Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

"Estra" urdaiazpiko egosiak: Gantz gutxi, kaloriak tamainan, baina gaziegi, aukeran

 Irregulartasun ugari: zortzi laginetatik seik etiketa-araua urratzen dute; batak dio gatzik ez daukala eta besteek bezainbeste dauka; beste batek irizpide higieniko-sanitario bat urratu du eta horietako batek "estratzat" du bere burua baina lehen kategoria baizik ez da, zenbat ur daukan ikusirik.

Urdaiazpiko egosiak, zapore berezia bereizgarri behinena ez duen arren, familia guztiaren gustukoa da, erraz murtxikatu eta digeritzekoa da. Ikuspegi nutrizionaletik, aldekoa asko du (proteina ugari baina ez gantz eta, hortaz, ezta kaloria askorik ere; txerri-pateak urdaiazpiko egokiak baino hiru aldiz kaloria gehiago ditu eta txorizoak lau gehiago) baina kontrako handia ere bai: sodio eduki handiegia.

Hizkera teknikoan, urdaiazpiko egosia "berotasunez prozesaturiko haragikia" da. Txerriaren atzeko hanka ondu eta egositik erdiesten da (aurreko hankako haragia erabiliz gero, "beso egosia" litzateke) eta, produktua lortzeko, hanka horri hezurra erauzi eta garbituta, gatzunez (ura, gatza eta kontserbagarriak: sodio- edo potasio-nitritoekin) tratatzen da. Gatzun horri azukreak, kontserbagarriak, zapore-indartzaileak eta ur-atxikitzaileak (fosfatoak) erants dakizkioke. Urdaiazpiko egosiak "estra" kategoriakoa (etiketa gorria) edo "lehen" kategoriakoa (etiketa berdea) izan behar du; kalitate apalagoko bertsioa "urdaiazpiko fianbrea" da eta honek, jakina, urdaiazpiko egosiak onartzen ez dituen azukre gehiago ez ezik, almidoi eta landare-proteinak ere izan ditzake.

Xerratan ebakitako estra kategoriako urdaiazpiko egosiaren zortzi lagin aztertu ziren laborategian. El Pozo eta Casademont markakoek bere burua gatzik gabekotzat dute, Casa Tarradellas eta Argal laginek gantz gutxikoak direla diote, Les Belles Saveurs eta Argal laginek fosfato erantsirik ez daukatela diote eta El Pozo laginak, azkenik, "%0 gantz saturatu". Beste hiru laginak Urkabe, Campofrío eta La Selva izan ziren. Prezio batetik bestera alde handia zegoen: denetan garestiena, La Selva, 15,36 euro kostatzen da kiloko eta merkeena, Urkabe, 8,75 euro baino ez.

Azterketak irregulartasun asko detektatu zituen: sei laginek ez dute etiketa-araua betetzen; El Pozo laginak bere burua gatz erantsirik gabekotzat jotzen du baina gainerakoek bezainbeste dauka; Casa Tarradellas laginak arau higieniko-sanitarioa urratzen du; Casademont laginak estratzat agertzen du bere burua baina, zenbat ur daukan ikusirik, lehen kategoriakoa baizik ez da. Dastatze proban kalifikazio hoberena Urkabe laginari eman zaio eta okeren geratu direnak Les Belles Saveurs, Casademont (gatzik gabea) La Selva eta Campofrío dira. Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Urkabek ematen du: alderdi nutrizionaletik, besteak baino hobea, dastatze proban hoberena eta prezio merkeenekoa.

Urdaiazpiko egosia eta nutrizioa

  Produktu hau proteikoa da (azterketa honetako batez besteko proteina-kopurua: %19), gantz gutxikoa (batez bestekoa: %3, bakarren bat ia %5era iristen bada ere eta askoz ere kaloria gutxiago dauka honek (106 kaloria 100 gramoko) txorizoak (450 kaloria baino gehiago, 100 gramoko) edo txerri-pateak (300 kaloria 100 gramoko). Ia ez dauka karbohidratorik (%0,1 - %2 artean) eta bere eragozpen behinena sodio gehiegi edukitzea da.

Hipertentsioa, gatz gehiegi kontsumitzearekin lotua, osasun publikoko arazo larria da. Zortzi laginetatik seik edukiaren %0,8 - %1,1 sodio daukate eta, jakina denez, elikagai batek giza organismoarentzat sodio gehiegi daukala esaten da edukiaren %0,7tik aurrera doanean, hau da, produktuaren ehun gramoko 1,8 g. gatzen parekoa. Urdaiazpiko egosiak zenbat sodio-kloruro edo gatz daukan jakitea ez da aski, guztirako sodio-edukia kalkulatu beharra dago. Izan ere, urdaiazpiko egosiak berez edo erantsi zaizkion lehengaiengatik, sodio-dosi handiak biltzen dituzten hainbat substantzia dauzkalako: glutamato monosodikoa, nitratoak, nitritoak eta fosfatoak, etab. Osasunari mesede gutxien egiten diotenak dira, alderdi horretan, Les Belles Saveurs eta Campofrío (%1,1 sodio) baina, gainerako guztiak %0,7tik gora dabiltzanez, aholkatzeko moduko bakarra Casademont da ("gatz-eduki apalekoa"), %0,1 baizik ez du. El Pozo laginak bere burua gatzik gabekotzat jotzen du baina edukiaren %1 sodio du, gainerako laginek bezala, alegia. Badirudi hori produktua ontziratzean izaniko akats baten ondorio dela, hori ez baitu irregulartasun bakarra: gantzarekin ere antzeko zerbait gertatu zen.

Etiketak?

Urdaiazpiko egosi eta bestelako haragizkoentzako etiketaren eta kalitatearen arau nagusiak hartu dira aintzat azterketa honetan. Baita elikagaien osasun-propietateei eta nutrizio-adierazpenei buruzko 1924/2006 Araudia, 2007ko ekainaren 1ean indarrean sartu zena ere. Casademont eta La Selva laginek bakarrik daukate etiketa zuzen. Denek adierazten dute "estra" direla, Casa Tarradellas laginak izan ezik; Casademont eta La Selva laginek ez dute agertzen kategoria honetan derrigorrezkoa den zirkulu gorria. Les Belles Saveurs markakoak ez du adierazten enpresaren helbidea eta, gainera, bere burua "fosfatorik gabeko"tzat jotzen du, baina "fosfato erantsirik gabe" esan beharko luke haragiak berez baitauzka.

Casa Tarradellasek ("gantz-materia, %4 baino gutxiago") eta Argalek ("gantz-materia %3 baizik ez") onartuak ez dauden adierazpenak egiten dituzte: gantz edukiari dagozkion adierazpen nutrizionalak egin daitezke eduki hori %3 baino txikiagoa denean bakar-bakarrik; Argalek erabilitako esaldia ez dago baimendua. El Pozo laginak "gantz saturatua, %0" adierazten duenez, osagai horren edukia ezin daiteke izan %0,1 baino handiagorik, baina etiketako beste toki batean irakurtzen denez, edukia "%0,4 baino txikiagoa" da. Gantz-edukia (%4,3), gainera, adierazitakoaren hiru halako zen. Urkabe eta Les Belles Saveurs laginek bakarrik ez dute produktuaren osaketa nutrizionala adierazten baina, egiari zor, ez dute horrela egiteko obligaziorik. Adierazpen nutrizionalak egiten dituzten laurek osaketa nutrizionala agertu behar dute, eta horrela egin dute.

Produktuaren kalitatea eta gehigarriak

Urdaiazpiko egosiari erants dakiokeen ur-kopurua erregulatzeko, arauak xedatzen duenez, estra kategoriakoaren hezetasuna / proteina kozientea gehienez ere 4,13 izan daiteke. Casademont (4,45) laginak araua urratzen du, lehen kategoriakoa baizik ez delako (kategoria honetan onartzen da 4,68rainoko kozientea). Adierazle horren arabera, kalitate hoberenekoak El Pozo (3,65) eta La Selva (3,68) dira. Gehieneko kopuruak beste hainbat osagairentzat ere mugatuak daude: nitratoak (250 zati milioiko, zm), nitritoak (175 zm), guztirako fosfatoak (7.500 zm) eta glutamatoa (10.000 zm).

Era berean, fosfatorik ez edukitzea adierazten duen estra kategoriako urdaiazpiko egosiak gehienez ere 4.500 zm eduki dezakeela ere xedatzen da bertan (haragiak berez dauzka fosfatoak). Nitrato eta nitritoak ohiko kontserbagarriak dira baina, 2008ko abuzturik aurrera haragizko egosiei nitratoak eranstea debekatua egongo da. Fosfatoak, ura atxikitzen duten egonkortzaileak dira eta glutamato monosodikoa (E-621), berriz, haragitan berez egon daitekeen (txerrikiak azido glutamikoa dauka) edo, bestela, gehitu diotelako ager daitekeen zapore-indartzailea da. Aurkituriko fosfato, nitrato zein nitritoen kopuruak baimendutako mugen barnean daude. Casa Tarradellas eta Les Belles Saveurs laginek ez dute ez nitratorik, ez nitritorik ere. Argal eta Les Belles Saveurs laginek fosfato erantsirik ez dutela diote eta halaxe da, izan.

Casa Tarradellas, Urkabe, Argal eta El Pozo laginek glutamatoa gehitu diotela aitortzen dute; erantsitako kopuruak 237 eta 1.080 zm artean dabiltza, hots, baimendutako mugatik (10.000 zm) arras urruti. La Selva laginak 379 zm glutamato dauka, Casa Tarradellasek baino gehiago; horrek esan nahi du gehigarria erabili dela baina ezin jakin daiteke gehikuntza baten ondorioz agertu den hori, txerrikiaren proteinen %15 azido glutamikoa (glutamatoaren parekoa) baita. Zorroztasun eskasekoa litzateke proportzio hori zuzenean urdaiazpiko egosiari egoztea, produktu hori lantzean bestelako osagaiak ere baliatu baitira eta, gainera, berotu, gero punpatu, eta azkenean oratu egin dute: prozesu horiek, jakina denez, proteina edukia desnaturalizatu edo aldarazi egin dezakete. Beste aldetik, azterketak ez ditu bereizten azido glutamiko naturala eta glutamato monosodiko erantsia.

Argal, Casademont, El Pozo eta la Selva laginek glutenik (pertsona zeliakoek ezin kontsumi dezaketen laboreen -gari, zekale, olo, garagar etab.- atal proteikoa), ez daukatela diote etiketan eta laborategiak egia diotela egiaztatu du; baina glutenaz deus esaten ez duten lau laginek ere ez daukate horrelakorik (haragizko produktu honetan glutena daukaten osagaiak baliatzea debekatzen du arauteriak).

Azterketa mikrobiologikoa

 Laborategiak, indarrean dagoen araua aintzat harturik, enterobakterioak, S. Aureus, Clostridius sulfito-murriztaileak eta Salmonella bilatu zituen. Arau-urratze bat detektatu zen: urdaiazpiko egosiak, legeriak horrela agindurik, gehienez ere 100 uks/g (unitate kolonia-sortzaile gramo bakoitzeko) enterobakterio izan ditzake baina Casa Tarradellas laginean 370 uks/g. hauteman ziren Eduki hori ez da kontsumitzailearen osasunarentzat arriskutsua eta baliteke produktua prozesatzean izaniko higiene eskasaren, hotz-katea hautsi izanaren edota bi kausa horien metaketaren ondorio izatea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto