Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Gehiegizko pisua eta obesitatea: Sindrome metabolikoa, bihotzaren etsai modernoa

Espainian, hiru heldutik batek sindrome metabolikoa nozitzeko irizpideak betetzen ditu. Norbaitek hori jasaten duen determinatzeko arrasto behinena, gerri-bueltak adierazten duen obesitate zentralak ematen du

 Ederki dakigu gaixotasun kardiobaskularrak direla Espainiako eta gizarte garatu askotako heriotzen lehen kausa. Nola jakin, ordea, nor dagoen arrisku larriagoan? Sindrome metabolikoak sendagilea arrastoan ipiniko du. Badirudi sindrome metabolikoa nozitzen duten pertsonek hurrengo hamar urteotan episodio koronarioa nozitzeko arrisku handiagoa (%20) dutela, hori nozitzen ez dutenek baino. Horrenbestez, funtsezkoa da gaitza nork jasaten duen jakitea, gaixotasun horren aurreko neurri aproposak hartzeko eta heriotza kardiobaskularrari (bihotzeko edo garuneko infartuari edo bularraldeko anginari) saihets egiteko.

Sindrome metabolikoa ez da gaixotasun bakarra, anomalia metabolikoren pilaketa baizik. Bi egoeraren amaiera da: obesitate zentrala (sabelekoa) eta intsulinaren aurreko erresistentzia, hots, obesitateak eta egoneko bizimoduak sortarazitako erreakzioa, diabetesaren aitzina hasten dena. Horiekin batera, baina, metabolismoaren alterazioak hautematen dira: pazientea barau dagoela, hiperglizemia arina du, hots, glukosa (azukre) gehiegi odoletan (110-126 mg/dl); gantz profilaren alterazioak, hau da, triglizeridoen ugaltzea (150-250 mg/dl), HDL kolesterolaren jaitsiera ("kolesterol ona" deritzo jendeak) eta hipertentsio arterial arina.

Anomalia metaboliko horiek aintzat jotzen dira, Osasunaren Mundu-Erakundeak (OMS), Helduen Tratamenduaren Panelak (ATP-III) eta Diabetesaren Nazioarteko Federazioak (IDF) eginiko sailkapenen arabera, pazienteak hainbat puntu gainditzen dituenean. Norbaitek sindrome metabolikoa nozitzen du, beraz, adierazitako irizpideetatik hiru betetzen dituenean.

Gaixotasun modernoa

 Sindrome metabolikoa era geldiezinean ari da hedatzen gizarte modernoetan. OMS erakundeak obesitatea XXI. mendeko munduko epidemia eta herri-osasunak daukan arazo behinena dela esan du. Gehiegizko pisuarekin lotzen dira, besteak beste, diabetesa eta, noski, sindrome metabolikoa. Gaixotasun horiek bideratu dituzte bizimodu urbanoak eta bizimoduetan eta elikabideetan gertaturiko aldaketek hala nola barazki, labore eta frutadun elikagai ugariko dieta tradizionala bertan behera utzi eta dieta mendebaldarrera jotzea, hots, azkar prestatzeko modukoa, gantz eta kaloria ugarikoa eta zuntz gutxikoa (hanburgesa, patata frijituak, pizza eta edari koladunak).

Bestetik, eguneroko jardueren mekanizazioarekin, helduen eta, bereziki, haurren jolasezko adierazpen fisikoetan jazoriko aldaketekin loturiko ariketa fisikoaren murrizte edo moteltze horrek ere ez du bat ere laguntzen arazoa konpontzeko unean. Okerreko elikabideak eta egoneko bizimoduak osaturiko binomio horren ondorioetako bat, gehiegizko pisua eta obesitatea nozitzen dituen populazioa ugaltzea izan da. Gehiegizko pisutik obesitatearen bidaide diren alterazio metabolikoetara igaro da.

Eraginiko populazioa

Espainian hiru pertsona heldutik batek sindrome metabolikoa nozitzeko baldintzak betetzen ditu. Proportzioa, esan gabe doa, areagotu egiten da gizenen populazioan, horrelako pertsonen %70ek - %80k sindrome metabolikoa nozitzen baitute. Obesitatearen eta sindrome metabolikoaren eragin lazgarriena jasaten duten pertsonak heziketa- eta ekonomia-maila apaleneko gizarte-taldeetako kideak izaten dira, hartu ohi duten janari merke eta hiperkalorikoak obesitatea dakarrelako.

 haur eta nerabeak ere ez daude sindrome metabolikoa nozitzetik salbuetsita. Gizarte modernoan haur obesitatea ere ugaltzen ari da. Esate baterako, 2 eta 24 urte arteko pertsonekin eginiko enKid txostenean egiaztatu zen espainiar umeen %14 obesoak direla eta %12k gehiegizko pisua dutenez, sindrome metabolikoa garatzeko arriskuan daudela. Bestetik, 97 haur eta nerabe obesoekin egin eta Anales españoles de Pediatría izenekoetan aresti plazaratutako beste ikerlan batek atzeman zuenez, haien %20k sindrome metabolikoa nozitzen zuten. datu honekin bat datoz haurren obesitatea %20 - %30 artean finkatzen duten azterlan zenbait ere.

Haurdunaldia egoera berezia da: bertan emakumeak, pisua hartzen duenez, hipertentsio arteriala jasan eta diabetes gestazionala izan dezake. Egoera berezi horretan gaitza ez da sindrome metabolikotzat jo behar, haurdunak lehenagotik nozitzen ez bazuen edo erditze ondoren garatzen ez badu, haurdunaldian harturiko pisu gehientsua galtzen ez badu.

Arrastoa: gerri-buelta

 Norbaitek sindrome metabolikoa nozitzen duen ala ez determinatzeko arrasto behinena gerri-bueltarekin neurtzen den obesitate zentralak emango digu. Sabel inguruan metatzen den gantz-ehuna larriagoa da, arrisku kardiobaskularraren ikuspegitik. Obesitate zentral (sagar itxurakoa) hori gizonezkoek nozitzen dute, batik bat. Gantza ipurmasail eta izterretan metatzen denean, hots, udare formako obesitatea, aldiz, emakumeetan ohikoagoa da eta ez da bestea bezain arriskutsua.

 Horregatik, sendagileak pazientearen gerriaren perimetroa neur dezan aholkatu dute hainbat elkarte zientifikok, nahiz eta, oraino, hedapen handiegirik erdietsi ez duen. Gizonezkoen gerri buelta gehienez ere 102 zentimetro izan daiteke eta emakumeena, berriz, 88 zentimetro. Hortik gorako neurriak dituzten pertsonek erraien inguruan daukate gantz edo koipea eta, hortaz, arrisku kardiobaskularra. Gerri bueltako neurria haurrei ere hartzen zaie baina, jakina, bakoitzaren adin, sexu eta heltze sexualaren estadioari egokiturik.

Tratamendua

Sindrome metabolikoaren tratamendua, bera agertzea probokatu duten faktore guztiak banan-banan aztertzetik hasten da, buelta eman ahal izateko. Tratamenduaren lehen helburua obesitatea da; honen definizioa zehatza da: gorputz-masaren indizea (GMI) 30 edo handiagoa izatea. GMI kalkulatzeko, pertsonaren pisua altuera ber bitan zatitu behar da (kg/m2). Tabakismoaren ondotik obesitatea da heriotza kardiobaskular aldagarriaren bigarren arrisku larriena. Gauza jakina da, gainera, obeso dauden pertsonek sindrome metabolikoa nozitzeko aukera handiagoak dituztela. Oso litekeena da, osasun-arazo elkartu batzuk batera irauteak aginduta, barne-medikuntzan diharduten sendagileek eta kardiologoek paziente horien artapenean inplikatu behar izatea.

Sindrome metabolikoaren tratamenduaren klabak

  • NEURRI HIGIENIKO ETA DIETETIKO KLASIKOAK: neuri hauen arrakastaren giltzarria amore eman gabe irautea, ariketa egitea eta kaloria gutxiko dieta hartzea da, pisua galtzeko.
  • BOTIKAK: pisua galarazteko tratamendu klasikoak funtzionatzen ez duenean eta pazientearen GMI 30 baino handiagoa denean, botikak erabili ohi dira. Orain artekoan obesitatearen kontrako hiru konposatu garatu izan dira: orlistat, sibutramina Espainian onetsiak) eta rimonabant (oraino onartu gabea) izenekoak, alegia. British Medical Journal aldizkariak kaleratutako azterlan batek frogatu zuenez, antzeko emaitzak lortzen dituzte. Botika horiek pisua galtzen laguntzen dute, poliki-poliki bada ere: dieta bakarrik egiten dutenek galtzen duten pisua baino bospasei kilo gehiago, hor nonbait. Sibutraminak gose-sentsazioa arintzen duenez, nahi dutena baino gehiago jateko antsietate edo konpultsioa nozitzen duten pertsonentzat biziki egokia da. Orlistat, berriz, dietako gantz-atalak saihesteko balio du eta "jatun handiengan" jakia irensteak eragin gutxiago izatea erdiesten du. Rimonabantek, azkenik, gorputz osoan barreiatuak dauzkagun errezeptore endogenoetan eragiten du, gose-sentsazioa arinduz eta pisua eta erraietako gantza galtzen laguntzen du; horri esker, hipertentsioa moteldu eta gantzen profila zuzen daiteke.
  • LAGUNTZA: paziente batzuek dieta egitea ez da posible izaten, obesitatearen jatorria antsietatea baita. Pertsona horiek gurpil zoroan sartzen dira: era konpultsiboan jaten dute, gehiegi, eta gehiegizko pisua hartzen dute, ondoren errudun sentitzen dira, horregatik ere antsietatea sentitzen dute, etc. Zenbaitetan, horrelako pazienteen gurpil zoroa haustea arras zaila denez, psikologo edo psikiatra baten laguntza baliagarria edo, areago, ezinbestekoa izaten da.
  • ARAZO ELKARTUEN TRATAMENDUA. Sindrome metabolikoa nozitzen duten pertsonei horrekin loturiko beste hainbat gaitzen aurkako tratamendua eman behar izaten zaie, dela diabetesaren kontrakoak, tentsioaren aurkakoak edo tentsioa jaistekoak emanez, dela estatinak edo odoletako gantz maila eraistekoak preskribatuz.
  • IKERKUNTZA. Egun, sindrome metabolikoa ikertzen ari direnak ahaleginetan dabiltza, bera osatzen duten gaitz bakoitzaren aurka era globalean borrokatzeko aukera emango duen botikaren bila. Aurkituko nahiko luketen pilulak propietate asko lituzke, hala nola: presio arteriala eraistea, glukosa-mailak kontrolpean edukitzea, gantzen profila hobetzea eta, ereduaren bila joanik, odolari loditzea galaraziko liokeen substantzia bat ere bai. Pilula horren helburua, sindrome metabolikoak jota daudelako, egunean pilula asko hartu behar dituzten pertsonei botika-hartze hori erraztea litzateke. Beste alde batetik, betetze terapeutikoa hobetu egingo luke.
  •  ATZERA, OSTERA ERE. Askotan, obesitatea suntsituta ere, oso litekeena da sindromea berriro agertzea. Duke-ko (EE.UU.) Unibertsitateak egin, Obesitatea Ikertzeko Elkarte Espainiarrak (SEEDO) jaso duen azterlan batek frogatu duenez, egunero-egunero 30 minutuz oinez bizi ibiltzeak sindrome metabolikoa "desegin" egin dezake. Sindromeak atzera egin dezake, baldin eta arrisku-faktore mordoa nozitzen duen pertsonak horiek zuzentzen baditu eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrik garatzeko arriskua ere arintzen badu. Halaz ere, bihotzarentzat osasuntsua den bizimoduari eutsi behar dio eta, askotan, botikak hartzen segitu behar izaten du, arriskua sortarazten zuten faktore guztiak kontrolpean mantentzeko.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto