laginek gatz asko daukate (%1,8 eta %1,7). Silueta integral laginak %1,6 dauka eta gainerakoak, berriz, %1 inguru dabiltza. Elikagai bat gaziegitzat jotzen da edukiaren %1,8 baino gatz gehiago baldin badauka. Barrako ogiak edukiaren %1,5 dauka baina kopuru hori murriztean dago erronka, urterik urte.

Dastatze proban mahaikideek ia ez dute alderik hauteman itxura, zapore, murtxikatzeko sentsazio, bukaera eta testura kraskatsuari dagokienez. Integraletan bakarrik agertu ziren horrelako aldeak: Recondo, Silueta eta Ortiz nahiago izan dituzte dastatzaileek Lu baino. Integral ez direnetan kalifikazio garaiena (7 puntu) Recondo laginak eraman du; berau, denetan merkeena (5,03 euro kiloko) eta osaketa nutrizional ertainekoa izatearren, azterketa osoko kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokienekotzat jo da. Aldaera integrala nahiago duenak Ortiz du aukera polita: denetan gaziena bada ere (gatza: edukiaren %1,8) zuntz gehien (%13,5) eta kaloria gutxien dauzkana da, moduko prezioan (5,75 euro kiloko). Recondo integrala hori baino merkeagoa da eta gatz gutxiago dauka baina zuntz gutxiago ere bai.

Azterketa nutrizionala

Batez beste, ogi xigortu eta biskote hauek hezetasun gutxi (ura, produktuaren %4 baizik ez da), proteina ugari (%12, integralek puntu bat gehiago) eta karbohidrato asko (%69 eta pittin bat gutxiago integralek) dauzkate. Azukreek edukiaren %5 osatzen dute eta gantzak %6; gantz horretatik asea (osasunari mesede gutxien egiten diona) %42 da, egokitzat jo ohi dena baino gehixeago. Zuntzaren presentzia, integraletan, %10ekoa da eta arruntetan, berriz, %5ekoa.

Bai ogi xigortuak, baita biskoteak ere energetikoak dira, ehun gramoko 350 kaloria inguru dituztelako; integralek, gutxixeago. Gatz kopurua biziki aldatzen da lagin batetik bestera (%1etik %1,8ra) eta ez dago integraltasunari lotua. Lagin guztiak konparatuz gero, gantz gehien daukatenak Lu eta Ortiz marketako lagin integralak dira (edukiaren %7,5 inguru) eta gantz gutxienekoa, Silueta markako integrala (%4,4). Denetan energetikoenak aldaera arrunteko Lu, Ortiz eta Recondo dira, ehun gramoko 350 kaloria baino gehiago baitituzte; beste muturrean 323 kaloria ehun gramoko dituela, Ortiz integral agertzen da. Zuntz gehien daukatenak Ortiz (%13,5) eta Silueta (%12) dira, beren burua "zuntz ugariko" gisa agertzeko eduki behar dutenaren (%6) halako bi baitute. Deigarria bada ere, Lu markako lagin integralak eta normalak daukaten zuntz kopuruen aldean ez dago alde handirik (%5,6 eta %7,5, alegia) eta beste horrenbeste gertatzen da Recondo markako biekin (%5,7 eta %7,8); Ortiz markako bietan aldea dezente handiagoa da (%4.2 eta %13,5). Gatz gutxien daukatenak (edukiaren %1 inguru) Recondo eta Lu marketakoak dira.

Akrrilamida osatzen da almidoi (karbohidrato konplexua) ugari daukaten elikagaietan, hala nola labore, patata, ogi eta antzekoetan, tenperatura garaietara berotzen direnean, hots, frijitu, parrillan erre edo labean erretzeko. Minbiziaz Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) eta OMS erakundeak akrilamida "gizakiengan minbizia sor lezakeen" substantziatzat jo dute eta, izan ere, akrilamida asko kontsumitzearekin nahaste neurologikoak agertzen direla egiaztatu da baina oraingoz ez dago arautua elikagai batek zenbat akrilamida eduki dezakeen; halaz ere, OMS erakundeak gizakientzat arrisku-muga, eguneko eta pisuko kilo bakoitzeko 0,1 miligramo hartzean jo du. Esate baterako, 70 kilo den pertsona batek egunean ez luke hartu beharko 7 mg baino akrilamida gehiago.

Ogi xigortu eta biskoteen laginetan agertu diren eduki denak hutsaren hurrenak dira, hots, produktuaren kilo bakoitzeko 30 µg (mikrogramo) baino gutxiago; horixe da azterketak atzeman dezakeen mailarik apalena eta, bestelako terminoetan agertzeko, kilo bakoitzeko 0,03 miligramo baino gutxiago da.

Zuntzak mirariak eragiten ditu osasunean

Organismoan eginkizun garrantzizko batzuk betetzen dituen zuntz horretatik ugari dauka ogiak (ogi arruntak edukiaren %3,5 eta integralak horren halako bi). Zuntza disolbaezina, ezin digeri daitekeenez, gorozkien bolumena handitu egiten du; disolbagarriak, hartzitzean, efektu lasaigarria areagotzen duten gasak sortarazten ditu. Bi motetako zuntzek, gainera, ur asko xurgatzen dutenez, gorozkien bolumena handitu egiten dute eta, horrela, sabel-huste edo libratze erreflexua abiarazten du.

Zuntzak ez du kaloriarik eta, uraren eraginez hanpatzen denean, organismoari asetze-sentsazioa transmititzen dio; horri esker, gose-sentsazioa moteldu egiten da eta, hitz batez, obesitatea prebenitzen laguntzen du. Horrenbestez, idorreriaren kontrako izatez gainera, pisua kontrolatzen ere laguntzen du. Beste alde batetik, zuntzak hesteetan gantzak (kolesterola, besteak beste) atzitzen dituenez, hesteek ez dute xurgatuko eta, alderantziz, gorozkiekin batera, kanporatu egingo du organismoak. Hortaz, hiperkolesterolemiaren ondoriozko gaitz kardiobaskularren prebentzioan ere esku hartzen du.

Zuntzak glukosa odolerako iragatea mantsotu egiten duenez gluzemia (odoletako glukosa-maila) bat-batean igotzea eragozten du eta hori, esan gabe doa, biziki mesedegarria dute diabetesa nozitzen dutenek. Koloneko minbizia, apendizitisa, koloneko dibertikulosia, hemorroideak eta kariesa prebenitzen ditu (zuntz asko daukan elikagaia luzaroago murtxikatu beharra dagoenez, listu-jarioa ere handiagoa da). Osasungarritzat jotzen da egunean gutxienez 24 gramo zuntz kontsumitzea. Hona egunero hartzen ditugun elikagaietatik zuntz asko daukaten batzuk: almendra (%14), baba eta babarruna (%7), ziazerba (%6), ilarra (%5) dilista (%4), fruta, aza eta azalorea. Har ditzagun maiz, beraz, ogia, berdura, fruta eta lekaleak. Elikagai integralak ere aukera-aukerazkoak dira horretarako.

Ogia eta osasuna

Gaitz zeliakoa edo glutenarekiko intolerantzia nozitzen duten pertsonek ezin har dezakete ez ogi xigorturik ezta biskoterik ere, horiek gari irinez egiten baitira eta irin horrek glutena (zeliakoei toxiko gertatzen zaien proteina-konplexua) dauka. Kaseinarekiko (behi-esnearen proteina) alergia dutenek osagaien zerrenda arreta handiz irakurri behar dute, marka batzuetako produktuek esnekiak baitauzkate. Recondo markako ogi xigortu normala, adibidez, gaingabetutako esne-hauts berrosatua dauka.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto