Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Praktikoena > Aholkuak

Λ

Zer exiji dezakeen bankuak mailegua kontratatzean

Bezeroak ez du inongo obligaziorik maileguen amortizazioen, bizi- nahiz etxe-asegururik izenpetzeko, kontratatu nahi duen gauza bakarra hipoteka-kreditua denean

 Aurreztaile askotxo, hipoteka edo kontsumorako maileguak kontratatzeko ondorioez eta ekonomiaz, orokorki, gauza handirik jakin gabe, betiko bere bankura edo norbaitek goretsi dion beste finantza-erakunde horretara jotzeko premian suertatzen da, ostera ere bankuko zordun bihurtzeko. Finantzez deus ez jakitea den ahulezia horretaz baliatuz, erakunde askok hamaika eskakizun egiten dituzte kontsumorako edo hipoteka berritzeko mailegua komertzializatzeko unean: aseguruak kontratatzera, nominak eta ordainagiriak helbideratzera, pentsio-plan jakin batean ekarpenak egitera, kreditu-txartelekin diru-kopuru jakin bat gastatzera... derrigortzen dute bezeroa.

Azken hilabeteotan erakunderen batek sei finantza-produktu desberdin kontrata zitzaten exijitu izan die bezeroei, merkatuaren batez bestekoa baino hipoteka-baldintza hobeagoak eduki ahal izateko. Bankuaren eskakizun horiek, ordea, legezkoak al dira? Banku eta aurrezki kutxen praktika horiek aintzat jotzen dituen Espainiako Bankuaren hipoteka-arautegirik zehaztu ez denez, hipoteka kontratatu aurretik garrantzi handikoa da banketxearekiko konpromisoa noraino irits daitekeen jakitea. Maiz, mailegua kontratatu aurretik eskubide eta obligazioak ezagutzeari esker, ustekabeko eta, nola ez, diru asko aurrez dezakegu.

Bizitza osorako esteka-aseguruak

 Banku eta aurrezki kutxei gehien kritikatu zaien praktiketako bat, hipoteka bat kontratatzean hainbat aseguru izenpearaztea da. Kontuan izan dezagun bezerorik ez dagoela behartua inolako (bizi, etxebizitza, mailegu-amortizazio edo bestelako) asegururik kontratatzera, pisua kostatzen den dirua bankutik hartu baizik nahi ez badu. Orain aste batzuk, Espainiako Lehiaren Batzorde Nazionalak zehapen-espedientea ireki zien hemeretzi banku eta aurrezki kutxei, hipoteka-maileguen kontzesioa bizi-aseguruak izenpetzearen baldintzapean egitearren, lehia askea urratu izanaren susmopean. Praktika hori Espainiako Entzutegi Nazionalak hainbat sententziatan irregular eta legez kanpokotzat jo izan du eta, areago, ondoren Epaitegi Gorenak berretsi egin ditu.

Erakundeek, beren aldetik, horrelako aseguruak kontratatuz gero baldintzak hobeak izango direla argudiatu dute eta, izan ere, hori egia da: exijitutako aseguru horiek bezeroak ez kontratatzea deliberatzen badu, tipo aldakorreko hipoteketan Euriborri gehitzen zaion diferentziala edo aplikatutako interes finkoa dezente areagotuko da. Esate baterako, 100.000 euroko hipoteka batean. Euribor gehi %0,25 interesa ordaintzetik Euribor gehi %0,75 ordaintzera igarotzean, abonatu beharreko kopurua, urtean, 500 euro gehiago da.

Bestetik, ordea, bankuak edo aurrezki kutxak "aholkatzen" dizkion aseguruak kontratatzea erabakitzen badu ere, agintzen zaion erakunde horrekin izenpetzeko obligaziorik ez duela jakin behar du bezeroak. Egun, Espainiako banku eta aurrezki kutxa gehienek, hipotekei loturiko poliza horien komertzializazioa bideratzeko banka-aseguru unitateak dituzte. Horrela, irabazi guztiak (hipotekaren interesak eta aseguru-primak, alegia) "etxean geratzen dira". Herritar askok ez dakite, ordea, poliza hautatzen duen aseguratzailearekin kontrata dezakeela bezeroak: dela prezio zein zerbitzuagatik, dela konfiantza edo beste zernahirengatik. 1989ko Lehiaren Defentsako Legeak ohartarazten duenez, debekatua dago hipoteka-mailegu baten kontzesioa enpresa-talde bereko aseguru-agentzia batekin kreditu-amortizazio edo bizitza-asegurua sinatzeari baldintzatzea. Izan ere, oso litekeena da maileguaren eskrituretan aseguru baten kontratazioa klausulatzat agertzea baina ezin zehatz daiteke zerbitzu hori zein konpainiak emango duen, bezeroak ori aukeratzeko askatasun osoa baitu.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Hortaz, hipoteka edo kontsumorako mailegua izenpetzeko unean ez zaio sinetsi behar bankuko enplegatuari, asegurua kontratatzea derrigorrezkoa dela dioskunean. Bankuaren jarduteko modua zein den badakigula adierazi behar diogu, hots, aseguru jakin bat kontratatzearen ondorioz baldintza hobeak ezarriko dizkigutela baina kontratatze hori ez dela inondik ere derrigorrezkoa. Era berean, asegurua zeinekin sinatuko duen askatasun osoz aukeratzeko eskubidea zor zaio bezeroari.

Ordainketen babes-aseguruak: arrazoizko eskakizuna

 Oso bestelako kasua da hipotekari loturiko ordainketen babes-aseguruena. Espainian, higiezinaren tasazioaren %80 baino balio handiagoaren hipoteka ematen dutenean horrelako asegurua izenpetu behar dute banketxeek. Etxebizitzaren balioaren pareko hipotekak kontratatzen dituztenean, bereziki, balizko ez ordaintzeetatik babestuko duen asegurua kontratatzea derrigorrezkoa dute banketxeek.

Espainian Hipotekei buruzko Legeak horrelako asegurua eginarazten die bankuei, babes gisa; halaz ere, ordainketen babes-poliza horien primak ez ditu bezeroak ordaintzen, banketxeak baizik. Nolanahi ere, bezeroari abantaila eskaintzen diona (finantzaketa handiagoa eskaintzearren) bankua edo aurrezki kutxa denez, honek aseguruaren kostu hori erabiltzaileari ordainarazten ahaleginduko da, interes-tipo handiagoa ezarriz, izenpetze eta amortizazioagatiko komisioak kobratuz, etab.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Hipoteka bati loturiko ordainketen babes-aseguruen kostua banketxeak ordaintzen du, bera baitago hori kontratatzera behartua, mailegua higiezinaren tasazio-balioaren %80 baino handiagoa denean.

Abalak: noiz dira beharrezkoak?

 Ordainketen babes-asegurua kontratatu ordez badago abal bat eskatzea ere; hau da, kreditu baten hartzaileak ordainketei aurre ez egiteko bankuak onar dezakeena baino arrisku handiagoa hartzen duenean, berme erantsi bat ezartzea derrigortu daiteke.

Bankuak, oro har, finantzatu beharrekoa higiezinaren tasazio-balioaren %80 baino handiagoa denean, abala eskatzen du. Bezeroak behar duen dirua kopuru horretara iristen ez bada, erakundeak ez du abalik eskatu behar.

Abal-bermea izan daiteke finantza-ahalmen handiko pertsona bat edo balio handiko ondasunen bat, hala nola maileguaren titularraren bigarren egoitza bat. Horiek ez ezik, erakundeek abala edo abal-emailea eskatu ahal izango dute baldin eta eskatzailearen diru-sarrerak, maileguaren muntarekiko, bankuaren iritziz, hipoteka-letrak ordaintzeko aski ez badira; dena den, higiezinaren tasazio-balioaren %80 baino gehiago eskatzen ez denean, xedaturiko kuotei eskatzaileak aurre egin ahalko diela suposatzen da, orokorki.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Bezeroak eskaturiko kreditua higiezinaren tasazio-balioaren %80 baino handiagoa ez denean, banketxeak ez luke abalik eskatu behar, oro har.

Modan dagoen baldintza: gehiegizko lotura

 Egun, banketxeen %80 inguruk, hipoteka edo kontsumorako kreditua izenpetu ahal izateko, aseguru bat edo gehiago kontrata dadin eskatzen dute baina, horrez gainera, beste praktika bat ipini da modan: bezeroa hainbat banka-produkturekin eta ordainagiri bat baino gehiagoren helbidearekin lotzea da. Hipotekari buruzko Legean ez da agertzen hori derrigorrezkoa izan daitekeenik ere; areago, 1946ko Errege Dekretua (hainbatetan eraberritua; orain hurrengoa, iazkoa) indarrean sartutakoan banketxeek emaniko hipotekak hartu ahal izateko ez ziren egungo baldintzak ?nomina eta ordainagiriak helbideratzea, txartelak kontratatzea eta beste hamaika produktu kontsumitzea, alegia? zertan bete.

Eskari horiek ordain dela urte gutxi hasi dira eskatzen, etxegintza lehertzearen ondoriozko hipoteka-oldeak eraginik: horrek erakundeak mailegu gehiago (urtean beste %25) ematera behartu ditu. Egun, gehiegizko lotura ohiko praktika bihurtu da: kasu batzuetan, adibidez, pentsio plana kontratatu eta urtean gutxienez 300 euro sartzea, kreditu txartelak kontratatu eta horiekin urtean gutxienez 1.000 euro gastatzea, nomina eta hainbat ordainagiri helbideratzea, bizitza eta etxebizitza-asegurua sinatzea... exijitzen dute. "Finantza-amarru" horiei esker banketxeak diru-sarrera goxoak bermatzen ditu ia-ia bezeroa bizi den bitartean: hipotekaren interesek, txartelarekin eginiko gastuek eta pentsio-planarekin loturiko komisio ugariek, besteak beste, ekarriko dizkiote mozkin horiek.

Ipinitako adibidean bezala, hipotekan baldintza berezi batzuk bete ahal izateko sei banka-produktu desberdineraino kontratatzea exijitzen duten banketxe batzuen jarduera, printzipioz, irregularra izan daiteke baina, nolanahi ere, ikuspegi komertzialetik, erakundeek askatasun osoz muga ditzakete beren eskakizunak.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Bezeroak, nolanahi ere, ez du otzanegi izan behar, ez du onartu behar gehiegikeriazko konpromisorik, besterik gabe. Banketxe guztiek ateak zabalik dituzte negoziatzeko prest eta hori ez da begitik kendu behar, inondik ere, mailegua izenpetzean. Beste banketxe batera joateko "mehatxua" egitea edo beste eskaintza lotesleren bat aurkezteak balio dezake inoiz maileguari berez ez dagozkion, ordaintzea galaraz dezaketen eta bezeroa nahiz kontra bankuarekin estekatzen duten eskakizun horiek uxatzeko. Bankuko arduradunarekin elkarrizketan arituz gero, baldintzak hobetu edo nahierazko gurarietako batzuk saihestu egin daitezke.

Legez kontrako beste eskakizun bat: kreditua epea agortu aurretik itzultzea

Hona hemen erakundeek zenbaitetan egiten dituzten gehiegikeriazko eskakizun bat, justifikaziorik ez duena: bezeroak kuotaren bat ordaintzeari utzi dionean, banketxeari zor zaion hipoteka-saldo guztia epea iritsi aurretik ordain dezan exijitzea, alegia. Behin baino gehiagotan Epaitegi Gorenak banketxeen kontrako epaiak eman ditu, bezeroak letrarik ez ordaintzearren, hipoteka-mailegu osoa epea iritsi aurretik ordaintzea erakundeak ezin exiji dezakeela argudiatuz. Banku eta aurrezki kutxek inoiz baliatzen duten klausula hori legez kanpokoa da, sententzia judizialen arabera. Legearen ikuspegitik, bezeroak letraren bat ordaintzeari utzi dionean, kreditu guztia epea iritsi aurretik ordain dezan exijitzeko aukera ematen duten klausula horiek legez kontrakoak dira, Kode Zibileko hainbat prezeptu eta Hipoteken Legeko artikulu zenbait urratzen dituztelako.

Erakundeek diotenez, epea iritsita, bezeroak letrarik ordaintzeke uzten duenean erabiltzaile arriskutsua bihurtzen da eta horrek banketxeari, aurretiaz baina seguru ordain dezan, neurri hori harrarazten die. Halaz ere, Legeak xedatua duenaren arabera, erakunde batek mailegua epe jakin batera (egun, 50 urtekoa ere izan daitekeena) entregatzen duenean eta maileguaren eskrituran eta kontratuan horrela adierazten bada, bankuak itxaron behar du hitzarturiko epea bete arte, ordainketa osoa erreklamatu ahal izateko. Zegokion egunean ordaindu ez zen kuota, bere interes, zigor eta guzti, ordain dezan, ordea, eskatu ahal izango dio bezeroari.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Bezeroak, arrazoiren batengatik, hipoteka-letrarik ordaintzeke uzten badu, ez du zor duen kreditu osoa orduantxe ordaintzeko obligaziorik. Banketxeak itxaron behar du hipoteka-epea (15, 20, 30, 40, 50 urte edo kasuan kasukoa) bete arte, itzultzeko dagoen diru-kopurua bezeroari erreklamatzeko.

Komisioak: bidea libre, baina mugatua

Hona hemen bezeroen eta erakundeen artean liskar ugari sortarazten dituen beste gai bat. Printzipioz, behintzat, banku eta aurrezki kutxek, emaniko zerbitzuengatik, beren maileguetan komisioak kobratu ahal izango dituzte. Egun, adibidez, komisio hauek daude: azterketa egitearren (egoera ekonomiko jakin batean bizi den bezero batek hipoteka kontrata lezakeen, banketxeari ebalua dezan eskatzeagatik), irekitzegatik (mailegua egitearren), kitapen partzial edo osoa egitearren eta subrogazioagatik. Erakundeek, edonola ere, kontzeptu bakoitzagatik zein diru-kopuru kobratuko duen nahita ez adierazi behar du erakundeak maileguaren eskrituran. Gorabehera horiek aldatzekotan, aplikatzen hasi aurretik bezeroari jakinarazi behar dizkio; bestela, bezeroak ez luke komisio hori ordaintzeko obligaziorik izango.

Horiek horrela ere, banku eta aurrezki kutxa guztiek beren gehieneko tarifak Espainiako Bankuan jakinarazi behar dituzte.

Kontsumitzaileak jakin beharrekoak Banku eta aurrezki kutxek badute emaniko zerbitzuengatik komisioak kobratzea, baina maileguaren eskrituran kontzeptu bakoitzari dagokion diru-kopurua zehaztu behar dute.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto