Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Rubí Sanz, Espainiako Museo Arkeologiko Nazionalaren Zuzendaria: "Museoko pieza batzuei so eginez negar egiten dut, emozioagatik"

 Museo batean dauden objektuei so egoteak interesa, mirespena, jakin-mina, gozamen intelektual edo estetikoa sortaraz diezaioke ikusleari. Baina alaitasun eta emoziozko malkoak ere. Horrela gertatzen zaio Espainiako Museo Arkeologiko Nazionalaren Zuzendari den Rubí Sanz albacetetarrari: pasioa, bokazioa eta ogibidea bat eginik dautza mendea mendean hartu duen erakunde horren arduradunarengan. Museoan, Elxeko Damaz gainera, era guztietako piezek osaturiko altxorra biltzen da: Paleolitoko aztarnetatik hasi eta Isabel II.a erreginaren gerruntzea ere ikus daiteke bertan.

Museo Arkeologiko Nazionalaren Zuzendari izateaz gainera, arkeologo zara zu, prestakuntzaz.

Hala da, beti ibili naiz arkeologi kontuetan.

Arkeologoaren figura Indiana Jonesekin identifikatzeak haserretzen al zaitu?

 Erabat irudi faltsua ematen du. Bada beste irudi bat, politagoa: Agatha Christiek ematen duena, alegia. Arkeologo batekin ezkondua zegoen idazlea eta senarrarekin joan zen urte askotan Ekialde Hurbilera: bertan, indusketak nola egiten diren narratzen duen liburu polit-polita idatzi zuen. Eta ez zuen sugeetara jo behar izan.

Beraz, ez dauzkazu hor, ezkutuan, kapelua eta zigorra?

Ez, horixe.

Indusketetan ere jarduna zara. Zer gustatzen zaizu gehien?

Museoko lana nahiago, aukeran. Kontuan izan kanpoan ezin dela urte osoan jardun lanean, gogor-gogorra baita hura.

Espainiako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikorik behinena Atapuercan da. Non geratuko dira bertan aurkitutako piezak?

Burgosen, noski.

Horrek ez dizu pena ematen?

Zer egingo zaio! Iaz, nolanahi ere, Atapuerca hona, Museora, ekarri genuen. Harri landua, Excalibur ospetsua eta Atapuercako burezurra erakutsi genituen.

Arkeologoentzat Espainia pagotxa al da?

Horixe dela mahuka, guztiz lurralde aberatsa da, denak desberdinak gara, gure historia oso aberatsa da.

Harri bat arkeologiko den ala ez definitzeko unean, nolako irizpideak baliatzen dira?

Muga, batetik, Espainiako Ondare Historikoaren Legeak adierazten du, fabrikatu zenetik 100 urtera arkeologikotzat jo daitekeela baitio; bestetik, metodologia arkeologikoz aztertzen diren piezak dira horrelakoak. Dena den, adibidez, Museoan dauzkagun XIX. mendeko komoda baten aurrean, azterketa artearen historialariaren ikuspegitik egiten dugu.

Hori arkeologia da ala ez?

Ez, nahitaez, jakina.

Museoak arkeologiko izate hutsetik haratago doazen piezak biltzen ditu.

Halaxe da. Hasiera batean, erakunde honen izena "Antzinako Gauzen Museo Zentrala" izan behar zen baina hortik Museo Arkeologiko Nazional bilakatu zen. Sortu zenean, bertan eskulturak, pieza arkeologikoak, Planeta populatu duten gizakien tresneria sartu beharko zela xedatu zen 1867ko Dekretuan. Egia esateko, den-dena sartzeko modukoa izango zen, horren arabera. Museoan Espainiako historia ez ezik, beste hainbat herritako historia ere bildu da.

Museo deskribatzen duzunean transmititzen duzun irudia nahaste-borrastearen antzeko zerbaitena da...

Denetik baitago, izan ere, Paleolitoko objektuetatik hasi eta Isabel II.a erreginaren gerruntzea ere ikus daiteke bertan, adibidez. Castelarrekin bat egin zuten Espainiako 100.000 errepublikar haien 100.000 gutunak daude kutxa zoragarri baina ezin itsusiago batean, Castelarrek berak Museoari entregatu ziona, historiako museotzat jo zuen eta.

Nolako arrazoiak erabiliko zenituzke norbaiti museo hau bisitatzea komeni dela sinestarazteko?

Bere ekarpena, batez ere, gizaki identitateak dira, identitate kolektiboak eta berariazkoak. Urte asko daramatzat museoetako zuzendaritza lanetan eta, egiaztatu dudanez, gizakiari bere sustraiak ezagutzea interesatzen zaio, nondik gatozen, alegia. Jakin-min hori jaiotzetik dakargu. Kontua da museoak hori azaltzen, kontatzen asmatzea edo jendea erakartzen asmatzea.

Horretarako formularik bai?

Formulak asko dira eta beraien artean konbinatu behar dira. Denetan lehena, erakustaldi erakargarri eta interesgarriak egitea da, piezak berak eta berez daukaten garrantzia erakutsiz eta, horrekin batera, teknologia modernoenez janztea, ikuskizuna osatzeko. Hori piezen, unearen eta beste elementu askoren arabera alda daiteke. Bada, horiez gainera, funtsezko aspektu bat, publizitatea eta beste bat, gizarte sektoreen artean museoak egiten duen lana. Museoetara ez doan jende askok uste du berarentzat ezer ez daukala, edo etxetik urrutiegi dagoela. Eskarmentu ederra izan nuen nik aspaldi. Albacetekoa naiz eta bertako Udaleko zinegotzi izan nintzen. Periferiako auzoetara nindoanean jendeak galdetzen zidan: "Neuk ere museora joateko aukera izango dut?". Hark ni harritu, alertatzen ninduen eta, aldi berean, mindu egiten ninduen. Ene buruari esaten nion: "Honela ez goaz ongi. Orain arte absente izen diren gizarte sektoreekin lanean aritu behar dugu". Hau da, ez da jendea etorri arte itxaron behar, bila joan behar gatzaizkie.

Zein gizarte sektoretara joko zenuke?

Aldi baterako erakustaldiak egiteko aurki areto paregabea izango badu ere, museo honetan autonomia erkidegoek ere beren nobedadeak edo aurkikuntzak erakusteko berariazko espazioa izateak beteko ninduke ni.

Zerk du garrantzi handiagoa museo batean, berak daukanak edo daukana erakusteko formak?

Ene ustez, museoek, honek batez ere, itsasargi moduko objektuak dauzkate: horiek bisitariari bestelako gauzak ikustarazten dizkiote. Gurean argi baino argiago dago hori Elxeko Dama dela.

Kontserbazioa ala dibulgazioa?

Ez dira elkarren aurkakoak. Ni museo-kontserbatzailea naiz eta, horrenbestez, ene betebehar nagusia kontserbatzea da, ene obligazioa transmititzea delako eta ondare historikoa ez delako belaunaldi baten ondasuna eta bere hartzailea ez delako belaunaldi bakar bat, asko baizik. Ez, ez dira elkarren kontrakoak eta ez dute zertan izan, gainera; are gutxiago orain bertan.

Museoa bisitariak erakartzeko ikuskizun bihurtzeko arriskurik ez al dago?

Ni ez naiz museoa ikuskizun bihurtzearen aldeko.

Nola egin dakioke saihets arrisku horri?

Ene burua ondare-objektuen balioen defendatzailetzat daukat. Identitate-arrastoak dira horiek baina, hori bai, edozerk ez du balio. Badirudi gure gizartean dena omen da balekoa, dena ordezkatzeko modukoa, baina nik ez dut uste hori horrela denik. Haurrak momia bat ezagutzea edo momia baten erreprodukzioa ezagutzea ez da gauza bera. Ikusmina pizten du horrek baina, horrez gainera, orijinalak emozioa pizten du: museo batean objektuak ez dituzte teknologiek ordezkatu behar. Harreman kulturalak ulertzeko moduen arteko liskarrak dira horiek: pertsona batek kultura jakin bat identifikatu eta, gutxi-asko, ezagutu eta ulertze horrek harberago bihurtuko du beste hainbat kultura ezagutzeko garaian. Honek berebiziko garrantzia du gaur egun eta, ene ustez, museoen eginkizuna hori ere bada. Ezagutzaren eroaleak dira museoak jarrera-mota horiek eratzen lagundu behar dute. Bestela esateko, kultura jakin bat, ni naizena, ezagutzen ez badut, beste inor kultura-ikuspegitik dena edo ordezkatzen duena ez dut behin ere ulertuko. Ene iritziz, museoak baditu beharrezkoa -areago, ezinbestekoa, gure gizarte honetan- den elkarrizketa horretan laguntzeko elementuak.

Ondare-objektuen garrantzia azpimarratu duzu baina museo honetan Altamirako kobazuloaren erreprodukzioa daukazue. Nola uztartzen dira gauza horiek?

Zirkunstantzia berezietan egin zen, aspaldi, artean Altamirako Museoa ez baitzegoen sortua. Dagoeneko, ordea, museo zoragarria egin dute, kobazulo berria erantsia duen erreprodukzio bikaina egin da eta hemen kobazuloa jende gutxiagok bisitatzen du, ia-ia ondare-objektu bilakatu den arren.

Aresti burutu da Prado museoaren erreforma nagusia, hedabideen arreta bereganaturik Museo Arkeologiko Nazionalean aurreikusia dagoen erreformaren kasuan, zure aburuz, antzeko oihartzuna izan lezake?

Halaxe espero dut nik, jakina. Museo horren eredutik ikasi beharko dugu.

Apunterik hartu al duzu?

Horixe hartu ditudala. Arkeologiaz ari garenean, kontu behinenetako bat museoek zenbat eskuratu dute lege-bidez eta legitimitatez, eta zenbat espoliaziotik.

Zuk zuzentzen duzun museoaren kasuan, nolakoa da errealitatea?

Museo honetan ez da gertatzen. Ezin imajina zenezake museoak zenbat gauza erosi dituen bere historian barrena. Museo honetan ez dago espoliaziorik eta, gainera, arkeologia alorreko eskumenak dituzten autonomia erkidegoekin biziki begirunetsua da. Autonomi erkidego batena den deus ez dugu erosten. Printzipio etikoa da hori.

Museoaren pobretzerik dakar horrek?

Bi alderditatik begira dakioke horri ere. Nahi, autonomia erkidegoetakorik hoberena etortzea eta aldi baterako erakusketen aretoan agertzea nahi nuke nik. Baina, edonola ere, Museo Arkeologiko nazionalaren bildumen aberastasuna berealdikoa da? Begira, orain bertan Espainiako berrogeita sei museo ari dira erakusten hemengo bildumak, izugarria da. Milioi eta erdi ondare-ondasun ditugu eta orain arte %9 baizik ez dugu erakutsi, eraikinaren izariak hertsaturik.

Pradokoak baino ia hamar aldiz bisitari gutxiago ditu museo honek, nahiz eta bata bestearen aldamenean dauden. Horren inbidian zaude edo etsipenak eman dituzu?

Moneoren erreformari esker, 22.000 mero karratuz handitu dute museoa. Gureak, zaharberritzeko lanak eginikoan, 30.000 metro izango ditu. Badakit, ederki jakin, Pradok bezainbeste bisitari behin ere izango ez dugula, horrenbesteko jendetza biltzeko espaziorik ez dugulako. Matematika kontua da hori: etxean 10 lagunentzat edo 30 lagunentzat egiten duzu afaria, segun-eta jantokian zenbat sartzen diren. Hemen ere gauza bera gertatzen da: museo honek aski du 200.000 bisitari nahiz eta, ene ustez, haratago joan behar dugun: kopuru polita, urtean, milioi erdia litzateke. Jende gehiago artatzeko espaziorik ez dugu.

Zu zeu museoetara joan ohi zara?

Bai, gustatu egiten zait, gozamena da, pieza batzuen aurrean negar egiten dut. Objektu batzuek emozioa eragiten didate, atsegin eta alaitasunezko malkoak erorarazten dizkidate.

Adibidez...

Albaceten zuzentzen nuen museoan Kandinskyren koadro bat esku artean hartu eta negar egin nuen.

Ikuspegi horretatik eta dakizuna dakizula, museo-kontserbatzaile zaren aldetik, nolako aholkua emango zenioke norbaiti museoaz goza dadin?

Paseoa lasai-lasai egitera bihoa. Ene iritziz, lehen hurrenkera paseoa da, lasaitasunez, presarik gabe, dena ikusteko irrikak bazterturik; objektuak ikusteko atseginaz, beren esanahiaz, transmititzen digutenaz, beren edertasunaz... gozatzea. Hortxe datza gozamena.

Zure museo gogokoa?

Bi ditut gogoko: Arkeologiko Nazionala eta Albacetekoa: horretan 28 urte eman ditut lanean era 21 zuzendari gisa. Denbora gehiegi da, museo batez ahanzteko. Horietatik aparte, Pradokoa esango nuke.

Nolako inpresioa ematen dizute beste museo batzuetako eskaintzek, Guggenheimekoak, adibidez?

Fenomeno berezia delakoan nago

Onerako ala txarrerako?

Onerako, ene ustez, Eskultura aparta da. Bilboren mesedetarakoa izan da baina Bilbok ere apustua egin du horren alde. Arkitekto batek eginiko artikulu batean esaten denez, museoak XX eta XXI mendeetako katedralak dira. Ene iritziz, jendea kikildu edo uzkurtzeko, badira bestelako gauzak; museoek gizakientzako espazioak izan behar dute, giza eskalan eginiko espazioak. Aukeran, nik honelako bat nahiago dut, Guggenheim baino.

Giza eskalan museorik eraiki al da aresti?

Trajearen Museoa, adibidez: aretoak oso giza eskalan eginak daude.

Zergatik ez dira museo horiek besteak bezain ezagunak eta bisitatuak?

Gizakiaren izaeragatik. Ez da oso bihotz-altxagarri. Adiera horretan ere hezi behar dugu gizakia. Trajearen Museoaren arazoa kokapena da: horregatik doaz bisitari gutxiago. Kontuan hartu behar dugu museoa ez dela jendeak bisitatzen duen zerbait; pertsonak zinemara doaz, edo jatetxera. Hortaz, kokapen egokian dagoen museoak toki aldrebesean dagoenak baino bisitari gehiago izango ditu. Museo hau leku zoragarrian dago baina Trajearen Museoa ikustera joan nahi duenak bertaraino iritsi beharko du, nahita, automobila hartuta, edo Moncloara heldu eta han autobusa hartzea? ez da adibide bakarra, gainera. Badajozko Museoak, esate baterako, gorako bideari ekin dio bere auzategia balioa hartzen hasitakoan.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto