Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Esnea denentzat ote?

Bizitza osoan esnea kontsumitzea egokia den ala ez, zientifikoak oraino ez datoz bat

 Hona elikadurak betidanik ipini duen auzi nagusietako bat: bizitza osoan esnea hartzearen edo ez hartzearen abantaila eta eragozpenak. Oraingoz, behintzat, erantzunak bezainbeste dira galderak eta inortxok ere ez du egia osoa. Esnearengatiko alergia begi-bistakoa izateak, laktosaren (esnearen azukrea) aurkako intolerantzi kasu ugari gertatzeak, esnekiak orokorki eta esnea bereziki kontsumitzearekin loturiko mukositate gehiegi izateak... esnea hartzearen egokitasunari buruzko eztabaida pizten dute beti.

Baina kontu horiei beste batzuk, polemikoagoak, eransten zaizkie, erabateko ondorioak ateratzeko ebidentzia askorik eman gabe, maiz. Esnearen kontsumoa hainbat patologiaren -tartean, minbizi-plegu zenbait, hala nola prostata, obario edo bularrarena- garapenarekin lotu nahi duten ikerketak ugari bezain eztabaidatsuak dira. Horrelakoxeak dira, beste aldetik, helduaroan esne gehiago kontsumitzea justifikatu nahi dutenak, hezurren hausturak eta osteoporosia prebenitu edo sendatuko duelakoan.

Esnea ez da ezinbestekoa, ez esnea eta ez beste inongo elikagairik. Halaz ere, herrialde askotan -tartean, Espainian- esnearen eta esnekien inguruan nagusi dabilen kulturak esnea neurriz kontsumitzea bidezkotzat jotzen du, dieta orekatu osasuntsu baten mugetan. Elikagai honen nutrizio-propietateak, edonola ere, ukaezinak eta dudagabeak dira.

Kaltzioaren dilema

  Haur eta nerabeak zuzen haz daitezen, hezur eta hortzak sortu eta osa daitezen funtsezko nutrienteak ditu esneak. Kaltzioa (hezur-masaren osagai nagusia) ez ezik, baditu bestelako nutrienteek ere, hala nola D bitamina, laktosa eta fosforoa proportzio egokian: hauek, organismoak kaltzioa xurgatzea errazten dute eta, gainera, hezur-masan metatu eta finka dadin laguntzen dute. Esnea gure gastronomiak bere-berea duen elikagaia izanik, haurren nutrizioan funtsezko elementutzat jotzen da.

Gizakia 25 urtera iritsitakoan hezurra ez da gehiago haziko; areago, 30 eta 35 urterekin hezur-masa urritzen hasiko da. Horrenbestez, kontuan har dezagun kaltzioa maila egoki batean eduki behar dela (hezur-masaren indizea, hots, hezurretako kaltzio-erreserba), horrek etorkizuneko galerak orekatzeko balioko dio-eta. Halaz ere, (emakumeek, batez ere) helduaroan esneki gehiago kontsumitzeak hezur-hausturak edo osteoporosiaren prebentzioan mesede egingo diela sinestea ez dago justifikatua, kontsumo hori eraginkorra gertatzen ez den heinean. Horrela egiaztatu da egundo mundu zabalean egin den Nurses´Health Study' izeneko azterketa prospektiborik handienean.

Hamabi urtez jarraian 34 eta 59 urte arteko 77.761 emakumerekin eginiko azterketaren emaitzak 1997an American Journal of Public Health aldizkarian eman ziren argitara. Helduaroan esne, esneki edo kaltzio ugaridun beste elikagai asko hartzeak hezurrak hausteko arriskua arin zezakeen ikertu zuen azterlanak. Alferrik: esne, esneki edo dieta osoan kaltzio gehiago hartzea eta aldaka zein besaurrea hausteko arriskua arintzearekin lotzeko arrazoirik ez zuten aurkitu.

Badirudi, adin jakin batetik aurrera, esnekiak kontsumitzeak ez duela hezurrak indartzen laguntzen. Haustura edo osteoporosia nozitzeko arriskua arinagoa da kaltzioaren hesteetako xurgatze-baldintzak hobetzen direnean eta hezurretako kaltzioa galarazten duten faktoreak ezabatzen direnean. Badirudi horren giltzarria dietan sodio eta animali proteina gutxiago (horietatik gehiegi hartzea hezurren kaltzio-galerarekin lotu izan baita), landarezko gehiago (hosto berdedun barazkiak, fruitu lehorrak eta lekaleak, kaltzio asko daukatelako) kontsumitzean eta ariketa egitean datzala.

Alergia gainditzea

  Esnea, haurrak kopuru handitan hartzen duen estreinako elikagaia, giza organismoarekin kontaktua egiten duen lehendabiziko antigeno (antigorputzak sortarazten dituen substantzia) bat da. Ez da harritzekoa, beraz, esnea haurtzaroan alergia-erreakzio gehien sortarazten dituen elikagaietako bat izatea. Espainian, ama-esnea hartzen duen haurrek nozitzen duten behi-esnearengatiko alergiaren intzidentzia %0,4 eta %1,9 artean dabil.

Haur alergikoak dieta zurruna egin behar du, behi-esneari, esnekiei (gurin, esnegain, jogurt, gazta, mami edo gatzaturik) eta esnea osagai baliatzen duten produktu guztiei (flana, natillak, arrozesnea, gozoki batzuk) saihets eginez. Era berean, osagaien artean behi-esnearen proteinak dauzkaten produktuak ere alboan utzi behar dituzte; proteina horiek hainbat izendapenez "mozorroturik" ager daitezke elikagaian, hala nola sodio-, kaltzio-, potasio-, magnesio-kaseinatoak, hidrolizatu proteikoa, kaseina, gazura, H4511, H4512, laktoalbumina, laktoglobulina eta, areago, laktosa bera ere, proteina alergenikoekin kutsaturik egon bailiteke.

Nolanahi ere, arestian eginiko ikerketen arabera, behi-esnearen proteinengatiko alergia txiki-txikitan gainditzeko modukoa da. Inmunologia Kliniko eta Alergia Pediatrikoaren Espainiako Elkarteko Elikagaiengatiko Alergien Batzordeak proposatu duen urratsa segurua da, frogatu duenez. Haurrak, egun batez, bitan edo hirutan, behi-esne dosiak hartzen ditu ordubetetik ordubetera, geroz eta handiagoak (2 ml, 5 ml, 10 ml, 25 ml, 50 ml, 100 ml eta 150 ml), sendagileak gainbegiraturik, beti ere. Umeak inolako erreakzio klinikorik agertzen ez badu, tolerantzi froga egin ondorengo 15 egunetan ere egunero emango zaizkio esne-proteinak. Epe hori igarota, alergi erreakziorik nozitu ez badu, umeak behi-esnearen proteinak toleratzen dituela kontsidera daiteke.

Laktosarekiko jasanezintasuna

  Trastorno hau mundu zabalean dago hedatua: munduko populazioaren %70ek nozitzen du hipolaktasia, hau da, laktasa-maila apalegia (laktasa, laktosa digeritzeko gauza den heste meharreko entzima da). Laktasaren urritze hori batik bat haurtzaroan gertatu ohi denez, geroago ere ager daiteke, nerabean, hain zuzen. Laktasaren jarduera-galeraren tasa etniaren arabera ere aldatzen da. Horregatik laktosarekiko intolerantzia Europako populazioaren %10, Asiakoaren %90 eta Afrikakoaren %65etik gora hauteman da.

Laktasaren gabezia genetikak determinatzen du: laktasaren genea aresti identifikatu da eta horrek, noski, trastorno honen konponbidea urrun ez dagoela adierazten omen digu.

Londresko Guy's and St Thomas' NHS Foundation Trust erakundearen Gastroenterologia Sailak joan den urtarrileko Alimentary Pharmacology & Therapeutics aldizkarian laktosarekiko intolerantziaz hamaikatxo azterlan klinikori eginiko gainbegiratzearen emaitza plazaratu du. Ateratako ondorio behinena: intolerantzia nozitzen duten pertsona batzuek -ez denek- esnea eta esnekiak kontsumi ditzakete (hartzitakoak, bereziki: jogurta eta gazta, adibidez) sintomak garatu gabe.

Horrela gertatzen da egun osoan zehar (laboreak esnearekin, kafe ebakia, tea esnearekin eta bestelakoak) gehienez ere 12 gramo laktosa hartzen direnean (240 ml esneren baliokidea, alegia). Halaz ere, laktosarekiko intolerantzia nozitzen uste duten pertsona askok eta askok ez dute inolako arazorik azukre mota hori digeritzeko; horrek esan nahi du, beraz, jasaten dituzten digestio-sintomak bestelakoak direla eta, horrenbestez, jende asko dieta murrizten ari da neurri hori hartzea beharrezkorik izan gabe.

Gehiegizko mukositatea ote?

Behi-esnea kontsumitzea eta gehiegizko mukositatearekin edota haur-asmarekin lotzea oraino ere eztabaidatzeko motibo da. Zuricheko (Suitza) B. W. Unibertsitate Ospitaleko Dermatologia Saileko Alergologia Unitateak aresti egin eta 2005ean Journal of the American College of Nutrition izenekoan argitara emaniko azterlan baten arabera, esnea edo esnekiak kontsumitu ondoren mukositatea ugaltzen duen mekanismoa zein den azaltzeko froga sendorik ez dago.

Hainbat ikerlan azterturik, esnekiak hartzeak mukositatea ugalarazte hori eraginiko pertsonen sugestio prozesu batekin lotzen dute adituek. Hainbat azterlanetan egiaztatu denez, esnearen eta mukositatea ugaltzearen arteko loturan etsi-etsian sinesten duten pertsonek arnasketa-sintoma gehiago nozitzen dituzte.

Baliteke emultsio bat nahasteak (esnea eta listua) sentsazio hori hein batez esplikatzea, esnea edo esnekiak hartu aurretik eta ostean biriketako eta arnasketa funtzioetan aldaketa adierazgarriak kausitu baitira. Asma edo arnasteko arazoak dituztelako esnekiak kontsumitzen ez dituzten pertsonek, beraz, elikagai horiek dituzten nutrienteen balizko gabezia beste hainbat hartuz orekatu beharko dute.

Elkartze polemikoak

Esnea kontsumitzea eta hainbat patologia (prostata, obario eta bular minbiziak, besteak beste) garatzea lotu nahi dituzten ikerketak ugari bezain polemikoak dira.

Ikerlan batzuek prostatako minbiziaren garapena eta esneki gehiegi kontsumitzea lotzen dute elkarrekin; beste batzuek, berriz, organismoan kaltzio larregi egotea eta prostatako minbizia nozitzeko probabilitate handiagoa lotzen dituzte, mineral horren jatorri dietetikoa (esne, esneki edo kaltzio ugariko bestelako elikagaietatik iritsi den, alegia) gorabehera. Polemikak bere horretan dirau eta espezialistak kontu batean ipini dira ados: arazo horiek konpontzen lagunduko badute, azterlan gehiago egin behar dira oraino.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto