Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Nartzisoren osasuna

Beren ustez, munduaren erdia okupatzen duten horien ezaugarri bereizgarriena beren buruaz duten imajina handiosa da. Hori muturrera eramanik, beren lorpenak neurrigabe handiesten dituzte eta tratamendu esklusiboa eskatzen dute

 Nortasunaren ezaugarriak gizakia bere ingurunean egokitzea galarazteraino gogor eta zurrunak agertzen dituen pertsona horretaz "nortasunaren nahastea" nozitzen dutela esaten dugu. Izateko modu berezi horrek ondoez larria sortarazten dio eta, gainera, premia edota helburu pertsonal, sozial edo laboralak betetzea eragozten dio eta, jakina, ezinegon hori bere inguruko pertsonengana ere hedatzen da. Horrelaxe gertatzen da nortasun nartzisistekin. Adjektibo hau mitologia klasikotik hartu da: Ur azalean bere buruari so, liluraturik, urmaelean ito zen gizon hura Nartziso zeritzon, hain zuzen.

Nartziso horren nortasuna

Nortasun nartzisistaren estrukturaren ezaugarri bereizgarriena handiostasuna da: subjektu horiek beren burua neurriz kanpo baloratzen dute, beren erdiespenak neurrigabe handiesten dituzte eta besteengandik tratamendu esklusiboa exijitzera ere iristen dira batzuetan inoiz. Arau eta ohitura sozialak ez daude horientzat eginak, gainerakoentzat baizik. Horregatik saihesten dituzte, jokaera horrek ondorio kaltegarriak ekarri gabe, premiak asetzen lagungarri izango zaiela seguru daudenean.

Nartzisistak bere burua hain berezi eta konplexutzat jotzen duenez, "badaki" jende gutxik ulertuko duela. Horregatik begiratzen dituzte beste guztiak goitik behera. Errealitatea, ordea, zeharo bestelakoa da: beraiek dira besteren lekuan jartzeko gauza ez direnak eta, horrenbestez, era esplotatzaileko harremanetan jarduteari ez diote inolako eragozpenik ipintzen. Bereizgarri nagusia: beti eskean dabiltza, trukean zerbait egin edo emateko beharrik inoiz sentitu gabe.

Paradoxa bada ere, horien auto-estimazioa gorabeheratsua denez, gainerakoen etengabeko lausengu eta baiespenaren premia dute. Horren froga ezaguna da: lagunek eta bikotekideak ere, eskerrona agertuz, gorespen eta losintxatan ibili behar izaten dute beti eta, areago, eguneroko bidaia egiteko, miresle peto-petoak aukeratzen dituzte nartzisistek.

Nartzisoaren jokabide-eredu ohikoenaren beste konkrezio bat: eskuarki bere sentimenduak ezkutatu egiten ditu eta, bere porrotaren berri gainerakoek izan dutenean edo horixe kritikatzen diotenean lotsa edo amorrua adierazteko joera garbia izaten du, baita bortizki eta zitalki kontra erasoari ekinez ere. Inbidia edo bekaizkeria ere ohiko sentimendua dute, horrelakorik onartzen ez duten arren: bizitzan garaipena lortu duena edo besteen mirespena biltzen duena ezin jasan dezake nartzisoak, protagonismoa bidegabekeriaz lapurtzen diolako.

Pertsona horiek akatsak eta atsekabe edo gogobetetze-eza ezin eraman ditzaketenez, irudimenari ate-leihoak zabalik, beren trebeziak neurrigabe handietsi eta beren akatsak hein berean gutxiesten dituzte. Beraiek dira beti hoberenak eta sekula ez dute akatsik izan baina, porrotaren ezin ezkutatuzko itzalak errenditzeaz beste aukerarik ematen ez dienean, hutsik eta lotsaturik sentitu ohi dira eta, areago, depresio-aldi laburrak ere nozitzen dituzte; dena den, laster hasten dira ostera ere beren estrategia arrazionalizatzaile eta suspertzaileak aktibatzen.

Garaile ez gertatzearen minaren kontra edo zerbait onartezin nahiz barkaezina egin ondoren, arrazionalizatze hori du defentsa-mekanismo eraginkorra: errua gainerakoengana desbideratzea edo, bestela, errealitatea nahasi eta bihurtzea, mina eragiten dion azalpenaren ordezkoa osatzea, alegia. «Ene proiektua baztertu dute inbidiatzen nautelako» edo «ezkutuko interesengatik». Bere argudioen artean ez da agertuko bere proiektua behar bezain ona ez izaterik.

Ezaugarri horietako pertsona ugari aurkitzen dira: horiei, haurtzaro eta nerabezaroan ez zaie irakatsi elkarlanean jarduten, beren lanaz arduratzen, gainerakoen eskubide eta ongizatea aintzat hartzen, orokorki. Nartziso helduak zernahitarako gauza sentitzen direnez, ez dute aurretiazko entrenamendua egiteko premiarik ikusten eta horrek, noski, akats egiteko aukerak biderkatzen ditu. Egoera hori arras mingarria denez, nartzisoak arrakastazko fantasietan murgiltzen dira, zenbaitetan errealitatearekin kontaktua galtzeraino eta beren burua isolatzeraino ere.

Horrelako nortasuna duten pertsonek ez dute tratamendu terapeutikoa hartu nahi izaten, saioek aintzatespen-itxura hartzen dutenean izan ezik: horrelakoetan haien eredu nartzisista betiereko bihurtu baizik ez litzateke egingo, terapia horretara aintzatespenaren bila bakar-bakarrik joko luketelako. Beren jokaeren interpretazioek, eragiten dizkieten sentimendu negatiboen ondorioz, berebiziko tentsioa noziarazten dizkiete: ahuleziak agerian geratuko ote diren beldur dira baina, hori ezin jasan dezaketenez, tratamendua bertan behera uzten dute maiz.

Esku hartzeko estrategiak

  • Beren akatsen erruduna bilatzeko joera "modelatzearen efektuari" esker oreka daiteke, hots, dela terapeutak, dela nartzisoarekin bizi den pertsonak akatsak onartzen baditu, oker txikiak egitearren errudun kontzientzia izatea edota ondoeza arinduko duten errudunak bilatzea ez dela beharrezkoa ikasiko du pazienteak berak balioesten duen norbaitengandik.
  • Bikote edo famili terapiaren bitartez, nartzisistak gainerakoekin negoziatzen eta beren premiak sentitzen ez ezik, bikotekidearen edo seme-alaben aintzatespena sustatzeko modu egokiak garatzen ere ikasi ahal izango du.
  • Ebaluazioaren eta kritikaren aurrean agertzen duen sentikortasun larriegia sendatzeko laguntza eman diezaiokegu baldin eta egokiera horiei pixkanaka aurre egin diezaien erdiesten badugu, intentsitate apaleko iruzkinen bitartez eta aintzatespen handiago baten markoan («egin duzun lana ikaragarria da baina, ene ustez, hobea ere izan liteke, baldin eta...») edo bere lanaren gaineko kritika berak egin dezan lortuz («hori hobetzeko beste modurik bururatzen al zaizu»).
  • Pentsaera dikotomikoetara jotzeko (bikaina dago edo, bestela, zabor hutsa da) joera zuzentzeko ongi zer dagoen eta gaizki zer dagoen baloratzen irakatsi behar zaio. Ikus dezagun adierazpen baten bitartez: «arroz hau ez dago jangarri», (nork prestatu duen arabera) horretatik beste honetara: «gustu ederra du baina gatz gehitxo, aukeran».
  • Irtenbiderik gabeko biribila osatuz, patologia bere buruaren kontra zuzentzen duten esku-hartze paradoxikoak biziki baliagarriak izaten dira: handiostasun sentimendua premia gisa hauteman dezan laguntzen badugu, premia horren eta nartzisoak daukan sendotasunezko auto-irudiaren arteko gatazka sortuko zaio.

Nartzisoren pentsaera

Pertsona nartzisisten pentsamendu bereizgarrienak "aditu" ahal bagenitza, honelako baieztapenak entzungo genituzke:

  • "Oso pertsona berezia naiz".
  • "Goi mailakoa naizenez, berariazko tratamendua eta berariazko eskubideak zor zaizkit".
  • "Gainerakoentzat balio duten arauek nirekin jai dute".
  • "Aintzatespen, laudorio eta miresmena biltzeak sekulako garrantzia du".
  • "Gainerakoek ene estatusa errespetatzen ez badute, zigorra merezi dute".
  • "Ene premiak denek bete behar dizkidate".
  • "Pairaezinekoa da zor zaidan begirunea ez agertzea edo zor zaidan eskubidea niri ez aitortzea".
  • "Gainerako pertsonek ez dute merezi daukaten ospea edo ondasuna".
  • "Inork ez du inolako eskubiderik niri kritika egiteko".
  • "Ene premiak beste inorenen gainetik daude".
  • "Ni bezain argiak direnek bakarrik ulertzen naute".


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto